PENAK
Lucia Berlin

Grief
A Manual For Cleaning Women: Selected Stories, 1977
euskaratzailea: Ainhoa Mendiluze Ormaetxea
armiarma.eus, 2019

 

      — Zer demontrez ari ote dira bi horiek uneoro hizketan? —galdetu zion Wacher andreak senarrari gosalorduan.

      Itsaso aldamenean, aire zabaleko lastozko teilapedun jantokian, ahizpei ahaztu egiten zitzaizkien papaiak, huevo rancheroak, hitz eta pitz. Beranduago, buruak bata bestearenganantz zituztela zebiltzan ur-bazterretik paseoan. Hitz eta pitz. Olatuek oharkabean harrapatzen zituzten eta blai egiten, eta haiek barre egiten zuten. Gazteenak maiz ematen zion negarrari… Negarrez hasten zenean, zaharrenak itxaron egiten zion, kontsolatu egiten zuen, musuzapi bat luzatzen zion. Malkoak akitzean berriro ekiten zioten berriketari. Ez zirudien gogorra, zaharrenak, baina ez zuen inoiz negarrik egiten.

 

      Hoteleko gainerako bisitari ia guztiak jangelan zein hondarretako aulkietan zeuden elkarrekin eserita eta isilean; tarteka iruzkinak egiten zizkioten egunaren perfektutasunari, itsasoaren turkesa-urdinari, haurrei xuxen esertzeko esaten zieten bitartean. Eztei-bidaian zen bikoteak ahapeka hizketan eta elkarri zirika ziharduen; batak besteari meloi mokadutxoak ematen zizkioten ahora, baina gehien-gehienean isilik, elkarren begiei so, elkarren eskuei begira. Bikote adindunek kafea hartzen zuten, eta irakurri edo gurutzegramak egiten. Elkarrizketa laburrak izaten zituzten, monosilabikoak. Konpainiarekin kontent zirenek asperdurak edo erresuminak jotakoek bezain hitz gutxi egiten zuten; haien hizketaren erritmoa bakarrik aldatzen zen, jokoan batera eta bestera dabilen tenis pilota alfer baten modura, edo zapla euli bat akabatzean nola.

 

      Ilunabarrean, argiontziak piztuta, bikote alemaniarra, wachertarrak, erretiroa hartutako beste bikote batekin, Kanadako lewistarrekin, ari zen bridgean jokatzen. Guztiak ere jokalari serioak zirenez, elkarrizketa minimoa zen. Banatutako karten klaska, Wacher jaunaren «mmm»ak. «Bi, triunforik ez». Olatuen aparrak zirtaka, izotz kubotxoak edalontzietan. Emakumeek, tarteka, esaten zuten zerbait: biharamunean erosketak egitera joateaz, La Islara txango bat egiteaz, ahizpa hiztun misteriotsuez. Zaharrena, hain dotorea eta estiloduna. Berrogeita hamarnaka urte, baina galant bere itxurakerian. Gazteena, berrogeita batzuk, polita zen, baina gustu gutxikoa, sotila. Ene, ez al da ba berriro negar batean hasi?

      Wacher andreak deliberatu zuen biharamunean ahizpa zaharrenari hurreratuko zitzaiola, hura goizeroko igeriketa-saioan ari zela. Lewis andreak gazteenarekin hitz egiteko asmoa zuen, zeinak ez baitzuen igeri egiten eta ez baitzen eguzkitan jesartzen; aldiz, bestearen esperoan egon ohi zen tea tragoxka txikitan edanez, ireki gabeko liburu bat eskuetan.

 

      Iluntzean, Wacher jauna puntuazioen koadernoaren eta karten bila joan zen, eta Lewis jauna edari eta zizka-mizkak eskatzera tabernara; bitartean, bi andreek trukatu egin zuten lortutako informazioa.

      — Hainbeste hitz egiten diten ez dutelako elkar ikusi hogei urtean! Pentsa ezan, ba! Ahizpak! Nirekin hitz egin duenak Sally izena din, Mexiko Hirian bizi dun, mexikar batekin ezkonduta zagon eta hiru seme-alaba ditun. Gaztelaniaz hitz egin dinagu; benetan, mexikarra ematen din. Ez dun mastektomia egin zaharra, horregatik ez dun sartzen uretara. Minbiziaren terapia datorren hilean hastekoa dun. Horregatik ari dun negar eta negar, seguru. Horixe lortu dinat, ahizpa etorri den arte, eta aldatzera joan ditun.

