COCA-COLA BAT ZUREKIN HARTZEA
Frank O'Hara

Having a Coke with you
euskaratzailea: Beñat Sarasola
armiarma.eus, 2024

 

are dibertigarriagoa da Donostia, Irun, Hendaia, Miarritze, Baionara joatea baino

edo goragalea edukitzea Travesera de Gracian Bartzelonan

partez zure alkandora laranjarekin San Sebastian hobe eta alaiago bat dirudizulako

partez maite zaitudalako, partez jogurtak maite dituzulako

partez urkien inguruko tulipa laranja fluoreszenteengatik

partez jendearen eta estatuen aurreko gure irribarre zuhurrengatik

zurekin nagoenean zaila zait sinesten egon daitekeenik estatuak bezain zera solemne

eta ezatseginki behin betikorik eta bitartean hemen parean New Yorkeko

4etako argi epelean elkarrekin noraezean goaz

begi-ordeen bidez arnasten duen zuhaitz bat nola

 

eta badirudi erretratu erakusketak ez duela aurpegi bakar bat ere, soilik margoa

bat-batean zeure buruari galdetzen diozu zergatik arraio pintatu zituzten

                                                                                                                      begiratzen

zaitut eta nahiago nuke zuri begiratu munduko erretratu guztiei baino

salbu eta zenbaitetan akaso Zaldun poloniarrari eta tira Frick-en dago

zeinera Jainkoari eskerrak ez baitzara joan oraindik eta horrela elkarrekin joan

gaitezke estreinakoz eta hain galanki mugitzen zara ezen futurismoa konpontzen duzun

etxean sekula pentsatzen ez dudan bezala Eskailera jaisten ari den biluzian edo

entsegu batean liluratzen ninduen Leonardoren edo Michelangeloren marrazki hartan

eta zer mesede egiten diete inpresionistei haien inguruko ikerketa guztiek

ez bazuten inoiz aurkitu pertsona egokirik zuhaitzen gerizpean posatzeko eguzkia

sartzen ari zela edo bestela Marino Marinik ez zuenean aukeratu zalduna

zaldiaren kuidado berberaz

                badirudi denek galdu zutela esperientzia miragarri bat edukitzeko aukera

baina nik ez dut alferrik galduko eta horregatik ari natzaizu hau guztia kontatzen

 

COCA-COLA BAT ZUREKIN HARTZEA
Frank O'Hara

Having a Coke with you
euskaratzailea: Beñat Sarasola
armiarma.eus, 2024