DENBORAREN BILBEA
Eduardo Galeano

Bocas del tiempo liburuko pasartea
euskaratzailea: Iñigo Aranbarri

 

Bost urte zituen joan zenean.

      Beste herri batean hazi zen, beste hizkuntza batean berba egin zuen.

      Itzuli zenean, koska kendua zion bizitzari.

      Felisa Ortega Bilbora heldu zen, Artxanda gainera igo eta oinez osatu zuen ahaztu barik zuen bidea, berea izan zen etxeraino.

      Dena zitzaion txiki, urteek urritua; eta lotsatu egin zen paparra astintzen zion danborra auzoek entzun zezaketela pentsatze hutsarekin.

      Ez zuen trizikloa aurkitu, ez zumitzezko besaulki koloretakoak, ezta amak, ipuin kontalari, negar eragiten zion otsoa artaziz ebaki zuen mahai hura ere. Balkoia ere ez zuen aurkitu, handik ikusi zituen Gernika bonbaz suntsitzera zihoazen alemaniar hegazkinak.

      Handik gutxira, auzoak ausartu egin zitzaizkion: ez, etxe hura ez zen bere etxea. Bere etxea lurrarekin berdindu zuten. Begien aurrean zuen hau haren hondakinen gainean eraikia zen.

      Orduan, norbait agertu zen denboraren barrenetik.

      — Elena naun —esan zuen norbait.

      Xare-xare egin arte estutu zuten elkar.

      Ez ziren arineketan gutxi ibiliak biak bietara haurtzaroko arboladi haietan.

      Eta esan zuen Elenak:

      — Gauzatxo bat zaukanat hiretzat.

      Eta portzelana zurizko azpil bat ekarri zion, marrazki azulak zituen.

      Atoan ezagutu zuen Felisak. Erretilu hartantxe eskaintzen zituen amak guztientzat egiten zituen urretx-opilak.

      Oso-osorik aurkitu zuen Elenak hondakinen artean, eta halaxe gorde izan zion berrogeita hamazortzi urtez.

 

DENBORAREN BILBEA
Eduardo Galeano

Bocas del tiempo liburuko pasartea
euskaratzailea: Iñigo Aranbarri