TERAPIA
Lydia Davis

Therapy
euskaratzailea: Leire Lakasta Mugeta / June Lete Larrañaga / Oiher Urrutia Bailarena / Maddi Zabalo Mateos
armiarma.eus, 2023

 

      Eguberriak baino lehen etorri nintzen hirira bizitzera. Bakarrik nengoen, lehendabiziko aldiz. Nora joan ote zen nire senarra? Gela ttipi batean bizi zen, errekaren bertzaldean, biltegiz beteriko barruti batean.

      Herritik hona mugitu nintzen. Bertako jende zurbil mantsoak arrotza banintz bezala begiratzen ninduen, solasten saiatzeak ez zuen aunitz merezi.

      Eguberrien ondotik, elurrak espaloiak estali zituen. Gero urtu egin zen. Halere, zaila zitzaidan ibiltzea, ondoren egun batzuez errazagoa suertatu zitzaidan. Senarra auzora bizitzera etorri zen, semea sarriago ikusteko.

      Hirian ere, denbora luzez, ez nuen lagunik. Hasiera batean, katadera batean jarrita egoten nintzen, arropatik ileak eta hautsa kentzen, gero jaiki, luzatu eta berriz jartzen nintzen. Goizetan kafea edaten nuen eta zigarretak erre. Arratsetan tea edaten nuen eta zigarretak erre, eta leihora hurbiltzen nintzen eta joan-etorrian ibiltzen nintzen bueltaka gela batetik bertzera.

      Noizbehinka, istant batez, zerbait egiteko gai nintzela pentsatzen nuen. Istant hori pasa egiten zen, eta mugitu nahi izaten nuen, eta ez nintzen mugitzeko gai.

      Egun batean, herrian, ez nintzen mugitzeko gai izan. Hasieran arrastaka ibili nintzen etxetik, portxetik lorategira gero, eta ondotik garajera, eta han burua galdu nuen. Hortxe egon nintzen, olio orbain baten gainean. Nire buruari garajetik ateratzeko arrazoiak proposatu nizkion, baina bat bera ez zen aski ona.

      Gaua etorri zen, txoriak isildu ziren, autoen joan-etorria gelditu zen, iluntasunak guzia irentsi zuen, orduan mugitu nintzen ni.

      Egun hartan erabaki nuen pertsona batzuei deus ere ez kontatzea. Norbaiti kontatu nion, jakina, zuzenean gainera. Baina ez zuen interesik erakutsi. Ordurako nigandik zetorren ezerk ez zion interesik sortzen, are gutiago nire arazoek, argi eta garbi.

      Hirian, berriz ere irakurtzen hasiko nintzela uste nuen. Nekatua nengoen nire burua lotsarazteaz. Irakurtzen hasi nintzenean, ez nuen liburu bakarra hasi, hainbat hasi nituen aldi berean; Mozarten bizitzaren inguruko bat, itsasoaren aldaketen inguruko bertze bat, eta oroitu ezin ditudan bertze hainbat.

      Mugimendu hauekin senarra piztu egin zen. Ondoan jarri eta solasten zidan, eta aurpegira arnasa botatzen zidan, akitua nengoen arte. Ez nion erakutsi nahi nire bizitza zeinen zaila zen.

      Irakurritakoa zuzenean atzentzen ez nuenez, indartzen ari nintzela pentsatu nuen. Harritu ninduten datuak idatzi nituen atzendu ezin nituenen zerrendan. Sei astez irakurri nuen, gero irakurtzeari utzi nion.

      Uda erdialdean adorea galdu nuen berriz ere. Medikuarengana joan nintzen. Ez nintzen segidan kontent gelditu eta hitzordua finkatu nuen bertze mediku batekin, emakumezkoa kasu honetan, aitzinekoarekin hitzorduak izaten jarraitu nuen arren.

      Emakumearen bulegoa Gramercy parke ondoko kale garesti batean zegoen. Txirrina jo nuen. Nire harridurarako, ez zuen emakumeak berak ireki, ttattardun gizon batek baizik. Arras haserre zegoen txirrina jo izanagatik.

