Mundu mingotsa
Josef Škvorecký

euskaratzailea: Karlos Cid Abasolo
Alberdania, 1996

 

 

KUKUAREN ISTORIOA

 

      Kukuaren istorioa ez du inork ezagutzen. Eta agian istorio hau gertatu ere ez da egin eta kondaira soila da, mitoa. Bertan errealismoa bilatzen duenak egiazkotasunik eza aurkituko du. Baina istorio honetan kontua ez da errealismoa. Izan ere, gerra ez al da fantasmagoria errealitatea bainoago, eta, errealitatea baldin bada, jende erreala al gara gu? Eta gerra posiblea denez, ez al da posiblea kukuaren istorioa?

      Jakina, Sara Abelesek ezagutzen du istorioa (Israelen biziko da hura, bizitzekotan). Adele Rittenbach andre zaharrak ere ezagutu zuen, dudarik ez, eta baita Leo Feldek ere, baina bi horiek mundu honetako aldia egin zuten; Leok hor, 1943-1945 urte bitartean noizbait, auskalo non, auskalo nola; Adele Rittenbach andreak 1945. urtean, K-ko zaharren egoitzan. Rittenbach andre zaharra urtetan ibili zen lanean, Husa jaunaren etxean giltzari. Husa jauna Arpád Ohrenzug textil en gross & detail enpresako arduraduna zen, B-ko Tilda Schröder alemaniarrarekin ezkondua. Rittenbach andrea Tildaren ondasunen zati bat zen, izan, Tilda jaio baino zenbait hilabete lehenago sartu zen schrödertarren zerbitzura, eta harrezkero han erdi neskame erdi haurtzain ibili zen; aita menditarra zuen, ogibidez ehulea, eta horrenbestez txiki-txikitatik zegoen lanera ohiturik. Alemaniar peto-petoa zen, eta nire oroimenean bizi da oraindik, Bavariako soineko berde batez jantzirik eta erosketa-poltsa handia eskuan: izan ere, goizero esne-saltzaile, harakin eta jaki-saltzailearengana joaten zen, eta han, bere ahots alemaniar burrunbatsua gorabehera, txekieraz mintzatzen zen, kabareteko komikilariek publiko geldiari barre eragin nahi diotenean erabiltzen duten bezalako txekieraz: “Ni alemaniar naiz baina ni ez ikasiko dut txekiera santa sekulan”.

      Husa jauna, ordea, familia txekiar garbitik zetorren. Sudur harroa zuen, aurpegi biribila, arduraz bizar-moztua, xveiktarra, eta ile kizkurra. Aita juduen hilerriko ehorzlea zuen, eta Husa jauna ahaleginez aritu zen gaztetatik Ohrenzug jaunaren handizkako tela-saltokian, non aprendiza izatetik laguntzaile eta geroago dendako arduradun izatera pasatu zen. Bazekien, prestidigitadore baten antzera jakin ere, bere esku guriez salmahaian liho-erroiluak iraultzen, eta prest zegoen beti gabardina-ehun erroilu neurrigabeak denda aurrera ateratzeko, eroslea egun argitan konbentzitu ahal izan zedin tonalitate desiratuaz eta kalitate egokiaz.

      Hori guztia denbora jakin batera arte.

      Sara Abeles eskolatik ezagutzen nuen. Ederra zen, ilebeltza, begibeltza, eta S.K.K. klubarekin tranpolin-jauzietan eta bizkar-igeriketan lehiatzen zen. Nik hamabost urte nituenean eta berak hamazazpi, harekin gustatuago egoten hasi nintzen K-ko beste neska ederrekin baino. Ni baino bi urte zaharragoa zen, ordea, ez zitzaion jazza interesatzen eta Leo Feldekin ibiltzen zen, crawl-igeriketako ehun metroetan herrialdeko txapeldun baitzen.

      Eta hori gutxi balitz bezala... nik hamabost urte nituen 1939- urtean.

 

 

      Urte historiko horrek K hirixkara ekarri zituen aldaketarik deigarrienen artean, dudarik gabe nagusienetako bat da Husa jaunari gertatu zitzaion metamorfosia. Sudur harroaren azpian, halako batean, bibotetxo beltz bat hazi zitzaion, Führeraren eta Reicheko kantzelariaren bibotearen oso antzekoa, eta Führer hori Husa jaunaren Führer ere bihurtu zen. Ile kizkurrak bizar-makinaren biktima erori ziren, eta hartatik iletxo zehatz prusiarra gelditu zitzaion. Haren begi adeitsuen inguruan espresio militar zorrotza osatu zuten zimurrek, bizkar makurra arteztu zen eta ahotsaren soinua zorrozten, lazten eta zakartzen hasi zitzaion. Izenaren ortografia ere aldatu egin zuen: u”-aren gainean bi puntutxo agertu ziren, eta bukaerako “a”, inondik ere linguistikoa ez zen arau baten arabera desagertu zen. Laburbilduz, Husa jauna Herr Hüsse bilakatu zen, dendako arduraduna treuhänder bihurtu zen, eta morroien adiskidea Horst Hermann Kühl regierungskommissar jaunaren, Hüneke jaunaren eta gure ikastetxeko zuzendaria zen Czermack jaunaren adiskide bilakatu zen.

