LARRIALDI-GELAKO KOADERNOA, 1977
Lucia Berlin

Emergency room notebook, 1977
A Manual For Cleaning Women: Selected Stories, 1977
euskaratzailea: Ainhoa Mendiluze Ormaetxea
armiarma.eus, 2019

 

            Inoiz ez duzu sirenarik entzuten larrialdi-gelan —gidariek itzali egiten dituzte Webster kalera iristean—. Nik ACE edo United Ambulance anbulantzien atzera-martxarako argi gorriak ikusten ditut begi-bazterretik. Maiz haien esperoan izaten gara, MED NET irratiak ohartarazita, telebistan bezala. «Hiriko zerbitzua, bat: hemen ACE, Bigarren Kodea. Berrogeita bi urteko gizonezkoa, buruan zauritua, odol-presioa: 190-110. Kontziente. Iritsiera-denbora kalkulatua: 3 minutu». «Hiriko zerbitzua, bat…. 76542. Ados».

                Hirugarren Kodea baldin bada, bizitza arrisku larrian baldin bada, medikuak eta erizainek kanpoan itxaroten dute, eta aldez aurreko hizketaldia izaten dute. Barruan, 6. gelan, traumatologia gelan, Kode Urdineko lantaldea egoten da. EKG langileak, X izpien teknikariak, arnas terapeutak, erizain kardiologoak. Kode Urdin gehienetan, alabaina, osasun-larrialdietako teknikariak edo suhiltzaileak okupatuegi egon ohi dira haiei dei egiteko. Piedmont-eko Suhiltzaile Zerbitzuak ez du sekula deitzen, eta kasurik okerrenak izaten dituzte. Aberatsen miokardio-infartuak, fenobarbital  bidezko atso suizidak, igerilekuetako haurrak.

                Egun osoan zehar, Care Ambulance-eko  cardillac pisutsu eta hil-auto itxurakoak larrialdiko aparkalekuaren eskuinetara aparkatzen du, atzera-martxan. Egun osoan zehar, doi nire leihoaren kanpoaldean, beren ohatilak igarotzen dira kobalto- eta erradiazio-terapiarantz. Anbulantziak grisak dira, gidariak grisez jantzita, estalkiak grisak dira, pazienteak hori-grisak dira, medikuek haien garezurrak edo zintzurrak gorri biziko X errotulagailuz markatzen ez badituzte, behinik behin.

                Bertan lan egiteko galdegin zidaten. Ez, eskerrik asko. Gorroto ditut agur motelak. Zergatik jarraitzen dut heriotzaz gustu txarreko bromak egiten? Orain oso serio hartzen dut. Aztertu egiten dut. Ez zuzenean, ezpada zokomiran ibilita. Heriotza pertsona bat balitz bezala ikusten dut… batzuetan jende asko balitz bezala, ni agurtzen. Diane Adderly andre itsua, Gionotti jauna, Y anderea, nire amona.

            Sekula ikusi dudan emakumerik ederrena da Y anderea. Izatez, hildakoa dirudi, haren azal urdin-zurixka zeharrargia, aurpegi delikatu eta hezurtsu ekialdetarra, bare eta adinik gabea. Galtza lasaiak eta botak eramaten ditu jantzita, beltzak biak; mao lepodun jakak, Asian moztuak eta josiak? Frantzian? Vatikanoan, akaso —apezpikuaren sotanak adina pisu dute— edo X izpietako mantala. Eskuz eginiko azpildurak dituzte, eta kolore minetakoak dira, fuksia, magenta zein laranjak.

            Bere Bentley autoa bederatzietan azaltzen da, filipinar fribolo bat gidari, zeinak aparkalekuan Sherman zigarroak erretzen tximinia baitirudi. Bere bi seme altuek, Hong Kongen eginiko trajeak soinean, bizkartzain lanak egiten dizkiote autotik erradioterapiako atariraino. Bertatik, oraindik bide luzea du korridorean barrena. Bera da bide hori bakarrik egiten duen pertsona bakarra. Sarreran, semeenganantz biratzen da, irribarre egiten du eta burua makurtzen, diosal eginez. Semeek bueltan makurtzen diote burua, eta so egoten zaizkio, hall-aren azken muturrera iritsi arte. Desagertzen denean, alde egiten dute kafea hartzera eta telefonoz hitz egitera.

