EL TIM
Lucia Berlin

El Tim
A Manual For Cleaning Women: Selected Stories, 1977
euskaratzailea: Isabel Etxeberria Ramírez
armiarma.eus, 2019

 

            Ikasgela bakoitzeko atean moja bat paratzen zen; haizeak haien abitu beltzak harrotzen zituen korridorerantz. Lehen mailakoen ahotsak otoitzean hasten ziren, Agur Maria, graziaz betea, Jauna da Zurekin. Korridorearen beste aldean, bigarren mailakoek ekiten zioten, argi, Agur Maria, graziaz betea. Ni eraikinaren erdialdean gelditzen nintzen, hirugarren mailakoen garaipen ahotsen zain. Haien bozek lehen mailakoekin bat egiten zuten, Gure Aita, zeruetan zaudena, eta laugarren mailakoen ahots sakonekin ondoren, Agur Maria, graziaz betea.

            Zenbat eta nagusiagoak haurrak, orduan eta azkarrago egiten zuten otoitz, eta denen ahotsak nahasten hasten ziren, beraz, bozkariozko kantu bat-bateko batean fusionatu arte... Aitaren, eta Semearen eta Espiritu Santuaren izenean. Amen.

            Nik espainola irakasten nuen bigarren hezkuntzako ikastetxe berrian, patioaren beste aldean, jostailu koloretsu baten itxura zuen eraikin batean. Goizero, klasea hasi baino lehen, lehen hezkuntzako eskola zeharkatzen nuen; otoitzak entzutearren, baina baita eraikin barrutik paseatzearren ere, eliza batera sartzen dena bezala. Eskola misio bat izana zen, 1700ean espainolek eraikia, basamortuan luzaroan irauteko eraikia ere. Ez zen beste eskola zahar batzuk bezalakoa. Halakoetako baretasuna eta gotortasuna, izan ere, muda osteko oskol bat baizik ez dira izaten handik igarotako haurrentzat; honetan, misioetako eta santutegietako bakea aditzen zen.

            Lehen hezkuntzako eskolan mojek barre egiten zuten, eta haurrek ere bai. Moja guztiak zaharrak ziren, baina ez autobus geltokietan beren poltsei tinko heltzen dieten emakume zahar nekatuak bezala, baizik eta harrotasunez eta beren Jainkoaren eta beren haurren maitasunez beteak.  Samurtasunez erantzuten zioten maitasun horri, egurrezko ate astunen atzean gorde eta zainduriko irri leunez.

            Bigarren hezkuntzako ikastetxeko moja batzuek patioa korritzen zuten, zigarro bila. Moja gazteak ziren, eta urduriak. “Ume behartsuak” zituzten ikasle, “gaizkileak izateko gutxi falta zutenak”, eta aurpegi argal nekatuak zituzten, begirada motelez gogaituak. Ezin ziren, lehen hezkuntzako mojak bezala, begiruneaz eta maitasunaz baliatu. Gotortasuna eta axolagabetasuna zituzten bitarteko nagusi, beren eginbeharra eta beren bizitza ziren ikasle haien aurrean.

            Bederatzigarren mailako leiho ilarek distira egin zuten sor Lourdesek, ohi bezala, txirrinak jo baino zazpi minutu lehenago ireki zituenean. Inizialak grabatuak zituzten ate laranjen kanpoaldean jarri, eta 9. mailako nire ikasleak begietsi nituen alanbre-hesiaren aurrean hara-hona, haien gorputz laxo eta zaluak, hain lepoen kulunka ibili ahala, besoak eta hankak erritmikoki zabuka, inork entzun ezin zuen tronpeta bati erantzungo baliote bezala. Alanbre-hesiaren kontra jarrita, ingelesaren eta espainolaren arteko gazte-hizkera modako batean aritzen ziren, eta barre-algara zaratatsuak egiten zituzten. Neskek ikastetxeko uniforme itsas urdina zeramaten. Txori mutuen pare, flirtean ibiltzen ziren mutilekin, eta haiek, orkatiletan biribildutako beren praka laranja, hori edo turkesa distiratsuetan, beren buru gandordunak mugitzen zituzten mokoka. Alkandora beltz irekiak janzten zituzten, edo v-formako lepodun jertseak, azpian beste ezer ez zutela, eta haien bular beltzaran eta leunetan gurutzeek distira egiten zuten. Pachucoen gurutzea, eskugainetan tatuatuta ere eramaten zuten huraxe.

