KORRIDOREAN JARRIRIKO GIZONA
Marguerite Duras

L'homme assis dans le couloir
euskaratzailea: Imanol Txabarri Lopetegi
Maiatz, 18,1989ko abendua
armiarma.eus, 2021

 

         Sexuaren barrutia ikusten dut ezpain bananduen artean eta soin osoa harriztatzen da haren inguruan emendatuz doan kiskaldura batean. Ez dut aurpegia ikusten. Aurpegiaren aldirietan gaindi, ezbaian, edertasuna flotatzen ikusten dut baina ez dut lortzen harekin lot dadin bereganatu arte. Haren obalo saihestua, plano teinkatua, arrunt garbia besterik ez dut ikusten. Uste dut begi hertsiek berde izan behar luketela. Ez naiz ordea begietan geratzen. Eta nireetan luzaz edukitzea erdiesten badut ere, ez didate haren aurpegiaren osotasuna ematen. Aurpegiak ezezagun dirau. Gorputza ikusten dut. Osoki ikusten dut hurbiltasun bortitzaz. Izerdia dario, zuritasun izugarrizko eguzki leinuru batean aurkitzen da.

         Gizonak igurikiko zukeen anartean.

         Eta gero emaztekiak erdietsiko zukeen. Hain da handia eguzkiaren indarra non oihu egiten duen hura jasatearren. Haren jantziaren beso jadanik urratuaren gunean hozka egiten du eta oihu egiten du. Izen bati deitzen dio. Eta etor dadila.

         Emaztekiak eta biok norbait dabilela entzuten dugu. Gizona mugitu egin dela. Korridoretik atera dela. Ikusi eta erran egiten diot, datorrela erraten diot. Mugitu egin dela, korridoretik atera dela. Haren mugimenduak lehen zakarrak, laburrak direla, jadanik ezin ibil baledi bezala eta gero astitsu bilakatzen direla, biziki astitsuak, gehiegizko gelditasun batekoak. Datorrela. Hor dela. Ikusten dudala bere begietako urdin kolorea haren gainetik so egiten dutelarik, ibairantz.

         Haren parean geratu da, haren formaren gainean jaurtikitzen du bere itzala. Betazalen artetik, emaztekiak argiaren iluntzean ohartu behar du, bere gainean soin goitituaren forma nabaritu behar du, haren itzalean harrapaturik dagoelarik. Kiskalduraren tregoak jantziari atxikiriko ahoa laxa dadin eragiten du. Gizona hor da. Begiak oraino hertsirik, emaztekiak jantzia askatzen du, besoak biltzen ditu gorputzean barrena aldaken atakatik zangoen separazioa kanbiatzen du, harengana okertzen ditu are gehiago ikus dezan bere baitan, gizonak bere sexu urratua albait ikusgarrien baino areago ikus dezan bere baitan, beste gauza bat ikus dezan halaber, denbora berean, berarengan, zein bere baitatik gailentzen den erraietako aho oka egile bezala.

         Gizona beha dago. Emaztekiak aurpegia demaio itzalari begiak hertsirik eta zain dago halaber. Orduan, gizonak bere aldetik hura egiten du.

         Lehenbizi ahoaren gainean egiten du hura. Zirristada ezpainetan lehertzen da, eskainiriko hortzetan, begiak zipriztintzen ditu, biloa, eta ondotik gorputzean zehar jausten da, bularrak gainezkatzen dizkio, emeki isuriz jadanik. Sexura heltzen delarik berriztatzen da, haren berotasunean lehertzen da, haren esneaz nahasten da, bitsetan, eta ondoren agortu egiten da. Emaztekiaren begiak ertirikitzen dira sorik gabe eta hersten dira hartzara. Berdeak.

         Mintzatzen natzaio eta erraten diot gizonak egiten duena. Berea ere erraten diot. Ikus dezan, hauxe desiratzen dut.

         Gizonak haren forma oinaz erabiltzen du harrizko bitetik. Aurpegia zoruari itsatsirik dago. Gizonak itxaroten du eta ondotik berriz has, gorputza darabil alde batetik bestera, apenas atxiki diezaiokeen basakeria batez. Zenbait segundoz gelditzen da lasaitasuna berreskuratzeko, gero hasten da berriro. Soina urruntzen du geroztik leunki beregana hurbilarazteko. Gorputza otzana, isurkorra da, erabilpen hauetarako prest konorterik gabe bailegoen, harrien gainetik itzulipurdika dabil haiek sentitzen bide ez dituelarik, eta iristen den toki berean geratzen da mugimendua gelditutakoan daukan jarreran.

         Bat-batean dena baratzen da.

         Forma hor da, faun, harengandik urrun. Gizonak behatzen dio eta hurreratzen zaio. Orduan, batetik bestera erabiltzen segitu nahi balu bezala, gizonak oina kokatzen du haren gainean eta mugitzeari uzten dio ziplo.

