Mundu mingotsa
Josef Škvorecký

euskaratzailea: Karlos Cid Abasolo
Alberdania, 1996

 

 

REBEKA

 

      Rebeka sofan eserita zegoen, txandalez jantzirik, bizkarra burukoan bermaturik, eta kontu kontari ari zitzaidan; igandea zen, egun gozoa, eta nik egun librea nahi nuenean har banezakeen ere, Rebekak ez. Igandea zen, eta gainera euria ari zuen, Rebekaren leihopean kaleko farola kulunka zebilen haize euritsuan, tanta handiek metalezko pantailan jotzen zuten tiroketa entzun zitekeen, Rebeka kontu kontari ari zen eta ni sofan nentzan, burua beirazko txirtxiladun burukoan, hankak Rebekaren hanketan korapilaturik. Sofaren ondoko mahai biribilean, kafeari kea zerion jaiegunetarako bi katilu mailatutan. Ezberdinak ziren, biak familia judu nonbait hil baten portzelanaren hondarrak; leihoaren atzean distiratsu zeuden aurreko errenta-etxeetako leihoak, eta guk ez geneukan piztuta gelako argia: kaleko farol haren argia iristen zitzaigun, zaparrada etengabeen gortinatik gaindi iritsi ere, eta bidegurutzeko tranbiek txirrina jotzen zuten, Igande atsegina zen, gozodendara joatekoa, eta Rebeka kontakatilu zebilen eta begiak beirazkoak bezalakoak zituen. Zilarrezko bi arrain bezalakoak. Kontu kontari ari zen:

      —Orduan joan ninduan. Larunbat goiza zuan. Hori nahita egin zitean, sabatean. Hamabost urte nitian, eta banekian ez nintzela itzuliko. Banekian han juduak hiltzen zituztela, eta aitak ere bazekian. Baina ez zitzaidaan agur egitera ere etorri. Aita garai hartan etxean egoten zuan beti, hantxe eserita. Lanera goizean goiz egiten zian hanka, eta arratsean itzalgaizka igotzen zitian eskailerak mamu baten antzera. Eta garai hartan berebiziko beldurra zeukaan, ze nebak aurreko egunean egin zian ospa, eta ospa egin aurretik esan zidaan, “deportazio-trenean pilatu daitezela osaba Ohrenstein eta halako ergelak. Hanka hoztu behar bazait, aurretik gutxienez alemaniar sasikume bat satorren tartera bidali”. Badakik, Daniel, nebak polizi nobeletatik zeukala ikasita satorren tartera bidaltzearena. Dena dela, geroago harrapatu zitean, eta inortxo ere ez zian satorren tartera bidali. Baina saiatu behintzat, saiatu egin zuan. Behintzat ez zitian ezpainak lotu...

      Kontu kontari ari zen Rebeka. Baloun polizi-sarjentu jubilatu zaharrak kontatu zizkionak zituen hizpide: egun hartan Lorategi kalean zuen txanda, eta ikusi egin zituen; Leo aurretik zebilen, lasterka, lorategi batean kale-kantoitik ezkutatu, jakaren botoiak lotu gabe zituela, ihesi, begiak itxuragabetuak, halako moldez non sarjentua hasieran izutu egin zen, baina gero zerbitzurako afana piztu zitzaion. Rebekari esan zion: “Neure buruari esan nion, hara, lapur bat. Koitadua, gosetua zirudien eta lo egin gabea, baina lapurra, esan nuen neure golkorako, oldar nakion, lapurra lapurra duk, nahiz eta mundua lapurrez leporaino egon. Gu poliziok, andereño, lapur txiki horiek harrapatzetik bizi gara, eta handiek ordainez pagatzen digute, baina hori ez zitzaidan niri bururatu, andereño, Tonda Rehatxek delako batek esan zidan, hori lau aldiz harrapatu nuen. Halako kartera-lapur bat, Belarri Hautsia tabernara joaten zen, seguru ez duzula ezagutzen, garai hartan neskatila txikia zinen. Eta neure artean esan nuen, hau ezatsegina duk, baina harrapatu behar diat, arraioa, izan ere ordena publikoaren zaindaria nauk”. Oldartu zitzaion momentuan, lorategiaren izkinaren atzean hiru itzal berde azaldu ziren bizkor, gero beste bi, schupoko[1] uniformez jantziak. Beste garai batekoak ziren inondik ere, beste adin batekoak, baldin eta jubilatzeko urte erdi falta zuen gauerdiko ardien aita zorrotz, onbera, berritsu, zahar harekin alderatzen baziren; beste adin batekoak, bai, eta txaletez osatutako Bubenetx auzo hark laugarren dimentsioa ematen zuen, bertan denbora zaharra, krudelkeria hipertrofiatu deneko denbora berriarekin batera lotuko bailitzan. Eta berehala marruka hasi ziren, eta ahotsek belarriak ausikitzen zizkioten sarjentuari buldog baten hortzen gisa: Wachmeister, haftnehmen den Kerl![2]. Eta orduan oldartu zitzaion. “Ez dakit nola lortu nuen, andereño. Jendeari oldartzeko entrenatzen gintuzten. Entrenamendu horretan ikasiko nuen nonbait. Zuzenean besoetara etorri zitzaidan korrika, izkintxo egin zuen eskuinaldera, aski zen pittin bat alboratzea, baina ni, segituan, berde haiek ikusi orduko, oldartu egin nintzaion total eginda bezala, ondo-ondora, eta espaloian blaust erori nintzen, hainbesteko abilidadeaz, kaskoa firurikan joan baitzitzaidan, eta korderik gabe nengoelakoa egiten hasi nintzen. Bai, andereño, baina alferrik izan zen. Beste aldean berde haiek ere agertu ziren”, eta kontatu zuen nola gizon zimel, gosetu, jazarri hura bat-batean zurrundu zen, eta giharrek, ez kontzientziak, erreflexu hutsek, giharrek, berriro jirarazi zuten, ez arrazoiak, ezta borondateak ere, bazekien amuari lotua zitzaiola, baina beste aldera jiratu zen eta gero lasterka hasi zen kalean barrena aurreko txaleten hesietarantz, eta sarjentua, lurrean hilda bezala zetzala, begi erdirekiz jarraiki zitzaion; bizia salbatzearren zelai soil goldatutik korrika dabilen erbi bat zirudien, bi saihetsetatik txakur zaunkarien taldeak jazartzen zitzaizkiola. Eta sarjentuak zahar-ankerkeriaz kontatu zuen, egia esan bere golkorako, eta ez berari, Rebekari, bere golkorako, film izugarri hura, bere bizitzako oroitzapenik txarrena, nahiz eta beti kartera-lapurren, prostituten, dirukutxa-lapurren, baina, finean, jendearen artean ibili: “Korrika ailegatu nintzen hesira, andereño, eta igo nahi izan nuen. Baina ordurako bazen han urderik handiena, halakoxe SSko ilehoria, eta ez zitzaion oldartu ere egin, itxaron zuen harik eta morroiak hesi gainetik hanka bat pasatu zuen arte, eta gero, arras geldiro, txantxetan bezala, atzetik, praketatik harrapatu zuen. Hortzak erakutsi zizkion, andereño, horrela ez ditu jendeak hortzak erakusten, horrela Maduna inspektoreak bakarrik erakusten zituen hortzak, badakizu, laugarren barrutiko polizia sekretua zen, gero preso hartu zuten, prostitutei tratu txarrak eragiteagatik, horrek beti hala erakusten zituen hortzak, eta nik beti nekien muturreko bat emango ziola berehala gaizkileari. Baina horrek, andereño, horrek ere hala erakutsi zituen hortzak, esanez: Na, Jud, vír hám cait![3] Eta atzetik, praketatik eusten zion, eta hark astinaldi bortitzak ematen zituen, andereño, badakizu, ostikoka ari zen, oraindik ihes egin zezakeela pentsatuko balu bezala... barka, andereño, baina Charlot-en itxura zuen... Mack Sennet-en filme mutu zakar zahar hartan bezala, judutxo irrigarri hura hesian eta ilehori gotorra, cop hura, Mack Sennet sukartu amorratua baino ikaragarriagoa, schupoko besokoak zituela. Gainerakoak korrika ailegatu ziren eta inguratu egin zituzten, andereño, eta zain gelditu ziren. Ni etzanda nengoen, barka iezadazu, baina ni luze-zabal nentzan, lurrean, ezer egin gabe. Badakit, ezin zen ezer egin, baina akaso altxa nintekeen eta sikiera haien aurrean preso hartu, hesi hartako kinka larri hartatik libratuko banuen. Izan ere, norberak beti du zereginik. Izan ere, ez da geldi egon behar, hurkoari gertatzen zaion bortizkeriari beha, eta pentsatu hari egokitu zaiola okerrena, eta ez niri. Baina nik beldurra nien, andereño, beldur guztiz ulergarria . Eta gero judua hesitik eraitsi zuten, aurrez aurre kolokan bezala gelditu zitzaien, zutik, zorigaitzean, ezer egin ezin zuela. Lotsa-lotsa eginda zegoen, heriotzaren beldurrez, urkamendira biluzik balihoa bezala. Deabru barre-algaratsu haiei adigabe begiratu zien, eta gero batek atzetik ostikoa jo zion ipurdian eta zoladuran zerraldo erori zen, eta txano berdepean txima luzea zuen luzangak atzetik altxatu zuen, praketatik, zirkuko pailazoek elkarri egiten dioten bezala, eta belarrondoko sinesgaitz, karraskari, zirkukoen gisakoa eman zion, judu-buru beltza beste aldera jiratzeko moduan, eta beste batek, makurtu eta, zangartekoa egin zion. Eta gero barre algarari ekin zioten. Taberna prusiarretako barre algarak ziren; ez: gizakiaren eta gizatiarra den guztiaren amaieraren barre algarak.

