1928-03-15
Takiji Kobayashi

euskaratzailea: Hiromi Yoshida
armiarma.eus, 2013

 

 

2. ATALA

 

         Aireak, espazioan hartzen zuen itxuran, zurbil, izoztuta zegoela zirudien. Isiltasuna zen nagusi, eta ez zebilen inor. Gau iluna zen, hotza sarkorra, goizeko hirurak.

         Bat-batean bospasei pertsonaren oin hotsak entzun ziren elur hormatuko bidean, ilunpetan zegoen karrikaren gainean. Isiltasuna zen hiriaren jabe, eta pauso hotsak deblauki ozen entzun ziren. Gero hots haiek elektrika zutabeetan argi marguleko kale zabalago batera iritsi ziren. Kokospean hedea zeramaten poliziak ziren. Sableak isilaraztearren, eskuaz helduta zeramatzaten.

         Poliziek sindikatuaren egoitzako goiko solairura egin zuten, zalapartan, oinetakoak erantzi gabe! Ordubete eskas egingo zuen sindikatukoak lotaratu zirela. Erabakita zeukaten 15ean, sable-gobernu erreakzionarioaren aurka mitina antolatzea. Horregatik gau hartan kide guztiak elkartu eta hiria afixez betetzen, aretoa alokatzea negoziatzen, batzorde iraunkorra eratzen eta antzeko egitekoetan jardun zuten. Lan guztiok burutu zituztenerako ez ziren urruti goizeko ordu biak. Orduantxe eraso zien Poliziak.

         Zazpi-zortzi kideak ziztu bizian jaiki ziren, poliziek mantak zakar kendu eta zapata muturrekin ostikoka ekin zietenean. Denak jaiki eta tantaiaren pare zutitu ziren, orekari eutsi ezinean zabuka.

         Suzumotok, “gureak egin du!” pentsatu zuen. Horrelakoren bat gerta zitekeelako susmoa hartua zegoen. Adierazpen askatasuna pikutara joana zen aspaldi, eta autoritatearen idoloaren, Tanaka lehen-ministroa buru zuen gobernuaren aurkako ekintza antolatu zuten. Jakinaren gainean zegoen 15ean, mitinaren egunean bertan, poliziak bertaratu eta hizlariak eraitsi egingo zituztela; Suzumotok duda gutxi zuen horrela gertatuko zela. Hori gauza ziurra zen. Eta, horretaz gain Suzumotori inoiz burutik pasa zitzaion, bezperan ere zerbait gerta zitekeela, sarekada bat edo. “Ustea ez zait ustel gertatu”, pentsatu zuen.

         “Sindikatuko On Kixote” ezizena zuen Sakanishi, galtzontzilo hutsik zegoela, ezagutzen zuen zelatari bati kontu eske hasi zitzaion:

         — Zer gertatzen da?

         — Ez dakit.

         — Ez dakizula? Ez adarrik jo, aizu! Lo egin nahi dugu!

         Polizia uniformedunen atzetik, kalez jantzitakoak igo ziren, eta paper guztiak miatzen hasi.

         — Nola egingo duzue ba zuek ezer probetxuzkorik, alfer handi batzuk besterik ez zarete-eta! —Goraki bota zuen polizia haietako batek, baldar eserita zegoen Kan-u-ren[1] tankera zuen Suzumotori zorrotz begiratuz. Baina Suzumotok ez zuen hari erantzuten hasteko batere asmorik.

         — Lana egin ezazue, lana; orduan ez zaizue burutik pasako beti bazterrak nahasten ibiltzea.

         “Hik segi bakarrizketan! Inork ez dik erantzungo-eta!” egin zuen bere kolkorako.

         — Ba, lanpostu bat ematen badidazue ni gustura hasiko naiz lanean... —esan zuen Sakanishik, ohi zuen irribarre bihozberarekin, eta tea zerbitzatzen hasi zen. Sindikatukoek ez zuten Sakanishi balio zuen neurrian estimatzen. Ez zuen ezertarako antzerik, gainera geldo hutsa zen lanerako. Bihotz onekoa zen ordea, eta horretan zetzan haren xarma, horrek estaltzen zituen gainerako gabezia guztiak.

         Bat batean, Watarik, zeharo aztoratuta, eskaileretan behera jaistekoa egin zuen. Ordea, Watariren eta eskaileren tartean polizia bat jarri zen.

         — Nora zoaz?

         Suzumotori, Watariren jokabidea bitxia egin zitzaion. Hori gutxi balitz, aurpegia zuritu zitzaion. Watari sindikatuko gazteetako bat zen, burdina bezain sendo eta tinkoa, eta beti sindikatuko lanak inork baino lehenago hartu nahi izaten zituena. Arraro ari zen jokatzen. “Hau ez da gure betiko Watari!”, Suzumotok susmo txarra hartu zion.

