ZUHAITZ AZPIKO AGUREA
Roberto Fontanarrosa

Viejo con árbol
euskaratzailea: Xabier Boveda
Idatz & Mintz, 65
armiarma.eus, 2019

 

      Kantxaren albo batean txaradi bat zegoen, eta harago, trenbidearen aldatsa. Beste alboan, eremua eta zuhaitz kaxkartxo bat. Ostean, beste kantxa biak, txikerra eta nagusia. Eta han, zuhaitz haren azpian, agurea jartzen zen.

      Partida batzuk lehenago hasi zen agertzen, txapelketaren hasiera aldean, kapelua buruan, jaka urdin maiztu samarra jantzia, alkandora zuria samaraino itxia, eta irratia eskuan. Erretiroa hartuta seguru asko, ez zuen beste zeregin hoberik izango larunbat arratsaldeetan, eta kirolgunera hurreratzen zen Ligako norgehiagokak ikustera. Gazteek hasieran pentsatu zuten kasualitatea izango zela, baina bandaren inguruan ikusi zuten hirugarren larunbaterako euren zaletzat hartzera pasatu ziren. Izan ere, agureak bazeukan beste partida biak ikusteko aukerarik, ordu berean ondoko kantxetan jokatzen baitziren, baina han geratzen zen beti, zuhaitz azpian, euren jardunari begira.

      Zeukaten zale sutsu benetako bakarra zen, zaparro txiki batzuez gainera: Norbertoren semea, Gaonaren biak, Mosca-ren iloba, zeinak nagusiekin bazterrera ailegatu eta autoetatik jaitsi ordukoxe arineketan ezkutatzen ziren kanaberadian.

      — Kontuz ibili gero trenbidearekin, gaztigatzen zuen Jorgek aldatzen ziren bitartean.

      — Ez duk trenik pasatzen ia, lasaitzen zuen Norbertok. Eta egia zen, edo nabo-loretik nabo-lorera baino ez zen pasatzen bat, astiro, burrundaran.

      — Ez al duk etorri hintxada? —galdetzen zuten guztiek helduaz batera, agurearen bilaka—. Ez al duk etorri  barra brava?

      Eta barreka hasten ziren.  Baina agureak ez zuen azken larunbatetatik hutsik egiten, zuhaitz azpian irmo, dotore antzean, halako fintasun bat bere jarrera tentean, eskuineko eskua jasota irrati ñimiñoa sostengatuz, lore-sorta bat bailitzan. Ez zuen inork ezagutzen, ez zen ezein gazteren laguna.

      — Atsoak, hainbaten, ez dik etxean jasango eta hona bidaltzen dik, esan zuen adar-joka batek.

      — Igual duk arbitroaren laguna, esan zuen beste batek. Baina bazekiten agureak zelan edo halan, neurriz, euren alde egiten zuela, ikusia baitzuten txaloka partida pare bat lehenago, Olimpia Seniorsi irabazi ziotenean.

      Eta haraxe, zuhaitz azpira, joan zen Soda botatzera bere lekua Eduardori utzita, ordezkoa baitzen; izan ere, beroak gogor jota, ezin zuen gehiago. Uda zen, eta jokatzeko ordu hori zorakeria hutsa. Arratsaldeko hirurak ia, eta agurea han, zintzo, metro gutxi batzuetara, partida ikusten. Eduardo –ia gogo barik, nagiak ateratzeko aprobetxatuz– zelairatu zenean, arbitroari baimena eskatzeko besoa jaso zuenean, Soda zuhaitz txikiaren gerizpetara amildu zen, eta hurbil samar geratu zen, sekula baino hurbilago: agureak berba erdirik ere ez zuen egundo egin taldeko inorekin.

      Orduan Sodak antzeman ahal izan zuen hirurogeita hamar urte edo zituela, iharra zen, garai samarra, apaina, eta bizar arrastoak zituen aurpegian. Irratia entzuten zuen aurikular batekin, eta beste eskuan zigarro bati eusten zion bare eta dotore.

      — Central Cordobaren partida entzuten, maixu? —erdi oihuka Sodak arnasari buelta eman zionean, baina oraindik lurrean etzanda. Agureak bira egin zuen hari so egiteko. Buruaz ezetz egin zuen, eta belarritik aurikularra kendu zuen.

      Ez zuen barrerik egin. Eta ematen zuen kontua bertan behera geratua zela. Partidari begira jarraitu zuen, latz eta parekatua baitzegoen. Musika, esan zuen gero, berriz mutilari begiratuz.

      — Tangoren bat edo? —ausartu zen Soda.

      — Kontzertu bat. Musika klasikoko irratsaio on bat dago ordu honetan.

      Sodak bekokia zimurtu zuen. Bazeukan jada pasadizo polit bat taldeko lagunekin esamesetan hasteko, eta haria bizi-bizi zetorrenez, merezi zuen jarraitzea. Arnasoska zutitu zen, galtzerdiak beheratu, eta astiro-astiro ibili zen agurearen parean gelditu arte.