      “Arrastaka zeramaten, andereño, eta taigabe zaflatzen zuten, ostikatzen, bultzatzen, eta aldi berean barre-algarari ekiten zioten. Eta nola! Gaur ere entzungo banu bezala iruditzen zait, andereño. Jendeak ez du halako barre-algararik egiten. Ezta Maduna inspektoreak ere. Hark hortzak erakutsi besterik ez zuen egiten, eta gaizkileari hortza hausten zionean, orduan zurbildu, eta muturra bat-batean lerro arteza bihurtzen zitzaion, eta hitzik esan gabe bulegotik alde egiten zuen. Baina haiek barre-algaraka ari ziren, barkatu, andereño, benetan zirkuan bezala. Eta etengabe jotzen zuten, ostikatzen, zaflatzen, harik eta gizonak izkinan belauniko erori eta kordea galdu zuen arte. Gero hanketatik hartu zuten...” eta kontatu zuen nola eraman zuten narras, nola judu-buru beltzak txaletez osatutako Bubenetx auzoko zoladura ongi osatu eta leuna igurzten zuen, eta nola berak bat-batean lurretik txaletetako jendea begiztatu zuen, leihoetan kuxkuxean ari zirela, eta amorrazioak jota, salto egin, eta polizia ahots agintzailez oihuka hasi zen: “Itxi leihoak! Berehala! Legearen izenean!”, eta ozta-ozta hasi zen lasterka, asaldaturik, kulunkari, berdeengana, baina berandu iritsi zen, izkinaren atzean autoa zegoen, eta judua barrura bota zuten.

      Eta Rebeka kontu kontari zebilen. Kafe bero, marroi, kuttun, usaintsua, gerra hotzaren erdiko bake sakonekoa edaten ari nintzen geldiro, 1952. urte hartan, eta euri atsegina farola zipriztintzen ari zen.

      —Inortxo ere ez zuen satorren tartera bidali —kontatu zuen Rebekak—. Deportazio-trenera eraman ere ez zitean egin. Arrats hartan SStarrek kolpeka hil zitean jai batean. Eta biharamunean aitaren bila joan zituan, hortaz ergel horrek ere ez zian ihes egin, emazte arioak ez zioan sutarako ere balio izan.

      —Ederki ari haiz mintzatzen heure aitaz —esan nuen.

      —Oilo-bustia zuan —esan zuen Rebekak—. Eta nik oilo-bustiei munduko beste ezeri baino gorroto handiagoa zieat. Ze, finean haiek dituk guztiaren errudunak, eta finean, dena dela, ezerk ez ziek lapiko-tapatzat ere balio, ezta oilo-busti izate horrek ere, emazte ario hark senar judu hari bezala...

      Baina aitak larunbat goiz hartan artean ez zekien. Ez zion alabari ateraino ere lagundu, neskak bakarrik joan behar izan zuen. Aitaren emazteak baino ez zion lagundu, eta kaleko izkinaraino soilik. Beldur zen beti.

      —Berokian izarra neramaan, eta hamabost urte nitian —kontatu zuen Rebekak—. Ez. Hamalau eta hiru hilabete. Gure etxetik erakustazokara bost bat minutu zeudean. Hobeto esanda, gutxiago. Eta nik banekian han hilko nindutela. Agian ez han, baina hara iristean, jadanik neureak egin balu bezala zen. Joan ninduan, eta azken bost minutu haiek gozatu nahi izan nitian, oso luze iraun zezaten bederen, baina alferrik. Ebakuntza egitera eramaten hautenean bezala duk. Antzekoa baina okerragoa: ebakuntza egitera eramaten hautenean, imajinatzen duk gorriak pasatu ondoren etxera eramango hautela. Orduko hartan ez. Nik banekian gorriak pasatu ondoren judu hila bilakatuko nintzela. Aringarri bakarra zera nian, neure artean egitea ez zizkidatela urrezko hortzak kenduko, artean ez neukalako bat ere. Baina egia esan, orduan ez nekian hilei urrezko hortzak ere kentzen zizkietenik, garai hartan ez.

      Ibilbidea luzatzearren, burdindegitik igaro zen: erakusleihoan birringailu txikiak eta oregailuak zeuden, jendeak oraindik behar izan zitzakeen gauzak, jendeak agian, baina berak jadanik ez. Ondoan gozogile bat zegoen, eta erakusleihoaren atzean gerra garaiko opil xumeak. Ondoan iturgina: sarreraren gaineko txartelak iragartzen zuen era guztietako iturgintza lanak egiten zituela. Neskak hamabost urte zituen, eta jadanik barre eragiten zion Antonín Xinták-ek era guztietako iturgintza lanak egiteak. Zertarako egiten ditu, ordea, egun batean hilko baita, eta orduan ez baititu era guztietako iturgintza lanak egingo.

      —Joan ninduan —kontatu zuen—, eta bat-batean Andula Malinová topatu nian, kontrako bidetik zetorrela. Nirekin eskolara joaten zen neska bat. Burua galduta bezala zihoaan armeketan, euritakoa esku batean, Zine-aldizkaria bestean. Lagun batekin elkartzera nonbait. Eta ni kontzentrazio-esparrura. Bera zinematografora, ni kontzentrazio-esparrura, badakik, Daniel?, niri bat-batean otu... eta zergatik ni? Zergatik ni? Zergatik ez Andula Malinová? Biratu eta joateko gogoa egin zitzaidaan. Ez norbaitekin elkartzera. Etxera. Gure etxebizitza kirastsu ospelera, non aita izuaren izuz izerditzen zen. Banekian, ordea, nik kontzentrazio-esparrura joan behar nuela, eta Andulak ez, halakoxea duk mundua, beti bata lagunekin elkartzera zoak, bestea kontzentrazio-esparrura, eta horrenbestez bideari narras lotu nintzaioan, eta aurrean osaba Ohrenstein ikusi nian, arropa hoberenaz jantzirik, covercout moduko soingainekoaz...

      Eta denak ikusi zituen, alde guztietatik portalera arrastaka, babesik gabeko erbesteratuen gisa, erakustazokara, non SSko bi gizon erraldoi zeuden zutik, harategietako sinboloen antzekoak: masailezur gotorrez zerbait murtxikatzen eta etorritako jendea ikuskatzen ari ziren: jende apala, makurtua, familia arioengandik ezkutatu eta gorderiko ondasunak zeramatzala, igandeko arropaz jantzita, zahato, fardel eta maletak eskuan, portale hartara banan-banan iritsiz. Zenbaitek, begirunez, ohituraz, beldurrez, itxaropenez, kilimusi egiten zieten portaleko SSko basapiztia haiei...

