SEPIA KOLOREZKO UDA
Marguerite Duras

euskaratzailea: Aurelia Arkotxa
Maiatz, 14, 1987o abendua
armiarma.eus, 2021

 

Testu hau 1980.eko ekainean agertu zen lehen aldikotz in « Cahiers du Cinema » 312/313, titulu honen pean : « Jean Pierre Cenon-entzat, begiak berde ». Aldizkariaren zenbaki bikoitz hori osoki Marguerite DURAS-i dedikatua da.

 

         Ima, Mertxe, Asun, Ana. Gure haur denborako kristalezko irriak gogora heldu zaizkit. Itsasoko olatu ezin geldituen gisan. Oroimenaren orden gabeko olatuak. Olatu puskatuak. Irudi arrailduak. Mirail hautsiak. Ebroren bazter erraustuetan gure oinetakoen hatzen oihartzuna ez da desagertua. Oraindik. Hortaz segur naiz. Batzuetan udako bero idorretan, orduan bezala, entzuten dut, oraino ere, baporezko tren hura. Iduritzen zait orduko trenak bizi zirela, mintzo zirela. Makina ikaragarria ez genekien nondik zetorren, nora zoan. Munduaren bestaldera. Txinara? Badaiteke. Edo ilargiaren mendien bertzaldera... Terra australis incognita batera, karta zaharretan xuriz uzten ziren lur misteriotsuetara. Gari landetan barna, sasien gainetik, laparretan gure zango beltzak larruturik, hatsankatuak, ailegatzen ginen, izerditan, mahastiaren ondoan pasatzen zen trenbidearen bazterrera, tren beltz ikaragarria hurbilagotik ikusteko, irriak ahantzirik. Faszinaturik. Ima, Mertxe, Asun, Ana. Gure ezin bereiztuzko izenak. Maite nuen esne bila joatea. Elkarrekin. Ilunabarreko bide bazterrak gure orduko ahantziak ditudan kalakez betetzen ziren. Ahuntz-esnea hurrupatzean iduritzen zitzaidan landako belar aromatikoak dastatzen nituela. Karrika huts kiskalduak. Arratsaldeko bi ordutako bero izigarrian. Siestak. Erdi biluzirik. Kortina berde apalduen aterbean. Ilunpe ixiletan. Bizia arrastatzen zen. Kortinen arteketarik, argi zerrenda batean, kanpoko gelditasuna begiratzen nuen, espaloi hutsak, brika horizko etxeen aurpegi histuak. Sugandilak bakarrik bizi pareta gainetan. Beroa. Adolezentziako ametsak. Lehen zigarrilloa elkarri pasatuz, arto landan gordeak, handien begirada kexuetarik urrun, deliziuski, polliki, polliki, erre genuena. Adolezentziako erritoak. Begirada lerrakorrak. Gorridura bitxiak. Lehen sekretuak. Argazki horituaren gibelean, Josemariren itzala. Barcelonako espaloi batean hirugarren estaiatik bere burua bota duenean itzali zaio sekulako mundua. Fini. Ima, Mertxe, Asun, Ana. Udako haize sapak ebatsi dizkizuete amets ederrak. Biziak berezi gaitu. Ebrok daramazki oroimenaren irudi desordenatuak. Patch-work. Olibondoen enbor makurtuen sufrikariozko pliegeetan gordea dago iraganaren nostalgia. Ibaiaren kurritze etengabeak zora arazten nau. Denbora ezin atxik. Aspaldiko uda hartan, zikoina bikoteak, usaian bezala, bere kafi handia jauregi utziaren kaskoan prestatu zuen. Haurrek, garrasika, uda guziz bezala, guk lehenengo denbora iduzkitatuetan bezala, amu luze batzuk, beren esku muturretan, balantzarazi zituzten airean, xori eleganteen hegada harmonikoak puskatu nahian. Hurrengo udan, nik han pasatu nuen azken uda hartan, ikusi nuen nola bota zuten jauregi gorria. Errauts. Brika. Porroska. Errauts. Dena errautsean suntsitu zen. Guzia. Geroztik, behin eta gehiagotan, udako zeru urdinak gogo arazten dit hango betiereko zeru blua. Geroztik, jakina dut, ez deia gehiago ikusi izan zikoina bikote ederrik, piko luzeetan abarrak dilindan, Fontellas-eko plazaren gainean ... Ima, Mertxe, Asun, Ana, hain dira joan urrun, hain maite nituen uda laranjak, uda doratuak, uda sienak... Erriberako uda sepiak...

