POEMA NIRE ESKUBIDEEZ Gaur arratsean eta oraindik ere ibiltzeko beharra dut, poema honen ingurukoak argitzeko beharra: zergatik ezin dudan kalera atera aldatu gabe nire arropak, nire zapatak, nire gorputzaren hizkuntza, nire genero identitatea, nire adina aldatu arratsean bakarrik den emakume izaera Kaleetan bakarrik/bakarrik ez denean kontua Kontua denean ezin dudala nahi dudana egin Egin nire gorputzarekin, okerreko sexu, okerreko adin eta okerreko azalekoa naizelako, eta demagun ez nuela hona hirira joan nahi, baizik eta hondartzara edo sastraken barnera joan nahi nuela hara bakarrik Jainkoagan pentsatzera edo pentsatzera haurrengan edo pentsatzera munduaren inguruan/ izarrak eta isiltasunak azaleratzen dituzten kontuak.
Ezin izan nuen joan eta ezin izan nuen pentsatu eta ezin izan nuen bertan geratu bakarrik nik behar nuen gisan bakarrik, ezin dudalako nahi dudana egin nire gorputzarekin eta nork egin zituen gauzak horrela?
Eta Frantzian diote morroiak zakila sartu baina ez badu isuri orduan ez nauela bortxatu eta hura sastatu ostean, oihuen ostean, putakumeari erregutu ostean eta mailu batekin hari buruan eman ostean ere, horren guzti horren ostean hark eta bere laguntxoek izorratzen banaute horren ostean orduan nik baimena eman nien eta hura ez zen bortxaketa. Azkenean ulertzen duzu izorratu nindutela ni nengoelako oker eta oker nengoelako berriro ni nengoen lekuan ni izateagatik, naizena izateagatik oker
Eta bortxatzen ditu Hegoafrikak ere Namibiaren lurrak Angolaren lurrak eta horrek esan nahi al du esan nahi dut nola jakin Pretoriak isuri duen, Zein izango da zapalketa higuingarri horren eiakulazioaren froga Lurralde Beltzean.
Eta Namibiaren ostean eta Angolaren ostean eta Zimbabweren ostean eta herrixka guztien auto-immolazioaz nire ahaide eta emakume guztiek zutik badiraute ere, horren guzti horren ostean galdu egiten badugu zer esango dute mutil koskorrek baimena eskatuko al didate? Ulertzen nauzu: okerreko jendea gara, azal okerrarekin, kontinente okerrean eta Zer demontreren inguruan da jendea hain zentzuduna?
Eta aste honetako Timesen arabera 1966an CIAk erabaki zuen arazo bat zuela eta arazoa Nkrumah deitutako gizona zen, beraz hil egin zuten eta haren aurretik Patrice Lumumba izan zen eta haren aurretik nire aita izan zen, Ivy League eskolako campusean eta nire aita kafetegian sartzeko beldurrez esaten zuelako oker zegoela: okerreko adina, okerreko azala, okerreko genero-identitatea zituela eta hark ordaintzen zuen nire hezkuntza eta haren aurretik nire aita izan zen, eta esaten zuen ni nengoela oker , mutikoa behar nuela berak bat nahi zuelako (mutikoa) eta azal zuriagoa behar nuela izan eta ile leunagoa behar nuela izan eta ez nuela mutikoekin burua galdu behar, baizik eta haietako bat izan behar nuela (mutikoa) eta haren aurretik nire ama izan zen, nire sudurra konpontzeko kirurgia eta niretzat hortz-burdinen erreguan eta esaten zidan uzteko liburuak, uzteko behingoz beste hitzetan esanda
Ezagun ditut CIAren arazoak eta Hegoafrikaren arazoak eta Exxon enpresaren arazoak eta Ipar Amerika zuriaren arazoak eta irakasle eta apaizen eta FBIren eta gizarte-langileen eta neure neureak ditudan Ama eta Aitaren arazoak Oso ezagun ditut arazook, azkenean Arazo horien guztien atzean nagoelako Ni. Ni naiz bortxaketaren historia Ni naiz naizena ukatzearen historia Ni naiz nire burua izu larrian espetxeratzearen historia Ni naiz indarkeriaren, erasoen eta mugarik gabeko armaden historia, Nire gogoarekin eta gorputzarekin eta arimarekin egin nahi dudanaren Aurkako indarkeriarena.
Eta gauean kalera ateratzeaz Edo sentitzen dudan maitasunaz Edo nire aluaren santutasunaz Edo muga nazionalen santutasunaz Edo nire liderren santutasunaz edo Nire bihotz pertsonal eta idiosinkratiko Eta eztabaidarik gabe bakar eta bereziaren bitartez Ezagutu dudan desira bakoitzaren santutasunaz ari garela ere Ni bortxatu naute oker egon naizelako: okerreko sexua, okerreko adina, okerreko azala, okerreko sudurra, okerreko ilea, okerreko beharrak, okerreko ametsa, okerreko geografia, Okerreko jostuna ni
Ni izan naiz bortxaketaren esanahia Ni izan naiz bortxatutako sarketaz Ezabatzen saiatu diren arazoa, Espermaren frogarekin nahiz gabe eta Laga argi eta garbi uzten Poema hau ez da inolako baimena eta ez diet baimenik ematen Nire amari, nire aitari, irakasleei, FBIri, Hegoafrikari, Bedford-Stuy-ri, Park Avenue-ri, American Airlines-i, kale kantoietako alferrontziei eta autoetako nazkagarri iheskorrei
Ni ez nago oker: Nire izena ez dago oker. Nire izena nire, nire, nirea da eta ezin dizuet esan nork egin dituen gauzak horrela baina esango dizuet, hemendik aurrera, nire erresistentziak, (gure erresistentziak) egun eta gau dirauen gure ausardia sinpleak zuen bizitza har dezakeela ordainetan.
POEMA NIRE ESKUBIDEEZ |