|
Mundu mingotsa
OSABA KOHN
Osaba Kohn aberatsa zen eta zorioneko bizitza zuen. Autoa zuen, Hadimrska modeloko Tatra markakoa, eta ia astero etortzen zitzaigun etxera, gure aita maite zuen eta. Aita eta biok haren enkontrura joaten ginen, eta gehienetan hiritik aski urruti aurkitzen genuen, jadanik iluna zenean, eta berak erreflektoreen argitan aise ezagutzen gintuen beti. Aurrena horizontean argia agertzen zen: muinoaren hegalpeko bestaldean errepidea biratu ahala zerua bizkor zeharkatu, eta gero kono zuri batean harrapatzen gintuen, ukabilean bezala. Zeharo itsutzen nintzen beti, eta izeba ez nuen ondo ikusten, musu samur eta belusezkoa eman eta eskuan bonboi-poltsatxo bat estutzen zidanean. Haren ahoari usain gozoa zerion beti, bizi-bizi pintatu ohi zuen eta. Horren beharrik ere ez zeukan, bestela ere oso ederra zen eta. Baina horrela are ederragoa. Osaba Kohnek baino hogei urte gutxiago zituen, alaia zen eta futbolaz senarra baino are zoratuagoa. Behin Prahara eraman ninduten, nazioarteko partidu batera, eta izebak iskanbila ederra antolatu zuen, arbitroak huts egin eta penaltia adierazi baitzuen Sparta taldearen kontra, eta izebak euritakoaz atzerritar bat jo zuen buruan, penaltiaz poztu zelako. Orduan poliziak atxilotu egin gintuen, baina berehala askatu gintuzten. Osabari, ordea, zerbait kostatu zitzaion, nonbait. Osaba fitxaketen bitartekaria zen. Prahan autozerbitzu moduko jatetxe handi bat zuen, baina hain zen alferra, non jatetxea errentan utzi, eta jabe-lanari ekin zion. Eta hala, gogait ez egiteko, bitartekari lanetan aritzen zen. Arratsaldero Paris izeneko kafetxean-eseri, atzerriko egunkariak irakurri, urrezko fitatik erre eta, beste bitartekari batzuekin, jokalarien salerosketan jarduten zuen. Gustukoak zituen juduen pasadizoak, bera judua zen eta. Eta gustatzen zitzaion jendeari amarru xumeekin adarra jotzea; adibidez, erakusleihorako bonboi gomazkoak eskaintzea, edonori hortzak apurtzeko modukoak. Edo barruan petardoak zituzten zigarroak: zigarro erdia erreta zegoenean, petardoak sudurpean txinpartaka hasten ziren. Edo intsignia arranditsua paparrean zeramala agertzen .zen, eta inork galdetzen zionean zer zuen hura, paparra aurpegian jartzen zion eta aurpegia urez blai uzten zion, zeren intsigniak azpian gomazko bixikatxo bat baitzeukan, eta bixikatxoa estutzen zuenean, ura intsigniatik zurrustadan irteten zen, galdegilea zipriztinduz. Izebak hamasei urte zituen osabaren ezagupidea egin zuenean, eta bost urte ibili ziren elkarrekin. Aitonak ez zien ezkontzen utzi nahi. Aitona antisemita zen, eta osaba judua. Izeba isil-gordean biltzen zitzaion hiritik kanpo, eta Prahara autoz joaten ziren, inork ikus ez zitzan, eta arratsean osabak Prahatik etxera eramaten zuen izeba. Baina egun batean, itzulbidean, motorea itzali zitzaien eta izeba berandu etxeratu zen. Aitonak aspalditik susmatzen zuen zer gertatzen ari zen, eta beraz izeba jo egin zuen. Izebak dena aitortu zion, eta aitonak gerrikoaz astindu zuen, izeba ordurako adin-nagusikoa izanik ere. Baina ez zen osabarekin sekula ezkonduko aitonak baimenik eman ezean. Ongi hezita zegoen; osabarekin ibiltzeari uzteko bezain ongi hezita ez, ordea. Aitonak azkenean baimena eman izana gure aitaren meritua izan zen. Izeba takigrafo zegoen aitaren banketxean, eta, lanetik irtenda, gure etxearen inguruko bidea hartzen zuen beti. Goialdean, ganbaran, gelatxo bat geneukan hutsik, eta gure aitak utzi egiten zien non bildu izan zezaten. Izan ere, aitonak egunero seietan etxean izateko agintzen zionez, Praharako joan-etorrian ez ziren garaiz ibiliko, ezta autoz joanda ere. Osaba Kohn