      — Baina gogoko duzu futbola —esan zion—. Ikusten dudanez.

      Agureak baietz egin zuen buruaz errime, baloiaren ibilbidea begiratzeari utzi barik, airean handik eta hemendik baitzebilen, zoro-zoro.

      — Jokalaria izan naiz. Eta, gainera, kirol hori artearekin txit lotuta dago —azaldu zuen gero—. Txit lotuta.

      Sodak jakin-minez begiratu zion. Bazekien jarraituko zuela berbetan, eta zain geratu zen.

      — Begira gure atezainari —egin-eginean agureak De Leon seinalatu zuen, zeinak norgehiagoka bere atetik aztertzen zuen, eskuak gerrian, kamisetaren alde oso bat lokatzez zikinduta—. Sudurraren eta bekokiaren jarraitasuna. Bularraren zabalkuntza. Izterren makotasuna. Tentsioa bizkarrean —unekada batez isilik geratu zen, Sodak aintzat hartzeko-edo berak erakusten zion hura—. Bada… Hori… eskultura duzu hori!

      Sodak masailezurra aurreratu eta burua pitin bat kulunkatu zuen, zalantzati, ontzat emanez.

      —Begira ezazu —oraingoan agureak bestaldeko atea seinalatu zuen, non korner bat heltzear baitzegoen— gure elastikoen distira bizia, beilegi kadmioa eta izerdiak eragindako lausotze laranja. Aurkarien elastikoen Prusiako urdinarekiko kontrastea, urdin horrek transpirazioaren ondorioz ere hartzen duen more ubela ia, zuri biziak zirrimarra zoroak irudi. Izter bizkorren orban arin okre, nabar eta hori ilunak eta sepia-koloreak, Baconen betekoak. Erdi-itxi itzazu begiak eta antza eman horri… Bada… Hori… pintura duzu hori!

      Artean Soda begiak erdi itxita zegoela, agureak indarrez ekin zion.

      — Ohartu, ohartu zaitez haien aurrelariaren eta gure lauaren arteko lasterketa azkarraz. Aldi bereko jauzia, airean eginiko biraketa, itzulipurdi malgua, beso eragite zabala orekaren bila… Bada… Hori… dantza duzu hori!

      — Eta entzun ezazu, entzun… —akuilatu zuen agureak, lehen irratiko aurikularra eduki zuen belarri bereko hegala esku batez makotuta, eta poz-pozik topatu zuelako, agian, solaskide egokia—… baloiaren kolpe-hots apala zoruan punpa egiten duenean, belarraren gaineko bota-zolen kirrika, arnasketa larriaren hauspo geldoa, gazteen oihu, agindu, alerta, biraoen koro eragabea, eta arbitroaren txistu zorrotza… Bada… Hori… musika duzu hori!  

      Sodak buruarekin onartu zuen. Taldekideek ez zioten sinetsiko, partidaren ostean, agurearekin izan zuen berriketa ez-ohikoa kontatzen zienean; entzuteko gogo apurrik bazuten behintzat, izan ere, porrota haien gainera zetorren hegazti ilun errukigabe baten legez.

      — Eta begiratu aurrelari horri… —seinalatu zuen oraingoan agureak, zelaian sartuta ia, apur bat  aztoratuago—, lurrean lorrinka dabilen aurrelari horri tarantula batek zizt egin balio bezala, ileei neurrigabe tiratuz, aurpegia desitxuratuz, gezurrezko min-orroak eginez, justizia histrionikoki eskatuz… Bada… Hori… antzerkia duzu hori!

      Sodak buruari heldu zion.

      — Zer pitatu du? —zezelka egin zuen suminduta.

      — Penaltia pitatu al du? —begiak ireki zituen agureak, sinetsi ezinik. Urrats bat egin zuen aurrera, zelaian doi sartuta—. Zer pitatu duk? —oihu egin zuen gero, bere onetik aterata—. Zer pitatu duk, arbitro alu horrek, putaseme madarikatu horrek?

      Sodak harriduraz begiratu zion. Agurearen oihuarekin, ematen zuen bat-batean ahaztu egin zitzaizkiola penalti bidegabea, berehalako porrota eta beroa bera. Agurea zurbil-zurbil zegoen areara begira, baina berehalakoan itzuli zen Sodarenganantz lehengo erara etorri nahian, nahastu samar, deseroso.

      —… Eta hori? —ausartu zen Soda galdetzen, hura seinalatuz.

      — Eta hori… —agureak hinki-hanka, burukoa arinki ukituz—,  futbola duzu hori!

 

ZUHAITZ AZPIKO AGUREA
Roberto Fontanarrosa

Viejo con árbol
euskaratzailea: Xabier Boveda
Idatz & Mintz, 65
armiarma.eus, 2019