                Ordu eta erdi geroago, denak agertzen dira aldi berean. Anderea, musuetan malba koloreko orbain banarekin, semeak, Bentley autoa filipinarrarekin, eta denek alde egiten dute irristadan. Autoaren distirak eta lustreak, bere ile beltzak, zetazko jakak. Erritu guztia isilean eta isurian, odolaren moduan.

            Hilda dago orain. Ez nago ziur noiz gertatu zen, nik jai nuen egunen batean. Edonola ere, beti zirudien hildakoa, baina era atseginean, ilustrazio edo iragarki batean nola.

            Gustuko dut nire lana Larrialdietan. Odola, hezurrak, tendoiak; baieztapenak iruditzen zaizkit. Liluratu egiten nau giza gorputzak, erresistentziarako duen gaitasunak. Eskerrak Jaungoikoari hala den, askotxo itxaron behar izaten baitute X izpietara pasatu edo Demerola hartzeko txanda iristen zaien arte. Akaso morbosoa izango naiz. Liluratu egiten nau bi hatz ikusteak plastikozko poltsa batean, edo labana automatiko distirant bat handi-mandi baten bizkarretik ateratzen. Gustuko dut Larrialdietan dena dela konpongarria edo ez.

                Kode Urdinak. Tira, denek maite dituzte Kode Urdinak. Kode urdinetan, pertsona bat hil egiten da —bihotzak taupa egiteari uzten dio, arnas egiteari uzten dio— eta hala ere aukeraren bat izaten da oraindik —eta maiz lortu ere lortzen da— Larrialdietako lantaldeak pertsona hori biziaraz dezan. Nahiz pazientea laurogei urtekoa izan eta akituta egon, ez duzu saihesterik berpizte-dramaren sareetan harrapatuta gelditzea, tarte batez bada ere. Hainbat bizitza gazte eta emankor salbatzen dira.

                Hamabost pertsonaren ―aktoreen― erritmo konstantea eta emozioa… Antzezlan baten estreinaldia bezalakoa da. Pazienteek ere, baldin eta kontziente badira, parte hartzen dute, gutxienez gertaera guztien ikusle interesatu gisa. Ez dute inoiz beldur itxurarik izaten.

            Senideak pazientearekin badira, nire lana da informazioa biltzea, haiek jakinaren gainean izateko zer gertatzen ari den. Haiek lasaiarazi, funtsean.

            Pertsonaleko kideek «on» eta «txar» kodeetan pentsatzen dute —ea nork berea konplitu duen, ea pazienteak erantzun duen—; ba, nik heriotza «on» eta «txar» terminoetan pentsatzen dut.

            Heriotza batzuk txarrak dira: ahaideetan hurbilena hotel bateko zuzendaria bada, edo etxe-garbitzaileak biktima bi aste geroago topatzen badu buruko isuri batek jota, deshidratazioz hiltzen. Heriotza batzuk ezinago okerrak dira; seme-alaba ugariri zein suhi eta errainei komeni ez zaien lekuren batetik deitzen diedanean, eta nabarmena denean ez dutela elkar ezagutzen, edo ez dutela inola ere zendutako senidea ezagutzen. Ez dago ezer esatekorik. Dena ondo lotuta uzteaz ari dira etengabe, dena ondo lotuta utzi beharraz, ea nor arduratuko den dena ondo lotuta uzteaz…

                Ijitoenak heriotza onak dira. Hala uste dut nik… ez, ordea, erizainek eta segurtasun-guardiek. Dozenaka etortzen dira hilzorian dagoen horrekin egon nahi dutela eske, hura musukatu eta besarkatzeko, telebistak, monitoreak eta edonolako aparatuak deskonektatu eta puskatan egiten dituzten bitartean. Ijitoen heriotzen onena da ez dituztela beren umeak isilarazten. Helduak intzirika eta negar-antsika dauden bitartean, umeek harat-hona jarraitzen dute korrika, jostari eta barrezka; ez die inork esaten triste egon behar dutenik eta begirunez jokatu.

            Heriotza onak, kasualitatez, kode onak izaten dira; pazienteak, mirariz, erantzun egiten dio tratamendu bizitza-emaile horri guztiari, eta gero apurka itzaltzen da.

