1937
Gunter Grass

Nire mendea liburuko pasartea
euskaratzailea: Gorka Arrese

 

      Eskolako gure jolasak ez ziren kanpaitxoak jotakoan amaitzen, berriz segitzen baitzuten hurrengo jolas-orduan, gaztainondoen gerizpean eta komunen eraikin txikiaren aurrean, Pixatokia deitzen genion hartan. Elkarren aurka borrokatzen ginen. Toledoko Alcazar zen guretzat gimnasioaren aldameneko Pixatokia. Egia da gertakariak urtebete lehenagokoak zirela, baina mutikotako gure ametsetan Falangeak harresi haiek heroikoki defendatzen jarraitzen zuen. Alferrik eraso egiten zuten Gorriek behin eta berriro. Nolanahi dela, gogo faltagatik porrot egiten zuten haiek; inork ez zuen gorria izan nahi, ezta neuk ere. Ikasle guztiek Franco jeneralaren aldean aurre egin nahi izaten genion heriotzari. Azkenean, mutil nagusiek zozketa bitartez sailkatu gintuzten: hamar edo hamaika urteko beste batzuekin batera egokitu zitzaidan gorria izatea, kasualitate haren geroagoko esanahia susmatu ahal izan gabe; bistan dena, orduan jolastokian iradoki antzera hurbildu zen etorkizuna.

      Beraz, setiatu egiten genuen Pixatokia. Akordio moduko batera ere behartzen gintuen horrek, begirale zeuden maisuak ongi arduratzen baitziren ikasle multzo neutralek, eta berdin gudariek, txiza egin ahal zezaten su-eten une adostuetan. Borrokaren goren graduetako bat telefonozko elkarrizketa izaten zen, Alcazarko agintari Moscardo koronelaren eta haren seme Luisen artekoa, zeina gatibu zeukaten Gorriek eta fusilatzeko mehatxua egiten zuten baldin gotorlekuak amore ematen ez bazuen.

      Helmut Kurella, aurpegi eta ahots aingeruzkoa zuen hamabi urteko mutikoa izaten zen Luis. Nik Cabello komisario gorria imitatu behar nuen eta telefonoa eman behar nion Luisi. Honen ahotsa garden entzuten zen jolastokian:

      “Aita!”.

      Moscardo koronelak: “Zer gertatzen da?”.

      “Deus ez. Hil egingo omen naute baldin Alcazarrekoek amore ematen ez baduzue”.

      “Hala bada, ene seme, utzi zure arima Jainkoaren eskuetan eta egin aldarri Biba Espainia!, hil zaitezen heroi bat bezala”.

      “Adio, aita. Musu handi bat”.

      Horixe esaten zuen Helmut aingeruzkoak, Luisen tokian. Eta orduan nik, komisario gorriak, mutil nagusietako bati ikasitako azken oihua egin behar nuen: “Biba heriotza!”, eta ondoren gatibu ausarta fusilatu gaztainondo loratu baten gerizpean.

      Ez, ez nago seguru neroni edo besteren bat arduratzen ote zen exekuzioaz; baina neu izan nintekeen. Gero borrokari ekingo genion berriz. Hurrengo jolas-orduan gotorlekuko dorrea suntsituko genuen. Akustikoki. Hala ere gotortuek ez zuten amore emango. Noizbait Espainiako Gerra Zibila deitu zuten hura Danzig-Langfuhr-ko Conradinum institutuko jolastokian gertatzen ari zen, jazoera bakar bat errepikatzearen errepikatzez. Noski, Falangeak irabazten zuen azkenean. Kanpotik desegiten zuten setioa. Bortizkeria bereziz eraso egiten zuen hamahiru edo hamalau urteko mutil aldra batek. Ondoren, besarkada handia. Famatua bihurtu den esaldiarekin errezibitzen zituen liberatzaileak Moscardo koronelak: “Berririk ez Alcazarren”. Eta gu, gorriak, garbitu egiten gintuzten.

      Hartara, Pixatokia normal erabili ahal izaten zen jolas-orduaren amaieran. Biharamunean, ordea, berriro errepikatzen genuen jolasa. Horrela ibili ginen 37ko udako oporrak arte. Edozein gisatan, berdin jolasten ahal ginen Gernika izeneko euskal herria bonbardatzera ere. Albistegi alemaniarrak zineman erakutsia zigun, filmaren aurretik, gure bolondresen erasoa. Apirilaren 26an xahuturik geratu zen herri txikia, kondar eta errauts. Oraindik gaur ere entzuten dut musikaren doinu hura motorren burrundarapean. Baina ikusi, gure Heinkel eta Junker hegazkinen hurbiltze-murgiltze-goititzea besterik ez genuen ikusi ahal izan. Entseatzen ariko balira bezala. Eskolan gu jolasteko adinako gertakari heroiko baten mailarik ez zuen ematen.

 

1937
Gunter Grass

Nire mendea liburuko pasartea
euskaratzailea: Gorka Arrese