1928-03-15
Takiji Kobayashi

euskaratzailea: Hiromi Yoshida
armiarma.eus, 2013

 

 

7. ATALA

 

         Hamabostean bertan, beste bospasei langile ekarri zituzten. Ziega txikiegi gelditu zen, eta atxilotuak arte martzialetako gimnasiora aldatu zituzten. Gimnasioaren zoruaren erdia tatamizkoa zen eta beste erdia zurezkoa. Gelako hiru horma ia osorik kristalezko leihoek osatzen zituztenez, argitsua zen oso. Hasieran argiak, ilunetik zetozenei, min egiten zien begietan. Erdian estufa handi bat zegoen. Atxilotu gehienek elkar ezagutzen zutenez, estufaren inguruan kontu kontari hasi ziren. Lau polizia zeuden begirale, eta haiek ere estufa aldera inguratu ziren.

         Atxilotuek mutu iraun zuten estreina, poliziak ondo-ondoan zeuzkatelako. Baina, aspertzen hasi zirenean, noizbehinka poliziei zehar-begiratu motzak botaz, geldiro hasi ziren hizketan, poliziak haserretzen baziren berehala isiltzeko asmoa hartuta. Poliziek, ordea, atxilotuen hizketa entzutean, batzuetan buruaz baietz egiten zuten, eta bestetan keinuekin adierazten zieten jarraitzeko hitz egiten. Azken beltzean, aspertuta zeuden zaindariak ere.

         Iluntzean, kanpora eraman zituzten atxilotuak. Atze aldeko irteeratik atera zituzten, eta eraikinari buelta erdia emanda, berriro aurreko sarrera nagusitik sarrarazi. Zentzurik gabeko buelta emanarazi zieten, horrenbestez. Bat-batean aurpegia ilundu zitzaien denei. Zalapartan gimnasiora sartu ondoren, bata bestearen ondoan gurpilean bilduta, zer gertatzen zen elkarri galdezka eta jakinguran hasi ziren. Sarekada hark zergati bereziren bat behar zuelakoan zeuden. Salda alargun gaziegia eta gariarekin nahastutako arroz egosia —lehorra eta belztua— jan ondoren, berriro inguratu ziren estufa ondora. Denen kontuak batuta ere, ez zuten zer kontatu handirik osatu.

         Zortziak jota, Kudori deitu zioten, irteteko esanez. Besteek ikaraturik begiratu zioten.

         Egunsentian, estufa, harrikatz merkea erre beharrez kea zeriola hasi zen, ez zuen ondo berotzen, eta atxilotuei bizkarretik hotza barruraino sartzen hasi zitzaien. Ryukichi, bazter ilun batetik tapaki bat hartzera joan zen. Atzetik jarraitu zion Ishidak.

         — Ogawa, gauza bat esan nahi nizun… denen aurrean esatea egokia den ez nekienez, orain arte isilik egon naiz baina… —Ishidak baxu esan zion.

         Ryukichik, urdailean berriz ere mina sentitzen hasia, betileen inguruan indarrak bilduz esan zion:

         — Zer?

         Gimnasioaren aurretik norbait pasa zen pauso hots lehorrarekin.

         Lehentxeago Ishida komunera joana zen. Ziega guztientzako komun bakarra zegoenez, geletan sakabanatuta zeuden kideek komunean bakarrik ikus zezaketen elkar, eta onenean aukera hori elkarrekin hitz batzuk trukatzeko baliatu ere bai. Horregatik, komunerako beharra sortzen zitzaienean, baten batekin elkartzea espero izaten zuten. Ishida sartu zenean, sarrerako ispilu handiaren aurrean, bizkar zabaleko gizon bat aurpegia garbitzen ari zen. Ishida gizon hari pentsakor inguratu zitzaion unean altxatu zuen hark aurpegia. Bien begiradek topo egin zuten.

         — Hara! —atera zitzaion Ishidari. Burutik hasi eta hanka muturreraino zuzen-zuzen eta abiada bizian igaro zitzaion zerbait. Gorputza hain arin sentiturik airean flotatzen ari zela bururatu zitzaion. Eta konketaren ertzari esku batez eusten zion bitartean, beste eskuarekin masail aldea igurtzi zuen. Aurpegia!? —Hori aurpegia al da? —esan zuen bere baitan. Berenjena usteldua bezalako kolorea zuen, ikaragarri hanpatua, eta aurpegi hura, norena eta Watarirena zen!