      — Ez dun horregatik, aditzen? Ama hil berria zaien! Bi aste direla! Pentsa, ba… eta orain, hemen, resort batean oporretan…

      — Zer gehiago kontatu din? Nola din izena?

      — Dolores. Kaliforniakoa, erizaina dun, eta lau seme koskortu ditin. Ama duela gutxi hil zaiela esan din, eta ahizpak eta biek kontu franko dituztela hitz egiteko.

      Emakumeek guztia ulertu zuten. Sally, eztia, ama ezinduaren kargu egina izango zen urte horietan guztietan. Ama zaharra azkenean hiltzean, Dolores errudun sentitu zen, ahizpak zaindu baitzuen ama, eta berak ez baitzien sekula bisitarik egin. Eta ondoren ahizparen minbizia. Dolores zen dena ordaintzen zuena, taxi-gidaria, zerbitzaria. Ikusia zuten zentroko arropa-dendetan Sallyrentzat arropak erosten. Errua; horrexek izan behar du. Damu du ama ez bisitatu izana hil aurretik, eta ahizparekin adeitsu izan nahi du hura ere hil baino lehen.

      — Edo Dolores bera hil aurretik —esan zuen Lewis andreak—. Gurasoak hilak ditunanean, herorren heriotzari egin behar dion aurre.

      — Horixe…Ez zegon eta heriotzaren aurrean babestuko hauenik.

      Bi andreak isilik ziren; konforme gelditu ziren beren txutxu-mutxu kaltegabearekin, beren analisiarekin. Orain, etortzekoa zitzaien euren heriotzan zuten pentsamendua. Beren senarren heriotzan. Istant batez bakarrik. Hirurogeita hamarka urte bazituzten ere, sasoian zeuden bi bikoteak, aktibo. Bizitza osoki bizi zuten, egun bakoitza gozatuz. Senarrek aulkiak mahaipetik atera zituztenean eta jokaldirako eseri zirenean, plazer egin zien jokora batzeak, bi ahizpena zeharo ahaztuta, zeinak orduan elkarren ondoan eserita baitzeuden hondartzan, izarren azpian.

 

      Sally ez zen negarrez ari euren ama zenagatik edo minbiziagatik. Senarragatik zen. Alfonsok utzi egin zuen, hogei urteren ondoren, emakume gazte bategatik. Itxura batean basakeria bat zirudien, justu mastektomiaren ondorenean. Sally lur jota zegoen, baina ez, ez zen inoiz harengandik dibortziatuko, ezta emakumea haurdun eta harekin ezkontzeko asmotan egonagatik ere.

      — Itxaron dezatela ni hil arte. Ni aurki hilko naun, seguruena datorren urtean… —Sallyk negarrari eman zion, baina ozeanoak ito zion negar-zotinen soinua.

      — Ez haiz hiltzen ari. Minbizirik ez dagoela esan dinate. Erradioterapia errutina dun, badaezpadarako. Hori aditu zionat medikuari: minbiziarekin akabatu dutela guztiz.

      — Baina bueltatuko dun. Beti bueltatzen dun.

      — Hori ez dun egia. Ahaztu, Sally.

      — Oso hotza haiz. Batzuetan ama bezain ankerra haiz.

      Doloresek ez zuen ezer esan. Hori zuen beldurretan handiena: ama bezalakoa izatea. Ankerra, zurruteroa.

      — Begira, Sally. Dibortziatu eta has hadi herorren burua zaintzen.

      — Ezin dun ulertu! Nola ulertuko dun nola sentitzen naizen harekin hogei urtez bizi ondoren, bakarrik egon bahaiz ia denbora horretan guztian! Niretzat Alfonso bakarra izan dun, hamazazpi urte nituenetik! Maite dinat!

      — Imajina zezakenat —Doloresek, lehor—. Bo, goazeman barrura; freskatzen ari din.

 

      Logelan, Doloresek argia zuen bere eltxo-sare zuriaren barruan; irakurtzen ziharduen loak hartu aurretik.

      — Dolores?

      Sally negarrez ari zen berriz. Jainko maitea. Zer dugu orain.

      — Sally, nire onetik ateratzen naun ezin badut irakurri goizetan jaiki orduko eta lotaratu aurretik. Txotxolokeria dun baina tira, horrelaxe dun. Zer dugu?

      — Ezpal bat sartu zaidan oinazpian.

      Dolores jaiki egin zen orratz baten bila; antiseptiko batzuk eta tirita bat hartu zituen, eta ezpala erauzi zuen ahizparen oinazpitik. Sallyk berriz negar, eta Doloresek laztan eman zion.