            — Egun on, laztana.

            — Egun on, Ahizpa.

            Sor Lourdes kanpora etorria zen, 7. mailakoak ilaran ote zeuden ikustera.

            Sor Lourdes zuzendaria zen. Berak kontratatu ninduen, mojen artean espainolez zekienik ez zegoela eta, irakastearen truke inori ordaindu behar izateagatik uzkur.

            — Irakasle laikoa zaren heinean —esana zidan—, lehena hain zuzen San Marcon, ez zaizu beharbada erraza izango ikasleak kontrolatzea. Are gehiago kontuan hartzen badugu haietariko batzuk zure adinekoak direla ia. Ez ezazu egin nire ahizpa gazteenek egin ohi duten akatsa: ez saiatu haien laguna izaten. Ikasleentzat botere eta ahultasun kontu bat da dena. Zure boterea ikusarazi behar diezu... eta horretarako hoztasuna, diziplina, zigorra eta kontrola baliatu beharko dituzu. Espainola hautazko irakasgaia da; jarri nahi adina suspentso. Lehen hiru asteetan nire Latineko eskoletara aldatu ahalko duzu zure ikasleetako edozein, hala behar baduzu. Inork ez du izenik eman nirean —irribarre egin zuen—. Horrek lagunduko dizu.

            Lehen hilabetea ondo joan zen. Latineko eskolen mehatxua abantaila handia izan zen; bigarren astearen amaierarako zazpi ikasle bidaliak nituen. Luxua zen halako ikastalde txiki batean irakastea, are gehiago maila apaleneko laurdena gainetik kenduta. Espainola ama hizkuntza izateak ere asko lagundu zidan. Ezustekoa zen haientzat gringa batek beren gurasoek bezain ondo —are hobeto ere bai— hitz egitea. Harritu egiten ziren haien hitz gordinak ulertzen nituelako, marihuanaz edo poliziaz aritzeko erabiltzen zuten jargoia aditzen nuelako. Gogotik lan egiten zuten. Espainola hurbila zitzaien, inportantea zen haientzat. Ondo portatzen ziren, baina haien esanekotasun erretxina eta haien erantzuteko modu automatikoa laidoa ziren niretzat.

            Nik erabiltzen nituen hitz eta esamoldeei barre egiten zieten, baina nik bezainbeste erabiltzen zituzten beraiek ere gero. “La Piña” deitzen zidaten trufaka, nire ileagatik, eta handik gutxira nire modura hasi ziren mozten ilea neskak. “Memelo horrek ez daki idazten”, esaten zuten ahapeka, letrak elkarri lotu gabe idazten nuelako arbelean, baina beraiek ere letrakera hori erabiltzen hasi ziren beren paperetan.

            Ikasle hauek ez ziren oraindik pachucoak, ez ziren izan nahiko luketen liskarzaleak, nahiz eta saiatu gogotik saiatzen ziren: plantak egiten zituzten, eta labanak jaurtitzen zituzten airera, idazmahaian iltzatuta uztekotan, baina irrist egiten zuten labanek eta erori egiten ziren, eta lotsagorritu egiten ziren haiek. Ikasle hauek ez ziren oraindik “nor zara zu niri ezer erakusteko?” aurpegiratzen zutenetakoak. Zain geratzen ziren, sorbaldak uzkur, nik zer erakutsiko. Eta zer nuen nik haiei erakusteko? Nik ezagutzen nuen mundua ez zen haiek aurre egiten ausartzen zirena baino hobea.

            Sor Lourdesi behatzen nion; haren indarra ez zen, nirea bezala, begirunea irabazteko itxurakeria hutsa. Ikasleek Jainkoaganako haren fedea ikusten zuten, hautatua zuen bizimoduarekikoa, eta begirunez hartzen zuten, nahiz eta sekula ez zioten ikusten uzten zer-nolako tolerantziaz onartzen zuten kontrolaren aitzakian erabili ohi zuen gogorkeria.