         Zatoz, zatoz elkarrekin joan gaitezen udaberriko arratsalde honetan joan gaitezen hirian barrena, mintza gaitezen, gauza guztiez, bizi zoriona da, mugimendua begira dezagun, mitren gibeletik hiria, argi horia, beti joan gaitezen, beti, geldi gaitezen, beti, hor, eta hor oraino, mitren gibeletik hiriari begira, argi hori isuria, mintza gaitezen, partitzeaz, gelditzeaz, idazteaz, bere buruaz beste egiteaz, ikusten duzu, zatoz, deusezendako, asotsa entzuteko, hizkuntza arrotzen asotsa, oihuak, zarata, ibaia, elkarrekin mintzatzearen goxotasunaz, begira iezadazu, beren bazkaren bila, gerlak, badakizu, deportatze lekuak, bai, entzun, trenak, badoaz Europan zehar, gosetiaz erraten da, eta hil direnez, oraino, bai, badakizu, bai, dena berdin da eta deusik ez gu hor baikaude, gu, bai, entzun, entzun ezazu, heldu den hutsune hori, berria, abentura berria, elkarrekin geldi gaitezen arratsa artio, begira ditzagun gure itzal luzeak espaloietan, elkarrekin geldi gaitezen argi zeiharkatua artio, arratsean, gaua etortzen begira dezagun, biziaren beste alderdia, itzultze hori, ez da kasik ikusten, ez da kasik sentitzen, lerrakada hori, partadera errex hori, eta horra, horra heldu dira, jenioak, beltzaren jenioak, urrats ixilez, heldu dira, entzun, badakizu, uzta berriak, ezlangileen uztak, gehiago lanik eginen ez dutenenak, gehiago sufrituko ez dutenenak, biziak daukan asti mugagabean beren konbenientzia atzemanen dutenenak, begira, entzun, denbora estrainio hau, heldu da, luzea, luzea da, nagia, ez da lanik gehiago, ez da gehiago lanik izanen, hogeigarren mendeko langabezi luzeak, entzun duzu, diotela, hasi dira, hor egonen dira, mendeak bezain luzeak bilakatuko dira, gauza bera erran dezagun udaz, uda hasten da, horrela erran dezagun, uda hasten da, udako egun luzeak, nagiak eta sakonak dira, hor geldituko dira betirako, zatoz, enpleguen multiplikaketa bukatu da, penaren multiplikaketa ere, ez du gehiago balio ere, ez dute gehiago gezurrik erraten, lanik gehiago ez, gehiago ez langilerik, zatoz, mintza gaitezen, berriz, denaz, biziaren zoriona da, hiri ozeano honena, hortik da uretatik jalgiko, ibai horretatik, beste aldekoa da, entzun, begira iezaiozu, heldu da, heldu dena da, hura, munduaren galpena, begira, hor da, ezagutzen duzu, gure ahizpa, gure arreba da, gure bibiroa, heldu da, kaixo, irri egiten diogu, hain gazte da, hain eder, larru xuriz beztitua, begiak berde.

 


 

SEPIA KOLOREZKO UDA
Marguerite Duras

euskaratzailea: Aurelia Arkotxa
Maiatz, 14, 1987o abendua
armiarma.eus, 2021