      Rebekari behatu nion, eta gogoratu nuen nola nik ere Zine-aldizkaria irakurtzen nuen. Gogoratu nuen, nola K-ko jendea liskarrean ibiltzen zen, Pandur Trentsko-ren filmetarako txartelak eskuratzearren. Nola Hans Albers-ek irribarre ziniko eta erakargarria egiten zien krinolinaz jantzitako damei. Gogoratu nuen nola lantegian, ilaran jarri eta pattarra ematen ziguten, eta nola niri Heidermarie Hatheyer gustatzen zitzaidan, bere ile horiaz eta horzdura alemaniar ondo osatuaz. Eta nola liluratzen ninduen espineta-hirukoteak Friedemann Bach izeneko filmean, nolakoa zen musika hura! Zein soinu ederra zuen!

      Hura udazkenean izan zen, eta Rebeka kontzentrazio-esparrura joan zen eta udazkeneko zerua hotza zen. Are hotzagoa, egun haietako lur heze soila ezagutzen ez duten kaletarrentzat. Kafetxe modernistak, osaba Ohrensteinen egongela handi felpazkoa, abuztuko eguzkipeko igerilekua eta tigretxo siamdarren burutxo iletsu samurrak baino ezagutzen ez dituztenentzat. Heriotza bezain hotza. Eta SSkoen ahotsen iltze zorrotzak.

      SSkoak ere joaten ziren zinematografora. Haiek ere egiten zioten barre Pandur Trentsko-ri. Eta nire osabari, zinematografoko txarteldegian txartelak saltzen ari zela, muturrekoa eman zion behin batek, osabak esan ziolako: Gehen Sie in die Front![4], zeren ez baitzekien “ilaran jartzea”, alemanez, schlangestehen esaten dela, eta ez in die Front gehen, eta honela osabak SSko kide alemaniarraren ohore militarra iraindu zuen.

      —Rebeka —esan nuen.

      Halakoxea dun mundu hau, esan nahi nion. Ezaxolakerian erroturik dago. Literaturaz soilik hunkitzen gara. Inprimaturiko kontakizun sentimental tentelek malkotan jartzen dizkigute begiak. Baina errealitateak, gure inguruan orain eta hemen gertatzen denak, horrek ez gaitu inoiz hunkitzen.

      —Zer? — esan zuen Rebekak.

      Esan nahi nion: Zenbat milioi jendek egunero? Zenbatek begiratzen diete heriotzaren horizonteei? Zenbati ateratzen dizkiete etengabe masailezurreko hortzak? Zenbat gizonek, emakumek, haurrek, umontzietako giza enbrioik galtzen dute bizitza? Eta mundua zinematografoan dago eserita, barre-algaraka. Bai, zeren ezaxolakerian eraikita baitago. Bertan zenduko bide da egunen batean. Bejondeiola.

      —Nola jasan hezakeen? —esan nuen—. Ez al hintzen erotu?

      —Bizirik irauteko sena duk —esan zuen Rebekak—. Portale hartara joan ninduan, ilaran jarri ninduan itxaroten SSkoaren aurrean, maleta miatu zidaan, baita ispilutxoa eta Seiferten liburuttoa errekisatu ere. Eta gero amore eman nian gainerako guztien moduan bultzaka eta arrastaka eraman nintzaten. Terezíneraino. Beti nengoan noiz hilko ninduten zain, baina zortea izan nian. Lo egitea nian gustukoena. Eta gaur egun ere hala nabilek.

      —Zer?

      —Hobekien gauez nagoela, ohean etzan eta loak hartzen nauenean. Uste diat horixe dela munduan dugun hoberena.

      —Baina...

      —Poliki-poliki loak hartu eta nork bere artean esaten duenean: eta orain dena bost axola niri. Lo egingo dut, eta litekeena da bihar iratzarri ere ez egitea. Beharbada gauez hilko naiz.

      —Rebeka! —esan nuen.

      —Zer?

      —Ni... Baina denok ez gintunan axolagabeak. Inor ez dun zeharo axolagabea. Ahaztu baino ez dinagu egiten. Batzuetan burugabeak izan baino ez. Barregarriak izan baino ez. Indargeak izan baino ez. Ia indargeak. Baina guztiarekin ere...

      Rebeka, esan nahi izan nion, baina gero neure arimaren malkoak irentsi eta Embassy tabernako saxofoijolearen maskara jantzi nuen. Rebeka, aizan, esan nuen, etorri hona, ez egon triste, begira, zerbait kontatuko dinat, eta kontatu nion istorio bat...

      «Niregatik zerbait egiten duten guztiei eskertuta nagon beti, Rebeka. Halakoak adiskidetzat zauzkanat. Baina noizbait, edo hobeki esanda, behin, esker txarra ere ezagutu ninan.

      »Erritmoaren Bidelapurren kantaldiarekin izandako porrotaren ostean gertatu zunan. Nik lantegi militar batean egiten ninan lan. Lantegiari metal esaten zitzaionan. Jaurtigaien hegalak egiten zitunan bertan, bai eta Messerschmidt 111 motako hegazkinen estalkiak ere, metrailadore eta guzti. Kalamatrika bat, zer esango dinat ba. Goizeko seietatik arratsaldeko zazpi eta erdietara. Iraun, W.C.ri esker irauten ninan. Han gizarte-klub fina biltzen zunan, ikasleak noski, zaldi-harakin bat, ileapaintzaile-plantak egiten zituzten bi sarrailagin, eta sarrailagin-itxurak egiten zituzten hiru ileapantzaile. Komunetan esertzen zitunan, lantegiko zaindariak iristen zirenean koartadaren bat izan zedin, W.C.an libratzera eta pixa egitera soilik sar baitzitezkeen.

      »Estalki haiek egitea ninan lana; katea-produkzioa zunan, zinta garraiatzailearen sail ezberdinetan banatua. Nire sailean lauk egiten geninan lan. Nik mailu pneumatikoz jotzen ninan, eta bake garaian jostun ibilitako neska batek oratzen zionan euskarriari. Munstro hori gerra bukatu arte harreman, hala esatea zilegi bazait, harreman erotikoan interesatzen saiatu nindunan, baina batere emaitza onik gabe, eta gero ergeltxo batek xixkatu zidanan, Josef Krátky-k, baina tira, niri bost axola, neska harekin ez zinan atarramentu onik atera eta. Gure ondoan, moldean, Oldrixka aritzen zunan. Harekin ateratzen zunan nire anaia gaztea, ze anaia niregatik bota zitenan ikastetxetik. Oldrixkarekin elkarlanean, Ventsa Xtern zegonan, oso mutil jatorra, tornulari eta tronboijolea: arrazoi abertzaleengatik, lorazaina zelakoa egiten zinan, lan kualifikatugabea egiteko, baina behin, lantegia zaintzea egokitu zitzaion gau batean, zuhurtziagabe atxurra harrapatu zinan eta jaurtigai baten hegalean hitler kanpora zioen iragarki bat errematxatu zinan. Gero, txanda berezi batekoek egun osoa eman behar izan zitenan iragarkia isilpean zulatzen. Lantegitik badaezpada bota egin zitenan, eta haren ordez Kolín hiriko tipo trauskil bat iritsi zunan, Bull Mácha, eta hark gero Oldrixka limurtu egin zinan, nire anaiari kenduta. Baina azkenean egun batean bere buruari minoria eragin nahi izan zionan, atzaparra egotzi ziotenan eta handik aurrera jai. Gerra ostean, Jainkoari eskerrak, itzuli zunan eta Oldrixkarekin ezkondu. Beharko.

      »Gure aurreko sailean bik bakarrik egiten zitenan lan. Hain zitunan gutiziatsuak, non seguruenik munduko marka hautsi zuten gutizian. Ezin zitenan batak bestea begi bistan ikusi; hortaz, nork gehiago egingo lehiatzen zitunan. Bazterrak bete mataza egiten zitenan, tailerreko maisu alemaniarrak bizkarrean txapaka egiten zienan eta zigarroak banatu, gero aprendiz bat jarri zinan haien esku, daratulu kamustua zorrozteko soilik, eta handik bi astera astolanaren ondorioz behea jo zinan. Muntai katea osoan launaka ari zitunan gutxienez, baina haien sailean biak bakarrik. Xvestka eta Sitsflaix zitenan izena. Familia mantentzen omen zitenan.