            Sor Lourdesek ezin zuen haiekin barre egin. Ikasleek iseka egiteko baino ez zuten barre egiten, baten bat nabarmen geratzen zenean galdera bat zela eta, irribarre bat, akats bat, puzkerra. Halakoetan nik, haien algara tristeak isilarazten saiatzen nintzenean, txikien eskolako barreen, oihuen eta alaitasunaren kontrapuntua hartzen nuen gogoan beti.

            Astean behin, 9. mailakoekin barre egiten nuen. Astelehenetan, metalezko ate mehean bat-bateko danbada bat entzuten genuen, leihoak astindu eta eraikin osoan durundi egiten zuen BUM BUM BUM premiatsu bat. Nik salto egiten nuen beti zarata ikaragarri hura entzunda, eta ikasleek barre egiten zidaten.

            — Aurrera —oihu egiten nuen, eta orduan soinua gelditu eta lehen mailako ume moko bat sartzen zen, eta barre egiten genuen denok.

            Nire mahairaino hurbiltzen zen, bere kirol-oinetakoen gainean isilean.

            — Egun on —esaten zidan xuxurla batean—, jangelarako zerrenda emango didazu, mesedez?

            Gero, oin-puntetan urrundu, eta danbateko batez ixten zuen atea, eta hura ere barregarria izaten zen.

 

            — Lawrence andrea, etorriko zara momentutxo batean?

            Bulego barrura jarraitu nion sor Lourdesi eta txirrina jotzen zuen bitartean itxaron nuen.

            — Timothy Sanchez ikastetxera dator berriro —isilune bat egin zuen, nik erreakzionatu beharko banu bezala—. Adingabeen zentro batean egon da, eta ez da lehen aldia. Lapurreta eta drogak. Ikasketak ahalik eta lasterren bukatu beharko lituzkeela pentsatzen dute. Bere gelakoak baino dexente zaharragoa da, eta mutil bereziki argia, testen arabera. Hemen dioenez, “pizgarriak eta erronkak” behar omen ditu.

            — Ba al da nik egitea nahiko zenukeen zerbait?

            — Ez. Egia esan, ez dut aholkurik zuri emateko... Oso bestelako arazo bat da mutil hori. Kontua aipatu behar nizula iruditu zait. Gizarte langileak haren bilakaera ikuskatuko du.

 

            Hurrengo goizean Halloween zen eta lehen hezkuntzako ikasleak mozorrotuta etorri ziren. Atzean geratu nintzen, ehunka sorgin eta deabru horiek beren goizeko otoitzak dardara batean esaten entzuteko. 9. mailakoen atera iritsi nintzenerako txirrinak joa zuen. Mariaren Bihotz Sakratua, erregutu gure alde ari ziren esaten. Atean itxaron nuen, sor Lourdesek zerrenda pasatzen zuen bitartean. Gelara sartu nintzenean zutitu egin ziren.

            — Egun on.

            Haien aulkiek karraka egin zuten berriro esertzean.

            Isilune bat egin zen.

            — El Tim! —xuxurlatu zuen norbaitek.

            Atean zegoen, haren soslaia sor Lourdesenarekin batera korridoreko argi-zuloaren kontra. Beltzez jantzita zegoen, alkandora zilborreraino irekita eta praka estuak beheratuta, aldaka meheen parean lotuta. Urrezko gurutze batek distira egiten zuen katea astun batean zintzilik. Irribarre erdi bat zuen ezpainetan, eta erdeinuz begiratzen zion sor Lourdesi, betileek itzal koskadunak egiten zizkiotela masail mamigabeetan. Ile beltz luze eta lisoa zuen, eta atzerantz leuntzen zuen hatz luze eta argalekin, keinu bizkorrez, txori bat bezala.

            Gelakideen txundidura ikusi nuen. Neskak begietsi nituen, neska gazte eta politak, komunetan xuxurla batean mutilez eta maitasunez ez baizik eta ezkontzaz eta abortuez jarduten zutenak. Urduri zeuden, berari begira, masailak gorrituta eta biziz beterik.

            Sor Lourdes gelara sartu zen.

            — Eseri hemen, Tim.