         Azarean kokatuko zukeen bere oin ortutsa formaren gainean, bihotz irian, eta ziplo mugitzeari utziko ziokeen. Bularretako haragia leuna eta beroa da, harengan ihauskatzen da bat-bedera. Gizona ez da jadanik mugitzen.

         Burua altxatuko zukeen eta ibairantz so eginen zukeen. Eguzkia finko eta indartsu dago. Ikusteke gizonak arreta handiz begiratzen dio bere begiei agertzen zaienari. Honela dio:

         — Maite haut. Hi.

         Oinak gorputza estutuko zukeen.

         Hazten da aldi batez, iraute batez, neurrigabetasunaren batasun mugagabea du. Gizona ez zatekeen beldur. Begira segitzen du bere begiei agertzen zaiena ikusteke, argiaren liluramenduz, ikara den airea.

         Emaztekia haren oinen azpian dago, agitzen ari den gertakariari bere indar oroz adi, itxura denez. Keinurik gabe, ahoa besoari atxikirik jantziaren zeta askatu gabe, oinaren presioa, progresioa nabarituko zukeen bihotzaren gainean. Begiak berriz hertsiko ziratekeen erdizka ikusiriko kolorearen gainean. Oin ortutsaren azpian lupetza batetako lohia dago, irakidura isil bat, urruna, etengabea. Forma eraitsirik dago, zimela, hautsia bezala, terrorezko inertzia batetan. Oinak are estutzenago du. Hondoratzen da, toraxeko kutxaraino heltzen da, are estutzenago du.

         Emaztekiak oihu egin du. Gizonak oihu bat entzun du. Badu denbora oihua gelditzen ez dela entzuteko, ahitu ere egiten dela entzuteko. Anartean oraino hautatzeko denboraren jabe dela uste du, oina zalantzan dago, eta astunki gorputzetik deslotzen da, bihotzetik aldentzen da oihuaren bultzadaz.

         Gizona berriz amilduko zatekeen korridore iluneko besaulkian.

         Emaztekiaren zangoak banandu eta berriz eroriko ziratekeen ahituak.

         Jira-bira egiten du, beste aldi batez oihu egiten du eta, kordoka luze eta astitsuen artean, debatitzen da. Haren deitorea oihuz eta negarrez adierazten du, bere askatasuna aldarrikatzen du, jin dadila, eta gero, supituki, baratzen da.

         Eguzkia gerriraino helduko zitzaiokeen. Ikusten dut bere forma korridorean, ilunbean dago, ia kolore bat ere gabe. Bere burua besaulkiaren bizkarraldearen gainean erori da. Ikusten dut amodioz eta desiraz ahitua dela, aparteko zurbiltasuna duela eta bere bihotza taupaka ari dela gorputzaren tutorretik. Dardaraz dagoela ikusten dut. Ikusten dut gizonak begiratzen ez diona eta haatik korridorearen parean igarri eta ikus daitekeena, lepoen eder horiek ibaiaren aitzinean eta itsasoarena izan beharko lukeen lanbroetan beti ere murgilduriko neurrigabetasun malba hori. Ordokiaren biluztasunak, euriaren norabideak itsasoarena izan beharko luke. Eta maitasunaren ahaltsu horrek. Badakit, maitasunaren ahaltsu horrekin. Itsasoa ez dut ikusten. Gizon emaztekiek ikus dezaketena baino haratago dagoela da.

         Gizonak harrizko bideko mamua beregana hurbiltzen ikusiko zukeen.

         Emaztekiak atearen markoari eutsiko ziokeen istant batez korridorearen freskotasunean sartu aitzin. So eginen ziokeen. Gizona ere, lehentxeago emaztekia bezala, begiak hertsirik geratuko zatekeen. Haren eskuak geldirik daude eta besaulkiaren besoan pausatzen dira. Ehun urdinezko galtzak eramanen zituzkeen, daramatza, ireki ditu eta hura gailentzen da. Itxura trauskil eta zakarra du haren bihotzak bezala. Haren bihotza bezala taupaka ari da. Lehen aroetako forma, harrietarik, likenetarik ez bestelakatua, oroitezgarria, haren inguruan debatitzen den gizonarengan landatua. Haren inguruan malkoen mugarrian aurkitzen da eta oihu egiten du.

         Emaztekia gizonari mintzo entzuten dut:

         — Maite haut.

         Ba dakiela erantzuten diola entzuten dut:

         — Bai.

         Ikusten dut emaztekia mugitu egiten dela eta harengandik banatzen duten hiru urratsak emateko puntuan dela. Ikusten dut halaber gizonak ihes mugimendua kinatzen duela eta besaulkian berriz erortzen dela. Gero ez dut deus ikusten egitateez besterik.