         — Polita jarri naitek —esan zuen Watarik, bere aurpegia seinalatuz eta irribarrez. Irribarrez!

         Ishidari ez zitzaion hitzik atera. Bihotz zolan kilima balu bezala hasi zen dardarka.

         — Baina niretzako hau ez duk ezer.

         — Ez?...

         — Argi ibili beharra zagok, denok beldurrak harrapa ez gaitzan!

         Orduan ez zeukaten gehiago hitz egiteko astirik.

         — Hau larria dela iruditzen zait —esan zuen Ishidak, haserre itxuran eta apal hitz eginez.

         — Bai… Uste dut badakidala zergatik gertatu zaion hori… Dena dela kezkagarriena “beldurra” izatea da —esan zuen Ryukichik estufa inguruko kideei eta poliziei begira.

         — Bai, ados nago. Baina batzuk sinetsita daude atxilotu eta gero ere adoretsu agertu eta oldarkor jokatzea dela benetako borrokalariaren portaera… eta nik uste dut ideia hori aldatu egin beharko genukeela. Kuartelean lasai agertzea eta beldurrak jota egotea ez dira gauza bera, nire iritziz.

         — Bat nator zurekin.

         — Saitok —esan zuen Ishidak, estufa ondoan eskuak astinduz hizketan ari zen Saitori begira— bota zuen lehengokoan: atxilotu eta zigor txikiena jasaten duenak lotsatu egin beharko lukeela eta benetako borrokalaria balitz, bere burua hil beharko lukeela lepotik esekita!

         — Ba… gure mugimenduan gabiltzanok, sentimentalismo eite baten eraginez edo, gutxi gorabehera horrela sentitu izan gara askotan… Zigor gutxiena izan baduzu, besteen aurrean gaizki sentitzen zara. Baina, jakina, zuzendu beharreko pentsaera da hori.

         Ishidak bere solaskideari aurpegian begiratuz zer edo zer esateko imintzioa egin zuen, baina ezer esan gabe pentsakor jarri zen.

         — Baina kontu korapilatsua iruditzen zait niri. Gordin-gordin esaten badugu Saitorena bezalako jokaera umekeria dela, hala pentsatzen dutenak gogogabetu ditzakegu. Eta grina ezinbestekoa da gure mugimendurako. Noski, umekeriak egitea eta borrokarako grina izatea ez dira gauza bera.

         Ishida bueltaka hasi zen ibiltzen oin muturrei begira.

         — Garrantzitsuena grina hori, daukaten bezala, bere horretan zuzen bideratzen jakitea dela iruditzen zait. Borrokarako grina eta gogo hori, dudarik gabe, funtsezkoa eta garrantzitsuena dela uste dut —hitzok jaulki ostean, pentsakor jarri zen Ryukichi, eta une batez isildu egin zen—. Esaten da “teoria iraultzailerik gabe, ez dago iraultza gauzatzerik”, esamolde ospetsua da, badakizu hainbeste... Baina, nire ustez, hori ez da nahikoa. Esaldi honen muinean gordean dagoen kontzepturik handiena, grinaren beharra da, dudarik gabe.

         — Aparra bezalako grina bada, ezerezean gera daiteke, ordea. Begira idiei esaterako, zer gerta ere, astiro baina gelditu gabe jarraitzen dute bere bidean aurrera. Horrelakoa da guk behar dugun grina; ahalegin luze, etengabeak eskatzen dizkigun mugimenduan gabiltzanok premiazkoena duguna grina mota hori da.

         — Bai, baina grina bakoitzak bere itxura izan lezake. Gure borroka ez da koadrillako hiru-lau lagunen artean egitekoa. Makal doazenen grina eta azkar doazenena, maila altuagoko beste grina batekin, kontu handiz nahastu eta bateratu egin behar direla pentsatzen dut… Jakina, batzuetan nik ere une desatseginak pasatzen ditut, baina ez da ona horrekin tematzea. Niri ere ez zaizkit gustatzen Watariren zenbait jokabide, eta ez Watarirenak bakarrik, beste batzuenak ere ez… Hala ere, ni ez naiz haiengandik sekula bananduko. Parekoak ez ditugun kideengandik banantzen hasten bagara gureak egin du, ez dugu antolaketa gisa ondo funtzionatuko, eta mugimenduak ez du aurrera egingo.

         — Bai, hori hala da.