         Denak jaitsi ziren eskaileretan behera, poliziaz inguratuta. Hala ere adoretsu zihoazen, denak Watari izan ezik. Zailduta zeuden. Zaplada bat edo beste entzun zen.

         Saito zen une hartan ere gogotsuen ageri zena, bera zen beti edonori “Oldarkorrak izan behar dugu!” oihukatzeko prest izaten zena. Saito, Suzumotorengana hurbildu eta esan zion:

         — Bihar mitina daukagu, eta animoari eutsi behar diogu.

         — Bai, horixe behar dugu.

         Saitok zerbait gehiago esan nahi izan zuen.

         — Aizu!!! —polizia batek lepazamarretik heldu zion Saitori, Suzumotogandik oso zakar bereizi eta beste aldera eraman zuen.

         “Herriaren bandera, bandera gorria.....” hasi zen kantari aurrean zihoan norbait. Jarraian zaplazteko baten hotsa etorri zen.

         — Kaka zaharra! Alu zikina! —gorputz osoaren indarrez goratu zuen ahotsa. Zaplazteko hotsen artean sable kolpeen zarata ere entzun zen.

         Ilaran elkarri eskutik helduta zihoazen, eta oinekin zoruaren kontra gogor joz pauso hots handia ateratzen ari ziren nahita.

         — Aski da! —oihukatu zuen Saitok bere txikian, eta gelditu egin zen—. Aizue, gaizki dago arrazoirik gabe inor atxilotzea. Ez da hala? Galdetu egin behar diegu.

         — Bai, bai, gaizki dago! —denek egin zuten bat aldarrian.

         Suzumotok Watariri begiratu zion. Antzeko egoeretan Watarik malgukiaren pare egiten zuen jauzi baina, oraingoan, erratz makila bezain tente gelditu zen... Poliziek Saito txikia inguratu zuten, eta sindikatukoak polizien sorbalden artean eurenak ziriak balira bezala sartu nahian ari ziren bultzaka. Gorputzen arteko tirabira eta borroka hartan, zurrunbilo txiki bat sortu zen.

         — Ergel alaenak, esaguzue zergatik atxilotu behar gaituzuen!

         — Kuartelean dena argituko da —betiko azalpena eman zieten poliziek.

         — Arrazoia jakiteko beti zulo kirastu horretara joan beharra ere! Hori ez dugu onartuko!

         — Giza-eskubideen urraketa da hori! —oihukatu zuten atzetik.

         Polizia batek Saito jo egin zuela ematen zuen. Jendez osatutako gurpila mugitu egin zen bat-batean. Sindikatukoak, ukabilak goratuz, zirkuluaren barrura sartzeko indarka hasi ziren. Eta iskanbila areagotu egin zen.

         — Zuek... zuek... —Saitoren ahotsa erdi entzuten zen, itotzeko zorian, ahoa zerbaitekin ixten ziotelako—. Zuek horrela jarraitu arren, zuek mila bider saiatuta ere, gure mugimendua... ez da... ez da inoiz desegingo!

         Denek oihu hunkitu bat atera zuten.

         Une hartan Watari, ordura arte beste mundu batean ibili zela ematen bazuen ere, bere sorbalda zabalekin, bere gorputz sendoarekin, zurrunbiloan sartu zen bete-betean. Suzumotok lasaitua hartu zuen, arestian hari sumatu uste zion jokabide ezohiko hura ezer larririk ez zela iritzita.

         — Arrazoia argitu arte, gu ez gara inora joango, zeharo kexu gara —esan zuen zakar, baina tonu apalean. Baxu ahots sakon hark, edonon eta edozeinen aurrean indar handi eta misteriotsua hartzen zuen.

         Ishida zurrunbilotik alboratuxea zegoen. Kideak kementsu plantak egiten builaka ikusirik, gogaitu egin zen, eta mutu begiratzen zien. Ishidaren iritziz, batzuetan buila atera beharra zegoen, noski, baina beste batzuetan ez zen egokia hori egitea. Oldarkor noiz agertu behar den eta noiz ez ondo bereizi ondoren isilik egotea, eta borrokarako adore falta izatea ez ziren inondik ere gauza bera. Saito amorruak hartutako gaixoa besterik ez zen Ishidarentzat. Bazekien mugimenduan murgilduta zeudenen artean “Saitoren pareko” asko zeudela. Kide horiekin gogaitu egiten zen. Gisako jokaerei “umekeria” deitzeari gutxi zeritzon, “umekeria” sikiera gizakien gauza baitzen. Egokiera hartan zertarako balio zuen horrela ibiltzeak? A ze proletario-borrokalari kementsu koadrila! Eta zorura tu egin eta zapata aurrearekin zapaldu zuen.