            Nire mahai aurreko eserleku bat seinalatu zuen. Timek gela zeharkatu zuen, bizkar zabala konkorturik eta lepoa aurrerantz makurturik, tss-tss, tss-tss, pachucoen erritmoan.

            — Ez dago batere gaizki mojaxka hau —irribarre egin zuen, niri begira.

            Ikasleek barre egin zuten.

            — Isilik! —esan zuen sor Lourdesek. Timen ondoan jarri zen—. Lawrence andrea duzu hau. Hemen zure espainoleko liburua.

            Ez zirudien entzun zionik. Sor Lourdesen arrosarioko aleen tintin urduria entzun zen.

            —Lotu ezazu alkandora —esan zuen—. Lotzeko alkandora!

            Timek eskuak bularraldera eraman zituen. Esku batez botoi bat hartu eta argitan jarri zuen, eta besteaz botoi-zuloa haztatzen hasi zen. Mojak bultzada batez haren eskuak baztertu, eta botoiekin jardun zuen dorpeki, denak lotu zituen arte.

            — Ez dakit nola moldatu naizen orain arte zu gabe, Arreba —esan zuen Timek, hitzak patxadaz ahoskatuz.

            Sor Lourdesek alde egin zuen.

            Asteartea zen eta diktaketa genuen.

            — Atera papera eta arkatza.

            Ikasleek automatikoki obeditu zuten.

            — Zuk ere bai, Tim.

            — Papera —agindu zuen ahapeka.

            Eta berehala orriz beteta izan zuen mahaia.

            — Llegó el hijo —diktatu nuen.

            Tim zutik jarri zen eta gelaren atzealderantz joan zen.

            — Arkatza apurtuta dago —esan zuen.

            Ahots sakon eta erlatsa zuen, negar egiteko zorian dauden pertsonek izan ohi duten erlastasunak joa. Arkatza zorroztu zuen, astiro, zorrozkailua jirarazten zuen bakoitzean danbor gaineko eskuila batena bezalako hotsa eginez.

            — No tenían fe.

            Tim gelditu egin zen, eta neska baten ilean jarri zuen eskua.

            — Eseri zaitez —esan nuen.

            — Lasai, emakumea —marmar egin zuen.

            Ikasleek barre egin zuten.

            Orri zuri bat entregatu zidan. Goian izena, “EL TIM”, ez besterik.

 

            Egun hartatik aurrera, denaren erdigune bihurtu zen El Tim. Denbora gutxi behar izan zuen ikaskideen mailara iristeko. Haren azterketak eta ariketa idatziak bikainak ziren beti. Baina ikaskideek haren ozarkeria petrala eta haren erresistentzia isil eta zigorrezina baino ez zuten aintzat hartzen. Ozenki irakurtzea, arbelean konjugazio taulak osatzea, debateak... lehen gustagarriak ere egiten zitzaizkigun gauzak ia ezinezkoak ziren orain. Mutilek funsgabe jarduten zuten, erantzun zuzena emateko lotsaz; neskek ahalke eta trakets, haren aurrean.

            Lan idatziak agintzen hasi nintzen batez ere, mahaitik mahaira zuzendu beharko nituen banakako lanak. Idazlan asko eginarazten nizkien, 9. mailako espainol eskoletan halakorik aurreikusten ez bazen ere. Hori zen Timi egitea gustatzen zitzaion gauza bakarra; buru-belarri aritzen zen, ezabatuz eta berriro idatziz, mahai gainean zuen espainol hiztegi bateko orrietan miaka. Irudimenez betetako idazlanak egiten zituen, akats gramatikalik gabeak, kontu inpertsonalei buruzkoak beti: kale bat, zuhaitz bat... Nik iruzkinak idazten nituen eta laudorioak egiten nizkion. Batzuetan gela osoaren aurrean irakurtzen nituen haren testuak, ikaskideak inarrosteko eta adoretzeko esperantzan. Berandu konturatu nintzen nahasi baino ez zituztela egiten haren aldeko nire laudorioek, eta garaile irteten zela bera erdeinuzko irribarre batez. “Pues, la tengo...”. Ondo harrapatua dut emakume hau.