      — Hemendik aurrera beti egongo gaitun elkarrekin. Gauza ederra dun ni zaintzen nauen ahizpa bat izatea.

      Doloresek Sallyren oinazpiko tirita zanpatu zuen tolesik izan ez zezan, umetan hamaikatxo aldiz egin zuen modura.

      — Senda senda, miriku —esan zuen automatikoki.

      — Oilo kaka xiriku —Sallyk, hasperen eginez. Segidan hartu zuen loak. Dolores irakurtzen jardun zen ordu batzuk gehiagoz. Azkenean, argia itzali zuen, edateko zerbaiten desiraz.

      Nola eman Sallyri bere alkoholismoaren berri? Hori ez zen heriotzaz edo senar baten galeraz, bular bat galtzeaz, hitz egitearen parekoa. Gaitz bat zela zioten, baina ez zuen inork behartu edanari ematera. «Gaitz hilgarri bat daukat. Hezurretaraino ikaratuta nago», esateko gogoa zuen Doloresek, baina ez zuen esan.

 

      Wachertarrak eta lewistarrak izaten ziren beti gosaritarako aurrenekoak, eta elkarren ondoko mahaietan hartzen zuten tokia. Senarrek egunkaria irakurtzen zuten; emazteak, bitartean, kontu kontari aritzen ziren beren artean eta zerbitzariekin. Gosalondoren, lauak ur sakonetako arrantzara irteten ziren.

      — Non ote dira gaurkoan gure ahizpak —esan zuen Lewis jaunak.

      — Garrasi batean! Haien logela paretik pasa naizenean, sesioan zebiltzan. Hermanek ez du gupidarik, ez dit isil-gordeka entzuten utzi. Sallyk «Ez!» esan du. Ez zuen atso purtzilaren diru malapartaturik nahi, txakur txikirik ere ez! Desesperatuta zegoen garaian, amak iskintxo egin zion eta madarikazioa bota zion neska lotsatiari, koitadua! Puta! Desgraciada! Dolores garrasika aritu zaio, «Ez al dakin zer den erotasunak jota egotea? Herori haiz benetan erotuta dagoena… ez dun ikusi nahi! Ama eroak jota zegonan!» Eta gero bera hasi zaio ahizpa gazteari oihuka: «Kendu hori! Kentzeko hori!».

      — Ixo. Hemen datoz.

      Itxura zabarra zuen Sallyk, ohi moduan, seinale zuen negarrez aritu izana; Dolores, ohi moduan, bare zegoen eta apain baino apainago. Berak eskatu zuen gosaria bientzat, eta gerturatzean, entzun zitekeen ahizpari esaten:

      — Jan. On egingo din. Edan laranja-zukua osorik. Gozo-gozo zagon, espezial.

 

       — Kendu hori!

      Sallyk gorputza estali zuen, huipila gorputzera gogor atxikita. Doloresek indarrez kendu zion, eta biluzik egotera behartu zuen, hortxe, agerian utzita behinola bularra izan zuen eremua, orbain urdin eta gorri bizi kolorekoa.

      — Itsusi aparta naun! Ja ez naun emakumea! Ez begiratu.

      Doloresek sorbaldetatik heldu zion, eta astindu egin zuen.

      — Hire ahizpa izatea nahi dun? Ba, utzi begiratzen! Bai, itsusi aparta dun. Orbainek basakeria bat ziruditen, latzak ditun oso. Baina hire parte ditun orain. Eta emakumea izan bahaiz, txolin alaena! Hire Alfonso gabe, hire bularra gabe, inoiz baino emakumeago izan haiteke, herorren buruaren jabe! Hasteko eta behin, gaur igeri egitera joango haiz, bainujantzian jartzeko erosi dinadan ehun eta berrogeita hamar dolarreko bular-betegarri hori eta guzti.

      — Ezin dinat.

      — Horixe baietz. Mugi, jantzi eta goazeman gosaltzera.

 

      — Egun on, neskak! —Lewis andreak ahots ozenez bi ahizpei—. Beste egun zoragarri bat. Arrantzara goaz. Zer asmo gaurko?

      — Igeri egitera goaz, eta gero erosketetara eta ile-apaindegira.

      — Sally gaixoa —Lewis andreak—. Argi zagon ez duela horrelako ezer egin nahi. Gaixo zagon eta gainera doluan. Ahizpak behartu egin din oporretan etortzera. Nire ahizpa Irisen modukoa dun. Marimandona, marimandona! Izan huen ahizpa zaharragorik?