      Aldaketa horiek guztiak ametitzeari uko egin zion Ruda Husak, nire lagun eta ikaskideak. Egia da nortasun agirian herritartasun txekiarra kendu eta alemaniarra jarri ziotela, baina berak azterketa-koadernoetan tematsu segitzen zuen bere asaben izenaz sinatzen, eta azken batez alemanez hitz egiteari uko egin zion hizkuntza alemaniarreko eskoletan. Jakina, adin-txikikoa zen, eta halatan bere gogoz kontra B-ko ikastetxe reich-alemaniarrera bidali zuten. Ideologia klasean Reicheko mariskalaren kontrako irainak bota omen zituen. Orduan, heziko bazen, Munichera eraman zuten, eta azkenik haren ardura pedagogikoa Reicheko botere militarrari eman zioten, zeinak, dudarik gabe, harekin nola konpondu jakin zuen. Nola, jakina, ez dakit. Ruda ez zen itzuli K-ra. Oro har, jendeak patu bitxiak izan ohi ditu gerra garaian.

      Rittenbach andre zaharrak, une jakin batetik, etxe barruko giltzape-zigorra jasan zuen Ruda zela eta. Izan ere, Herr Hüsse suminduak seme alferrikaldua Munichera bidali zuenean, esnedendan ondoko esaldia bota zuen andre zaharrak: “gure alemaniarra hori, hori ez da batere ez alemaniarra, der ist für mich ein ganz gemeiner Nazi!”[1]. Rittenbach andreak oso ozenki baino ez zekien hizketan, eta esaldia laster sartu zen K hirixkako zirkulu reich-zaleen ezagutzan. Garai hartatik erosketak egitera neskame txekiarra joaten zen —treuhänder batek, jakina, bi neskame edukitzeko adina irabazten zuen— eta Rittenbach andre zaharra etxeko lanetara mugatu zen.

      Aipatu lanei, 1940. urteko udaberrian, ustekabean gehitu zitzaizkien haurtzain-eginbeharrak. Führerak garai hartan gizonezkoak eskatzen zituen, eta Hüsse parteigenosseak[2] eta emazteak, Führeraren deiari men eginez, urte askoren buruan, beste seme bat izan zuten, zeinari, aita-besoetakoa izan zen Kühl regierungskommissäraren arabera, Horst izen reich-alemaniarra eman zioten.

      Garai hartan Sara Abelesek ere... Baina hemen jadanik baliteke kondaira soila hastea, mitoa. Eta gertaera objektiboak kontatzeari utzi aurretik, seguraski hobe izango da beste nonbaitetik hastea.

      Oraindik zenbait hitz esan behar dizkizuet Tilda Hüsse, ezkongabetan Schröder deitura zuenari buruz. Ez dakit ez ote zen, bere moduan, femme fatale horietakoa; Hüsse jaunaren alemaniartze bat-batekoaren atzean, hura ez ote zegoen. Jakina, ez dut gogoratzen haien ezkontaldiaren hasiera, 1920. urtean ezkondu ziren; ni jaio baino lau urte lehenago, beraz. Niretzat Tildak ilehori gotor garaia izaten segitzen du, bere ahots alemaniar bitxi ozenagatik ezatsegina. Rittenbach andrea ere ozenki mintzatzen zen, baina Mutter Courage zaharraren ahotsa zuen. Tilda Schröderren ahotsa harroxkoa zen; emakume alemaniar ondo elikatu eta arazoz larritu gabeko baten ahots zizkolatsua; K-ko bertoko BDM[3] taldea osatzen zuten bospasei neska alemaniar zoritxarrekori zorrotz agintzen zien ahotsa. Eta Frau Tilda BDM elkarteko leiterin[4] edo führerin[5] ezezik, K-ko ekintza alemaniar guztien arima ere bazen. Ekintzok hasieran pobre samarrak izan ziren, zeren K-n guztira zortzi familiak baino ez baitzuten herritartasun alemaniarra eskatu, baina gerrak aurrera egin ahala nabarmenki bizkortu ziren, hirixkan Hermann Göring zeritzan SS dibisioko infanteria-erregimentu bat ezarri zutenean: haren atzetik, erleak eztiaren atzetik bezala, karabana bat hiriratu zen, juduen etxebizitza hoberenez eta txekiarren lanpostu erraz errentagarrienez jabetuko ziren familia alemaniarrez osatua.

      Baina lehen, aspaldian, Tilda ez zen horrelakoa izan ohi. Antzina mädel[6] alemaniar masaila-gorria omen zen, lotsatia eta ondo hezia, txekiar batekin ezkondu ostean senarraren ama-hizkuntza gogotik ikasten hasi zena.