      »Nire anaiak haien aurreko sailean jarduten zinan, gehienetan nagikeriaz. Abertzale handia zunan, eta esan dudan bezala, Erritmoaren Bidelapur Maskaratuekin izan nuen emanaldiaren ondorioz bota zitenan, horren berri geroago emango dinat, Rebeka. Zinta garraiatzailearen lehendabiziko saila zunan, eta langile taldea, bigarren saileko bi horien erruagatik, sei lagunetara zabaldu behar izan zitenan haien lan-erritmoari eusteko, eta hala ere argi gutxiko bi gizon horiek anaiari estalki guztiak haren eskutik irten orduko kentzen zizkiotenan, amenjesus batean gehiagoren gutiziaz egon ahal izateko berriro.

      »Jakina, horrek guztiak sutan jartzen zinan nire anaia.

      »Eta hamasei urte zituenez, idealista zunan. Haien eta antzekoen nazio kontzientzia altxatzeko, pare bat gizontto umatugaberekin eta gure Hanatxorekin —nire arreba ilebeltz gazte maiteena dun. Orain Bulvárka jatetxean kantatzen din, eta diotenez maila polita din—, ba horiekin Bivoj[5] elkarte legezkanpokoa sortu zinan. Gure etxeko jangelan bbc Irratia entzuteko biltzen zitunan. Noizbait, baita ere, ziklostil txiki bat eskuratu eta panfletoak erreproduzitzen hasi zitunan. Beti poemaren bat jartzen zitenan, ikastetxeko seigarren mailako batek idatzitakoa, eta gainera nire anaiaren artikulu bat, azalduz nola egin behar zitzaien kalte alemaniarrei, nola prestatu mendeku egunerako, eta nola nork bere lorategian traidoreentzako zuhaitzak hazi behar omen zituen. Erraz ez ahanzteko modukoak emango zizkietela kolaborazionista, gutiziatsu eta estraperlistei. Eta anaiak azkenean, hain zunan ergela, beren izenez aipatu zitinan. Traidoreen ordezkari, Hüneke jauna —eta gero horretaz gauza gehiago kontatuko dinat—, gutiziatsuen ordezkari, Xvestka-Sitsflaix bikotea, eta estraperloaren adibide argitsu gisa, Láda Béma, horren berri ere jakingo dun. Hirukote ez-santu hori panfleto guztietan agertzen zunan, eta elkarteak ateen azpitik sartzen zitinan panfletook, eta jendeak arin tximiniara botatzen zitinan, hala uste dinat neronek behintzat.

      »Bada, hartaz guztiaz, noski, ez neukanan ideiarik ere. Bestela azkena emango nionan kontuari. Honela eman zunan ezagutzera kontua: egun batean, eguerdi aldera, anaia, berde-berde, W.C.ra sartu zunan korrika, zera esanez, Zdeñek bazkaltzera zihoanean —horixe zunan konspiratzaileetariko bat—, portalean sarekada zegoela material-eramaileen aurka, eta lantegiko zaindarien buruzagiak, Bágler delako batek, bost panfleto errekisatu zizkiola. Jakina, berehala atxilotu eta bulegoan sartu omen zinan, eta une hartan mingainetik tiraka omen zebilkionan.

      »Horrenbestez, egoerak ez zinan batere itxura onik. Anaia zizaka hasi zunan, etxean konta nezala jazotakoa, eta berak elkartean alarma-hotsa jo zuela, eta Osten-go haitzetara joango zirela, gerrillarien bila. Bitxia benetan: anaia gaixotia zunan, katarroarekin eta gripearekin beti, han astebeteren buruan akabatuko zunan. Hi, morroi, esan nionan, nork uste duk eramango dizkiala aspirinak hara? Eta gainera Hanatxo ere sartuta zagok honetan. Demagun gerrillariak zuetaz interesatzen direla: denok gerrillari sartuko bazinate, Hanatxok ezingo likek, eta, bestetik, aitak atsekabe handia hartuko likek zuek biok batera misteriotsuki akabatuko bazinate. Joan hadi lan egitera, morroi, esan nionan, uztak hau nire esku.

      »Izan ere, ideia bat izan ninan. Lantegitik ospa egin ninan, sendagilearengana nindoala esanez, eta Ládarengana joan nindunan trostan. Bai, anaiak panfletoetan aipatzen zuen horrengana. Hura garai hartan edari alkoholikoen, koadroen, zigarroen eta luxuzko artikuluen salerosketan zegonan espezializaturik. Koadroekin egiten zekiena guztiz sinestezina dun. Baina hala ere egiten zinan. Bertako kuartel alemaniarreko buruzagiari benetako Velázquez bat saldu zionan, Franta Mátxek-ek postal baten arabera egin zuena. Mátxek hori gaur egun arte tren-geltokian zebilen langile, trenbide-orratzak aldatzen, eta pinturarekin gainsoldata irabazten din, eta SSko buruzagi horrek, Ládak alegia, logelan eseki zinan Velazquez hori, Hitlerren ondo-ondoan. Sinetsiko al huke? Nik ez. Baina egia dun. Edo egun batean, gerra bukaeran, Praharen gaineko aire-erasoak hasi zirenean, Ládak Prahako Gazteluaren marrazki lumaz egina enkargatu zionan orain K-n marrazkigintza irakasten duen Rosta Pitterman-i, halako kitsch bat, Gerasimov-enak[6] bezalakoa. Marrazkiaren berrogeita hamar mila inguru kopia inprimatu zitinan, eta galdetu nionean zer asmo zerabilen, azaldu zidanan espekulatu nahi zuela, giza mentalitateari dagokion bezala. Prahako Gazteluaren marrazkiak negozio-lagunen artean banatu zitinan, eta haiek han-hemenka eskaini zitinaten, zeharka, une hartan Praharen kontrako aire-erasoak zirela, eta zer, gaztelua desagertuko balitz, eta halako irudia oroigarri eder bat zela. Eta zer esango dinat ba? Gerra bukatu arte Gazteluaren berrogeita hamar milaren bat marrazki saldu zitinan, berrogeita hamarna koronatan. Horretan bazegonan gatz eta piperrik: Láda Hanatxoren atzetik ibiltzen saiatu zunan, baina hura ere abertzalea zunan, eta hain kasu gutxi egiten zionan, non bi aldiz itzuli zion bidalitako txokolatea; hirugarrenean tentaldiari eutsi ezinik, zatitxo bat ausiki zinan, baina soberakoa berriro bueltatu zionan. Kontatzen ari naizena jazo zen unean harremana puntu horretan zegonan.