         — Hemendik aurrera ere zailtasun askorekin egingo dugu topo. Eta huskeriarik txikienak gure batasuna hauts lezake. Kontu handiz ibili beharra dugu ezkutuko arrisku horien aurrean, eta huskeriak diruditen gauza larriei behar duten arreta eman behar diegu.

         — Hala da, bai —Ishidak baiezkoa berritu zuen.

         Biak estufa aldera inguratu zirenean, atxilotuak eta poliziak kontu lizunetan ari ziren. Tartean bizpahiru langile zeuden, zergatik atxilotu zituzten batere argitu gabe ekarritakoak. Horiek hasieratik urduri, lur jota, eta ikararen mende zeuden, eta ikuste soilak pena ematen zuen. Hala ere, batzuetan hartzen zuten parte berriketa lizunetan, eta barre ere egiten zuten. Hizketa eten eta isiltasuna nagusitzen zenean, ordea, aurpegia iluntzen zitzaien, ortzian abiadan zihoazen hodeien itzala aurpegi gainetik pasako balitzaie bezala.

         Saito eskuekin emakumezkoen sexu-organoari buruz imintzio nabarmenak egiten ari zen. Kontakizuna artatsu zeramanez, denak haren gainean zeuden adi-adi. Bukatu zuenean, begirik kendu gabe entzuten egon zen polizia gizen, ile bakanekoari eskua luzatuz esan zion:

         — Ishiyama jauna, zigarro bat, mesedez.

         Ishiyamak, barre baldar batekin, jakako barruko sakelatik, ia tolestutako zigarro zimur bat atera eta Saitori eman zion.

         — Eskerrik asko, eskerrik asko! Orain, zehaztasun gehiagorekin kontatuko dizkizuet kontatzekoak —Saitok begirada maltzur batez so egin eta barre egin zuen. Gero tabako zimurtua kontu handiz lisatu zuen, eta tu eman zion, ahalik eta luzeen iraun zezan isiotuta.

         — Ez dut orain erreko. Berehala gastatzea penagarria zait. Gero lasaiago erreko dut —esan eta belarriaren gainean jarri zuen.

         — Etxera behar dut lehenbailehen —bazter batean esan zuen norbaitek bere kolkorako.

         Hori entzunda, bihotzean linterna bat piztu balitzaie bezala sentitu ziren beste guztiak.

         — Itsasertzeko lantokitik zuzenean ekarri naute, kezka handitan egongo dira etxean… Lanera joaten ez banaiz, goseak hilko zaizkit andrea eta umeak.

         — Gu ere ez gaude hobeto.

         — Mugimendu honekin nekatuta nago. Hau ikaragarria da —esan zuen zinez eta bihozminez aspalditik sindikatuan zebilen langile batek.

         — Zergatik? —sartu zen tartean Saito.

         Saitoren ahotsa entzuteaz batera, langilea mututu egin zen. Saitok haserrea disimulatu gabe, berriz ekin zion:

         — Aizu, esan zergatik?

         — Lasai! —Ishidak poliziari keinua eginez, Saitori bizkarrean bultzatu zion. Kimura izeneko langile hark denbora luzea zeraman sindikatuan, baina ez zen sindikalista nabarmena. Beti esaten zuen biltegi bateko langilea zela eta lan oso gogorra zela hura. Halako batean jakin zuen, sindikatua langileen egoera eta lan hitzarmenak hobetzeko erakundea zela, eta sindikatuan sartu zen orduan. Baina sindikalista izateagatik preso altxa zezaketenik ez zen haren buruan sartzen, eta nahaste-borraste handi baten mende zegoen. Poliziarentzat hain “txarrak” ziren gauzetan parte hartzen zutenik zeharo ulertezina zitzaion. Beldurgarria ere egiten zitzaion. Sindikatuak Polizia molestatu gabe langileen alde lan egiten zuelako uste betea zuen. Baina orain oker zegoela konturatu zen. Geroztik askotan pentsatu izan zuen sindikatua uztea. Azken finean, Kimurak, bere borondatez baino, norbaitek lotuta baleuka bezala jarraitzen zuen sindikatuan. Hala, aski zuen eragozpen batekin topo egitea sindikalismoaren trenetik jaitsi nahi izateko. Ez zen zaineko sindikalista grinatsuetarik, eta ez zien gogoz ekiten sindikatuko lanei, derrigorrean bezala baizik; egiteko agintzen zizkioten lanei bakarrik lotzen zitzaien txotxongilo baten gisa.