gero autoa hiritik harantzagoko basoan utzi eta gure etxera etortzen zen, atzealdetik etorri ere, soroetatik gaindi, ekiloreen ingurutik atzealdeko atexkaraino. Izeba aurretik joaten zen, eta beti entzuten nion zurezko eskaileran gora, tipi-tapa. Han gero isilean egoten ziren elkarrekin. Halaxe egin zuten urtebetez, zeren aitonak —lehengo lepotik burua hark— ez baitzien ezkontzen uzten. Ulertzekoa zen izebak pizten zuen interesa; ederra zen, amaren aldetiko neska guztiak bezala. Baina Prahako judu aberats baten maitalea zela zabaldu zenean, poliki-poliki bakean utzi zuten denek, batek izan ezik: Albert Kudrnak. Mediku-ikasle zebilen, eta ahal zuen moduan saiatzen zen, loreekin alegia, eta loreekikoa alferrikakoa zenean mehatxuka hasten zen, bere burua hilko zuela, eta izeba ondorioz arras beldurturik zebilen beti, baina Kudrnak sekula ez zuen halakorik egin. Mutilak azkenik usnatu zuen nola izeba gure etxean osaba Kohnekin biltzen zen, eta aitonari gutun anonimoa idatzi zion. Kudrna oilo-bustia zen, berak lor ez zezakeena, besteri zapuzten zion beti. Gerra garaian Bandera Txekiarrean[1] sartu zen, eta Alemania nazian ikasi zuen; gero ezagutzak egin zituen Teuner doktorearekin, eta SS dibisio txekiar bat antolatu nahi izan omen zuen, baina kontuak ez zuen atarramentu onik izan eta ekialdeko frontera bidali zuten, SS dibisio arrunt batekin, eta handik ez zen itzuli. Aitonak osaba Kohn ekiloreen artetik zelatatzen zuen, eta arrats batean, osaba autoa ezkutatuta zeukan basora itzultzen ari zela, jazarri, lepotik eutsi eta garrasika hasi zitzaion: “Judu kiratsu halakoa, ito egingo haut!” Agian benetan itoko zuen, baldin eta une hartan gure aita bainugelan bizarra egiten egon ez balitz: bainugelatik ekiloreak ikusten ziren, eta garrasiak entzun zituenean, zegoen-zegoenean kanpora lasterka irten eta banandu egin zituen. Sukaldeko leihotik kirika egin eta ikusi nuen nola osaba Kohn, gorri-gorri eginda eta izerditan, lepoa haztatzen ari zen, eta nola aitona ere gorri-gorri eginda zegoen. Bizar zuriak aurpegian dir-dir egiten zion, San Nikolasi kotoizko bizarrak bezalaxe. Aita imintzioka ari zen eskuez, batean brotxa xaboitua helduta zeukala, eta gero hirurak, poliki, gari arteko soro-bidetik basoratu ziren, osaba Kohn okaran urdin koloreko gabardinaz jantzita, aita marradun alkandora lepokogabez, eta aitona ehiztari kapeluz, aitaren brotxa eskuan. Eguzkia bizkar gainera abailtzen ari zitzaien, ordurako arratsa baitzen, eta soroetan urruti desagertu zitzaizkidan, bidearen bihurgunean. Denbora batez temati segitu zuen aitonak, eta gero bat-batean ezkontza izan zen. Prahan izan zen, Paris hotelean. Eztei-tartaz pipa bezala bete nintzen eta ondoezik sentitu nintzen; ez nuen, bada, atarramentu onik atera ezteietatik. Izebak, soineko beigez. jantzita, oso ederra zirudien, oso gaztea ere bazen eta. Osaba Kohnek paparrean gardenia handi bat zeukan, eta oso higatua zirudien. Osaba ez zen heroi handia, nonbait. Behin harekin eta aitarekin izan nintzen Prahako jatetxe batean, eta gure mahaiaren ondoan jende aldra bat zegoen eserita, ilea prusiarren modura moztuta. Barrua berotzen ari ziren eta handik laster mozkortu egin ziren. Hogeita hamaseigarren urteko udaberria zen, ezkontzatik hiru hilabetera edo. Osaba urduri zegoen eta aita ere aztoraturik zebilen, horretaz konturatu nintzen, askorik ulertu ez arren. Unibertsitateko ikasle alemaniar haiek kantatzen hasi ziren: Fest steht und treu die Wacht am Rhein[2]. Ikusi nuen osaba gero eta urduriago zegoela. Ikasleetako batek, gutaz ohartuta, osaba judua zela nabaritu zuen, eta handik gutxira kantatzeari