      »Izan ere, 1944. urtean gertatu zunan hori guztia, gure aita harrapatu baino lehenagoxe, Rebeka, Frantzian inbasioa hasi berria zunan, eta ekialdeko frontea suge baten gisa bihurritzen ari zunan, eta guztiz xehatuta ez zeuden alemaniarrentzat aspalditik zegonan argi eta garbi nola bukatuko zen kontua. Batez ere noizbait txekiarrak izan, gero alemaniarrak, eta, posible izanez gero orain berriz ere txekiar bihurtu nahi zuketenentzat. Mota horietako motarik berezkoena Hüneke zunan, hain zuzen. Aurrena Huñak zinan izena; haren aitak sanbernardo-txakur batekin haragia banatzen zinan Okelalöblentzat, eta orain fiduziario zebilenan Löblen dendan. Eta hirukote ez-santuaren lehenengo kide horrexengana abiatu gintunan Láda eta biok, eta zer gertatzen zen azaldu genionan, ikaragarrizko zuhurtziaz noski, eta aldi berean bizkarra koipetu genionan, bagenekiela gizon zintzoa zela, entzun genuela nola erabiltzen zuen bere eragina Gestapoaren aurrean jendearen alde agertzeko, eta abar. Halakorik ez geninan entzun, jakina, baina bagenekinan horrek on egingo ziola. Eta mutiko haiek, noski, gazteak zirela eta zuhurtzigabeak, ez zekitela zer ari ziren, eta abar. Aldi berean beraren merituak aipatu genitinan behin eta berriz, nola jendearen alde jokatzen zuen, irudipena izan zezan gu azkenean ere prest egongo ginela gauza asko testimoniatzeko, baldin eta berak inoiz arazorik bazuen agintaritzarekin. Eta amuari heldu zionan, gogotik heldu ere. Saiatu zunan, noski, nabari ez zekion, baina ikusten zunan guregatik ekintza on bat egiteko irrikaz zegoela. Arrazoi ulergarriengatik. Itxurak gordetzearren, hotz mintzo zunan, sermoilari baten gisa: bere egoeraren zailtasunaz, bizia eta ondasunak salbatu omen zizkion jendearen esker txarraz, halako ekintzen arriskuez eta bere abertzaletasunaz. Azaldu zigunan erresistentzia txekiarraz zeukan teoria ere, zeina, jakina, ez zen bereizten bera bezalako jendearen artean ugaltzen hasiak ziren antzeko teorietatik. “Txekiarrek lasaitasunari eutsi behar diote, tentela da sabotajeak eta matxinadak egitea, horrek ez du batere zentzurik, alemaniar asko dago eta. Txekiarrek, itxuraz, leialak izan behar dute, eta elkarlanean aritu, baina bihotzean” —Hüneke jaunak aldi berean bere bular gizenak seinalatzen zitinan—, “bihotzean abertzaleak izaten segitu behar dute”. Abertzaletasunari buruzko txosten hori entzun, eta ez geninan ezer esan, biok buruaz baiezko keinu grinatsua besterik ez geninan egin, eta zain gelditu gintunan Hüneke jauna hitzetatik eginetara noiz pasatuko. Hala egon gintunan une batez, baina gero Hünekek, hasperen egin, eta esan zinan bere esku zegoena egingo zuela. Kezkaz larriturik egon arren, zeharo desinteresaturik, aferarenganako zaletasun soilaz, zama gehiago bizkarreratzea deliberatzen duenaren espresioa zinan. Eta kontu gehiago ere aipatu zitinan: Bágler horrekikoa, noski, ez zela dohainik izango, baina Bém jaunak dudarik gabe premian zeudenen arta zuela. Ládak ziurtatu zionan kezkatu beharrik ez zegoela, eta Hüneke jaunak alde egin zinan, aurpegia imintzio sufritu batean estuturik, eta haren irudiak, atzetik, zinematografoan bezain tragiko eta zirt edo zartekoa ematen zinan. Bere bulegoan utzi gintinan, likorearekin, zigarroekin eta mekanografo alemaniarrarekin, halabeharrez idazkiak miatuko ez bagenizkion. Ordubete izan zunan kanpoan. Itzuli zenean, akitu-plantak egin zitinan, besaulkian espantuz erori, kopeta lehorra xukatu, eta esan zinan lan ikaragarri gaitza izan zela eta ez zuela ezer lortu. Une batez bere esfortzua eta Báglerren maltzurkeria deskribatu zitinan, baina hain zuhurki, non ezin izan baikenuen ulertu nola bi horiek eztabaidan ari izan zitezkeen. Finean, guri ere ez zigunan axola. Egia dun Láda pixka bat zurbildu zela Hüneke jaunak jakinarazi zionean Bágler zenbaten truke zegoen prest afera estaltzeko, baina gero agindu zinan dirua bidaliko zuela. Eta Hünekerenetik alde egin eta esan nionean epekako ordainketarekin konponduko nintzela, adierazi zidanan ez zuela hartaz hitzik ere entzun nahi, eta Hanatxorengatik egingo zuela. Sinetsi egin nionan, eta gainera eskubide osoa ninan neska berari eskerturik egongo zela espero izateko, jende zintzoen artean naturala den moduan, ezta?

      »Eta honenbestez afera guztia hutsean gelditu zunan. Ni artean Labsky sendagilearengana joan nindunan arratsalde hartarako aitzakia baten bila, sudurra odoletan neukala edo idatzi zidanan, edo agian odoluzkia, ez zakinat. Sendagile zuzena zunan, eta bakoitzaren gustua egiten zinan beti. Hortaz, dena ongi atera zunan, eta afera baretu zenerako, Bivoj legezkanpoko erakundearen kideak kasu guztiaz enteratu zitunan.

      »Jakina, espero ninan Ládari eskerturik egongo zirela. Izan ere, giza sentimendu bat dun guregatik zerbait egiten duenari eskerturik egotea. Eta eskerturik gaudenean, hori nolabait agerian uztea edo gutxienez eskerrak ematera joatea.

      »Gauean anaia eta Hanatxo pittin bat haserrearazi nitinan, eta txantxetan esan nienan: “mukizu batzuk zarete eta bihurrikeria bat egin duzue. Osabatxo jatorrak hortik aterako zaituzte”.

      »—Zein osabatxok —zimurtu zinan kopeta anaiak.

      »—Zer muki eta zer mukiondo —adierazi zinan Hanatxok.

      »—Haurrok, haurrok —esan ninan, eta zehatz-mehatz deskribatu nienan, noski, nola arriskatu genuen geure seguritatea, eta nola Bém jaunak beren ergelkeriagatik hainbeste botila frantses koñak galdu zituen, eskuzabal-eskuzabal, eta nola biak tentelak ziren, eta ea nola eraman zezaketen familia osoa galbidera, eta nola esker ona zor zioten Bém jaunari, Hanatxok agur ez eginagatik ere hala portatu baitzen, nahiz Hanatxok ondo jakin Bém jauna pozik egongo zela agur egiten bazion, eta oso buruzbidekoa izango zela agur egingo balio, eta baita anaiak ere, eta edozein kasutan biharamunean bildu eta otzan joango zirela Bémengana eskerrak ematera.

      »Aldi berean, zeharka begiratzen nienan, eta ikusten ninan biak gorritzen eta gorritzen ari zirela eta ez ziruditela batere eskerturik. “Ulertu?”, esan ninan azkenean. “Bihar eskerrak ematera joan behar”, esan ninan, eta espero ninan zerbait ahapeka esaten hasiko zirela, eskerrak emango zituztela eta abar.

      »Eta badakin zer esan zidan neska malmutz horrek? “Bai horixe”, esan zinan. “Joan dadila ez dakit zeretik hartzera Bém jauna”.

      »Eta anaiak: “Ederki. Esaiok estraperlista kolaborazionista horri mila esker ematen diogula eta popatik hartzera joan dadila”. Hortaz, zer deritzon, Rebeka?».

      —Etorri hona —esan zuen Rebekak—. Ziniko hutsa haiz, Danieltxo, baina behintzat hirekin ez zagok triste egoterik.

      Gero elkarren ondoan etzan ginen isiltasun atseginean. Leihoaz kanpoko farolaren metalezko babesgarria kulunka ari zen haize euritsuan, itsasontzi ainguratu bat bezala: une horietako itsasontzia; beti hain goiz bukatzen diren eta gizakiari soberatzen zaizkion igande-arratsaldeetakoa. Behean armairu beira-arasadunak distiratzen ari ziren, eta argitasunaren dirdira ahula aurreko etxeko fatxadatik zeru hodeitsu euri-emailearen antrazitarantz igotzen zen.

      Rebekak bere itzuleraren berri kontatu zidan:

      «Berrogeialdia baino lehen egin nian ihes. Nik berrogeita lauan pasatu nian tifusa, eta ez nian egun batez ere gelditu nahi. Ez nian nahi Gurutze Gorriko batzordeek eta kolaborazionistek ikusminez aztertzerik. Han berehala batzen zituan, eulien modura, beren bekatuen aringarri».