      — Ez —Wacher andreak, barrez—. Ni nindunan ahizpa zaharrena. Sinets iezadan, ahizpa txikiago bat izateak ere baditin ajeak.

      Doloresek hondarretan zabaldu zituen esku-oihalak.

      — Kendu hori—. Ahizpak bainujantziaren gainetik jantzi zuen txabusinaz ari zen— Zoragarri hago. Hire bularrak benetakoa dirudin. Gerrialde estu-estua dun. Hanka lerdenak ditun. Baina sekula santan ez dun ikusi zein maitagarria haizen.

      — Ez. Hi hintzen ahizpa polita. Ni ahizpa zintzoa nindunan.

      — Etiketa hori gogorra zunan niretzat ere. Kendu kapela. Egun gutxi batzuk gelditzen zaizkigun. Kolore pixka batekin itzuli behar dun hirira.

      — Pero

      — Cállate. Mihia txulora, bestela ximurren marka utziko din eguzkiak.

 

      — Zein ederki gauden eguzkitan —Sallyk hasperen egin zuen tarte baten ondoren.

      — Gorputzez ere ez al hago hobeto?

      — Larrubizirik sentitzen naun. Jende guztiak orbainak ikusiko balitu bezala.

      — Badakin zer ikasi dudan? Jende gehienak ez duela ezer igartzen, eta igarrita ere, ez zaiela inporta.

      — Zinikoa haiz, gero.

      — Eman buelta, olioa emango dinat bizkarraldean.

      Tarte baten ondoren, Sallyk Doloresi boluntario aritzen zen barrioko liburutegiaz hitz egin zion. Pobrezia gorrian bizi ziren haurrei eta familiei buruzko istorio bihotz-altxagarriak. Ikaragarri maite zuen bertako lana, eta bertakoek Sally bera ere bai.

      — Begira, Sally, gozatzen ditunan makina bat eta bi gauza egin ditzaken…

      Doloresek ekialdeko Oaklandeko klinika batean egiten zuen lan, eta ez zetorkion burura lanari buruzko istorio bihotz-altxagarririk, Sallyri konta ziezaiokeenik. Ama crackzaleen sabelean hazitako haurtxoak, tratu txarrak jasandako haurrak, garuneko gaixotasunak zituzten haurrak, Down sindromedunak, bala-zauriak zituztenak, malnutrizioak jotakoak, hiesdunak. Alabaina, langile fina zen eta gustuko zuen bere lana. Edo, tira, gustuko izan zuen garai batean, azkenean kaleratu egin baitzuten zurrutagatik, hilabete bazela, ama hil aurretik.

      — Nik ere gustuko dinat nire lana —besterik ez zuen esan—. Goazen igeri egitera.

      — Nik ezin dinat. Kalte egingo zidan.

      — Sally, zauriak osatuta ditun. Orbainak baino ez ditun. Orbain izugarriak.

      — Ezin dudala.

      — Jainkoaren izenean, sartzeko uretara!

      Doloresek ahizpa olatuak lehertzen ziren lerrora eraman zuen, eta gero bortizki askatu zion eskua. Sallyri beha egon zen; zein baldar sartu zen uretara, erori egin zela, ura irentsi zuela eta olatu batek eraitsi.

      Ur gainean flotatzeko zango-besoei eragiten, Sallyri so jarraitu zuen: nola zutitu zen eta uretan pulunpatu zen zetorkion olatuaren azpitik, gero igerian jarraitzeko. Dolores atzetik joan zitzaion igerian. Ene Jaungoikoa, negarrez ari da berriro; baina ez, Sally barre algaraka ari zen.

      — Epel zagon! Epel-epel zagon! Haurtxo bat bezain arina naun!

      Luzaroan ibili ziren igerian ur urdinetan. Halako batean olatuak lehertzen ziren tokira itzuli ziren. Arnasarik gabe, irriz, irteten hasi ziren. Sallyk ahizpa inguratu zuen bi besoez eta bi ahizpek elkarri heldu zioten, aparrak orkatilen bueltan zurrunbilotxoak sortzen zizkielarik.

      — Mariconas! —burla egin zieten paretik pasatu ziren bi mutilek.

 

      Lewis eta Wacher andreek beren hondartza-aulkietatik behatu zuten guztia, nahiko hunkituta.

      — Ez dun hain zekena ere, gogor egiten din, hori bakarrik… bazekinan ahizpa, behin uretan, gustura ibiliko zela. Begira zein pozik. Neska gaixoa, oporrak behar zitinan.

      — Bai, horrela ikusita ez din ematen halako eskandalua ere, ezta? Oporretara joatea ama hildakoan.