            Emiterio Perezek Timek esaten guztia errepikatzen zuen. Emiterio atzeratua zen, eta 9. mailan zeukaten urtez urte, eskolan egoteko zaharregia izango zen adinera noiz iritsiko. Orriak banatzen zituen, eta leihoak irekitzen. Nik ikaskideek egiten zuten guztia eginarazten nion. Irri txikiak eginez, orriak eta orriak betetzen zituen zirrimarra txukun eta itxuragabez. Nik nota jarri eta itzuli egiten nizkion. Batzuetan oso ongi bat jartzen nion, eta bera poztu egiten zen. Orain, ordea, lanik ere ez zuen egiten.

            — Para qué, hombre? —xuxurlatzen zion Timek.

            Emiteriok, nahasirik, Timi begiratzen zion, eta niri gero. Batzuetan, negar egiten zuen.

            Ezer egiteko ezgai, gelako nahasmena handitzen ikusten nuen, sor Lourdesek ere kontrolatu ezingo lukeen nahasmen bat. Orain, ez zegoen isiltasunik moja gelan sartzean, tentsio halako bat baizik... esku bat aurpegi bat igurzten, borragoma baten takatekoa, orrien pisi-pasa. Ikasleak zain egoten ziren. Eta Timen ahotsa iristen zen beti, mantso eta sakon. “Hotz egiten du hemen, ezta, Arreba?”. “Arreba, zerbait daukat begian, etorri ikustera”. Guk geldi itxaroten genuen egunero automatikoki mojak Timen alkandora lotzen zuen bitartean.

            — Dena ondo? —galdetzen zuen, eta gelatik irteten zen.

            Astelehen batean, begirada jaso eta ume txiki bat ikusi nuen nigana etortzen. Umeari begiratu nion, eta ondoren, irribarrez, Timi.

            — Gero eta txikiagoak dira, konturatu al zara? —esan zidan Timek, nik bakarrik entzuteko moduan. Irribarre egin zidan. Nik ere irribarre egin nuen, pozak jota. Gero, karranka zakar batez aulkia atzerantz bultzatu, eta ikasgelako atzealderantz joan zen. Bidearen erdian, Dolores izeneko neska txiki itsusi eta lotsati baten aurrean gelditu zen. Mantso-mantso, eskuak haren titien gainean jarri, eta igurtzi egin zizkion. Neskak negar-intzirika gelatik ihes egin zuen.

            — Etorri hona! —oihu egin nion.

            Haren hortzek dir-dir egin zuten.

            — Behartu egin beharko nauzu —erantzun zuen.

            Mahaiaren kontra bermatu nintzen, burtzoraturik.

            — Alde hemendik. Zoaz etxera. Ez sekula berriro etorri nire klasera.

            — Ez izan zalantzarik —esan zuen irribarre zabalez.

            Ateranzko bidean nire aurretik pasatu zen, hatzak ibilian klasklatuz... tss-tss, tss-tss. Ikasleak isilik zeuden.

            Doloresen bila gelatik irtetekotan nintzela, harri batek leihoa apurtu eta nire mahaian lurreratu zen, kristal txikituekin bat.

            — Zer ari da gertatzen hemen? —Sor Lourdes atean zen, eta ez zidan uzten pasatzen.

            — Tim etxera bidali dut.

            Zurbil zegoen, eta burugainekoa dardarka ageri zitzaion.

            — Lawrence andrea, mutiko hori behar bezala portatzea da zure egitekoa.

            — Sentitzen dut, Ahizpa. Ezin dut.

            — Ama Nagusiarekin hitz egingo dut —esan zuen—. Etorri nire bulegora bihar goizean. Eseri zure lekuan —egin zion oihu Doloresi, atzeko atetik sartu berri baitzen. Eta joan egin zen.

            — Ireki liburuak 93. orrialdean —esan nuen—. Eddie, irakurri eta itzuli lehen paragrafoa.

 

            Hurrengo goizean ez nintzen lehen hezkuntzakoen eskolara hurbildu. Sor Lourdes zain zegoen, bere lan-mahaiaren atzean eserita. Bulegoko beirazko atearen beste aldean Tim zegoen, hormaren kontra bermatuta eta eskuak gerrikoan finkatuta.

            Aurreko egunean gertatutakoa kontatu nion mojari labur. Burua makurtuta egon zen hizketan aritu nintzen bitartean.