         Emaztekia bere ondora heldu da, bere zangoen artean kokorikatzen da eta horri so egiten dio, horri bakarrik, haren gorputzaz jaurtikitzen duen itzalean. Arretaz osoki biluzik jartzen du hori. Jantzia bereizten du. Sakoneko parteak ateratzen ditu hartatik. Amiñi bat urruntzen da, argitara agertarazten du.

         Ikusten dut gizonak burua apaldu duela eta begiratzen diola, emaztekiarekin batera begiratzen dio bere ikuskari horri. Taupaka segitzen du asaldaturik bihotzaren erritmoan. Emaztekiaren azal finaren azpian odolaren bilbe ilunbetsua hedatzen da. Atseginez oparoa, atseginez beterik dago, eduki dezakeena baino gehiago eta hain tinko aurkitzen da orain non ukitzeko duda mudatan baita.

         Gizonak eta emaztekiak batera so egiten diote. Ez dute ordea horri buruzko keinurik egiten eta uzten dute oraino bere horretan.

         Zuhaitzik gabeko lurra dela ere ikusten dut haratago, iparreko lurra alegia. Itsasoak bare eta bero egon behar lukeela. Ur margulduen kolorea argia da. Dagoeneko ez da hodeirik lepoen gainetik, baina laino urrun horrek dirau. Lurrak ihes egiten du bere buruaren aurretik, beti ere ikusten da behin eta berriz, egundaino eteten ez den mugimendua, ez da egundaino azkenik.

         Emaztekia emeki hurbilduko zatekeen, ezpainak zabalduko zituzkeen eta, bat-batean, haren lohadar leun eztia hartuko zukeen osorik. Ahoa beteko zukeen. Hain da atsegin non begiak malkoz bustitzen baitira. Ohartzen naiz ezer ez dela atsegin hori bezain ahaltsurik ezpada hari ekiteko debeku formala. Arretaz laztanduz baino ezin dio hobeki oratu, mihia hortzen artean duelarik. Ulertzen dut: buruan eraman ohi dena hark ahoan darama, gauza trauskil eta zakar hori alegia. Gogoaz irensten du, hartaz elikatzen da, asetzen da buruz. Anartean krimenak bere ahoan dirau, hura atseginerantz gidatu, eroan baizik ezin egin dezake, hortzak prest. Bere eskuez laguntzen dio heltzera, itzultzera. Baina, itxura denez, jadanik ez daki itzultzen. Gizonak oihu egiten du. Eskuak emaztekiaren biloari oraturik toki hartatik ateratzen saiatzen da baina ez du indarrik jadanik eta emaztekiak ez dio utzi nahi.

         Gizona. Gorputzetik at buruak erosta egiten du, jeloskor eta emana. Haren deitoreak oihu egiten du heldu dela, harengana itzultzen dela, hain maitatua izatearen kontradikzio zorrotza oihu egiten du. Emaztekiari ez dio ardura. Haren mihia beste emetasun horretarantz jausten da, lurpeko bilakatzen den gunera iristen da eta ondotik berriz ere igaiten da patxadaz, ahoan berriro hartu eta eduki arte lehen utzi duena. Abantzu irentsi arte gordetzen du xurgatzeko mugimendu etengabeaz. Gizonak ez du deus berririk entseatzen. Begiak hertsirik. Bakarrik. Keinurik gabe, oihu egiten du.

         Goian, oihua, deitorea, zoliago bihurtzen da, hastapenean ia haurrarena da eta gero ozentzenago da, hain mingarri bilakatzen da non emaztekiak bere harrapakina askatu behar duen. Askatzen du, amiñi bat urrutiratzen da, izterrak erakartzen ditu bereganantzago, banatzen ditu eta begiratzen dio eta hats hartzen du usain heze eta epela. Berantzen da, aurpegia blai eginik gizonak bere buruaz enoratzen duen horretan, luzaz hats hartzen du usain kiratsua.

         Ikusten dut gizona laxatzen dela eta emaztekiarekin batera begiratzen duela hartzara. Emaztekiaren jardunari so egiten dio eta bere burua eskaintzen dio ahalik gehien haren desirari. Bera den gizona eskaintzen dio goseti horri. Orain emaztekiaren ilean segitzen du taupaka horrek bihotzaren ikaraldien arabera.

         Gizonak atseginezko deitore jasanezin bat oihukatzen du eztiki.

         Zerua poliki iragaten da ate irekiaren errektangulutik. Osorik aitzinatzen da, lurraren abiadura motelean bezala. Taiuketa finkoa duten hodei multzoak herrestan daramatza neurrigabetasunerantz.