      — Arrazoi… tradizio izan behar liken. Hileta osteko oporraldia, eztei-bidaia edo jaiotza-festa egiten diren moduan.

      Biek egin zuten barre.

      — Herman! —Wacher andreak deiadar egin zion senarrari— Bi andreok hiltzen garenean, emango diguzue hitza zuek, gizonok, oporretara joango zaretela elkarrekin?

      Hermanek buruaz ezetz.

      — Ez. Lau behar ditugu bridgean jokatzeko.

 

      Arratsean, Sally eta Dolores itzuli zirenean, guztiek konplimenduak egin zizkioten Sallyri, zein polit zegoen esanez. Eguzkiak musuak gorritu zizkion, eta orrazkera berria zuen: kaoba koloreko ile-kiribil leunak zituen aurpegiaren inguruan.

      Sallyk behin eta berriro astindu zuen ilea ispiluari begira. Begi berdeek esmeralden gisara egiten zioten dir-dir. Begiok margotzen ari zen Doloresen makillajearekin.

      — Utziko didan hire blusa berdea? —galdetu zion.

      — Zer? Erosi berri dizkinat hiru soineko eder. Orain nire blusa nahi dunala? Eta berdin makillajearekin eta perfumearekin ere: heuk baditun herorrenak!

      — Ikusten, nola hartzen naunan gaizki? Bai, opariak egiten dizkidan, baina egoista haiz, egoista; bera bezalakoa!

      — Egoista! —Doloresek blusa erantzi zuen—. To! Hartu belarritako hauek ere. Ondo ematen zioten blusari.

 

      Afaltiarrak flana jaten ari zirela, eguzkia ezkutatu egin zen. Kafea iritsi zitzaienean, Doloresek ahizparen eskua bilatu zuen.

      — Konturatzen haiz? Umetan bezalaxe ari gaitun jokatzen. Pentsatzen jarrita, polita eta guzti dun. Esan eta esan habil, gu orain benetako ahizpak izatea nahi dunala. Benetako ahizpak bezala ari gaitun jokatzen! Elkarri mokoka!

      Sallyk irribarre egin zuen.

      — Arrazoi! Uste dinat ez dudala inoiz jakin nola jokatzen duten egiazko familiek. Gu ez gintunan behin ere oporretan joan, ezta piknik bat egitera ere.

      — Seguru nagon horregatik izan nituela hainbeste ume, eta horregatik sartu hintzela hi horrelako familia mexikar ugari batean; kosta ahala kosta, egiazko etxe bat desira geninan.

      — Eta horrexegatik dun, hain justu, hain latza Alfonsok ni uztea…

      — Ez hitz egin berataz berriro.

      — Zertaz hitz egin dezaket, orduan?

      — Amaz hitz egin behar dinagu. Hilda zagon orain.

      — Akabatu ere egingo ninan! Pozten naun hilda egoteaz —esan zuen Sallyk —. Izugarria izan zunan aitatxoren heriotza. Hegazkin bat hartu ninan Los Angelesera, eta gero autobus bat San Clementera. Ez zidanan utzi atetik sartzen ere. Atea jo ninan zartakoka, eta esan ninan: «Ama bat behar dut! Utzi zurekin hitz egiten!», baina ez zidanan sartzen utzi. Ez zunan justua. Diru kontuak ez zaizkidan axola, baina hori ez zunan justua izan.

      Amak ez zion inoiz barkatu Sallyri mexikar batekin ezkondu izana, haren haurrak ezagutzea errefusatu zuen, Doloresi utzi zion dirua herentzian. Doloresek ekin egin zion senipartea ondo bana zezaten, baina laidoa ez zen gutxitu.

      Hondarretan eseri zirenean, Doloresek Sally besoetan hartu eta kulunkatu egin zuen. Eguzkia etzana zen ordurako.

      — Joana dun, Sally. Gaixorik zegonan, beldur zunan. Oldartu egiten zunan, zauritutako… hiena bat bezala. Zorionekoa hi, ez huela ikusi. Nik bai, nik ikusi ninan. Deitu egin nionan esateko aitatxo ospitalera generamala anbulantzian. Badakin zer esan zuen? «Gelditzerik bai, banana batzuk erosteko?»

 

      — Gaur dut azken eguna! —Sallyk Wacher andreari—. Irlara joango gara. Izan zarete behin ere?

      — Bai, bai, lewistarrekin izan ginen, egun batzuk badirela. Zoragarria benetan. Snorkel egitera zoazte?

      — Urpekaritza egitera —esan zuen Doloresek—. Vamos, Sally, autoa zain dinagu.