      Nik, ordea, sekula ez nuen Frau Hüsse txekieraz mintzatzen entzun. 1933- urteaz geroztik utzi omen zion txekieraz egiteari, Führera, hainbat mädel masaila-gorri lotsatiri bezala, berari ere erotiko-ideologikoki eragiten hasi zitzaionean. Eta mendebaleko eslaviarren hizkuntzatik noizbait ikasi zuena, bere arima hotz sudetetarraren sakontasunean ezkutatu zuen, eta inoiz ez zuen txekieraz zekienik aitortu.

      “Ach, die Tilde”[7] fidatu zion behin, artean gerra hasi gabea zela, Rittenbach andre zaharrak nire amari, “Die ist schon ganz verrückt[8]. Badakizu, andrea, lotara baino lehen erretratu hori musukatzen duela? Zerarena da, wie heisst der Kerl[9], Adolf Hitlerrena? Na was sagen Sie dazu?[10] Normala ote da hori?”.

 

 

      Hura zen hura, Rittenbach andre zaharra! Egia esan, kukuari buruzko egia argitzeko giltza zehatz bakarra harengandik jaso nuen. Garai hartan, Hüsse jauna artileria antiaereoko tiratzaile zegoen, Hanburgoko inguruan, eta andre zaharrak horregatik zeukan berriro kalean agertzea. Baina lehen berritsua bazen, lehen K-ko jaki-dendetatik bere txekiera kabareteroarekin arraboska bazebilen, oraingoan isila zen, inorekin ez zuen hitz-asperturik egiten, hirixkan barrena ibiltzen zen, Bavariako soineko berde higatu batez jantzita, eta aurrean bultzaka zeraman haur-kotxea, eta barruan Horst. Horst aulkitxoan belauniko joaten zen, munduari so, haurtzainari alemanezko esaldi ulertezinak txilioka, eta haurtzainak ahapeka erantzuten zion. Frau Hüssek, amak, ez zuen Horstentzako betarik. Orpotik tiraka zebilen Reichnren garaipenaren alde, Arbeitsamten[11] arduradun, edo agian baita Volkssturmen[12] buruzagi ere, zeren gerraren azkenaldia baitzen.

      Eta, hala, Rittenbach andre zaharra aurkitu genuen, tren-geltokiaren atzeko bidean, hobeto esanda kotxetxo abandonatua aurkitu genuen soilik, Horst barruan zela, jaki-dendaren aurrean aparkatuta. Horstek ahabi-ale helduegien gisako begiez so egin zigun, harriturik, eta hatza sudurrean sartu zuen.

      —Begira —esan zuen Benny-Premak, gure musika-taldean klarinete altua jotzen zuenak—, hori Husa gaztea duk, ezta?

      —Horst Hüsse —esan nuen—. Ruda Husaren anaia. Jainkoak betiko atsedena emango ahal dio Rudari.

      Benny-Premak interesaturik begiratu zion haur ilebeltzari.

      —Ba, ez dik anaiaren antz handirik —adierazi zuen—. Begi horiek, ile hori buruan... zeraren antza dik...

      Orduan dendatik Rittenbach andrea atera zen.

      —Egunon —agurtu genuen, eta nik, aiko-maiko, esan nuen:

      —Hemen gaude Rudaren anaiari begira.

      Andre zaharrari, niri behintzat hala iruditu zitzaidan, dir-dir jarri zitzaizkion begiak.

      —Ja, ja —esan zuen—, Der arme Rudi[13]. Zertan ote da orain hura!

      —Badakizu haren berri? —galdetu nuen. Andre zaharrak ezezko keinua egin zuen buruaz.

      —Dago ekialdeko frontean. —Gero erantsi zuen, ahotsean ironia zeharo nabarmena zuela—: Er kämpft für den Fuja und Vaterland[14].

      —Beno ba —esan nuen—, eta hauxe du, beraz, anaia.

      —Ba, alemaniar itxurarik ez du, Rittenbach andrea, ez arraza garbikorik bederen —adierazi zuen Benny-Premak, eta andre zaharrari konspiratzaile behatu zion. Andre zaharrak begi lausotu hezez Benny-Premari begiratu eta, ezbai labur baten ondoren, esan zuen:

      —Baina ez da alemaniarra ere ez —eta gero berriro dudatu bezala egin zuen, hala iruditu zitzaidan behinik behin, eta ahapeka esan zuen—: baina ez txekiarra ere ez.

      —Nolatan hori? —galdetu nuen, baina jaki-dendako atean jendea agertu zen, eta Rittenbach andreak berehala egin zuen agur.

      —Amona horrek oso serio hartzen dik dena —aldarrikatu zuen Benny-Premak—. Egingo nikek gerra ostean Ruda bueltatuz gero, Horst txekiar peto-petoa izango dela.

      Une hartan ez nuen susmatzen Rittenbach andrearekin topatze hark egun batean kukuaren arrastora eramango ninduela.

      Baina, egia esan, zertarako? Zer axola du horrek egun?