         Ahoa irekirik, begiak hertsirik, gizonaren harpean aurkitzen da emaztekia, berarengan erretiratu da, berarengandik urrun, bakarrik, gizonaren gorputzaren iluntasunean. Jadanik ez daki arras ontsa zer egiten duen, zer erraten duen, bestela ere egin dezakeela uste du oraino. Musu ematen du. Usain kiratsua nagusi den gunean musu ematen du, miazkatzen du. Gauzak izendatzen ditu, iraintzen du, hari laguntzeko eleak oihukatzen ditu. Ondoren berriz ere isiltzen da, sumintzen da, ekin eta ekin haren indar guztiez gizonaren eskuek errefusatu eta lurrera botatzen duten arte. Gizona haren xerka doa. Haren gainean etzaten da luzaz, barneratzen zaio, hor dago oraino, mugimendurik gabe, emaztekiak negar egiten dueino.

         Gozatzeaz amaitzen dute. Elkarrengandik aldentzen dira. Luzaro, lurrean, ez dute bat ere elkar ukitzen. Lauzak hotzak dira, freskagarriak. Emaztekiak negarrez segitzen du, aldizka, neskato lanturuz.

         Gizona harengana itzultzen da astiro eta beregana hurbilarazten du zangoaz. Hala daude. Gizonak maitatzeari utzi nahi liokeela erraten dio. Emaztekiak ez dio arraposten. Egunen batez hilko duela erraten dio gizonak.

         Ez da deus gertatzen haien gorputz ahituen gelditasuna eta desordena baizik, salbu gizonak beste behin dioen hitz hori, zeinek azkenik ez baitu.

         Etzanik daude korridorean lo baileuden, desiraren beheraldi geldian beste gauza bat prestatzen ari den bitartean. Keinu ia ikusezinez berriz elkarrenganatzen dira. Azalak, elkar ukitzen duten izerdiak, aurpegiak, emaztekiaren ahoa gizonak berraurkiturik. Halaxe daude, nahasiak, zain. Gero emaztekiak jo dezala galdegiten dio, aurpegian, galdegiten dio, hator. Ba doa, haren ondoan jartzen da eta berriz so egiten du. Emaztekia mintzo zaio : jo, indarrez, bihotzean lehen bezala. Hil nahi lukeela dio.

         Hala da, jotzear dagoen gizon jarriaren gorputzak ate irekiaren errektangulua betetzen du.

         Neurrigabetasun mugagabetik lainoa dator, euriaren biziki montzoi urrunetan, beste ibai batzuetako, beste leku batzuetako bideetan jadanik aurkituriko more kolorea.

         Gizonaren eskua altxatzen da, berriz erortzen da eta zaplaztaka hasten da. Poliki hastapenean eta lazki segituan.

         Eskuak ezpainen lotunea zaplaztatzen du, gero eta indar handiagoz, gero hortzen kontra doaz zaplaztak. Baietz, horixe, erraten du emaztekiak. Areago altxatzen du aurpegia zaflakoak aiseago hel dakizkion, begitartea destirantzen du, eskuaren menderago, materialago.

         Hamar minuturen ondotik, biak kokatuko ziratekeen zehaztasun paraleloaz. Gizonak gero eta indar handiagoz jotzen du.

         Eskua jausten da, gorputza, bularrak jotzen ditu. Baietz, horixe erraten du emaztekiak. Malkotan ditu begiak. Eskuak jo, kolpatu egiten du, gero eta fermuago, abiadura mekanikoa hartzeko zorian dago.

         Aurpegia adierazkortasun oroz hustu da, zorabiaturik, jadanik ez da bat ere jarkitzen, sakailaturik, nahierara higitzen da lepoaren inguruan hilik bailegoen.

         Badakit gorputzak ere ukaldiak onesten dituela, emana dagoela, min orotatik landa. Gizonak iraindu eta jo egiten du. Eta gero, supituki, oihuak, beldurra.

         Eta gero isiltasunean murgildurik gelditu direla ohartzen naiz.

         Ohartzen naiz more kolorea datorrela, ibaiaren bokaleraino heltzen dela, zerua goibeldu dela, mugagabetasuneranzko haren ibilbide astitsuan gelditu dela. Badakit beste batzuk so egiten dutela, beste emazteki batzuk, orain hilik dauden beste emazteki batzuk ere ikusi zutela udazko montzoiak hazten eta deuseztatzen arrozti ilunbetsuez inguraturiko ibaien aitzinean, bokale hedatsu eta sakonen parean. Ulertzen dut more koloreak udako ekaitz bat dakarrela.

         Ohartzen naiz gizona negarrez ari dela emaztekiaren gainean. Emaztekiari ez diot deus nabaritzen gelditasuna baizik. Ez dakit, ez dakit ezer, ez dakit lo ote dagoen ere.

 

KORRIDOREAN JARRIRIKO GIZONA
Marguerite Duras

L'homme assis dans le couloir
euskaratzailea: Imanol Txabarri Lopetegi
Maiatz, 18,1989ko abendua
armiarma.eus, 2021