Mundu mingotsa
Josef Škvorecký

euskaratzailea: Karlos Cid Abasolo
Alberdania, 1996

 

 

KOHN ERREAKZIONARIOA

 

K-ko Zdeñek Nejedly doktorearen eskolako
Vasil Krátky ikaslearen egunkari sekretutik

 

      Aldameneko etxera aldatu zen Isidor Kohn delako bat, eta laster bihurtu zen auzoko batzordearen ekintzaren helburu. Batzordeburua izateko ohorea gure aitak du, Josef Krátky kamaradak, K-ko Textilia e.n.[1] izeneko dendaren nagusiak. Honako Kohn hau katu beltz handi baten jabea zenez, igandero-igandero 3 koronako esnegain irabiatua erosten zion, leihoan elikatzen zuen (beheko pisuan bizi da), eta biziki asaldatzen zituen arratsero aurreko ezkipean eseri eta zigarroak errez interes publikoko problemak eztabaidatzen zituzten emakume kamaradak.

      Aitak, haien ordezkari gisa, Kohn bisitatu zuen, eta jokaera gaiztoa zuelako kargu egiten hasi zitzaion: “Zure jokaera, Kohn kamarada, mendebaleko jokaera da eta, beraz, erreakzionarioa. Mendebalean andre aberatsek esnegain irabiatuz elikatzen dituzte katuak; areago, badituzte animalientzako klinikak; baita, hau akabua hau, txakurren hilerriak ere. Han, behartsuak gosetzen diren bitartean, katuak jaki goxo-goxoz asetzen dira”. Kohn kamaradak erantzun zuen: “Gure herrian ez dago behartsu goseturik, ordea”. “Beraz, asetzen den katurik ere ez da izan behar”, adierazi zuen aitak, “guztia guztiarekin lotuta dago eta”. “Auzoko batzordeko emakume kamaradek, ezkipean esertzen direnek, zure jokaeraz ohartarazi naute, gure zailtasun ekonomiko behin-behinekoen garaiotan eskandalagarria delako”. Baina Kohn ozartu egin zitzaion: “Kamarada horiek egunero pakete oso bana erretzen dute, aste osoan guztira 30 korona gastaturik. Haietako bi, gainera, ezkutuan edateagatik dira ezagunak, eta baten alaba orain neska ardi-galduak hezteko institutuan dago. Ni, ordea, alarguna nauzu, ez dut edaten ezta erretzen ere, eta bozkario bakar dut astero ikustea nola katuak zanpa-zanpa jaten duen 3 koronako esnegain irabiatua”.

      “Eta ez zara lotsatzen”, ekin zion aitak, “edozein langilek bezala umeak egin eta seme-alabei gure mahai aberatseko esnegain irabiatua eskaini beharrean, katu xume batez jabetu izanaz?”. Kohnek, kontra egin nahirik, azalpena eman zuen: “Niri ez zitzaidan egokitu ume egitea, emaztea Birkenau kontzentrazio-esparruan gazterik hil zenez gero”.

      Eta aitak apalago adierazi zuen, berean bereago baina: “Hortaz, beste emakume bat hartu behar zenukeen, eta inola ez katu bat. Eta, hori gutxi balitz bezala, katua zikiratu zenuenez, ezin du umerik egin. Horren ondorioz, garapenaren ikuspuntutik izaki guztiz alferrikakoa bihurtu da, eta gure gizarteak ez du karrerarik aterako berarekin. Erreparaidazu neuri. Nik guztira hiru ume egin ditut, eta ume egiten segituko nuke, etxebizitzaren egoera kezkagarriarengatik ez balitz”.

      Kohnek berriro ozar adierazi zuen (eta honela bere iritzi ankerrak ezagutarazi zituen); “Niri maitagarriagoa zait neure katua zure haurrak baino. Zure alaba Margaret leku txit intimoetan dauzkan tatuajeengatik ezagutzen dute zoritxarrez, eta zure seme Adolfek, trauskilaren trauskilez, akabatzerainoko ostikoak jo dizkio arestian auzokoaren txakurrari”. “Nire semea”, sumindu zen aita, legez eta bidez, “mutiko gizartekoia da, kolektiboa, musikarako iaioa. Zu, ordea, jendeari itzurtzen zatzaizkio eta indibidualista haserregarria zara!”.

      “Zenbat eta jendea hobeto ezagutu, orduan eta maiteago ditut animaliak”, adierazi zuen Kohn atzerakoiak, eta orduan aitak ahotsa goratu eta adierazi zuen: “Orain agerian utzi dituzu errai antipopularrak. Animaliak jendearen kaltetan maite badituzu, kliniketan sendatzen diren txakurtxoen jabe diren andre haien mailan jartzen zara”. “Pentsamendu hori ez da nirea”, muzin egin zuen Kohnek, “Marxek esan zuen”. “Esan bazuen, Marx gazteak esango zuen”, eten zuen aitak, “baina geroago zentzatu egin zen”. Eta horretan oinarrituta, Kohn setatiak bere iritzi erreakzionarioetan burua lehengo lepotik zuela eta iritzi zuzenik irakatsi ezin zitzaiola oharturik, harengandik alde egin zuen. Gau hartan etxean hasperen egin zuen: “Tipo susmagarria, Kohn hori. Nola liteke bertoko 72 juduetatik bera izatea Protektoratuan bizirik iraun zuen bakarra? Ez ote da bitxia? Auzoko batzordeko emakume kamaradei aholkatu beharko diet Kohn horrena argi dezatela: gerran hain susmagarriro bizirik atera eta gainera, egun esnegain irabiatuz elikatzen du katu zikiratua”.

      Hala ere, Kohnen kasua handik gutxira konpondu zen. Igande batez, aitak pioneroen festa batean “Pioneroa, basoaren babesle” gaiari buruzko hitzaldia egin eta bertatik etxera gindoazela, Kohnen katu beltza bidera atera zitzaigun, lasterka, eta aitak zapata aurrerakoi dotoreen puntaz jo eta sabela urratu zion. Katuak txilio higuingarriak egin zituen; errepidearen erdian etzanda gelditu, eta geroago, nonbait, akabatu egin zen.

 

 

 

[1] enpresa nazionala. Garai hartako enpresa guztien izenei «e.n.» inizialak eransten zitzaizkien, nazionala ez zen enpresarik ez bazen ere.

 

 

Mundu mingotsa
Josef Škvorecký

euskaratzailea: Karlos Cid Abasolo
Alberdania, 1996