      Ez zuen han gelditu nahi, hirira arin itzuli nahi zuen eta. Arioen arteko arioen hiri hartan galdu nahi zuen. Zinematografoaz irrikaz zegoen. Janzki berriak eduki nahi zituen. Batez ere ohe leun batean lo egin nahi zuen berriro, edredoi zurien azpian, biharamunean urkatuko ez dutela dakien norbaiten besoetan:

      «Baina ezin izan nian inor aurkitu. Osaba Ohrensteinen etxebizitzan jaun eta jabe zebilean sarrailagin bat, 1945eko maiatzaren 5eko Prahako matxinadan osabaren borondatea bereganatu zuena. Mahukan besoko bat zian, eta azaldu zidaan etxebizitzan alemaniarrak lubakitu zirela eta berak fusil automatikoz bota zituela. Etxebizitzaren egoera ez zuan horren erakusgarri. Garai zaharretan bezala zegoan, alfonbrak, gortinak, dena osaba Ohrensteinek zeukan modura, baita apalategiko baxera berde animalia-buruz apaindua ere. Sarrailaginak berrehun korona eman zizkidaan. Esan nioan altzariak nireak izango zirela osaba Ohrenstein itzultzen ez bazen. Izan ere, osabak ez zian seme-alabarik, nire amaren neba bakarra zuan, eta nire neba alemaniarrek hil zitean kolpeka. Matxinadako heroi hark esan zidaan dena gogotik ikertu behar zela, estatu libre berrian hasiera-hasieratik desordenarik sor ez zedin, eta berak ere kalte ordainen baterako eskubidea zuela, barrikadetan borrokatu zelako, eta hura etxebizitza alemaniartzat jo zutela, Prahako matxinada garaian alemaniarrak bizi zirelako han, hori injustizia, berak bizitza arriskutan jarri, beste batzuei etxebizitza eman eta berari ez. Negar egiteko gogoa egin zitzaidaan. Garai hartan hogei urte gutxienez izan banitu eta gaur naizen bezain lotsagaldua izan banintz..., baina hamazazpi urte ere ez nitian, negargura ninduan, eta neure artean esan nian ba jan ezak, jentil horrek, sar itzak zereko zeretik estore eta pertsiana horiek, eta baxera berde horrekin egin ezak hamaiketakoa. Eta ito hadi bainugelan eta urarekin joan hadi zuloan behera. Eta gero, neure onera etorri, eta alde egin nian».

      Kontatu zuen nola joan zen etxebizitza zaharrera eta nola han dena errepikatu zen. Ezberdintasun batekin, baina: oraingoan jostuna zen han zegoena, eta hark esan zion Rebekaren familia mendekatzera joana zela hara; bazekiela Rebekari neba, aita eta amaordea hil zizkiotela alemaniarrek; etxetik eraman zizkiotenean, alemaniar bat, funtzionario prusiar bat, hara aldatu zela bere familiarekin, eta horregatik sabelean tiro eginda hil zuela gero berak. “Hemen, alfonbra honetan akabatu zen alemaniar doilor hori. Oraindik ikus dezakezu odol-aztarna. Ordu erdi iraun zuen bizirik, andereño, hementxe, erloju honexekin neurtu nuen denbora, haren erlojuarekin, aparatu suitzar aparta. Dena dela, berak ere nonbait lapurtuko zuen. Aurrena Frantzian izan omen zen”. Eta Rebekak nahi izan zuenean etxea itzul ziezaion, eta gero, bertan gela bat gutxienez utz ziezaion, kexaka hasi zen, bere etxebizitza bonbardaketa batean galdu zuela, lau haur zituela, tailerra behar zuela eta etxebizitza txikia zela.

      —«Eta arrazoi zian —esan zuen Rebekak—. Etxebizitzak ez zian lau zorri ere balio. Ez zakiat zergatik ez zuen aitak inoiz handiagorik aurkitu. Pare bat perla geneuzkaan, eta nik ideia lausoa nian aitak norbaiti utzi zizkiola gorde zitzan. Ez nekian zehatz nori, baina irudipena nian laugarren pisuko Ruzitxka familiari utzi ziola, eta nik, sarrailagin hark eman zizkidan berrehun koronak besterik ez nian. Eta horrenbestez jostunari ez nioan neure artean ere birao egin, agur! esan nioan, etxe aurreraino lagun egin zidaan, izugarri desenkusatu zuan, eta ahitzerainoko argibideak eman zitian, juduen udaletxe zaharrean juduen batzorde nazionala omen zegoela eta etxebizitzak banatzen omen zituela itzulitakoen artean, etxebizitza apartak, SSkoak bizi izandako etxe berrietan. Trabagarria gertatu zitzaidaan berehala harenetik Ruzitxka familiarenera bizkor igotzea. Beraz, tranbia-geltokira joan ninduan, eta jostuna, bere ergelean, niri tenteldurik begira gelditu zuan tranbia etorri arte. Enbarazuaren enbarazuaz, igo eta hurrengo geltokian jaitsita bueltatu ninduan. Hik, motel, ez dakik zer den udaberrian Prahako kale batean barrena ibiltzea, udaberriko egun batean, artean inork lan egin ez eta denek auskalo zer pentsatzen zutenean. Hik ez dakik zer den, ezin dezakek jakin, hi inoiz ez haiz atzipeturik egon. Hasieratik errepide eguzkitsu bat bezalakoa zuan niretzat, alaitasun hutsa, hik ez duk ideiarik zer zen Terezín lokaztu tifustsu hura, eta gero, bat-batean, udaberriko lur izugarri berdea eta Praha osoa eguzkitan eta banderaz betea, eta ni izarra gabe, baina tela histugabe haren azpian ikus zitekean, eta jendeak, dena dela, ahozabalik begiratzen zidaan, eta ni arineketan joan ninduan hara, kementsu eta arnas estuka, eta bizitza berriari buruzko era guztietako zentzugabekeriak pentsatzen nitian, nola Terezínen jendea memeldu egiten zen. Eta orduan jende kuxkuxeroak, niri begira, “itzuli da judua”. Judua. Hik ez dakik zer den hori, Daniel. Nik ere ez zakiat. Baina hazteritsu itxura nian neure golkorako. Ez zakiat, beharbada nirekin atseginak edo adeitsuak izango zituan zerbait galdetu edo eskatu izan banie, baina nik ez nian haiengandik ezer nahi, sarrailaginarengandik eta jostunarengandik jadanik ezer ez. Dena gainera erori zitzaidaan. Lehen, artean neskatxa txikia nintzela, ez zitzaidaan hain gogorra iruditzen. Gero bai, ordea: izarra eramaten hasi behar izan genuenean eta eskolatik bota nindutenean, parkera, zinematografora, edo tranbiaren aurreko bagoira ezin nuenean. Ni... —eta uste duk zerbait egin nuela horren kontra? Ez!— neure golkorako nazkagarria izaten hasi ninduan, Daniel, neure golkorako. Egunkarietan judu sudur-handien karikaturak ikusten nitian, Rélink delako batek marraztuak, gogoratzen haiz? Eta irakurtzen nian juduei baratxuri-kiratsa dariela. Artikulu ikaragarriak. Agian idazten zituztenak ere ez zituan idatzitakoaz konturatzen. Izugarria. Baratxuri-kiratsa dariela. Noski, jakin behar zitean nolako patua zeukaten zain juduek. Nik garai hartan ongi ere ez nekian; artean oso neskatxa tentela ninduan horretarako, eta tentel itxura hori emateak sufriarazten zidan gehien.

      »Andula Malinová bezalakoa izatea irrikatzen nian. Harena bezalako sudur harroa nahi nian niretzat, eta hura bezain marimotrailu eslaviarra izan, eta ez hain argala, eta ispiluan neure buruari begiratzen nioan, eta neure sudur okertuari gorroto nioan, eta muturrari eta begitarte judu osoari, eta zikin-itxura nian neurekiko. Beti jo diat zikintzat neure burua. Gaur egun ere bai».

      —Ez esan ez esatekorik, Rebeka —esan nuen—. Zer daukan hik zikinetik? —Musu eman nion belarritxoan. Belarritxo arrosa guztiz ario garbi usaintsuan.