utzi ziotenean, deiadar egin zuen: Es lebe Adolf Hitler![3] eta kirika egin zigun zer esango ote genuen. Osaba Kohn gorritzen eta izerditzen ikusi nuen. Ez nuen ulertzen. Ikasleek beste zerbait kantatu zuten, eta bukatu zutenean, osaba judua zela ohartu zenak berriro oihukatu zuen: Die Juden ‘raus[4]. Osaba Kohn altxa egin zen eta, gorri-gorri eginda, harengana hurbildurik esan zion: Mein Herr[5], baina ez zen harantzago heldu, zeren ikaslea barre algaraka hasi baitzen: osaba bultzatu zuen, eta hark kulunka egin zuen eta, blaust, aulkian erori. Die Juden ‘raus! oihu egin zuen ikasle alemaniarrak berriz ere, baina gure aita gainera joan, eta zipli-zapla eman zion. Ikasleari ahotik zerbait erori zitzaion —gero ikusiko genuenez, hortzordeak ziren—, eta ernegaturik zizaka hasi zen. Gainerako ikasleak batera altxatu eta aitari oldartu zitzaizkion. Osaba Kohnek niri besotik heldu eta kanpora ihes egin zuen nirekin. Espaloian oihuka hasi zen: “Polizia”, izkinan udaltzaina agertu zen, eta osabak barrura bidali zuen. Aita komisariara eraman zuten ikasle alemaniarrekin batera, baina osaba atzetik joan zitzaion eta berehala askatu zuten. Osabak Prahan errentako eraikin oso bat zeukan, eta bertan zortzi gelako etxebizitza handia. Bi gelatan, ordea, haren arreba bizi zen, andrazko ezkongabea, osaba baino hamabost urte gazteagoa. Ile beltz motza zuen, gizon baten antzera, eta gehienetan gizonezko prakak janzten zituen. Osabak esaten zuen hura zela familiako ardi beltza. Komunista zen eta poliziak askotan atxilotzen zuen, istiluak sortzen baitzituen manifestazioetan. Baina guztietan berriz ere askatu egiten zuten. Egun batean, osabarenean bisitan nengoela, bere gelara gonbidatu ninduen. Bertan jaun bat zegoen, alkandora zuriz jantzita, tenisetik etorri berria balitz bezala. Hortz zuriak zituen eta etengabe egiten zuen irribarre. Izeba metro erdiko fitadun zigarro more bat erretzen ari zen, gizonari “Juliotxo” deitzen zion eta edalontzian ardoa botatzen. Gero gizonak esan zidan: “Hi, mutiko, zer izango haiz handitzen haizenean?”. —Banketxeko zuzendari —esan nuen. —Ordurako iraultza izango duk —esan zuen izebak—, eta hi, burgestxo, garbitu egingo haute. Adi-adi begira neukan, begi beltzez, eta ni izutu egin nintzen, eta ez nekien zer esan nahi zuen garbitu hitzak, baina ez nuen galdetu, beldur nintzen eta. Eta halako batean alkandora zuridun jaunak esan zuen: —Ene bada, Paula —eta niregana bueltaturik, esan zidan—: Beraz, banketxeko zuzendaria izan nahi duk, gaztetxo horrek? —Ez —esan nuen, eta beldurrak airean begiratu nion—. Urpekaria —esan nuen, eta alkandora zuridun jaunak barreari ekin eta esan zuen: —Hori ezberdina duk. Lanbide zintzoa duk hori —eta barre egin zidan, eta barrez txapaka egin zion izebari bizkarrean, eta izebak ere barre txiki bat egin zuen, eta ni jadanik ez nintzen beldur, jaun hura barrez ari zela ikusita. Hitler etorri zenean, izeba Paulak mugaz haraindi ihes egin zuen, eta ez genuen berriz haren berririk izan. Gerra ostean ez zen itzuli. Osabak erbi-txakur zahar bat zuen, begietako gaitz larria zuena, baina osabak Vienako txakur-eritetxe batera eraman eta ebakuntzaz geroztik txakurra sendatu egin zen. Alfonbra lodietan barrena gelaz gela ibiltzen zen, hankatxo makurtuez zorua zapaldu, buruaz imintzioak egin eta arnasa hartzen zuen. Edonorengana iritsi, usnatu, eta aldi berean begietara so egiten zion, aholku eske bezala. Nork ere bonboirik edo salami puskarik ematen baitzion, harena zen; ogirik ez zuen jaten. Beti burukoan egiten zuen lo, sutondoan, eta inork ez zion inoiz zaunkarik entzun. Beti pentsatu izan dut mutua zela.