      Ruda, esana dudan bezala, ez zen inoiz itzuli, eta bere anaia Horst auskalo non harrapatu zuen gerra bukaerak. Hüsse jauna Dresdengo aire-erasoan erori omen zen, 1945. urteko udaberrian, eta Frau Tilde K-tik aienatu zen Armada Gorria iritsi baino zenbait egun lehenago. Hilabete lehenago edo, Wirtenberg hiriko ahaide batzuengana bidali zuen Horst, inork ez zuen jakin nortzuengana, eta inor ez zen interesatu ere egin.

      Inor ez? Norbait bai. Izan ere, norbaiti axola zion Hüsse alemaniarraren familiaren patuak. Ez zenukete asmatuko. Sara Abelesi.

 

 

      Bai. Niri zeharo argi zait. Baina baliteke nire fantasia baino ez izatea. Izan ere, Rittenbach andreak Sara maite zuen. Eta Sararen ama, zeinak jatorria Vienan zeukan eta txekiera, Rittenbach andreak baino hobekixe, pixka bat lardaskatzen zuen, Tilda Husaren lagunik minena izan omen zen gaztetan. Guztiz ulergarria zen: K-n soilik zortzi bat familia alemaniar bizi ziren, eta haietako bost Hadrnitse auzoan; izan ere, dendako arduradunaren emazteak ezin zekakeen haiekin harremanik izan. Jakina, Vienako gazte batekin adiskidetu zen, zeina hango Prater parkeko eta Am Graben kaleko gozotegietako pasadizo mordoa baitzekien, eta, hala, Rittenbach andre zaharrak, Ruda ezezik, askotan Sara ere eduki ohi zuen bere ardurapean.

      Emakume eta ama gazteon bizitzan, noski, interes politiko-nazional gorenagoak tartekatu ziren: Frau Tilda profesatzen hasi zen ideologia berri bat. Joanak joan. Memoriak huts egiten ez badit, jadanik ez zegoen adiskidantzarik Tilda eta Alizia Abelesen artean, eta Alizia 1936. urtean zorionez hil zenean, Tilda ez zitzaion ehorzketara ere joan.

      Rittenbach andre zaharra bai, ordea, eta haren negar menditar ozena gertaera errukarri horren kontrapuntu errukarria izan zen. Gero Abelestarren sukaldera gonbidatu ohi zuten, Reichak K hirixka mendean hartua zuen lehenengo urteak arte. Harik eta esnedendan esaldi zorigaiztoko hau zabaldu zuen arte: “Gure alemaniarra hori, hori ez da batere ez alemaniarra..

      Eta Sarari, inoiz gertatu ohi denez, neurri bateraino ama ordezkatu zion, edo apika izeba, edo apika haur asoziazio hutsagatik Alizia Abeles gogorarazten zion, gazterik hil eta Sararen kontzientzian neskame zaharraren aurpegi onberarekin nabarmen lotuta gelditu baitzen. Apika horregatik ez zen hain harrigarria izan 1945. urteko ekainean gertatutakoa: Sara K-ra itzuli zen —bere familiako beste inor ez, ordea—, eta alemaniar zahar abandonatu harengana egin zuen aurreneko bidea.

      Andre zaharra udal erruki-etxean zetzan, garun-isuriak astindurik, eta K-ko zenbait ultrarradikalek adierazi zuten ea zertan ari zen alemaniar hura establezimendu txekiar batean. Horregatik, bere familia osotik bera bakarrik itzulirik, Sara Abelesen jokaerak ez zuen, hirixkako damen begietan, onespenik lortu; batez ere, zabaldu zenean Sara andre zaharrarekin aleman hutsean mintzatu zela bisitaldi osoan.

      —Begira zer egin zuen Hitlerrek juduekin. Eta hala ere, ez diote alemanez egiteari uzten —xuxurlatzen zuten dama abertzale haiek, sumindura nazionalak jota. Baina Sararen bisitatik pare bat egunera Rittenbach andre zaharra hil egin zen, eta hala berak bakarrik konpondu zuen K-ko ultrarradikalen arazo gaitza. Haren ehorzketan, baldin eta horri ehorzketa deitzerik badago, ez zen, jakina, inor izan. Ezta Sara ere. Zeren erruki-etxeko solasaldia bukatu orduko Prahara alde egin baitzuen. Prahan topatu nuen, hain zuzen, halabeharrez topatu ere, kukuaren hurrengo —eta azkenengo— arrastoa. Hori, noski, handik urteetara izan zen, 1952. urteko udazken ilunean, eta Rebeka aipatu behar dut.

      Nor zen Rebeka? Hiri handietan dauden neska horietakoa zen (“zen”? Dagoeneko ez “da”?). Bakarra. Prahako erdialdean, Bidegurutze izeneko kalean, gela bat zeukan, oso ederra, batik bat euria ari zuenean. Ederra, halaber, sofan etzaten ginenean, iluntasunean, portzelanazko Budaren aurpegi berdez pintatuan kaleko semaforoen dirdirak txandakatzen zirelarik, gorria, laranja, berdea, gorria, laranja, berdea...