      —Ezer ez —esan zuen Rebekak—. Baina zikina ematen diat. Eta egunean bi aldiz gogotik garbitu eta eguerdiro dutxa hartu arren, zikina ematen segitzen diat. Hik gutxitan garbitzen dituk eskuak, Danieltxo. Isil hadi, horretaz ongi ohartuta nago eta —hitza kendu zidan protestatu nahi izan nuenean, arrazoi zuen eta—. Hankak astean behin garbitzen dituk, eta hiru astean behin joaten haiz bainuetxeetara, ze etxean ez duk bainugelarik eta hi ez haiz edonon bainatzen den horietakoa, eta bainuetxe publikoetara joatea denbora alferrik galtzea duk hiretzat, ze berehala oheratu behar duk, hoztu eta gaixotuko ez bahaiz.

      Eta ekin zion kontakizunari: nola ez zion, hortaz, inori ezer galdetzen. Isilik joan zen tranbiaz, artean hamazazpi urteko neska judua, osaba Ohrensteinen etxera, zeren etxe horretaz jabetzeko eskubidea baitzuen, han ez zion inori ezer eskatu behar, baina borrokalari iraultzailea zegoen han, eta etxebizitza zaharrean, berriz, jostun mendekatzailea. Horrenbestez, tranbiatik jaitsi eta atzera itzuli zenerako, etxeetako banderak ez ziren hain jai-girokoak, ezer ez zen hain berria, inork ez zion bizitza berrirako ongi etorria egiten: ez jendetza besokodunak ez besokogabeak, hirukolorekodunak edo bandera gorridunak; ez behin-behineko txekierazko iragarkiek; ezta barrikadetako hondakinak kentzen ari ziren lantaldeek ere, zeinak emakume alemaniarrez eta kolaborazionistaz osatuak ziren. Mundu arrotz haren koloretasunetik berriz ere erori zitzaizkion, alde batetik, bizitzaren bakardade ikaragarria, ia orduko hartan bezala, erakustazoka zaharrera maleta laguntzarik gabe eta arrastaka eraman zuenean; eta bestetik, bere madarikazioen alferrikakotasuna, nahiz orain zilegi zitzaion zinematografora joatea, baina judua izaten segitzen zuen, eta batek jakin zer den hori, zerbait bestelakoa da, beharbada hobea, beharbada okerragoa, baina horrek berriz ere apartatzen zuen besteengandik, lanegun pozgarri horren bakardadera betiko egotziz, umezurtz-bakardade izugarrira, bakarrik gelditze imajinaezin bat-batekora; han, hiri erdian, osaba Ohrenstein gabe, aita gabe, neba gabe. Judu bakar bat ere egongo ez bailitzan. Bera bakarrik, hamazazpi urteko neska zikina, Terezínen hortzak usteldu zitzaizkiona eta orain patrikan berrehun korona zeuzkana, errazionamendu-liburuxkarik gabe, kolpetik alaitasunik gabe ere bai.

      —Dena ilusioa duk —esan zuen Rebekak—. Dena berotasuna besterik ez duk, eta berehala zatorrek beti desengainua. Batzuetan irudipena diat buruan gurpiltxo bat daukadala bueltaka, errele bat, eta martxan jartzen ditik nire baitan baikortasuna eta ezkortasuna. Bat-batean ikaragarri desiratzen diat zerbait, eta handik gutxira hutsala iruditzen zaidak. Edo zerbaiti beldur itzela zioat, eta gero esaten diat neure artean, zer arraio, Terezínen bezala, oraindik ez, oraindik egun bat edo bi gelditzen zaizkidan gozatzeko, edo agian hilabete bat, eta bat-batean pozik nagok, eta gurpiltxoa berriro jiratzen duk, eta konturatzen nauk berriro deprimituko naizela eta men egin beharko dudala, eta zertarako balioko dit hori gozatzeak, eta dena dela nola gozatu ere ez diat jakingo, eta biribil hori etengabe jiratzen duk, batzuetan zoratzeko modukoa zaidak. Horregatik, lo egitea diat gogokoen. Lehen esan bezala, hoberena diagu poliki-poliki loak hartu eta esatea: Eta orain dena bost axola niri. Lo egingo dut, eta baliteke bihar iratzarri ere ez egitea. Beharbada gauez hilko naiz.

      —Inbidia nienan hilik zeudenei. Eta areago, jaio ere egin ez zirenei —esan nuen.

      —Zer?

      —Garai zaharretako filosofo judu baten esanak ditun —esan nuen.

      —A bai!? Beno, ni, dakian bezala, hezigabea nauk —esan zuen Rebekak—. Ez ninduan eskolara joan. Baina hori idatzi zuenak bazekian zer den izu-ikaran bizitzea. Eta nik ere bazakiat. Horregatik, inoiz ez nikek seme-alabak edukitzeko kemenik izango. Mila al-. diz nahiago diat abortatzea.

      —Bizitza giza patua dun —esan nuen—. Eta bizitzan zerbait eder egotekotan, lehenengo urteak ditun horiek.

      —Eta ni zer? Eta nireak zer? —amorratu zen Rebeka ilogikoki.

      —Ikusten? —esan nuen—, ez dun hain izugarria. Bazakinat bizitzak ederki zaflatu hauela, Rebeka, baina oraingo hau ere pozgarria dun.

      —Bai —esan zuen Rebekak—. Beharbada jipoi bat merezi diat —eta dardara egin zuen.

      —Seguru zerbait eder gogoratuko dunala —esan nuen—. Ni gizontto memela, zeharo tontolapikoa nintzenean, eta edonon... Kontatuko dinat. Nahi dun?

      —Bai —esan zuen Rebekak.

      —«Historia teologikoa dun —esan nuen—. Eta gaur egun dagoeneko erlijioak behera egin din eta jende askok ez din Jainkoa sinesten. Gehienek juzgatzen diten zerbait egon badagoela, eta pentsatzen jarrita, horretan arrazoi diten dudarik gabe, baina gehiago ez dun ia inor horretaz arduratzen. Ia inor ez.

      »Baina nik, txikia nintzenean, sinesteko desira sakona ninan, eta oso sufriarazten zidanan federik ezak. Burua Bibliako istorio sekretu eta odoltsuz beteta neukanan. Asko zitunan pertsonaiak: Abraham, bere seme Isaak sakrifikatu nahi izan zuena; Adan eta Eba, mutur finekoak izateagatik paradisutik egotziak; Jose, egipziarrei esklabo gisa zitalki saldua. Istorio haiek txunditu egiten ninditenan, batez ere Eba eta Adam arrastirian paradisuko hosto eskergen artean biluzik irudikatzeak, eta askotan Isaak sentitzen nindunan, zeinari Abrahamen labanaren aho hilgarria makurtu zitzaion. Askotan, halaber, Kainen madarikazioaren izulaborriak iratzartzen nindinan, eta iruditzen zitzaidanan Jainko Jaun bizardunak burua azaldu zuela zerutik, eta ni Kain nintzela, eta hark, ahots suminkorrez irainka, esaten zidala: “Madarikatua izan hadi... erromesa eta arlotea izango haiz lurrean...”

      »Jainko Jauna, beste edozein ideia alde batera utzita, alkandora zuriz jantzitako agure bizarduna zunan. Ama Birjina neska gazte negartia zunan, abitu zuriz eta lurrerainoko mantu urdinez jantzia. Jesus atleta sendoa zunan, lepo inguruan toalla zuena. Haien inguruan intsentsu usaina zegonan, eliza zaharretan gordetzen den usain berezi hori. Dena oso ederra zunan, eta batzuetan oso izugarria, eta nire haur-adimenak ez zitinan ulertzen Bibliako istorio bitxi eta irudi lagungarrietatik ondorioztatu behar ziren irakasgai moralak.

      »Nire haur-adimenak askotan sufritzen zinan bi munduren arteko kontraesanagatik: alde batera, Sinai mendia eta Galileako kananena, (eta zer zen “kanan”?), eta bestera, K gure hiriarena, non amak eskutik hartuta paseatzera eramaten ninduen, ehun urtetik gorako ezkiek xuxurlatzen zuten gazteluko zuhaiztitik, eta zume negartiak udazkeneko haizean kulunkatzen ziren Ledhuj ibaiaren ingurutik.

