BADUZU HOR Baduzu hor ilargi argitasun bat zeruko bekatu...
Helduko bazina, maitea, azalduko bazina orain nire bistara estutuko baninduzu, ikarak dardarti zeure bular ederrean...
Hor ilargiaren argia aurkintza kitzikatzen gogoak kitzikatzen, etorriko bazina, basati neurea, maitasun zakar eta agintari horrekin molde zarpail horrekin ilargipe leun honetara dena emanen nizuke eta gehiago eta anitzez gehiago...
Zer nintzateke ni zer litzateke nire maitasun dohakabe hau horrelako ilargi bat gaurik gau baneuka? Egizu kontu erakusten dizudan eta hartzen dudan minduraren liluraz eperik ez duen luzamenduzko elkar maitatze honetan. Goza dezagun biok plazer goibela mentura mindua ametsa luzatuz, ametsean baita bizitzaren errealitaterik zoriontsuena.
Izaki guztiak haluzinatzen dituen hauts mehean dator behera ilargia ez dakit ez ote den kokaina ilargi hori...
Banoa orain kalera horrela, ilargiak ergeldua...
Ez gau ez egun, nabaritzen dut ustekabez natura osoan alaitasun ilun bat.
Beha ezazu zer paradoxa airean zer oinazezko orgia gogoak bekatu dagi negar egin nahirik! Maitea, zuregatik da ilargi gau hainbeste plazerez, hainbeste torturaz alaitasunak negar, tristurak kantu eta zu neure egin gabe naiz ni osorik zeure... Maitea, zuregatik da ilargi gau, gorroto eta grinaren nahaste, zure izate osoa dut uko eta nahi gisarik zinezkoenean, ihesian eta ametsean une oroz gozamenez taupaka da neure gorputz maitatu eta maitale.
Banoa orain kalera... Noraezean duzu ilargia gauza guztiak tentatuz luzapenetara, ezteietara...
Helduko bazina, etortze liriko batean helduko bazina neure mirabe eta neure jaun, zer balio luke bizitzak, heriotzak zer balio luke gure maitasunaren aldean?
Zure besarkada bero eta artegan pozoi etereo baldargarria leihoan barrena ahoraino iritsi zait, ezpainak izoztuz... Hotzaren erregarria! Bildu naiz manta batean, ispiluan behatu eta: biluzik nago. Arima nigandik ate, biltzen naizen hostoez trufaka gogoak ihes egiten didala begietarik ilargi hautsaz hordi.
Argiz odolusten, txirikorda beilegian eskegia, izar bat amiltzen ari goi hartarik... Barre egin zenion, tristatu egin ninduen...
Gogoa garrez, gaua hotzez maitazorabiotan neure burua izar haren antzo amildegian behera...
BADUZU HOR |