            Gionotti jaunaren heriotza ona izan zen… Familiak errespetatu egin zuen pertsonalaren eskaria, kanpoan itxaron zezatela, alegia, baina tantaka-tantaka, gelara sartu ziren, Gionotti jaunari beren presentzia jakinarazten zioten eta kanpora irteten ziren besteei  dena egina zegoela baieztatzera. Andana ziren, eserita, zutik, ukitzen, erretzen, barrez batzuetan. Sentitu nuen ospakizun batean nengoela, familiaren elkartze momentu batean.

                Bada zerbait heriotzaz badakidana. Zenbat eta «hobea» pertsona, zenbat eta maitagarriagoa, alaiagoa eta adeitsuagoa izan, orduan eta hutsune txikiagoa uzten du bere heriotzak.

            Gionotti jauna hil zenean, beno, hilda zegoenean, eta Gionotti andreak negar egin zuenean, denek eman zioten negarrari, baina denek elkarrekin, eta, egiaz, berarekin ere bai.

            Aurrekoan Adderly jaun itsua ikusi nuen 51. autobusean, gauean. Haren emaztea, Diane Adderly, hilabete batzuk lehenago egona zen hemen, iritsi orduko hila. Emaztearen gorpua eskaileren oinean topatu zuen, makuluarekin. McCoy erizain kaka ustela esan eta esan zebilkion negarra eteteko.

            — Horrek ez du laguntzen, Adderly jauna.

            — Ez du ezerk lagunduko. Hori bakarrik egin dezaket. Utzi bakean.

            McCoy prestakizunak lotzera alde egina zela entzun zuenean, Adderly jaunak esan zidan lehen aldia zela negarrari ematen ziola. Ordura arte ikara eman omen zion, begiengatik.

                Andrearen ezkontza-eraztuna jarri nion bere atzamartxoan. Mila dolar koipetsu baino gehiago izanak zituen bularretakoan, eta gizonaren diru-zorroan sartu nituen. Jakinarazi nion berrogeita hamarreko, hogeiko eta ehuneko billeteak zeudela, eta laguntza beharko zuela haiek sailkatzeko.

            Aurrerago, autobusean ikusi nuenean, ezaguna suertatu izango zitzaion, antza, nire ibilera edo usaina. Nik ez nuen bera ikusi ere egin; besterik gabe, autobusera igo nintzen, eta gertuen nuen eserlekuan utzi nuen gorputza erortzen. Bera, jaiki eta guzti egin zen gidariaren aldameneko eserlekutik nirekin esertzeko.

                ―Kaixo, Lucia ―esan zidan.

            Dibertigarria zen bera entzutea pisukide narrasa deskribatzen, Hilltop Itsuen Egoitzan. Hasieran ez nuen irudikatzerik nola jakin zezakeen pisukidea narrasa zela, baina gero bai, eta nik Marx anaiez izandako burutazioa kontatu nion: bi pisukide itsu zeuden, bizarra egiteko aparra jartzen zutenak espagetietan, zorura eroritako pastarekin ibiltzen zirenak irristan, etab. Barre egin genuen, eta isilik egon ginen, eskuak emanda… Pleasant Valleytik Alcatraz Avenuera. Negar egin zuen, samur. Nire malkoak neure bakardadearen, neure itsutasunaren ondorio ziren.

            Larrialdietan igaro nuen lehen gauean, ACE anbulantzia batek identifikatu gabeko emakumezko bat ekarri zuen. Langileak larri zebiltzan gau hartan, beraz, anbulantzia-gidariek eta neuk erantzi genizkion arropak, xehatutako pantiak kendu genizkion barizedun bernetan behera; behatzetako azkazalak loroenen modura kizkurrak zituen. Soinean zeramatzan paperak libratu genizkion, ez soilik haragi-koloreko bularretako gristutik, baita bular izerdituetatik ere. Marine-uniformez jantzitako gizon gazte baten argazkia: George 1944. Katu-pentsua eskuratzeko hiru kupoi blaitu, eta Medicare osasun-txartel bat, gorri, zuri eta urdin koloreak lausotuta. Jane zuen izena. Jane Daugherty. Telefono-aurkibidean begiratu genuen. Ez Jane-ik, ez George-ik ez zen han.

                Andre adinduek poltsan, oraindik ostu ez badiete behintzat, gauza gutxi eraman ohi dute: beheko hortzordeak, 51. autobusaren ordutegia, eta abizenik gabeko helbide-koaderno bat eramaten dutela.

