ORDU BATEKO ISTORIOA
Kate Chopin

The Story of an Hour
euskaratzailea: Leire Lakasta Mugeta / June Lete Larrañaga / Oiher Urrutia Bailarena / Maddi Zabalo Mateos
armiarma.eus, 2023

 

        Mallard andereak bihotzeko gaitza zuela jakinik, ahalik eta kontu handienaz eman zioten senarraren heriotzaren berri.

       Bere ahizpa Josephinek jakinarazi zion, totelka; egia zeharka esan zion, erdi estalita erdi agerian. Senarraren lagun Richards ere bertan zegoen. Trenbideko istripuaren berri izan zutenean, egunkariko bulegoan zegoen. Brently Mallard zen «hildakoen» zerrendan lehena. Richardsek ez zuen gertatutakoa sinetsi, bigarren telegrama iritsi zen arte. Aurre hartu nahi izan zien kontu edo samurtasun handirik ez zuten lagunei berri tamalgarri hori emateko.

       Emakume askok ezin izan zuten berria onartu. Mallard anderea, aldiz, berehala hasi zen negarrez ahizparen besoetan, bat-bateko babesgabetasun bortitza sentitu baitzuen. Atsekabearen zurrunbiloa amaitzean, logelara alde egin zuen, bakarrik. Inork ez zuen jarraitu.

       Leihoaren aurrean, besaulki eroso eta zabala zegoen. Besaulkiak irentsi egin zuen, gorputza atsekabetzen zion neke fisikoaren eraginez. Neke horrek bere arima hartuko ziola zirudien.

       Etxearen aurrean zegoen plazan, zuhaitz adaburuak udaberriko bizitzaz dardarka zeuden. Euriaren arnas goxoa ere airean soma zitekeen. Beheko kalean saltzaile bat zegoen, pregonatzen. Urruneko abesti baten notak iristen zitzaizkion belarrira, teilatuetako txolarreen txioekin batera.

       Han-hemenka zeru urdinaren zantzuak agertzen ziren, batu eta pilatu ziren hodeien artetik. Mendebaldean zeuden denak leihoari begira.

Burua besaulkiaren burkoan sostengaturik zuen, geldirik, negar zotinen batek ihes egin eta astintzen zuenean izan ezik, loak hartu arte negar egin duen eta ametsetan negar zotinka jarraitzen duen haur baten moduan.

       Gaztea zen, bere aurpegi eder eta lasaiko zimurrek errepresioa adierazten zuten, baita kemen puntu bat ere. Baina orain begirada goibela zuen, zeruko orban urdin urrun haietako batean finko. Ez zen hausnartzen duenaren begirada, gogoeta adimentsuaren etetea adierazten zuena baizik.

       Beregana zetorren zerbaiten esperoan zegoen, beldurrez. Zer ote? Ez zekien, izendatzeko zoliegia eta iheskorregia baitzen. Senti zezakeen, ordea, zerutik isilka hurbiltzen, aireko soinu, usain eta koloreen bitartez.

       Orain bularrak gora eta behera egiten zion, arin. Bere jabe egitera zetorren hori antzematen hasia zen. Aurre egiten saiatu zen nahi guztiarekin, nahia bere esku zuri lirainak bezain indargabea zen arren. Amore eman zuenean, hitz batek ihes egin zion ezpain erdi irekietatik. Behin eta berriro errepikatu zuen xuxurlaka: «aske, aske, aske!». Begirada huts eta izutuak begietatik alde egin zion; zorrotz eta distiratsu bihurtu zitzaion. Bihotz taupadak arindu zitzaizkion, zainetako odola berotu eta gorputzeko atal guztiak erlaxatu.

       Ez zuen momentu bat ere hartu barruan zuen hori poztasuna zen edo ez asmatzeko. Izan zuen pertzepzio argi eta indartsuak pentsarazi zion horrek ez zuela garrantzia handirik. Bazekien hildakoaren esku zabal eta atseginak ikustean berriro negarrez lehertuko zela; maitasunez soilik begiratu ohi zion aurpegia, geldia eta grisa eta hila. Une garratz horretatik begiratuta, guztiz bereak izango ziren urteen zama ikusi zuen, eta, ongietorria emanez, urte horiei guztiei besoak zabaldu zizkien.

       Urte horietan Mallard andereak ez zuen izango norentzat bizi; bere buruarentzat biziko zen. Ez zen egongo borondate indartsurik Mallard anderearen borondatea aldatuko zuenik, gizonek eta emakumeek besteengan inposaketak egiteko eskubidea dutela pentsatzen dutenean mantentzen duten burugogorkeria itsuz.

Argiztapen une horretan hausnartu bitartean, intentzio ona edo txarra izateak ez zuen aldatzen ekintzaren bidegabekeria.

       Hala ere, maite izan zuen senarra. Batzuetan. Askotan ez. Zer axola zuen, ordea! Zertarako balio ote zuen maitasunak, misterio argitu gabeak, orain bat-batean bere izatearen azaleratze esanguratsuena balitz bezala sentitzen bazuen bihozkada hori!

       – Aske! Gorputza eta arima aske!” jarraitzen zuen xuxurlatzen.

Josephine ate itxiaren aurrean zegoen, belauniko, ezpainak sarraila zuloaren parean zituela, sartzeko baimen eske.

       – Louise, ireki atea! Arren ireki atea, zoratu egingo zara. Zertan ari zara, Louise? Jainkoaren izenean, ireki atea.

       – Zoaz. Ez naiz zoratzen ari”. Ez; leiho ireki hartatik zetorren bizitzaren elixirra ari zen edaten.

       Bere fantasia zen aurretik zituen egun horietan kontrolik gabe bizitzea. Bereak izango ziren udaberriko egunak, udako egunak eta mota guztietako egunak. Otoitz azkar bat egin zuen bizitza luzea izan zedila eskatzeko. Atzo, lehen aldiz, hotzikara artean, bizitza luzea izan zitekeela pentsatu zuen.

       Azkenean, jaiki zen eta atea ireki zien ahizparen desadostasunei. Arrakasta frenetikoa zuen begietan, eta, saiatu gabe, Garaipenaren jainkosa baten moduan jokatzen hasi zen. Ahizpa gerritik hartu zuen eta biak batera joan ziren eskaileretan behera. Richards zain zuten behean.

       Norbait aurreko atea irekitzen ari zen giltzaz. Brently Mallard sartu zen, bidaiak aztoratutako aurpegiarekin, firme; maletatxoa eta euritakoa aldean. Ezbeharra gertatu zen lekutik urrun egon zen, eta jakin ere, ez zekien ezbeharrik gertatu zenik. Harrituta begiratu zituen Josephinen negar ozena eta Richardsek egin zuen erreflexu azkarra emaztearen begi bistatik ezkutatzeko.

       Medikuak etortzean, Louise bihotz gaixotasun batez hil zela esan zuten; hiltzen duen gozamenez.

 

ORDU BATEKO ISTORIOA
Kate Chopin

The Story of an Hour
euskaratzailea: Leire Lakasta Mugeta / June Lete Larrañaga / Oiher Urrutia Bailarena / Maddi Zabalo Mateos
armiarma.eus, 2023