      Haren gazela-begi goibeletan edonork irakurriko luke bizitzak eta heriotzak sortutako tristezia, beldur eta larritasun guztia, baldin eta Rebekak zuzenean Salomonen kantatik saltoka atera dela irudiko ez balu. Horrenbestez, tristezia hari jendeak ez zion askorik erreparatzen; bestalde, begi haien distiraz, beirazkoa zirudien tristeziak; dirdira hezean argitxo erotikoak txinpartatzen ziren, eta Rebekaren xarmak gogo-betegarriak ziren: bularrak bi oreinkume bikiren gisakoak zituen, eta Prahako pintore, kirolari errekordun, poeta, musikari eta neronen moduko irtirin gehiagok ikusi zizkioten, halako neska baten ospeari komeni litzaiokeen baino... eta ni izugarri jeloskor nenbilen.

      Egia esan, niri adar bildu ere ez zidan egiten; poliandria zen niretzat egoera normala. Kontua zen nik ez nuela onartzen. Arrosa sarondar hura eduki nahi nuen, neuretzat bakarrik eduki, sei edo zazpi hilabete, huraxe baitzen adin hartan eskuarki maitasunak irauten zidan denbora, baina —eta hori ez nekien, tentela bainintzen— heriotzaren hurbiltasunak eta segundoen hankatxo ibiltariek izutzen zuten Rebeka. Ez zeukan betarik bizitzaren sei edo zazpi hilabete baliotsu saxofoijole txar bati esklusiban eskaintzeko, batez ere kontuan harturik nire saxofoijole-izaera hogeita zortzi urteko gautxori bati zegokiola.

      Eta arrazoi zuen; beharbada jakin bazekien hori, susmatu bainoago, halakoxea zen Rebeka. Izen hura ere ez zuen berea; hala esaten zion bere buruari, besterik ez. Eta nik, jelosiaren jelosiaz, desleialtasun-zantzu bakoitza miatzen nuen, eta baita, nola ez, harrapakin ederra lortu ere, eta gero iskanbila antolatzen nuen. Hura jotzen saiatzeraino iritsi nintzen, baina alferrik, su eta gar borrokatu baitzen.

      Baina agian pittin bat besteak ez-bezalakoa nintzen, izan. Zeren nirekin bai baitzekien tristea izaten. Eta hala gertatu zen egun batean, 1952. urte iluneko Gabonen aurretik. Oso-osorik bizi izan zuen azken urtea izan zen. Euria ari zuen, kaleko farol batek gela argitzen zuen, eta Rebeka bainugelan zegoen. Idazmahaian bazegoen liburu bat, eta barrutik gutun baten muturtxoa azaltzen zen. Jelosiak ezproikatu egin ninduen, eta apurka atera nuen hegazkin-postaz bidalitako gutuna. Sinadura jausi zitzaidan aurrena begietara, eta jelosia lasaitu egin zen, zeren beheko ertz batean, estu-estu idatzitako orrialdetxoaren azpian, ondoko hitzak baineuzkan begira: Sarah Abeles, Jerusalem, helbidea eta zenbakia.

      Etsipenezko sentsazio masokista samarrarekin lotutako arindura sentituz, hitz haien, izen haren esanahia ez nuen harrapatu. Gutuna berriro sartu nahi izan nuen, baina bat-batean asoziazio batek argitu zuen urteen axolagabetasunak lurperatutako memoriaren putzua, eta nik han ikusi nuen Sara Abeles, bainujantzi beltz busti batez jantzita, K-ko igerilekuko tranpolinaren gainean, eta gero haren gorputz beltzarana, urazalean gaindi urrez eta urdinez hegaka, airean iruditxo bizi estetikoak marraztuz.

      Gutuna arin atera eta, sukarrak jota bezala, orrialde erdiko esaldi bat irakurri nuen, saltoka, zeren kolpetik irakurri nahi bainuen gutunean zegoen guztia.

      Patuak hala nahi izan baitzuen, esaldi bakar bat irakurri nuen, hobeki esanda, bi esaldiren txatalak: ...nuen heriotza hark mendeku zaporea izango zuela, eta, aitzitik, sufrimendu bikoitza izan zen niretzat. Eta honenbestez badakit odola ezin dela seme-alaben gainera erori, eta gizakiak ezin dituela gorrotatu erruga... baina orduan bainugelako atea karrankatzen hasi, eta Rebeka sartu zen.

      —Zer ari haiz irakurtzen? Uztak hori! —esan zidan, zorrotz, larderiaz; erbinude bat bezala oldartu zitzaidan eta gutuna erauzi zidan eskutik—. Milaka aldiz esan diat nire gauzetan muturrik ez sartzeko.

      —Barkatu, barkatu —esan nion—, agerian zegonan gutun-mutur bat, eta sinadura hori ikusi dinat.

      —Are eta arrazoi handiagorekin. Bahekien ez zela mutil batengandikoa, hortaz uztak gelan. —Rebekak, ernegaturik, gutuna kutxa txinatar bernizatuan sartu zuen, zeinaren giltza lepo inguruko urrezko idunekoan eramaten zuen. Denek xelebrekeriatzat jotzen zuten hori, baina batek jakin.