                Gidariek eta neuk elkarlanean jarduten dugu informazio-puskekin, California Hotelera deitzen, Annie-ren bila, azpimarratuta, Five-Spot arropa-garbitegia. Batzuetan, zain egon behar izaten dugu haren bila dabilen ahaideren batek hots egin arte. Larrialdietako telefonoa egun osoan ibiltzen da joka. «Ikusi al duzu...?» Edadeko jendea. Nahasi egiten nau. Pena da laurogeita hamabost urtekoei aldaka-ordezkapen osoa edo by-pass bat egitea, ahapeka «Faborez, utzi joaten» eskatzen dizutenean.

                Ez dirudi jende edadetua hain maiz jausten denik, edo hainbestetan bainatzen denik. Baina akaso garrantzitsua irudituko zaie beren kasa oinez ibiltzea, euren bi oinen gainean zutik eustea. Batzuetan ematen du berariaz erortzen direla, zaharren egoitzatik hanka egiteko laxante mordo hori jan zuen andre horren tankeran.

                Ligatze-solas galanki izaten da erizainen eta anbulantzia-lankideen artean. «Ene, aspaldiko… Hurrengo atakera arte!» Zurtu egiten ninduen entzuteak zein broma egiten zituzten trakeotomia egin bitartean edo pazienteak monitoreetarako depilatzean. Laurogei urteko andre bat, pelbisa apurtuta, negar-antsika. «Eman eskua! Faborez, eman eskua!» Anbulantzia-gidariak hitz eta pitz Oakland Stompers futbol taldeaz.

                «Heltzeko bere esku malapartatua behingoz!» Jota banengo bezala begiratu zidan gizonak. Geroztik gutxitan ematen dut eskua, eta nik ere broma ugari egiten ditut pazienteak inguruan ez daudenean. Tentsioa eta presioa izugarria da. Ikaragarri nekagarria da uneoro hil ala biziko egoeretan egotea.

                Are nekagarriagoa da, eta hori da tentsioaren eta zinismoaren benetako kausa, Larrialdietara etortzen diren pazienteetako asko ez direla benetan  larrialdiak, eta are gehiago, ez zaiela ezertxo ere gertatzen. Azkenean, irrikaz itxaroten duzu labankada arrunt bat edo tiro batek eragindako zauri bat. Egun osoan, gau osoan etortzen da jendea; apetitu faltagatik, libratze irregularrak izateagatik, zurrundutako lepoa izateagatik, edo txiza gorria edo berdea izateagatik (eta horrek beti esan nahi du erremolatxa edo espinakak jan dituztela bazkaritan).

                Entzuten al dituzue atzean sirena horiek, gauaren erdian? Haietako bat baino gehiago porto ardoa amaitu zaion tipo zaharren baten bila doa.

            Historia kliniko bat bestearen segidan. Antsietate erreakzioa. Hiperbentilazioa. Intoxikazioa. Depresioa. (Horiek dira diagnosiak, baina pazienteek minbizia, bihotz-atakea,  odolbilduak, asfixia dutela uste dute). Paziente horietako bakoitzak ehunka dolarreko gastua eragiten du, anbulantziak, X izpiak, laboratorio-lanak eta erradiografiak tarteko. Anbulantziek «Medi-Cal» dioen pegatina bat daramate, guk «Medi-Cal» pegatina bat daramagu, medikuek «Medi-Cal» pegatina bat daramate, eta pazienteak kuluxkatxoa egiten du etxera eramango duen taxia bila etorri bitartean, kupoi bidez ordainduko duena. Ene Jauna, McCoy erizaina bezain inhumanoa bihurtu ote naiz? Beldurra, pobrezia, alkoholismoa, bakardadea: gaitz terminalak dira. Larrialdiak, finean.

                Traumatologia edo kardiologia paziente larriak ere izaten ditugu, zeinak, minutu gutxi batzuetan, artezia eta efizientzia ikaragarriz tratatu eta egonkortzen baitituzte, eta ziztu bizian eramaten dituzte kirurgia sailera, zainketa intentsiboen unitatera, edo zainketa koronarioetako unitatera.

                Mozkorrek eta suizidek atzeratu egiten dituzte beste batzuek behar dituzten logelak eta erizainak. Lauzpabost ditut idazmahaian, erregistratzeko zain. Orkatila hausturak, faringitisa, traumatismo zerbikala, etab.