      — Ni ez noan urpekaritza egitera, eta kito —esan zuen Sallyk Ixtaparako bidean.

      — Ikusiko dun. Itxoin Cesar ezagutu arte. Harekin bizi izan nindunan denboraldi batez, duela hogeita bost, hogeita hamar urte. Garai hartan urpekaria besterik ez zunan, arrantzalea.

      Harrezkero, entzute handiko eta dirudun bilakatu zen, Mexikoko Jacques Cousteau, hainbat film eta telebista-programatan agertua zen. Doloresi kosta egiten zitzaion hori sinestea. Gogoan zuen haren egurrezko txalupa, haren palapako hondarrezko zorua, beren hamaka zintzilikaria.

      — Ordurako ja maestro bat zunan —esan zuen—. Inork ez din ozeanoa hark bezain ondo ezagutzen. Prentsan Neptuno deitzen ziotenan, zeharo melenga zirudin… baina izenak egia zionan. Berak ez nain ni gogoratuko, baina, hala eta guztiz ere, nahi dinat hik bera ezagutzea.

 

      Gizon nagusia zen dagoeneko, bizar zuri luzea zuen, eta solte zeraman ile urdindua. Jakina, oroitu zen Doloresez. Gozo eman zion musu betazaletan; gozo, besarkada bat. Doloresek akorduan zituen haren esku kailuz beteak, orbainduak, bere azalean… Gizonak portxeko mahai batera gidatu zituen. Turismo-bulegoko bi gizon tekila edaten ari ziren, lastozko kapelekin beren buruei haize egiten, guayabera heze eta zimurtuak soinean.

      Portxe zabal-zabalak ozeanora ematen zuen, baina mango eta aguakate zuhaitzek erabat ixten zuten ikuspegia.

      — Itsasora ikuspegi eder hauek estaltzea ere! —Sallyk.

      Cesarrek sorbaldak jaso zituen.

      — Pues, ikusiak ditut eta.

      Doloresek eta berak urteak zirela egindako urpekaritza-saioen inguruko guztia kontatu zien gizonak. Marrazoekin egon zirenekoa, peine erraldoia, Flaco ito zenekoa. Beste urpekariek «la Brava» deitzen ziotela gogorarazi zuen. Baina Doloresek nekez izan zuen laudoriorik aditzeko paradarik. «Gaztetan emakume ederra zen» esaten aditu zuen.

      — Orduan, nirekin urpekaritza egitera etorri zara? —galdetu zion, haren eskuei oratuta.

      Irrikaz zegoen, baina ezingo zuen jasan erreguladoreak ordezko hortzak apurtuko zizkiola esatea.

      — Ez, bizkarreko minez nabil. Ahizpa ekarri dut zurekin urpekaritza egitera.

      — Lista? —Cesarrek Sallyri. Sally tekila edaten ari zen, eta plazer hartzen zuen gizonek botatako loreekin eta berarekin neskatan egiteko saiakerekin. Gizonek alde egin zuten. Cesar, Sally eta Dolores kanoa batean itsasoratu ziren La Islarantz. Sally txaluparen ertz bati helduta zihoan, ikaraz zurbil. Momentu batean, ertzetik kanporantz inklinatu zen oka egiteko.

      — Seguru zaude urpekaritza egitera eraman nahi duzula? —Cesarrek Doloresi.

      — Seguru nago.

      Irribarre egin zioten elkarri. Urteak desagertu ziren, lehengo komunikazio hori oraindik bizirik zen. Behin esana zion Cesarri, ironiaz, perfektua izan zela berarekin. Mutilak ez zekien irakurtzen eta idazten, eta beren amodioa urpean gertatu zen ia erabat: hitzik ez zen tokian. Sekula argibiderik behar ez.

      Hitzik gabe, urpekaritzaren oinarrizkoak irakatsi zizkion Cesarrek Sallyri. Hasieran, sakonera gutxiko uretan, Sallyk dar-dar egiten zuen beldurtuta. Doloresek, harkaitzetan eserita, egoera begiesten zuen: nola Cesarrek listuaz garbitzen zuen maskara, nola ematen zituen erreguladorearen inguruko azalpenak. Oxigeno-botila jarri zion bizkarrean. Doloresek Sally zurrun ikusi zuen, gizonak bularrekoa igarriko ziola beldurtuta, baina gero Sally erlaxatzen ikusi zuen, kulunka erritmikoan Cesarrekin parez pare; bitartean, bera Sally lasaitzen saiatu zen, ekipamendua lotu zion, laztandu egin zuen, eta bultza egin zion leun ur barrenera.

