HAUSTURA MULKOAN
Suheir Hammad

euskaratzailea: Iñigo Aranbarri
armiarma.eus, 2016

 

Historia sakratu oro, galarazia.

Idatzi gabeko liburuek aurreikusi zuten etorkizuna,

proiektatu zuten iragana,

baina nire buruak mugagabea dirudiena zabalduko du,

gizakiaren biolentzia sortzailea.

Semea, norena izango ote da?

Zer haur hilko da egun berri batean?

Gure umeen heriotzak bultza egiten du.

Hilotzak laztantzen ditugu.

Emakumeen dolua daramagu, ez da erraza.

Egunero jipoitzen dira putak.

Etekinak ateratzen dira,

profetak gutxiesten.

Limoi gazizko haurtzaroak

       gerrak eta hortzek esmaltatuak.

Lasterka kolore guztiak, gutako inor ez da solidoa.

Ez bila itzalik nire atzean. Barrenean daramat.

Argi eta iluntasun zikloak bizi ditut.

Erritmoaren erdia isiltasuna da.

Oraina ikusten dut, ez nintzen inoiz ez bata ez bestea izan.

Gaitza, osasuna, indarkeria samurra:

orain uste dut ez nintzela inoiz garbia izan.

Forma izan aurretik ekaitza izan nintzen,

itsua, zanpana -oraindik ere banaiz.

Gizakia itsu, gaizto bihurturik uzkurtzen da.

Inoiz ez nintzen garbia izan.

Eguzki epeleko neska heldua izan aurretik.

Hizkuntzak ezin murritz nazake.

Esponentzialki saiatzen naiz.

Dena dena da.

Emakume batek familiako 15, beharbada 20

      senide galdu ditu.

Emakume batek sei galdu ditu.

Emakume batek burua galdu du.

Emakume bat zakar artean dabil bila.

Emakume bat zaborretan bildutakotik bizi da.

Emakume batek tiro egin dio bere aurpegiari.

Emakume batek senarrari egin dio tiro.

Emakume batek uhalez lotu du bere burua.

Emakume bat haur batez erditu da.

Emakume bat mugez erditu da.

Emakume batek ez du uste dagoeneko

    amodioak aurkituko duenik

Emakume batek ez du inoiz sinetsi izan.

Nora doaz errefuxiatuen bihotzak?

Hautsiak, menostuak,

eurenak ez diren tokian kokatuak,

ez dutenak ahaztuak izan nahi.

Absentziarekin bekoz beko.

Eta norberak bere dolua darama

    ala hutsaren hurrengo gara.

Bizkarrezurra ingurubilka.

Amildegia ziztuan doa gizakiengana,

    gizakiengandik dator.

Atzean utzitako luku bonbak.

De factoko minak.

Min errea.

Kutsaturiko tabakoaren uzta.

Bonba uzta.

Esne-hortzen uzta.

Palmondo uzta, kea.

Lekuko uzta, keare.

Ebazpenak, kea.

Salbazioa, kea.

Erredentzioa, kea.

Hartu arnasa.

Ez izan beldurrik lehertu denari.

Beldurra izatekotan, izan oraindik lehertu ez denari.

 

HAUSTURA MULKOAN
Suheir Hammad

euskaratzailea: Iñigo Aranbarri
armiarma.eus, 2016