            Maude ―garagardo usaina, loak hartzear― hankak zabalik dago ohatilan, nire besoari behin eta berriro oratuz, katu neurotiko baten antzera.

            — Zein atsegina zaren… zein maitagarria… Bertigoa al da hau, maitea?

            — Esan zure abizena eta helbidea. Zer gertatu da zure Medi-Cal osasun txartelarekin?

            — Galduta, dena dago galduta…  Oso triste, oso bakarrik nago. Hemen edukiko al naute? Nire seme Williek ez du sekula deitzen. Jakina, Daly City-n gaude eta tarifa bereziko deia da. Baduzu seme-alabarik?

                — Sinatu hemen.

            Informazio-pixarrak aurkitu ditut bere poltsako anabasan. Tabako-papera erabiltzen du ezpainetakoari soberako tinta kentzeko. Musu handi zikinak, palomitak bezala puzten poltsaren alde guztietan.

            — Willieren abizena eta telefono zenbakia?

            Malkotan lehertu da, eta lepoa heldu dit bi besoez.

            — Ez deitu berari. Nazkagarria naizela dio. Zuk ere nazkagarria naizela pentsatzen duzu. Eutsi nazazu!

            — Gero arte, Maude. Askatu nire lepoa eta sinatu paper hau. Askatzeko, ba.

            Mozkorrak beti daude bakarrik. Suizidak gutxienez beste pertsona batekin etortzen dira, maiz zenbaitekin. Hori da beharbada gakoa. Gutxienez Oakland-eko bi polizia. Azkenean ulertu dut zergatik hartzen den suizidioa krimentzat.

                Gaindosiak dira okerrenak. Behin eta berriz. Erizainak normalean lanpetuegi egoten dira. Gaindosia pairatutakoei medikazioa ematen diete, baina gero pazienteek hamar basokada ur edan behar dituzte jarraian (hauek ez dira urdail-garbiketa egin beharreko gaindosi kritiko horiek). Hatza haien eztarrian behera sartzeko tentazioa izaten dut. Zotina eta malkoak. «Tori, basokada bat gehiago».

                Suizida «onak» daude. «Arrazoi onak» dituzte, batzuetan gaitz terminalak, mina. Ni, ordea, gehiago txunditzen nau teknika onak. Garuna zeharkatzen duten balak, labanaz egokiro ebakitako eskumuturrak, taxuzko barbituriko-gaindosiak. Jende horrek, arrakastarik ez izanagatik ere, bakea barreiatzen dute, kemena, erabaki burutsu bat egin izanaren ondorioa izan daitekeena.

            Errepikapenak dira gogaitzera naramatenak: lehenengo berrogei penizilina kapsula, gero hogei Valium, hurrena Dristan botila bat. Bai, jakitun naiz, estatistikoki, suizidioari mehatxu egiten dioten horiek, edo bere buruaz beste egiten saiatzen direnek, halako batean lortu egiten dutela. Konbentzituta nago gertatzen denean beti dela istripua. Johni, bostetarako etxean egon ohi zenari, autoko gurpila zulatu zitzaion, eta ez zuen emaztea garaiz salbatzerik izan. Batzuetan nahigabeko hilketa baten susmoa hartzen diot, senarra edo beste ohiko salbatzailea azkenerako akitu egin direla doi erru-momentuan agertzeaz.

            — Non da Marvin? Oso kezkatuta egongo da.

            — Telefonoz ari da.

            Pena eman dit esateak kafetegian dagoela, Reuben sandwichak gustatu ere egin zaizkiola.

            Azterketa-garaia Kaliforniako Unibertsitatean. Hainbat suizida, batzuk helburua lortuta, gehienbat ekialdetarrak. Asteko suizidarik baboena Otis izan zen.

                Otisen emazteak, Lou-Berthak, beste gizon batengatik utzi zuen. Otisek bi botila Sominex edanak zituen, baina erabat esna zegoen. Animatuta eta guzti.

                — Bilatu Lou-Bertha, berandu baino lehen!

            Garrasika zebilen niri jarraibideak eman eta eman traumatologia gelatik.

            — Nire ama… Mary Brochard 849-0197… Probatu Adam and Eve tabernara deitzen, Lou-Bertha bilatzeko.

            Lou-Bertha berriki alde egina zen Adam and Eve tabernatik, Shalimarrera. Linea okupatuta egon zen lipar luze batez, gero erantzun bat, eta Stevie Wonder ezertaz ez kezkatzeko esanez «Don’t You Worry ‘Bout a Thing».