      —Hik Sara Abeles ezagutzen huen? —galdetu nion.

      —Hik ere bai? —bueltatu zitzaidan.

      —K-koa zunan, ezta?

      —Bai.

      —Ezagutuko ez ninan ba. K-ko sex-symbolaesan nion zinikoki.

      —Utzi agudezia horiek —eten zuen Rebekak, harritu ninduen hoztasunaz, nahiz beste batzuetan halako gauzek ez zioten batere axolarik.

      —Barkatu —esan nuen—, baina nik ondo gogoratzen dinat. Filmetako pertsonaia zirudinan. Umea eduki zinan Leo Feldekin. Garai hartan K-n hori zeharo bitxia zunan, 1940. urtean, eta ume judua. Terezínen galdu zinan, ezta?

      Rebekak bere begi ederren zartailuaz astindu ninduen. Muzin egingo bailuen.

      —Auschwitz-en —esan zuen—. Ume judu ilehori bakarra izan zuan Terezín osoan. Inoiz ikusi duk judu ilehoririk?

      Ez nuen ulertzen galderaren zergatia.

      —Zergatik ez? —esan nuen—. Esaterako, Arnoxt...

      —Baina Sara eta Feld ezagutzen hituen, ezta? —hartu zidan aurrea.

      Kontuan erori nintzen, eta kontuan erortze hori txistua joz adierazi nuen. Hogeita zortzi urte nituen, noski, eta ez nekien tutik ere benetako maitasunaz eta emakumeen egiazko izaeraz. Txistuka hasi nintzen.

      —A, bai, hik esan nahi dun Sarak ez zuela Feldekin eduki.

      —Ez ba —Rebekak berriro egin zuen muzin—, ez nuen hori es...

      Orduan txirrina jo zuten. Rebeka aztoratu egin zen eta galdetu zuen:

      —Zein egun da gaur?

      Galdera ezlogikoa iruditu zitzaidan, geroxeago arte ez nuen ulertuko guztiz logikoa zela: oroitu nintzenean Rebeka ahanzkorra zela, hainbat ezagun zituela, non... geroxeago arte, jeloskor eta laidaturik, T-Klubera aitzur ederra harrapatzera joan nintzenean.

      Izan ere, ate atzean, limurtzaile eta alai, neguko arrosa bitxizko sorta bat eskuan, Jan Vrchtsolák poeta ospetsua zegoen, biharamuna arte, —osteguna—, etorri behar ez bazuen ere, hain justu nik txangoan egon behar nuenean; baina Rebekak buruan beti zituen milaka gauza batera, eta dena nahastu zuen.

      Beraz, ez genuen egun hartan bukatu Sara Abelesi buruzko solasa. Horren ordez, egoera trabagarria sortu zen gu hiruron artean: Vrchtsolák, Rebeka lotsagorritua, eta ni, karramarro egosien kolore ezin ederragoa aurpegian. Eskerrak kinka larri osoa T-Klubeko mozkorraz konpondu nuen.

      Sarari buruzko solasa ez genuen sekula bukatu, zeren handik gutxira Rebekak alde egin baitzuen.

 

 

      Eta, egia esan, hura ez zen izan kukuaren azken arrastoa. Bere atzean utzi zituen arrasto gutxi haietarik azkena, halabeharrez nire eskuetan erori zen foileto batean atzeman nuen. Arestian gertatu da hori: Sara Abeles Auschwitzetik itzuli eta handik hamabost urtera.

      Izan ere, arestian zerrenda bat eskuratu dut, Reichera. bahitu eta inoiz aurkitu ezin izan ziren herritar txekoslovakiarren izenez osatua: Liditse-ko[15] haurrak, derrigorrezko lanetara behartuak eta kontzentrazio-esparruetan eta hondakindegietan desagertuak; Todt-en erakundeko[16] partaideak; gerraren periferiak irentsi zituen dohakabe bakartiak. Giza tragedien izen ugari niri ezer esaten ez didaten haiek buruan hegaka zebilzkidala, azaleratu zen haien artean bat, haraino errakuntzaz iritsia zela zirudiena. Baina niretzat izen horrexen ez besteren tragediak —edo agian soilik historiak— zeukan K hirixkaren, Rittenbach andre zaharraren, Tildaren, eta Husa-Hüsse jaunaren oroitzapenen isla zehatza. Zeren Boruvka, edo Sedlátxek bezalako izenen arteko izen hura Horst Hüsserena baitzen, K, * 1940-2-5.

      Eta bat-batean dena argi eta garbi gelditu zitzaidan. Ez zuen zentzurik ministerioko zegokion sailera joan eta egiaztatzeak Horst Hüsseren bila ministerioko agenteak ibili zirela, K-n 1922an jaiotako Sara Abelesek hala eskaturik. Hori bai baitakit. Hori mitoa baita, bere egiarekin nire oroitzapenen polizi nobela hau gainditzen duen parabola.

