NIK EGINGO DUDANA
Suheir Hammad

euskaratzailea: Iñigo Aranbarri
armiarma.eus, 2016

 

Ez dut dantzarik egingo zure gerra-danborraren hotsean.

Ez dizkiot ez nire arima ez nire hezurrak emango.

Ez naiz erritmo horrekin dantzatuko.

Ezagutzen dut.

Bizirik gabe dago.

Barren-barrenetik ezagutzen dut jotzen duzun

         larru-azal hori.

Bizirik egon zen behinola, ehizatu egin zuten, ostu.    

         teinkatu.

Ez naiz dantzatuko zure gerra-deiaren hotsean.

Ez dut zugatik jauzirik, jirabueltarik egingo,

         ez naiz geldituko. 

Ez dut zugatik gorrotatuko, ez zaitut gorrotatuko.

Ez dut zugatik hilko.

Batez ere hori, ez naiz zugatik hilko.

Ez dut hilengatik negarrik egingo

         inor hilez edo neure burua botaz.

Ez naiz zure alde paratuko,

ez naiz bonbekin dantzatuko denak dantzan dabiltzalako.

Denak egon daitezke oker.

Bizitzea eskubidea da, ez albokoa edo kasuala den zerbait.

Ez dut ahantziko nondik natorren.

Nik neuk egingo dut neure danborra.

Maite dudan jendea bildu eta

      gure kantua dantzatuko da.

Gure kantu-marmara izango da danborraren errepika.

Inork ez nau joko.

Ez diot ez nire izena ez nire erritmoa emango

       zure danbor hotsari.

Dantza egingo dut eta eutsi egingo diot, dantza eta eutsi.

Eta dantza.

Taupada hau heriotza baino sendoagoa da.

Zure gerra-danborra ez da arnasa hots hau baino

         sendoagoa. Haaa.

 

NIK EGINGO DUDANA
Suheir Hammad

euskaratzailea: Iñigo Aranbarri
armiarma.eus, 2016