                — Errepikatu hori, laztana… Gaindosia, baina zerena?

                Esan egin nion.

            — Kaka. Joan eta esan kaka balio ez duen mutur-beltz inutil horri hobe duela askoz gogorragoa den zerbait hartzea, nik hori sinestea nahi badik.

            Sartu egin nintzen, berari esatera… zer, baina? Agian andrea kontent zela gizona ondo zegoelako. Baina gizona telefonoan zegoen, 6 zenbakidun gelan. Galtzontzillotan, mantal tantoduna oraindik jantzita soinaren goialdean. Royal Gate garagardoaren pinta erdia jakako patrikan sartu zuen. Era patxadatsuan-edo zebilen, exekutiboak nola.

            — Johnnie? Bai. Otis nauk. Hiriko Larrialdietan nagok. Badakik, Broadwaytik urrutitxo. Zer ari duk gertatzen? Ondo, ondo. Lou-Bertha aluzikin horri Darrylekin zebilek lardaskan... [Isiltasuna]. Kaka zaharra.

            Erizain arduraduna sartu da.

            — Hemen al da oraindik? Bota ezazue! Lau Kode datozkigu. Auto-istripu bat, denak Hirugarren Kodekoak, iritsiera-denbora kalkulatua, 10 minutu.

            Anbulantzia etorri aurretik, ahalik eta paziente gehien erregistratzen saiatu naiz. Jendeak luzaroago egon beharko du zain, erdiek-edo alde egingo dute, baina bitarte horretan, guztiak artega eta haserre daude.

            Kaka… hiru zeuden honen aurretik, baina hobe lehenago berari uztea pasatzen. Marlene Migraina da, Larrialdietan habituée bat. Hain polit eta gazte. Laney College saskibaloi-taldeko bi jokalarirekin gelditu da hizketan, horietako bat ezkerreko belaunean min hartuta; gero, estropezuka egin du nire mahairako bidea, betiko legez.

                Haren uluak Ornette Colemanek «Lonely Woman»en egiten dituenaren pareko dira. Lehenik idazmahaiaren aldameneko paretaren kontra jotzen du buruaz, eta idazmahaiko guztia botatzen du mugimendu bakarrean.

            Jarraian hasten dira negarrak. Intziri egiten du, itoaldi-uluak, gogora dakartzatenak korrida mexikarrak, Texas-eko maitasun-kantuak, «Aiee, Vi, Yi!»

             — Ah-hah, San Antone!

            Zerraldo erori da lurrean, eta nik ikusten dudan bakarra zera da, bere manikura dotoreko eskua, Medi-Cal osasun-txartela idazmahai gainera luzatuta.

            — Ez al duzu ikusten hiltzear nagoela? Jainkoaren izenean, itsu ari naiz gelditzen!

            — Tira, Marlene: nola jarri dituzu betile faltsu horiek bestela?

            — Urdanga alua.

            — Marlene, zutitu eta eman izena. Anbulantziak bidean dira, itxaron egin beharko duzu. Zutitu!

            Zutitu egin da, Kool zigarro bat pizten hasi da. «Ez piztu hori, sinatu hemen», esan diot. Sinatu egin du, eta Zeff etorri da, andrea gela batera eramateko.

            — Beno, beno, ez al dugu hemen Marlene, gure lagun zaharra!

            — Ez okurritu niri arpa jotzea, apo ergela!

            Anbulantziak iritsi dira, eta larrialdiak dakartzate, seguru. Bi pertsona hil dira. Ordubetez, erizain, mediku, zaintzako mediku, zirujauak, denak 6. gelan giltzapetuta, bizirik irtendako bi gazteekin.

            Marleneren esku bat borrokan ari da belusezko jakaren maukan sartzeko, bestea ezpainetako magenta ematen.

            — Jainko maitea, ez naiz zulo honetan gaupasan kuxkuxean geratuko, ezta gutxiago ere. Ikusi arte, polita!

                — Ikusi arte, Marlene.

 

LARRIALDI-GELAKO KOADERNOA, 1977
Lucia Berlin

Emergency room notebook, 1977
A Manual For Cleaning Women: Selected Stories, 1977
euskaratzailea: Ainhoa Mendiluze Ormaetxea
armiarma.eus, 2019