      Emakumea bere bulegotik atera zen eta eztabaidan hasi ziren biak. Gizona haserre zegoen emakumearen paziente guziek beti bere txirrina jotzen zutelako. Hortxe nengoen ni, bien artean. Bisita hori eta gero ez nintzen gehiago bueltatu.

      Astetan zehar ez nion medikuari erran bertze batengana joan nintzenik. Bere sentimenduak minduko nituela uste nuen. Oker nengoen. Egun haietan gogaitu egiten ninduen, hura etengabe iraintzen uzten baitzidan, beti ere pagatuz gero. Protesta egin zuen: “Puntu batera arte soilik onartzen diot jendeari ni iraintzea”.

      Sesio bakoitzaren ondoren pentsatzen nuen ez nintzela itzuliko. Arrazoi aunitz zeuden. Bulegoa bertze eraikinek inguraturiko etxe zahar batean zegoen, bidezidorrez, hesiz eta parterrez beteriko lorategi batean. Noizean behin, etxera sartu eta ateratzean, irudi bitxi bat antzematen nuen, eskaileretan beheiti edo atari batetik desagertzen. Gizon apal eta handi bat zen, ile xerlo ilun bat buruan eta atorra zuri bat goitiraino lotuta. Nire ondotik pasatzen zenean, begiratu egiten ninduen, baina bere aurpegia hutsala zen, nahiz eta ni han egon eskaileretan goiti. Gizon honek bereziki nahasten ninduen, ez bainekien zer harreman zuen medikuarekin. Saio bakoitzaren erdian eskaileretan beheiti zihoan gizonezko baten ahotsa aditzen zen: “Gordon”.

      Banuen bertze arrazoi bat nire medikua berriz ez ikusteko, ez zuen notarik hartzen. Notak hartu behar zituela uste nuen, nire familiaren testuingurua oroitzeko: nire anaia bakarrik bizi zela hiriko logela batean, nire ahizpa alarguna zela eta bi alaba zituela, nire aita urduria eta akigarria zela eta aise mintzen zela eta nire amak aitak baino gehiago kritikatzen ninduela. Medikuak saio bakoitzaren ondotik notak berrikusi beharko lituzkeela pentsatzen nuen. Nire gibeletik etortzen zen eskaileretan beheiti, ordea, sukaldean kafe bat prestatzera. Seriotasun falta zantzua zen niretzat.

      Kontatutako gauza batzuengatik irri egiten zuen, eta horrek sumintzen ninduen. Ustez irri-emangarriak ziren gauza batzuk kontatuz gero ordea, ez zuen irribarre ere egiten. Gauza lazgarriak erraten zituen nire amaren inguruan, negargalea sortzen zitzaidan, amarengatik eta ttikitan bizitako momentu zoriontsuengatik. Okerrena zen sarritan besaulkira erortzen zela, hasperen egiten zuela eta distraitua zirudiela.

      Harrigarriki, deseroso eta triste sentiarazten ninduela erraten nion bakoitzean, gehiago gustatzen zitzaidan. Hilabete batzuen ondotik, ez nion gehiago erran behar izan.

      Bisiten artean denbora luze pasatu izanaren sentsazioa nuen, gero berriz elkartzen ginen. Aste bakarra izan zen, baina aste bakarrean beti gertatzen ziren gauza aunitz. Behin, liskar bat izan nuen semearekin, goiz hartan, etxejabeak hurrengo goizean etxetik ateratzeko abisua eman zidan, eta arratsalde hartan senarrak eta biok solasaldi luzea izan genuen, etsipenez beterikoa, erabaki genuen ez genuela inoiz adiskidetzerik izanen.

      Orain denbora guti nuen, sesio bakoitzean, nahi nuena errateko. Nire bizia irrigarria zela erran nahi nion medikuari. Etxejabeak engainatu ninduela kontatu nion, senarrak bi emaztegai zituela eta emakume horiek bata bertzeaz jeloskor zeudela, baina ez nitaz, nire aitaginarrebek telefonoz iraindu nindutela, nire senarraren lagunek ez zidatela kasu egiten, eta kalean estropezu egiten eta pareten kontra talka egiten nuela denbora guzian. Errandako guziak irri egiteko gogoa eman zidan. Ordu akabaila aldera, bertze norbaitekin aurrez aurre solasteko gai ez nintzela erraten ari nintzaion. Beti zegoen pareta bat. “Ba al dago paretarik orai bion artean?” galdetu zuen. Ez, ordurako ez zegoen paretarik.