            — Mutil horren begirunea berriro irabazteko modua aurkituko duzula espero dut —esan zuen.

            — Ez dut gelan berriro hartuko —erantzun nion. Haren aurrean geratu nintzen zutik, lan-mahaiko egurrezko ertzari tinko helduta.

            — Lawrence andrea, mutil honek arreta berezia behar duela esan ziguten, “pizgarriak eta erronkak” komeni zaizkiola.

            — Ez bigarren hezkuntzan. Zaharregia eta azkarregia da hemen egoteko.

            — Bueno, ba moldatu beharko duzu nola edo hala arazo honi aurre egiteko.

            — Sor Lourdes, Timek nire espainol eskoletan jarraitzen badu, Ama Nagusiarengana eta gizarte langilearengana joango naiz. Gertatutakoa kontatuko diet. Eta erakutsiko diet zer-nolako lanak egiten zituzten nire ikasleek Tim etorri aurretik eta zer-nolakoak ondoren. Timen lanak ere erakutsiko dizkiet. Ez dagozkio 9. mailari.

            Hotz eta motz hitz egin zidan:

            — Lawrence andrea, mutil hau gure erantzukizuna da. Gizarte zerbitzuek gure esku utzi dute. Zure eskoletan jarraituko du —niganantz makurtu zen, zurbil—. Irakasle gisa horrelako arazoak kontrolpean izatea da gure egitekoa, eta haien gainetik betetzea gure irakaslana.

            — Ba, ni ez naiz gai.

            — Ahula zara! —esan zuen marmarka.

            — Bai, banaiz. Berak irabazi du. Ezin dut eraman nola tratatzen gaituen ikaskideak eta ni neu. Eskolara bueltatzen bada, nire lanpostua utziko dut.

            Gorputza atzerantz bota eta aulkian amildu zen. Nekatuta hitz egin zuen:

            — Emaiozu beste aukera bat. Astebete. Gero, nahi duzuna egin ahalko duzu.

            — Ondo da.

             Altxatu, eta atea ireki zion Timi. Mojaren idazmahaiaren ertzean eseri zen.

            — Tim —hasi zen sor Lourdes, leun—. Demostratuko al diguzu niri, Lawrence andreari eta gela osoari damututa zaudela?

            Timek ez zuen erantzun.

            — Ez zaitut adingabeen zentrora bueltan bidali nahi.

            — Zergatik ez?

            — Mutil azkarra zarelako. Eta ikusi nahi dut nola ikasten duzun, eta nola graduatzen zaren hemen, San Marcon, eta nola pasatzen zaren batxilergora, eta...

            — Bai zera, Arreba— eten zuen Timek, hitzak murtxikatuz—. Zuk nahi duzuna da niri alkandora lotzen jarraitu.

            — Ixo! —zaplazteko bat eman nion ahoan.

            Nire eskuaren marka zuria ageri zen haren masail ilunean. Ez zen mugitu. Botagura sentitu nuen. Sor Lourdes gelatik irten zen. Timek eta biok, parez pare zutik, 9. mailakoen otoitza abiarazten entzun genuen... Bedeinkatua zara zu andre guztien artean eta bedeinkatua da zure sabeleko fruitua, Jesus...

            — Zergatik jo nauzu? —galdetu zuen Timek ahots apalez.

            Erantzuten hasi nintzen eta prest nuen jada mihi-puntan, “zakarra eta lotsagabea izan zarelako”, baina haren erdeinuzko irribarrea ikusi nuen, nik horixe esateko zain.

            — Haserre nengoelako jo zaitut. Doloresengatik eta harriarengatik. Minduta eta ergela sentitzen nintzelako.

            Haren begi ilunek nire aurpegia aztertu zuten. Une batez, beloa erori zen.

            — Orain kito gaude, beraz —esan zuen.

            — Bai —erantzun nion—. Goazen klasera.

            Korridorean behera egin nuen Timen ondoan, haren ibileraren erritmoarekin bat egitea saihestuz.

 

EL TIM
Lucia Berlin

El Tim
A Manual For Cleaning Women: Selected Stories, 1977
euskaratzailea: Isabel Etxeberria Ramírez
armiarma.eus, 2019