      Lau saiakera behar izan zituzten. Sally ur-azaleratu egiten zen, arnasa berotuta. Ez, ez zen posible, klaustrofobikoa zen, ezin zuen arnasarik hartu! Baina Cesarrek berari ezti hizketan jarraitu zuen, bera konbentzitu nahian, eskuez ferekatuz. Doloresek urdailean nahasmen olatu bat sentitu zuen, jeloskor, gizonak ahizpari burua heldu zionean, haren begiei irribarrez, maskarek bereizirik. Doloresek gogoan zuen nolakoa zen haren irribarrea kristalaz bestalde.

      A zer ideia paregabea, hirea, bere artean. Bare egoten ahalegindu zen, ahizpa eta Cesar desagertu ziren lekuko olatu berdeen gorabehera sotilari begira. Arreta ahizparen plazerari ematen saiatu zen. Jakin bazekielako plazera sentituko zuela. Baina senti zezakeen bakarra damua eta alhadura zen, hitzez adierazi ezin zen galera bat.

      Ur-azaleratu zirenean, orduak igaro zirela iruditu zitzaion. Sally barre batean ari zen; neskato baten algara zuen. Kartsuki musukatzen eta besarkatzen zuen Cesar, hark oxigeno-botilak desmuntatzen eta hegatsak eranzten zizkion bitartean.

      Urpekarien txabolan, ahizpak Doloresi ere laztan eman zion.

      — Hik bai jakin zein aparta izango zen! Hegan egin dinat! Ozeanoa amaigabea dun. Dolores, hain bizirik sentitu naun, hain indartsu! Amazona bat ematen ninan.

      Doloresek zehaztu nahi izan zuen amazonak bularbakarrak zirela, baina mihiari kosk egin zion. Cesarrek eta berak irriño batekin begiratzen zioten Sallyri, hark urpekaritza-saioaren edertasunaz ziharduela. Aurki itzuliko zen, aste osoa urpean igarotzeko! Ene, koralak eta anemonak, koloreak, arrain-sarda distiratsuak.

      Cesarrek bazkaltzeko proposamena egin zien. Hirurak ziren.

      — Sentitzen dut, baina siesta egin beharra zaukanat —esan zuen Doloresek. Sally zapuztuta gelditu zen.

      — Itzuliko haiz, Sally. Erakutsi berri dinat bidea.

      — Eskerrik asko bioi —esan zuen Sallyk. Haren bozkarioa eta esker ona puruak ziren, inozenteak. Cesarrek eta ahizpak musu eman zioten haren masail distiratsuei.

      Hondartzako taxi-geltokian zeuden. Cesarrek Doloresi irmo oratu zion eskutik.

      — Mi vieja, etorriko al zara bueltan? —berak buruaz ezetz.

      — Pasa gaua nirekin.

      — No puedo.

      Cesarrek ezpainetan eman zion musu. Doloresek iraganeko desira eta gatza dastatu zituen. Harekin igarotako azken gauean, gizonak bihotza erdiratu zion.

      — Pentsatu nigan —Cesarrek.

      Sally liluratuta mintzatu zen herrirako bidean, hasieratik amaierara, ordubete autoz. Zein bizirik sentitu zen, zein aske.

      — Banekinan bai, zati hori gustatuko zitzainala. Gorputza desagertzen zain, arin-arina haizelako, baina aldi berean bizi-bizi sentitzen dun.

      — Zoragarria dun bera —Cesarrez—. Zoragarria. Imajina zezakenat zita erromantiko bat harekin… Hik bai zortea, hik!

      — Imajinatu, Sally. Hondartzako tarte hori guztia, Med kluba dagoen tokia? Guztia hondartza hutsa zunan, birjina. Junglan, hor goian, artesiar putzu bat zunan. Oreinak izaten zitunan, etxekotuak ia. Egunak ematen genitinan hor, arima-izpirik ikusi gabe. Eta irla. Irla besterik ez zunan, jungla basati bat. Ez zunan urpekaritza-negoziorik edo jatetxerik. Txalupa bat bakarra ere ez, gureaz aparte. Imajinatu!

      Ez. Ezin zuen imajinatu.

 

      — Hau misterioa, hau —esan zuen Wacher andreak, ahizpak taxitik jaitsi zirenean—. Badirudi zeharo trukatu dituztela rolak. Orain gazteena da elegantea eta pozez zoratzen dagoena, eta bestea begi-zuloduna eta utzia. Begira… lehen apain-apain ibiltzen zen hori!

