HAU EZ DA POEMA BAT, PROMESA DA
Suheir Hammad

euskaratzailea: Iñigo Aranbarri
armiarma.eus, 2016

 

Malkoen, senaren eta

gerraren hegian,

hemen natza indarge,

itxaropenik eta bizitza izpirik gabe.

Zer esango diet gazteei?

Nola esan, “…zure ahotsak

hutsa balio du uste dutentzat

bizitza inor kontrolatzea,

diru-gosea dela”.

Eta non egongo dira seguru

inori minik egin nahi ez diotenak?

Nik ez diot inori minik egin nahi,

ondo daki hori jainkoak.

Iraken, umeek izututa

begiratzen diote zeru gautuari,

izarrik ez balego bezala,

bonbak baino ez kosmosean.

Eta lurrari diote izua, orain

euren kaputxetako minbiziak

zenbatzen dituztelako,

lehen ez zegoenean halakorik.

Eta nola esango diet amerikar gazteei

herri kulturak ez duela zerikusirik

ez justiziarekin ez mundutik

isolatzen dituen horrekin guztiarekin?

Nola egingo dut deiadar

ahotsik ez badut dagoeneko?

Eta nork erantzungo die nire galderei?  

Ez da, ez, Rachel Corrie izango.

Hilda dago.

Eta berdin dio edozein armadak zer dioen.

Argazkiak ikusi ditut.

Laranja biziz jantzita zihoan,

bizirik zegoen minutu bat lehenago,

eta minutu bat geroago gorpu zetzan

etxe baten hondarren azpian.

Niri dagokidanez, palestinar hilek ez didate

dagoeneko zimikorik egiten bihotzean,

ze neska honen heriotzak

‑Olympiakoa zen, Washingtonen‑,

erdibitu baitit bihotza,

eta odola izoztu.

Hamar bat palestinar

hil dituzte atzodanik,

gizon batek gidatzen zuen

Caterpillar bulldozerrak

haren gorputza zen etxea

eraitsi zuenean. 

Baten batek ezagutzen badu

haren familia, helaraz iezaiozue

nire dolumina, nire mina.

Haren telefono zenbakia Interneten dago,

biltzeko eta antolatzeko erabiltzeko.

Bertan irakur ditzakezue

Palestinako esperientziaz zioena.

Idazle bikaina zen.

Bada jendea dioena,

“Hasteko, ez zuen han egon behar”.

Orain hilda dago.

“Izorra dadila!”.

Orain hilda dago.

“Puta traidorea!”.

Orain hilda dago.

Zer esan behar diet gazteei

indarkeria ezaz,

eurek ikus dezaketenean

ez laranja biziak ez megafonoak

ez kamerek ez Amerikako herritarrek

ezin izan dutela hilketa galarazi?

Gogoan dut mutiko beltzak

lintxatzen eta zatikatzen

zituzten garai hura

emakume zuriei begiratzeagatik.

Orain zergetan bildutako dolarrek

zapaltzen dute protesta

sortzen den tokian sortzen dela.

Non giza-helburuak han giza-ezkutuak.

Badira berreskuratu behar ditudan hitzak.

Ostera ere hartu eta ez diot

inori utziko nire hizkuntza diktatzen.

Ez dago “hego zuzenik”,

hegoa sortzetikoa da,

eta hilketa humanoa izan daiteke,

baina ez sortzetikoa,

nahiz eta animaliek elkar jan.

Hori gara, animaliak?

Horrela bada, esazazu horrela,

putakume horrek.

Ez dago “bonba guztien amarik”.

Blair, Sharon, Bush, guztiek

dute ama, eta ez dio ardura

zer egiten duten,

bada maite duten zerbait.

Botere zuria, petrolioa, jainkoak

aukeratutako bakarrak izan beharra,

berdin dio, baina zerbait maite dute,

eurek amek maite izan zituztelako.

Bonbak ez du deus maite,

ez du amarik, ez da bizitzaz arduratzen.

Ez dago bonba guztien amarik,

gizateriaren autosuntsiketa baizik.

Zartzaila izanda ere, ez dago seguru.