      Medikuak ikusten ninduenean, bertze alde batera begiratzen zuen. Nire hitzak aditzen zituen eta aldi berean, bertze hitz batzuk. Desegiten ninduen eta bertze forma batzuetan berreraiki eta hau erakutsi zidan. Bazegoen egiten nuena, eta bazegoen egiten nuenaren atzean ikusten zuen zergatia. Egia ez zen argia ordurako. Bere erruz, ez nekien nire sentimenduak zein ziren. Nire burutik arrazoi saldoa zebilen, burrunbaka. Gortu egiten ninduten, beti nahasia nengoen.

      Udazken akabailan okerrera egin nuen eta solasteari utzi nion, arrazoimenerako gaitasuna galdu nuen urte berriaren hasieran. Are gehiago egin nuen okerrera, ia mugitu ezin nuen arte. Medikuak eskaileretan goiti nire pausoen harrabots isila entzun zuen. Aitortu zidan zalantza egin zuela eskailerak goraino igotzeko gai ote nintzen.

      Egun haietan gauzen alderdi iluna bakarrik ikusten nuen. Aberatsak gorroto nituen eta pobreek nazka eragiten zidaten. Jostetan zeuden haurren soinuek sumintzen ninduten, zaharren isiltasunak urduritzen ninduen. Mundua gorroto nuen hartan, diruaren babesa nuen desio, ez nuen dirurik ordea. Inguruko emakume guziak oihuka zeuden. Mendialdeko babesleku lasai batekin amesten nuen.

      Mundua behatzen jarraitu nuen. Banituen bi begi, jada ulermenik ez, mintzamenik ere ez. Pixkanaka-pixkanaka sentitzeko gaitasuna galtzen nenbilen. Ez zegoen zirrara gehiagorik nire baitan, ezta maitasunik ere ez.

      Udaberria ailegatu zen. Negura horrenbertze ohitu nintzen, hostoak arboletan ikusteak harritu ninduela.

      Medikuari esker, gauzak aldatzen hasi ziren. Ez nintzen hain zaurgarria. Ez nuen etengabe sentitzen jende jakin batek umiliatzen ninduenik.

      Gauza irrigarriekin berriz ere irri egiten hasi nintzen. Irri egin, gelditu eta pentsatzen nuen: egia, negu guzian zehar ez nuen irri egin. Egia erran, urte guzian zehar ez nuen irri egin. Urte guzian zehar hain baxu solastu nintzen, inork ez ninduela ulertzen. Orain jendeak ez zirudien hain triste nire ahotsa telefonoan aditzean.

      Izutua nengoen oraindik, banekielako mugimendu oker batek agerian utziko ninduela. Zirrara sentitzen hasi nintzen berriz ere. Arratsaldeak bakarrik pasatzen nituen. Berriz ere liburuak irakurtzen hasi nintzen eta datuak idazten. Ilunabarraren ondotik, kalera ateratzen nintzen erakusleihoak begiratzera. Gero bertze aldera begiratzen nuen, eta zirrarak itsututa nire ondoko jendearen kontra jotzen nuen, beti ziren arropa behaka zeuden emakumeak. Ibiltzerakoan, zintarriarekin trebukatzen nintzen.

      Hobeki sentitzen hasi nintzenez, terapia fite akituko zela pentsatu nuen. Ez nuen pazientziarik, eta nire buruari galdetzen nion: nolatan akitu dut terapia? Banuen bertze galdera bat ere: erraterako, zenbat denbora gehiagoan beharko nuen nire indar guzia egunari aurre egiteko soilik? Galdera horrek ez zuen erantzunik. Terapiak ere ez zuen akabailarik izanen, edo ez nuen neuk aukeratuko noiz akitu.

 

TERAPIA
Lydia Davis

Therapy
euskaratzailea: Leire Lakasta Mugeta / June Lete Larrañaga / Oiher Urrutia Bailarena / Maddi Zabalo Mateos
armiarma.eus, 2023