 

      Gau ekaiztsua zen. Hodei beltzak ilargi betearen gainazala ekortzen zuten; hala, hondartza argi zegoen lehenik, eta gero ilun, neonezko seinale bat kanpoan duen hoteleko logela bat nola. Sallyren aurpegiak haur batena zirudien ilargiaren errainuak argitzen zuenean.

      — Baina, amak hitz egiten al zinan santa sekulan nitaz?

      Ez, egia esateko. Hire goxotasunaz trufatzeko izan ezik, edota esateko hire otzantasunak erakutsi zuela lerda hutsa hintzela.

      — Bai, hitz egiten zinan, barra-barra —Doloresek gezurretan—. Hark hitaz zituen oroitzapenetan gogokoena zera zunan, zenbat maite huen untxitxo sendagilearen ipuin hori. Irakurtzeko itxurak egiten hituen, orriak pasatzen, serio-serio. Eta hitz bat bera ere ez huen kale egiten! Medikuak «zaintiratua!» esaten zuenean izan ezik; hik, orduan: «Tintin katua!» esaten huen.

      — Akordatzen naun ipuinaz! Larruzko untxiak zitunan!

      — Hasieran bai. Baina hainbeste ukituta, larrua gastatu hien. Amak, gustuko zinan baita ere karro gorri hori eta hi oroitzea, lau urte koxkor edo hituenean. Karroan jartzen huen Billy Jameson eta hire panpina guztiak, eta Mabel, zakurra, eta bi mitxinak, eta gero «irtetera goaz!» esaten huen, baina mitxinek eta zakurra joanak izaten zitunan, eta baita Billy ere, eta panpinak eroriak. Goiz osoa ematen huen denak karroan sartu eta «irtetera goaz!» esan eta esan.

      — Ez dinat zipitzik ere gogoratzen.

      — Ba nik bai, aitatxoren hiazintoen eta arrosa igokari horren aldameneko bidexkan izaten zunan, sarrerako hesiaren ondoan. Gogoratzen, zein usain?

      — Bai!

      — Galdetzen zidanan ea gogoratzen nintzen Txilen eskolara bizikletaz joaten hintzenekoa. Goizero-goizero, gorantz begiratzen huen, atariko leihora eta eskuaz agur egin, eta lastozko kapelak hegaz egiten zinan —Sallyk barre egin zuen.

      — Egia. Akordatzen naun. Baina, Dolores, hi izaten hintzen atariko leihoan. Herorri egiten ninan agur.

      Egia.

      — Tira, suposatzen dinat bere ohearen aldameneko leihotik ikusten hinduela.

      — Absurdoa dun zein ondo sentiarazten nauen horrek. Baita inoiz agur egin ez bazidan ere. Eskolarako abiatzen nintzenean niri begira egoteak. Eskerrak kontatu didanan.

      — Ederki —Doloresek xuxurlan, bere artean.

      Zerua belztu egin zen eta euri tanta lodiak hasi ziren hotz goitik behera. Ahizpak elkarrekin joan ziren euripean gelara.

 

      Sallyren hegazkina biharamunean irten zen; Dolores, hurrengo egunean zen alde egitekoa. Gosaritan, alde egin aurretik, Sallyk agur esan zien denei, eskerrak eman zizkien zerbitzariei; eskerrak, Lewis eta Wacher andreei, hain adeitsu izateagatik.

      — Pozten gara, ba, bikote, egonaldiaz gozatu baduzue. Ze kontsolamendua, ahizpa batena. —esan zuen Lewis andreak.

      — Sekulako kontsolamendua dun, bai —Sallyk, Doloresi agur-musua eman zionean aireportuan.

      — Oraintxe hasi gaitun elkar ezagutzen —esan zuen Doloresek—. Gaurdanik, hor egongo gaitun, beti, elkarrentzat —Saiatu zen, gogotik saiatu ere, ahizparen begietan gozotasuna, konfiantza, ikusten.

      Hotelera bueltan, taxia likore-denda batean geldiarazi zuen. Logelan, edan egin zuen eta lo, eta gero beste botila bat eskatu zuen. Goizean, Kaliforniara joateko hegazkinera bidean, pinta erdi bat ron erosi zuen, dardarizoa eta buruko mina arintzeko. Taxia aireportura iritsi zenerako, esan ohi den moduan, itoak zituen penak.

 

PENAK
Lucia Berlin

Grief
A Manual For Cleaning Women: Selected Stories, 1977
euskaratzailea: Ainhoa Mendiluze Ormaetxea
armiarma.eus, 2019