         Watariren ekinak sindikatukoen elkartasuna sendotzea ekarri zuen. Berehala zazpi-zortzi bat polizia sartu ziren. Horrek segundo batez sindikatukoen tinkotasuna hautsi zuen. Denak jende anabasa nahasian, atariko atea hautsi beharrean, bultzaka eta tiraka irten ziren kanpora.

         Ezpata muturra bezalako hotza sartu zen kanpotik. Egunsentirako gutxi falta zen, airea ederki hotzituta zegoen, zeropetik 20 hozka egiteraino. Ohetik atera berri, hotza hezurretaraino sartu zitzaien. Hotzari aurre egiteko, kokotsa eta sorbaldak kuxkurtu zituzten.

         Hiria artean ilunpetan zen. Ilunaren azpialdean ortziak elurra zekarren, hiria muineraino zegoen isil. Ibilian zihoazela, bidean zarata sortzen zen, pausoan-pausoan zerbait hausten denean bezala. Saitori eta Ishidari, panazko jakaren azpian alkandora zikina zeramatenez, hotzaren handia lanik gabe sartzen zitzaien barruraino. Larruan hotzaren errea sentitzen hasi ziren. Handik gutxira, hatz muturrak eta hanka puntak zurmintzen ari zitzaizkiela konturatu ziren, esku-hanken oharmenak alde egiten ziela.

         Poliziek banan-banan atera zituzten denak besotik helduta.

         Shibata, artean hogei urte bete gabea, eta sindikatuan astebete lehenago sartu berria, hasieratik zegoen mutututa, eta herioarekin aurpegia modu bitxian zuen okertua. Besteak garrasika hasten zirenean, gauza bera egiten saiatzen zen. Baina masailek, lehortu gabeko buztinezkoak balira bezala, keinu bat besterik ezin zuten osatu, eztarritik hotsik jaulkitzeko ezgauza. Bazekien lehenago edo geroago, haren antzeko egoeraren bat edo beste egokituko zitzaiola, eta horrelakoetara ohitzen ikasi beharko zuela, baina Shibatari asko erasan zion estreinakoz bizitzen ari zen gertaera hark. Hain zen handia hartu zuen zartatekoa ezen jo eta zerraldo lurrera bota balute bezala sentitu baitzen. Dardarka ari zen, dardarka, ez hotzagatik ordea, eta ezin zuen hortz karraska hura inola ere isilarazi.

         Masa gris bat osaturik, hirian zehar kalez kale zeramatzaten. Hotza arintze aldera, bata bestearen kontra, gorputzak estu-estu eginda, lurra indarrez oinkatzen zuten. Kale isiletan barrena hogei pertsonaren zapaten risti-rasta, risti-rasta hotsak gero eta areago aditzen ziren.

         Sindikatukoak isilik zihoazen bidean. Eta bitxia izan arren, denei ari zitzaien sortzen sentimendu berbera. Papera tintatan sartutakoan bezala, barruan sentimendu hura goitik beheraino zabaltzen ari zitzaiela ematen zuen. Talde bat, norabide bakarrean, modu jakin eta zehatz bakar batean mugitzen zenean, berekoikeria modu guztiak alboratuz sortu ohi zen sentimendua zen erne zitzaiena. Suzumoto Kan-u, Watari, Sakanishi On Kixote, Saito, Ishida, Shibata kide berria, eta beste hiru kide ziren, bakoitzak bere bazterketa modua bizi zuen eta hori zuen bakoitzak bere nortasun-agiria, talde bakarra osatzearen kontzientzia hartzearen barnean, denak norabide bakarrean, kolore bakarreko, tonu bakarreko, intentsitate bakarreko kontzientziaren barnean gero eta sakonago ari ziren sartzen. Horrelako egoeretan beti hutsik egin gabe sortzen zen sentimendu misteriotsua zen hori. Proletarioen burdinazko elkartasuna mamitzeko ezinbesteko sentimendua zen. Hala ere, jasaten ari ziren zanpaketak ez zuen lortzen sentimendu hori alde batera uztea; aitzitik, zanpaketa areagotzen zenean, Aufheben bat eragiten zuen. Beraz, ez zen sentimendu pertsonala, esku bakarrera bildutako askorena baizik.

         Une hartan bederatzi sindikalista haiek ez ziren gizabanako soilak, une hartan guztiek tanke bakar bat osatzen zuten. Elkarri besotik helduta, baten sorbalda bestearenari itsatsita, begirada ilun baina zorrotzez zetozen aurrera begira. Helburu zuten iraultzaren bidean aitzina zihoazela ematen zuen.

 

 

[1] Kan-u. 3. mendeko Txinako militar bat. Bizar ederra omen zeukan.

 

 

1928-03-15
Takiji Kobayashi

euskaratzailea: Hiromi Yoshida
armiarma.eus, 2013