PORROTAREN DEFENTSA Lehendabizi besoak luzatu eta esku ahurrak hormaren kontra bermatuko da. Arnasa hartuko du zenbait aldiz sakon eta astiro, hormaren hotza igarri arte. Begiak itxiko ditu, apur batean. Orduan sentituko du barruratzen zaion atseden umel bat. Tristura izango da. Zerbait epela, barrukoa, fraternala ia. Etsi-etsian poetikoa. Hori da. Poetikoa. Orduan jesarri egingo da, inori begiratu barik. Begirada iheskor batzuek sastatuko dute. Alborik hara. Ez du hitz egin beharko. Ez biraorik esan. Isildu egin beharko du luzaro. Sumatuko du haziz doakiola harrotasun isil geldi bat. Duintasuna izango da. Lepoan hartuko du, samurtasunez betez porroten ondoan dagoen isilaldia. Ez du negarrik egin behar. Sekula ere ez. Akaso masailezurra gogor estutu. Gesu batez. Zutundu egingo da. Orduan sumatuko du bularrean, biriken atzean, hazkura lodi eta basitu bat. Erromantizismoa izango da… zeinak gaza arin batean batzen dituen derrota guztiak. Orduan bere ospe hauskorra jasoko du, bere harrotasun lehen bikaina orain dardaratia, haiekin jantziko da kontuz-kontuz, kariñoz ia, eta alde egingo du. Ez da egongo garaipenaren kontu zaratatsurik. Bakarrik geratuko da. Eta astiro ibili beharko du, baina ez lar astiro. Esku bat poltsikoan eta keinu huts bat musuan. Aurpegian ozta zurbiltasun hauskorra papar-hegalak paternalki estaltzen duen azalean. Lagun bakarra ere ez du izango. Bakarra ere ez. Edo agian unea, isiltasuna, tristura errespetatuko dituen baten bat, eskua txapaka lepoan jausten utziko duena ia-ia ikaraz, edo lotsaz, zerbait apurtzeko beldurrez bezala, galtzaileari malenkoniaren, nostalgiaren, zuritze mehe hori kentzeko beldurrez bezala. Eta jesarri egingo da zumezko besaulkian. Bere kafetxoa hartuko du. Azken batean, ez da hain txarto sentituko.
PORROTAREN DEFENTSA |