HEGALDI BAT DUZU AHOA
Gilka Machado

Tua bocca é un vóo, 1928
euskaratzailea: Koldo Izagirre
armiarma.eus, 2015

 

Hegaldi bat duzu ahoa... Zeinen odolgose!

Sekula ez ase, sekula ez aski

odol galduan uzten du beti,

bere norabide azkengabean,

deabru polita den gaiztotasun hori

une batez ematen dion beste edozein aho.

 

Hegaldi bat duzu ahoa... zenbat aldiz, umetan

hartu zuen neurea (oroitzen? —nolako tristura

oraindik ere zoratzen nauzun

txori minemangarri hori!)...

zure lumazko ahoak, neure ezpainetan preso,

bidea egiten zuen beste ahorentzat.

 

Enara otzanaren hegaldi bat duzu ahoa

hegan doa zure ahoa geldian ere

hegan eta neke gabe

hantuste zoroak ditu

—enara gorri— alferretan bizi da, ganorabako

hegan milioika ahoren gogotan.

 

Hegaldi bat duzu ahoa... beti, beti muker.

Nork leukake, menturaz,

zu gatibu izatearen harroa?

Langidurak hartzen bazaitu

gauez, haragiaren loan,

lurrin hegoen hegaldi bat duzu ahoa.

 

Adio. Ez didazu entzunen deitore zororik

jakinen dut pairatzen tortura

zeren, maite orduak eskas bazaizkigu

saudadean baitira politzen afektuak.

 

Espiriturik gabeak zaizkizu

beste ezein kreaturaren esanak

alferrik bilatuko duzu beste ahotan

dastamenik zure edertasunerako.

 

Hegaldi bat duzu ahoa... Giro mutu honetan

nolako hegoek dizkidaten zentzumenak igurzten

nolako hegoek iletsu!

Hegan duzu ahoa...

Oroitarazten dizkiot zinak, belarrian dut

niri esaka gezurren bat ona.

 

Hegaldi bat duzu ahoa... Hain urrun, orain

goza ezazu haztaka.. ez daukazu, Lagun:

saudade bareko

ordu honen hordiaz

urrun, urrunaren urrunez, neurekin nahirik,

nire bertsoen saguzar, hurrupatu egin du nire gogoa.

 

HEGALDI BAT DUZU AHOA
Gilka Machado

Tua bocca é un vóo, 1928
euskaratzailea: Koldo Izagirre
armiarma.eus, 2015