BALTSA-OHOLA
Raymond Carver

Balsa wood
Hegats 15/16, 1997
euskaratzailea: Kirmen Uribe
armiarma.eus, 2023

 

Aita suaren aurrean dago garunak eta arrautzak dituen

zartaginari eragiten. Baina zein da gose

goiz honetan? Noraezean sentitzen dut neure burua,

baltsa-ohola baten modura. Zer edo zer esan dute.

Amak esan du. Zer ote zen? Zerbait, ez dakit

baina lepoa egingo nuke diruarekin zerikusia duela.

lagundu egingo dut jaten ez badut.

Aitak atzea eman dio suari.

«Zulo beltzean nago. Ez nazazu gehiago hondora!»

Leihotik argia sartzen da. Norbait negarrez.

Gogoratzen dudan azkena garun eta

arrautzen kirats hori da. Goiz osoa

zakarrontzian beste gauza batzuekin nahasita. Geroxeago,

aita eta biok automobilez joan gara zabortegira. Etxetik hamar

milatara.

Ez diogu elkarri hitzik zuzendu. Kutxak eta boltsak

meta ilunera bota ditugu. Arratoiek garrasi,

txistu egiten dute boltsa apurtuetatik

tripak arrastaka ateratzen direnean. Automobilera bueltatu gara,

kea eta sua ikustera. Motorra abantean dago.

Hatzetan dudan abioi-kola usaindu dut.

Begiratu egin dit hatzak sudurrera eramaten ditudala.

Gero urrunera egin du so, herri alderantz.

Zerbait esan nahi du baina ezin.

Milioika milatara dago. Biok gaude handik oso urrun

eta norbait oraindik negarrez ari da. Orduan ere,

ulertzen hasia nintzen nola ahal den egon

toki batean. Eta beste nonbait, ere bai.

 

BALTSA-OHOLA
Raymond Carver

Balsa wood
Hegats 15/16, 1997
euskaratzailea: Kirmen Uribe
armiarma.eus, 2023