JEANEN TELEBISTA
Raymond Carver

Jean's TV
Hegats 15/16, 1997
euskaratzailea: Kirmen Uribe
armiarma.eus, 2023

 

Nire bizitza azken bolada honetan

haize-alde doa. Baina, zeinek esan

berriro okertuko ez dela?

Gaur goizean, ezkontza hautsi berria nuela

izan nuen neskalagun bat

gogoratu dut.

Jean izeneko neskatila goxoa.

Hasieran, ez zen konturatzen

zein gaizki zeuden gauzak. Denboratxo bat

behar izan zuen. Baina, dena dela,

izugarri maite ninduela zioen.

Eta badakit zinez egia dela.

Bere etxean geratzen utzi zidan,

eta handik, bere telefonoa erabiliz,

nire bizitzako negozio mixerableak

zuzentzen nituen.

Edana ere erosten zidan,

eta esaten zidan ni ez nintzela

besteek esaten zuten hordi hori.

Txekeak sinatu eta

bere burko gainean uzten zizkidan

lanera joatean.

Pendleton jaka eder bat ere oparitu zidan

gabonetan, oraindik ere soinean daramadan hau.

Nik, nire aldetik, edaten irakatsi nion.

Eta nola lokartu

arropak erantzi gabe.

Nola negar batean

esnatu gauaren erdian.

Utzi nuenean, bi hilabeteko

alokairua ordaindu zidan.

Eta bere zuribeltzezko telebista eman.

Telefonoz hitz egin genuen behin,

hilabete batzuk geroxeago. Mozkortuta zegoen.

Eta, nola ez, neu ere aitzurtuta nengoen.

Esan zidan azkenengo gauza:

«Ikusiko al dut inoiz berriro nire telebista?».

Gelan zehar begiratu nuen,

Telebista bat-batean

bere ohiko lekuan agertu ahalko balitz bezala,

sukaldeko aulkiaren gainean.

Edo bestela, armairutik atera eta bere burua

aurkeztuko balu bezala. Baina, tamalez,

telebista hura kalean behera desagertua zen

aste batzuk lehenago. Jean-ek oparitutako telebista hura.

Ez nion gertaturikoa kontatu.

Gezurra esan nion, jakina: «Laster,

oso laster».

Eta telefonoa eskegi nuen berak eskegi

baino beranduago, edo lehenago.

Baina ametsetan esanikoak diruditen hitz horiei esker

istorio baten bukaerara heldu nintzela

sentitzen dut.

Eta orain, azken gezur hau

gainean,

atseden har nezake.

 

JEANEN TELEBISTA
Raymond Carver

Jean's TV
Hegats 15/16, 1997
euskaratzailea: Kirmen Uribe
armiarma.eus, 2023