      Baina beharbada dedukzioaren prozesuan beste katemaila bat falta da. Katemaila hori K hirixkako topografia da. Eta solas bat: gerraren lehenbiziko urtean, Gauerdiko Mezaren ondoren, Rittenbach andre zaharrak nire amarekin izandakoa.

      Alegia, Husa jauna, Herr Hüsserengan metamorfoseatu eta dendako arduradunaren beroki gris ilunaren ordez zaldiz ibiltzeko praka beltzak janzten hasi zenean, Abeles jaunaren txaletera aldatu zen, eta jatorrizko jabea lorazainaren etxetxo abandonatura bidali zuen, etxea inguratzen zuen lorategi handiaren ertz urrunera; geroago, handik juduen eskolara joan zen Abeles jauna familiarekin, eta are geroago Terezíngo gotorlekuko ghettora.

      Lorazainaren etxetxo hartan Sara Abeles 1940. urteko otsailean Abraham semeaz erditu zen, herrian nolabaiteko zirrara sortuz. Emakume judu gazteek ordurako ez zuten umerik egiten, zeren legearen ikuspuntutik problematikoa baitzen. Sarraskira destinaturiko arrazaren hazkundea... legezko ebazpenen batzuk, nik uste, baziren edo, behintzat, izapidean zeuden. Dena dela, Sara Abelesek umea egin zuen, Moises behar zukeena, Moises, bai, zeren itxaropen etsi batek izen horrekin lotzen baitzuen Israel Egiptoko gatibutasunetik atera zuen gizonaren ideia.

      Ulertzen duzue?

      Eta aurreko urte hartan Gauerdiko Mezatik gentozela, neguko gauaren izotz eta haizearen erdian etorri ere, amak Rittenbach andre zaharrarekin ahapeka izan zuen solasaren txatalak entzun nituen. “Jainkoak esin du honela utsi, andrea”, xuxurlatu zuen espantu handiko murmurioz andre zaharrak. “Ni esaten dut sigorra izan behar da. Gottesstrafe[17]. Eta gutako bakoitsa sigor horren laguntsaile bihurtu behar dugu, Frau Dirigent, bestela esin diogu Hari begietara begiratu...

      Hala izan zen. Horst Hüssek 1940-2-27an munduaren argia ikusi zuen, denbora gutxirako ikusi ere, eta mundu horretan ia Abraham Abelesekin batera sartu zen. Garai hartan emakumeak ez ziren artean erietxeetan erditzen. Arratsa, eta haren ostean gau iluna,* eta lorategian iluntasuna. Ume jaioberri guztiak berdinak dira, ipurditxoan esparatrapu itsaskorra itsatsi behar zaie, izena edo zenbaki bat idatzita, eta garai hartan emakumeak nor bere etxean erditzen ziren.

      Honenbestez, hura burutzea oro har erraza izan zen; Rittenbach andre zaharrak bere ekintza txikia egin zuen, zeinaren bidez Jainkoari lagundu nahi izan zion. Zailagoa izan zen hura ideiatzea, deliberatzea. Horixe da pasadizoaren zati bakarra irudika ezin dezakedana; ez dakit nola sentitzen zen Sara, nola imajinatu. zuen kontua, nola sinetsarazi zion bere buruari hobeto sentituko zela, poza ere sentituko zuela, mendekuaren plazera, inon, garai hartan artean ezezagunak ziren izuaren lurraldeetan, umea hartuko ziotenean, eta harengan, “Azken Irtenbidea”, Endlösung[18] izenburu izugarri ofiziala zuen plan handiaren edo dena delakoaren zati txiki bat burutuko zutenean. Eta nola bere umea gizaki guztiz ezberdina bihurtuko zen, baina behintzat biziko zela, kuku-kumea, bere ama inoiz ezagutuko ez zuena...

 

 

      Gauza sinestezin, eta alabaina logiko, eta agian horregatik egiazko haiek guztiak orduko denborako tragedia hala ere handienetako baten irudian pilatzen hasi zitzaizkidanean, Sararen gutunaren esaldia gogoratu nuen. Liburutegiko sakontasun ahaztuetatik haren arbasoen liburua atera nuen. Honela irakurri nuen: Herodes erregea, jakintsuek engainatu egin zutela oharturik, biziki haserretu zen, eta Bethlehem-en eta inguruetan ziren bi urtez azpiko haur guztiak hiltzeko agindu zuen... Eta aurrerago: Herodes hil ondoren, Joseri Jaunaren aingerua agertu zitzaion ametsetan Egipton eta esan zion: “Jaiki, hartu haurra eta ama, eta zoaz Israelera, hilak baitira haurra hil nahian zebiltzanak". Eta banekien, ziur jakin ere, han zegoela kukuaren azken arrastoa; kukuaren inspirazioaren iturburua.