Martxoaren hasieran, ezkontzatik hiru urtera, osaba Kohn bat-batean alborengoaz gaixotu zen. Logelan zetzan eta harekin izeba zegoen, eta ni gelan esertzen nintzen aitarekin, eta ikusten genuen nola barrura oxigeno-bonba sartzen zuten. Osaba hil aurretik, izebak ere harrapatu zuen alborengoa. Osaba hil zen, eta hiru egunen buruan izeba ere ozta-ozta arnasa hartzen zuela hasi zen. Ama ohe alboan esertzen zitzaion, ni zutik, eta aitari begiratzen nion, amaren atzean zutik zegoen, eta aurpegitik malkoak zerizkion. Izebak ere egiten zuen negar, eta isilka eta atsekabeturik zioen: “Paulo! Paulo!”. Hala zen osabaren izena. Gero bonba ekarri zuten eta gero hil egin zen. Nik ere egin nuen negar, baina aitak egin zuen negarrik gehien. Inoiz ez nion entzun halako negar saiorik egiten. Gauean erbi-txakurra uluka hasi zen. Gonbidatuen logelan egin nuen lo, aitarekin, zeren eta izeba arratsean hil zen, eta aitak goiz-goizean atondu nahi zuen ehorzketa. Erbi-txakurrak ulu egiten zuen, eta etxebizitzaraino iristen zen ileak lazterainoko burrunba. Aita lo zegoela sentitu nuen. Bat-batean, ohetik altxatu eta bata janzten hasi zen. —Nora zoaz, aita? —galdetu nion. —Lo egik —esan zuen aitak, baina ni, ohetik jaiki, eta aitarekin ezkaratzean zehar ilargiak argitzen zuen lekura joan nintzen, izeba hilik zetzan gelara, alegia. Ilargiak ohearen aurreko alfonbra argitzen zuen, eta haren gainean erbi-txakurra zetzan, kexu. Kexu eta kexu ari zen, eta ni alboan kokorikatu nintzaion eta burua laztantzen hasi, baina txakurtxoak kexuka segitzen zuen, negar-zotinka. Haren buru txikiko iletxo leun motzak laztandu nituen eta txakurtxoa kexu zen, eta gero, bat-batean, hipatu eta etzanik gelditu zen. Nire eskupean azkar zurruntzen ari zela sentitu nuen. Hil egin zen.
Gero, hurrengo urteetan zehar, askotan oroitu nintzen txakurtxo hipatsu hartaz. Zergatik ere ez dakit. Biharamunean martxoaren hamabosta zen, eta alemaniarrak Prahan sartu ziren. Osaba-izebak errausketa-labean erre zituztenean, oso jende gutxi joan zen hiletara, izeba Paula mugaz bestaldean zegoen eta etxebizitzaz Gestapoa jabetu zen. Eta nik etengabe entzuten nuen izebaren dei tristea: “Paulo! Paulo!”, eta banekien den-dena betiko amaitua zela.
1957
[1] Nazien okupazio garaiko erakunde faxista txekiarra (Itzultzailearen oharra, liburuko guztiak bezala). [1] Tinko eta fidel dago zaingoa Rhin ibaiaren ondoan. [1] Gora Adolf Hitler! [1] Juduak kanpora! [1] Jauna.
Mundu mingotsa |