         Hauteskunde orokorrak izan ziren egunean gertatu zen. Langileen alderdiko norbaitek aurkako alderdiko hautagai baten afixak kendu zituelako, alderditik deklaratzera joan beharra sortu zen. Beraz, baten batek joan beharra izango zuen bere burua sakrifikatuz. Watarik Kimurari langintza hori bere gain hartzeko eskatu zion, horretarako zenbait ohartarazpen eginez.

         — Beharbada jo egingo zaituzte, baina zuk tinko eutsi —esan zion Watarik.

         — Ez naiz joango! —erantzun zion takar Kimurak.

         Watarik ez zuen ezetza espero, eta harriturik hitzik atera ezinik jarri zitzaion Kimurari bekoz beko begira.

         — Aizu, bizpahiru egunez kartzelan egotea egokitzen bazait, gurean goseak hilko gara! Eta nik ez dut hori nahi!

         — Ez duzu ulertzen gure mugimendua.

         — Zuek bai, zuzendaritzakook, zuek zenbat eta gehiagotan atxilotu, orduan eta ospetsuago, garrantzitsuago, ohoretsuago bihurtzen zarete, baina gu ez! Ez dago ba alderik!

         Watari tarte batez ezeztatuta bezala geratu zen zer esan ez zekiela. Ryukichi beste biekin zegoen eta pentsatu zuen: “Asunto txarra dago hemen. Holako gorabehera hutsalagatik zuzendaritzakoak eta oinarriko sindikalistak eztabaidan hastea ez zaigu komeni.”

         Eta horrela hitz egin zien:

         — Behingoagatik, beste bat bidaltzea badaukagu.

         Hori gabe ere, sarekada hura Kimurarentzat sindikatutik irteteko parada aproposa zen. Libre uzten zutenean, sindikatutik atera eta mugimendu politikoa lagatzea erabakita zeukan.

         — Oilo ustela ez bestelakoa! —lehenagoko gorabehera hura gogoan zuela esan zuen Saitok, eta beste aldera begiratu zuen.

         — Kimura, sindikalista baldin bazara, sindikalista bezala portatu behar duzu. Batez ere orain gauden kinkan, zalantza izpirik gabe eutsi behar diogu geure bideari —esan zuen Ryukichik izter-tartea haztatuz, estufaren beroak eragindako hazkura arintzeko. Kimurak, ordea, isilik jarraitzen zuen. Ryukichiri otu zitzaion, sindikatu ezkertiarretan Kimura bezalako kide dezente egon behar zuela, eta hori zorrotz pentsatzeko kontua zela.

         Shibata, Kimuraren bidez sindikatuan sartu zena, hankak tolestuta zegoen jarrita denei begira.

         Shibatak, Kimurarekin lastaira berean lo egina zen aldetik, bazekien Kimura lur-jota zebilena. Shibata bera ere, batez ere sindikatuko egoitzan lo zeudela eraso zietenean, zeharo behera etorri zen, zainetan odolik gabe geratu izan balitz bezala. Baina garbi zeukan horiek eta handiagoak ere pairatu beharreko gorabeherak zirela. Bazekien bera ez zegoela egina horretarako, baina horrexegatik zeukan inor baino gehiago saiatu beharra, ahaleginean bereak eta bi emanda.

         Watari, Kudo, Saito, Ryukichi eta abarrek egiten zituztenak arretaz ikasten zituen, eta bere burua larderia handiz hertsatzen zuen. Sarekada hura, Shibatarentzat, “galbahe estua” ari zen gertatzen. Tristea zitzaion galbahean behera bata bestearen atzetik trumilka hainbeste burkide erortzen ikustea. Baina beste alde batetik, zitekeena zen gora egiteko igaro beharreko ataka izatea hori ere. Shibatak pentsatzen zuen:

         — Eskarmentu gutxikoa, berria eta gaztea izango naiz, bai, baina ni ez naiz jausiko!

         Kimuraren kontua tarteko, zurrunbilo hartan estufa inguruko solasaldiak, indarra galdu bazuen ere, hutsa behar izan zen hitz beste egin eta emakumeen gaia berriro pizteko.

         Zortzietan, tatami gainean lotarako lekuak prestatu ondoren, binaka lastaira banatan etzan ziren. Lo egitea zen beldurrik gabe haizu zitzaien plazer bakarra, loa bere orduan etortzen bazitzaien behintzat.

         Gerrikoa eta galtzerdiak eranztearen hotsak zabaldu ziren airean.

