ANDERE ZAHAR ATSEGINA
Katherine Mansfield

Such a Sweet Old Lady
euskaratzailea: Leire Lakasta Mugeta / June Lete Larrañaga / Oiher Urrutia Bailarena / Maddi Zabalo Mateos
armiarma.eus, 2023

 

        Zergatik esnatzen zen garaian hain goiz Travers anderea? Gutxienez hiru ordu gehiago lo egitea gustatuko litzaioke. Baina ez, goizero ia justu ordu berdinean, lau eta erdietan, guztiz esna zegoen. Gainera, beti esnatzen zen modu berean, susto txiki bat, astindu arin bat, burua burkotik altxatzen zuen eta ingurura azkar begiratu, norbaitek deitu izan balu bezala, edo ziurtasunez gogoratu nahiko balu bezala bart gauean Warnerrek argia itzali aurretik ikusi zituen horma paper eta leiho berak ote ziren… Gero, buru txiki eta urdinduak burko zuriarekin egiten zuen topo berriro, eta momentu batez, esna egoteagatik larritzen hasi aurretik, Travers andere zaharra zoriontsu zen. Bihotza baretuta, arnasa sakon hartzen zuen, irribarre eta guzti. Baina beste behin, iluntasun mareak gora egin zuen, eta berarekin gora eraman zuen anderea; eta beste behin, mareak behera egin zuen, atzera egin zuen, eta aurkitu zuen tokira jaurti zuen anderea, horma paper berak itota, leiho beraren begiradapean. Oraindik salbu. Oraindik han!

        Oraingoan elizako erlojuak jo zuen kanpoan, motel, makal, pattal, ordu erdia lo egonda joko balu bezala. Burkoaren azpian erlojua bilatu zuen; bai, berdina zioen. Lau eta erdiak. Hiru ordu eta erdi beranduago sartu zen Warner harendako tearekin. Ai ene, zutitzeko gai izanen ote zen? Hankak mugitu zituen urduri. Eta erlojuaren aurpegi milika eta zorrotzari begira zegoela, iruditzen zitzaion orratzak, minutuen orratzak bereziki, bazekiela begira zegoela eta minutuei eusten zien, pixkatxo bat soilik, apropos… Bitxia zen, ezin zuen burutik kendu erlojuak gorroto zuelako irudipena. Henryrena izan zen. Hogei urte lehenago, Henry gaixoaren ohearen ondoan zutik zegoela, eskuetan hartu zuen lehen aldiz eta hotza eta pisutsua zela iruditu zitzaion. Eta bi egun beranduago, gerruntzearen botoi bat askatu eta erlojua barrura sartu zuenean, harri baten gisara bermatu zitzaion bularrean… Erlojua ez zen inoiz bertakoa sentitu. Bere tokia Henryren saihets sendoen kontra zuen, tiki-taka, ordua zehatz. Ez zen inoiz andereaz batere fidatu, Henry fidatu ez zen modu berean. Giltza ematea ahazten zitzaion aldi bakan horietan, nolabaiteko izu ziztada sentitzen zuen, eta giltzatxoa sartu bitartean xuxurlatzen zuen: “Barkadazu, Henry!”.

        Travers zaharrak hasperen egin, eta erlojua burko azpian sartu zuen berriro. Irudipena zuen azkenaldian gorroto zuelako sentsazioa argiagoa bihurtua zela… Beharbada sarriegi begiratzen ziolako, batez ere orain etxetik urrun zegoela. Atzerriko erlojuak ez dabiltza inoiz. Beti gelditzen dira ordu biak hogei gutxitan. Ordu biak hogei gutxi! Ordu zakarra gero, ez bata ez bestea. Orduan iritsiz gero bazkaria bukatua legoke eta goizegi litzateke te kikara bat hartzeko… Baina ez luke tean pentsatzen hasi beharko. Andere zaharra ohean agondu zen, eta haurtxo nekatu baten antzera, besoak altxatu eta edredoi gainean erortzen utzi zituen.

        Logela goizeko argiz arrai zegoen. Balkoiko leiho frantses handia irekita zegoen eta kanpoko palmondoaren armiarma itxurako itzal dardarkariak logelako paretak margotzen zituen. Hotelak aurrealdera ematen ez bazuen ere, goizean goiz itsaso usaina zegoen, arnasten entzuten zitzaion, eta urrezko hegodun kaioak gainetik pasatzen ziren hegan. Zeruak trankil zirudien oso, samurki irribarre egiten balego bezala! Urrun, oso urrun horma paper marradun satinatu honetatik, beirazko mahaitik, sofa eta aulki hori brokatuetatik, eta nork bere burua alboka, atzetik eta are saiheska ikusteko ispiluetatik.

        Ernestine pozarren zegoen logelarekin.

         «Logela ezin hobea da zuretzat, ama! Argitsua eta erakargarria oso, eta batere ez deprimigarria! Balkoia ere badu, hala egun euritsua izan arren aulkia kanpora atera dezakezu eta palmondo eder horiei begiratu. Gladysek aldameneko logela txikia izan dezake, horrek Warnerri zuek biak zaintzea erraztuko lioke… Logela ezin hobea da, ezta, ama? Zinez atsegina iruditzen zait balkoia! Primerakoa Gladysentzat! Cecilek eta biok ez dugu halakorik…»

        Baina dena dela, Ernestinek esandakoa gorabehera, ez zen inoiz eseri balkoi hartan. Azaldu ezin zezakeen arrazoi bitxiren batengatik, gorroto zuen palmondoei begiratzea. Arrotz nazkagarriak, hala zioen bere baitarako. Geldi zeudenean erortzen ziren, txori erraldoi narrasak ziruditen, eta mugitzen zirenean, armiarmak zetozkion burura. Zergatik ez ziren inoiz naturalak eta lasaiak eta itzaltsuak Ingalaterrako zuhaitzak bezalaxe? Zergatik zeuden beti jira eta bira edo goibel? Haiengan pentsatze hutsak nekatzen zuen, edo hobeto esanda, atzerriko edozertan pentsatzeak…

 

ANDERE ZAHAR ATSEGINA
Katherine Mansfield

Such a Sweet Old Lady
euskaratzailea: Leire Lakasta Mugeta / June Lete Larrañaga / Oiher Urrutia Bailarena / Maddi Zabalo Mateos
armiarma.eus, 2023