 

 

      Ekintza haren etsipena deskribatzeko hitzak falta ditut, jakina. Ez naiz amaren maitasunaren gaian asko dakitenetakoa. Eta hemen koxka ez da amaren maitasuna, alegia inori negar eragitea, oinazearen psikologia, gertakari hutsaren deskribaketa. Koxka ez da maitasuna, baizik eta mezu horren zentzua, mito inoiz esan gabeko horren zentzua, beste ume horren heriotzaren zentzua, Auschwitzeko beste milioi umeren heriotzarenaz zeharo bestelakoa.

 

 

      Izan ere, ez da ahaztu behar beste ume bat ere bazegoela, biktima gisa eta mendeku gisa galdu behar izan zena: milioi bat umeren arteko ume horren heriotzak plazer sutsuaren dardara bederen piztu behar zuen amaren bularretan: mendekuan oinarritutako plazera, alegia.

      Berriro liburua gainetik irakurri nuen eta hitzotan erori zitzaidan begirada: Txiki hauetakoren bat galbidean jartzen duenak, hobe luke errotarri bat lepotik erantsi eta itsas hondora amilduko balute.

      Bibliaz ez nago batere jantzita, eta ez dakit zehazki zein esanahi zuen itzultzaile jainkozalearentzat “galbidean jarri” hitz pareak. Neronek, testuinguru horretan, linguistikoki dudarik gabe gaizki, “kalte egin” irakurtzen dut hor. Ni, jakina, liburu horren irakurle txar-txarra naiz, zeren aspaldi zurrundu baitzitzaidan haur-fedea, eta eszeptizismoak ordezkatu baitzuen. Baina, Sararen inspirazioa ez zen erlijiozkoa, eta gainera, liburu hori ez da Jainkoarengandikoa. Giza obra da, haren barruan giza esperientzia dago ezarrita.

      Horrenbestez, Sararen mendekutik giza malko hutsak gelditu ziren, agian Auschwitzeko amek inoiz isuri zituzten malkorik gizatiarrenak. Ez ziren jadanik ama-senaren malkoak, baizik eta giza gupidarenak, zeina, Jainkoari esker, azken finean gure gorrotoaren barrentasuna baino sakonagoa den.

 

      Nola bestela azal Sararen hitzak? ... nuen heriotza hark mendeku zaporea izango zuela, eta, aitzitik, sufrimendu bikoitza izan zen niretzat... Nola bestela interpreta haien zentzua, ez bada —barka erretorika hau— gizalegea atabismoari gailentzen zaiola frogatzeko, gizakia gerrari gailentzen zaiola, basakeriari, faxismo hitzean laburbilduta dagoen zoramenari?

      Eta hauxe da, beraz, kukuaren azken arrastoa. Nork daki nola izan zen, eta guztia ez ote den denbora galduaren mito soila? Hala ere gizakukua zen, eta gizakumea. Agian harengandik inon (auskalo non, zeren kukuak inoiz ez baitzuen aurkitu), gizaki bat haziko da, prest egongo ez dena Europa zaharreko burmuinak oraindik asma dezakeen edozein Azken Irtenbidetara bere harri koxkorra ekartzeko. Baldin eta 1945. urteko udaberriko egun haietan hil ez bazen, azken bonbak lurreratzen ari zirela. Edota baldin eta geroago danborrak eta flautek liluratu ez bazuten, berriro ere beren arratoi-kanta erakargarria jotzen zutelarik.

      Baina nork daki hori? Nork esan dezake? Azken aukera hori da, beharbada, hilketaren bidez inoiz inola ere egiazta ezin daitekeen gizalegezko azken zigilua.

 

1963

 

 

 

[1] Hori niretzat oso nazi gaiztoa da!

[2] Alderdikidea.

[3] Bund Deutscher Madchen ('Nesken Elkarte Alemaniarra’). Hitlerrek sortua.

[4] Gidari.

[5] Buruzagi.

[6] Neska (aleman zaharrean).

[7] Oi, Tilde.

[8] Guztiz eroturik dago jadanik.

[9] Nola du izena morroi horrek?

[10] Aizu, zer diozu honetaz?

[11] Lan bulegoa.

[12] «Herri erasoa». Hamasei urtetik hirurogeira bitarteko gizonez osaturiko unitate militar alemaniarrak. 1944an, Alemania Mundu Gerra galtzeko zorian zegoenean sortu zituen Hitlerrek.

[13] Bai, bai, Ruda gaixoa.

[14] Borroka hadi Fujaren eta aberriaren alde (Fuja: “Führer” adierazteko txekiarrek isekaz asmatu zuten hitza).

[15] Alemaniarrek suntsitutako herri txekiarra.

[16] Fritz Todt jeneral nazia ezaguna izan zen zuzendu zituen lanengatik (errepideak, gotorlekuak, etab). Technische Nothilfe (Premiazko Laguntza Teknikoa) izeneko erakundea antolatu zuen, non txekiar asko langile gisa aritzera behartu zuten.

[17] Jainkoaren zigorra.

[18] «Azken Irtenbidea» esaeraren bidez Hitlerrek juduak suntsitzeko zerabilen asmoa adierazten zuen.

 

 

Mundu mingotsa
Josef Škvorecký

euskaratzailea: Karlos Cid Abasolo
Alberdania, 1996