         — Lehenbailehen lo hartu, eta ametsetan hasiko naiz —esan zuen baten batek.

         — Ziegako ametsa?! Amets-loka!

         — Kaka zaharra hortako!

         Solaskideak barre egin zuen. Ikas-bidaian ostatura iritsi berriak diren ikasleak bailiran, driska sortu zen une batez.

         Poliziek noizean behin “Ixo!!” esaten zieten.

         Asko erabilitako tapaki zikin, maiztuaren maiztuz txipiroi lehortua bezain mehearen ertzak masaila ukitzen zion, nazkagarri.

         — Ai, ai, ai, hau da zerua hau! —mantapetik esan zuen ahots ilaunez.

         — Infernuko zerua, ala?

         Urrutiko zoko batetik:

         — Amets polita izan nahi dut ba.

         — Lotara! Lotara!

         — Neska batekin oheratuko bazina bezala, ezta?

         — Ez aipatu hemen horrelakorik!

         — Ai, neskarekin oheratuko banintz…

         — Nor ote da artaburu hori?

         — Ni ez naiz artaburua!

         — Lo egiteko!

         Txitean-pitean, han eta hemen entzuten zen bataren eta bestearen jarduna. Denborarekin, ordea, berriketa bakantzen hasi zen. Hogei minutu inguru pasa zirenean ametsetako hitzen bat edo beste besterik ez zen entzuten. Eta azkenerako isiltasuna nagusitu zen.

         Gimnasioaren aldera ematen zuten kaleak ilunak eta bakartiak ziren. Jende gutxi zebilenez, elur izoztuan pauso karraskak nabarmen adi zitezkeen norbait igarotzen zen bakoitzean. Kaserna barruan baten bat beste bati hoska hasten bazitzaion, urrutiko oihartzun bat balitz bezala entzuten zen.

         — Lo al hago? —loak hartu ezinik zegoen Ryukichik, berarekin batera zegoen Saitori galdetu zion baxu. Saitok ez zuen zirkinik egin. Zapo zegoen. Loak azkar hartu zuela iritzirik, iruditu zitzaion hori zela Saitoren izaera, eta barre-irudia erne zen Ryukichiren bisaian. Ondoren, tarteka minbera jartzen zitzaion urdaila igurtziz (min-zirria baino ez zuen hala ere), gauza askotan hausnartzen hasi zen...

         — Aizue! —mintzo zen hura nor ote zen galdetu zuen berekiko Ryukichik, amorrua eman baitzion molestatu egin zuelako, izan ere une hartan buruz errepasatzen ari zen liburuak arreta handia eskatzen baitzion.

         — Aizu! —bat-batean sorbaldatik heldu zioten zakarki. Kaka zaharra! Atzera jiratzekoa egiterakoan, esnatu egin zen Ryukichi. Logurak erreta zegoen. Orduan, argazki lausotu bat ikusteko bezala begiak zabal-zabal ireki zituen ametsa eta errealitatea bereizi nahian. Eta ikusi zuena zera izan zen, polizia baten aurpegi zikin, baldar, bizartsua.

         — Jaiki! Galdeketa egin behar dizuegu eta.

         Agondu egin zen Ryukichi, harrituta. Erdi lo dagoena harrapatu eta eramatea, polizia-lanbidearen berezko tasuna zen. Giltza-hots beldurgarriari segizio eginez, poliziari jarraitu zion Ryukichik.

         Ordu erdi bat-edo pasa zen. Kudo polizia batekin itzuli zen. Aurpegia karea baino zurbilagoa zekarren. Gimnasiora iritsi bezain laster, ordea, bere gauzak jaso eta berriz atera zen poliziak presaturik. Irteterakoan, Kudo lotan zeudenei begira jarri zitzaien zerbait esan nahian bezala. Baina, ezer esan gabe, gorputza jiratu eta bere bizkar koadratua erakutsiz lekutu zen gimnasiotik. Giltzatu egin zuten atea zaratatsu. Bien oin-hotsak ez zuten bat egiten. Korridorean zehar denbora luzez entzun ziren haien pausoak.

         Lo zeudenek batera eta bestera mugitzean ateratzen ziren zaratak, barruko arnasak, eta gaizki zezeldutako ametsetako hizketak … han eta hemen sortzen ziren zingiren azalera atera ohi diren metanoa bezala.

 

1928-03-15
Takiji Kobayashi

euskaratzailea: Hiromi Yoshida
armiarma.eus, 2013