Badakit, sakatu nautelako,

eta badakit, nire lehen ile urdinekin batera,

benetako bortxa ez dela inoren kontra,

ezpada norberaren kontra erabiltzen.

Hau ez da poema bat, ez da mehatxua.

Promesa bat da.

Jainkoak guk denok batera baino

imajinazio handiagoa du,

eta ez dakit nolakoa izango den ordaina,

baina lehendik dut ikusia karma,

eta ikusiko dut berriz ere,

orduan aldarrikatuko ditut errugabeen izenak,

eta euren eskuak odolez garbi eta

bihotzak gorrotoz aratz izan zituzten

haien ondoan jarriko naiz.

Gaur egun zaila da gorrotorik ez sentitzea.

Baina ni maite izan naute,

maite izan dut neuk ere, eta badakit

etsaiari gizatasuna kentzen diotenek

euren buruari diotela kentzen.

Bake lana justizia lana da jainkoaren lana.

Rachel Corriek idatzi zuen:

 

“Hala ere, seguru nago asko irakurri, hitzaldietara joan, dokumentalak ikusi eta jendearen istoriak entzun izan banitu ere, ezerk ez ninduela hemengo egoeraren

errealitaterako prestatuko. Ezin imajina dezakezu ikusten duzun arte, eta orduan ere, norbera jabetu egiten da  esperientzia ez dela errealitate guztia: a zer arazoa Israelgo armadarena Estatu Batuetako herritar desarmatu baten kontra tiro egingo balu; eta nik ura erosteko dirua dut,

armadak putzuak suntsitu arren; eta noski, nik beti dut aukera hemendik alde egiteko. Nire familiako inori ez diote inoiz misilik jaurti autoa gidatzen ari dela nire hiriko kale nagusiaren buruan dagoen dorre batetik. Etxe bat dut. Ozeanoa ikustera joan naiteke”.

 

Orain hilik dago. Eta ozeanoak

haren begiradaren falta izango du.

Palestinak haren bihotza galduko du,

baina haren familiak haren adorea

izango du gogoan.

Eta Ameriketako Estatu Batuetako

presidenteak (noiz gertatu da

lehen ere?) gerra deklaratu dio

Iraki eta heriotza asko iragarri ditu.

Zer esango diet gazteei edozertaz?

Bereziki gizatasunaz eta moralaz.

Hil baino hilabete lehenago,

Rachelek etxekoei idatzi zien:

 

“Jende askok nahi du guk entzutea, eta nik uste dut internazionalista bezala ditugun pribilejioak erabili egin behar ditugula ahots horiek bitartekorik gabe entzun daitezen Estatu Batuetan, ni bezalako borondate oneko internazionalisten iragazkirik gabe. Oraintxe hasi naiz ikasten bizikizun gaitz honetan, uste guztien kontra, jendeak zer ahalmen duen antolatzeko, zer ahalmen duen eusteko”.

 

Hitz gehiago behar dut: Heroikoa, Ausarta, Soldadoa.

Emakume gazte horrek

pentsaNBEzinezko zerbait egin du,

zalantzarik egin gabe, urratsa aitzin,

ez zuen gibelera egin herioren aurrean.

Non alde handiagorik emakume baten

gorputz hauskorraren eta

suntsitzeko makina baten artean baino?

Zer istorio gaitzago konta daiteke?

Gerraren hegian garela, indarra emango ahal digute

Rachel Corriek hil arte defenditu zituen haiek.

Gerraren hegian, emango ahal diogu

itxaropena elkarri. Gerraren hegian

-geldi!- hau ez da gerra bat.

Dena delako asmo inperialista honen hegian,

bizirik izango ahal dugu Rachel Corrie

gure eutsi-nahi, gure justizia-bilatze honetan

eta ahizpatasunaren izpirituan.

Gerraren hegian, oroituko ahal gara

zein jainkotiarrak izan daitezkeen gizakiak.

 

HAU EZ DA POEMA BAT, PROMESA DA
Suheir Hammad

euskaratzailea: Iñigo Aranbarri
armiarma.eus, 2016