      »Edo, egia esan, ez kontraesanagatik, baizik eta historia baten eta kale baten loturarik ez erabatekoagatik: alde batera Palestinako basamortuan orain dela bi mila urte jazotako historia, eta bestetik hirixkako kale nagusia, hiru jaun eta guzti: Ohrenzug agurgarria, bere kinkiladendako erakusleiho gainezkatuaren aurrean irribarrez; Hunger gozogilea, keinu balakariz salmahaiaren bestaldean niri karolina bat saltzen; eta Meloun errespetagarria, igandeetan kolegiatan urrezko kaliza ganga gotikorantz altxatzen: luzatu ahala, kasulapean praka arraiadun beltzak ikusten zitzaizkionan, galtzontzillo zurien lokarritxoak eta baserritar-botak, zeinak eurialdietan Bata markako txankletetan sartzen zituen.

      »Horregatik, arratsalde askotan bakarrik gelditu ohi nindunan elizan; alboetako aldareen aurrean belauniko egoten zitunan bizpahiru atso argizari-jale, eta ni Jainkoa irudikatzen saiatzen nindunan, edo gutxienez Haren presentzia sentitzen. “Jainkoa izpiritu soila da”, esan ohi zinan larderiaz Meloun apaiz agurgarriak. “Ez du gorputzik”, esan ohi zinan, eta nik errukia hartzen nionan Jainko hari, ez duelako gorputzik eta izpiritu soila delako, eta gainera hirukoitza. Anaia siamdarren antzeko zerbait izan behar zinan horrek. Elizako nabean nengonan, geldirik. Argi mehea erortzen zunan koloretako leihoetatik, eta Jainkoa irudikatu nahi izaten ninan indar guztiez, baina inoiz ez zitzaidanan hauxe besterik bururatzen: alkandora zuriz jantzitako agure bat, atleta bat lepo inguruan toalla duela, eta neska gotiko goibeltxo bat gona zeru-urdinez jantzia.

      »Elizaren zerbitzariekin izan nuen harremana ere esperientzia bitxi batek markaturik egon zunan hasieratik bertatik. Noizean behin osaba Karel etortzen zitzaigunan bisitan; aitaren anaia zunan, jaun agurgarria eta Budejovitse hiriko artxideana. Gizon zintzoa zunan, ahots atsegin eta pittin bat arranguratsua zuena, eta beti, iletxoa ferekatzeaz batera, esaten zidanan: “Laztana!”. Bular beneragarria zinan, eta sabel are beneragarriagoaren hasieraraino makotzen zitzaion. Beti beltzez janzten zunan, eta kokots girgilodunaren azpian lepagora bat eramaten zinan, zetazko lore finez bordatutako papar more eta guzti.

      »Gogoan dinat, eta hau oroitzapenik zaharrenetako bat dun, nola nagoen eserita, aitarekin bakarka. Gelak hormetan paper pintatu morea zinan, mahats-mordoen urrezko marrazkiarekin. Dibanean nagon eserita, azpian belusezko hiru buruko ditudala, eta beste aldetik osaba papar morez jantzita, begi xamur onberak urreantzeko armazoidun betaurrekoen atzean, eta haren ahots lasaigarri, isil eta arranguratsua: “Hemen duk, laztana!”. Eta horra osabak pralinez betetako bonboi-kutxa neurrigabe hiru pisuko bat luzatu.

      »Eta nire eskutxo irrikatsuek bonboi-kutxa haztatu diten, eta osabak altxatu eta arin egin din alde, eta ni, bonboi-kutxarekin abandonaturik, ale beltz gozoak esku-beteka hartu eta asebete naun. Ahoan urratu zaizkidan, gozo-gozo, eta likido berogarria isuri zaien, zuzen-zuzen, sabelera.

      »Bete-bete egin naun, eta bat-batean gela harrigarriro okertu dun, eta ni hiru burukoen gainetik dibanean erori naun, baina ozta-ozta igo naun belusezko piramidetik gora, eta bete-bete egiten segitu dinat. Eta gela beste aldera okertu dun, eta gero paper pintatu morea nire ingurutik balantzaka hasi zaidan, jiraka hasi zaidan, zurrunbiloan, eta pozik nagon eta alai, eta erortzen hasi naun, jaisten, behera amiltzen, norbaiten, zerbaiten beso xamurretara, eta gero ur burrunba entzun dinat komunetik eta irribarre egin dinat, osabak ur-jauziaren kateari eragin zion, eta gero paper pintatua hain arin hasi dun jiraka, non superfizie urre-more bakar bat sortu den, eta hartatik ziplo agertu dun loreen zetazko marrazkia eta loreon azpian aurpegi izu onbera betaurrekoen atzean, eta nik osabaren ahots arranguratsua entzun dinat: “Jesus, Maria eta Jose, laztana!”, gero hankak alfonbra zapaltzen eta beste ahots batzuk, gero laino moretik aitaren aurpegia azaldu dun eta berriz ere entzun dinat osabaren ahots arranguratsua. “Ez nekien rumezkoak zirela!”, eta are errukarriago: "Komunera joan naiz eta berak bitartean denak jan ditu!”, gero aitaren ahots kaliputsua: “Strass sendagileari deituko diot!”, eta geroago telefonoaren hotsa eta aita, esaka. “Strass sendagile jauna, mesedez?”, eta gero ez dinat ezer entzun, eta ondo nagon eta gero ondoezik, eta oka egin dinat, eta oheratu naun, eta oso gaizki sentitzen naun, eta ez dinat bizi nahi.

      »Baina gero alborengoaz gaixotu eta ehun Aitagure eta Agurmaria egunero errezatzeko hitza bete nuenean, oso jainkozale bihurtu nindunan. Areago, Blaník-ek, zazpigarren mailako batek, ikastetxeko aretoko eliz-zerbitzuetarako hartu nindinan. Lehenengo eta behin organoaren pedalak zapaltzen nitinan, eta geroago Meloun apaiz errespetagarriari mezamutil egiten nionan. Neure fede katolikoaz oso harro nengonan, eta harengatik ere zentzu batean martirioa pairatu ninan, zeinetik onik atera nintzen, baina zoritxarrez erdizka bakarrik.

      »Baina bizitza, funtsean, konpromezuzko kontu bat izaten dun beti, eta lehendabizikoa Abrahamek egin zinan, seme nagusiaren ordez ardi arrunt bat sakrifikatu zuenean.

      »Nire sakrifizioa Onkel Hubert-en opor-ostatuan gertatu zunan. Han alemanez hitz egiten zunan, eta txekieraz hizketan ustekabean harrapatzen zutenak hogeita hamar aldiz idatzi behar izaten zinan Ich soll nicht tschechisch sprechen[7], zigor gisa. Metodo hari esker txekiera gorantz joan zunan, halako moldez non hizkuntza eslaviar gaitz hori ozta-ozta zekiten haurrek txekiera gaiztoz egin nahiago zuten, araua haustearren.

      »Onkel Huberten ferienpensionat[8] hura establezimendu guztiz ikusgarria zunan. Onkel Hubert, jabea, zuzendaria eta ikasketa-burua zena, judua zunan, herritartasun ingelesa zinan, Austrian jaioa zunan, Txekoslovakian bizi zunan, eta ama-hizkuntza alemana zinan. Ostatua sei urtetik hamalaura bitarteko neska-mutilentzakoa zunan; Tante Verona zunan nesken logelen buru. Onkel Huberten emaztea zunan, dama semitiko kaliputsua, kirolari gorputza zuena, eskulanak eta erretzea atsegin zituena, eta alemanez hitz frantsesak nahasten zituena, Marseillakoa zelako jatorriz.

      »Ostatu hartutakoak hirurogei bat haur zitunan, hogei neskatxa eta berrogei mutiko. Haietatik ehuneko laurogeik zatika baino ez zekitenan alemanez. Hala ere, Onkel Hubertek zera sinetsaraztea lortzen zinan, alegia bere ardurapeko gazteria hark, bi hilabeteko oporraldian, hizkuntz giro alemaniar hutsean, auzoko nazioaren mintzaira ikasiko zuela.

      »Quido Pick, Alík Muneles eta Paul Bondy-rekin egin ninan ezagupidea bertan. Hirukote ederra osatzen zitenan. Prahan ikastetxe ingelesera joaten zitunan, erdaindurik zeudenan eta aldizkari ziklostildua plazaratzen zitenan, Daviden Izarra izenekoa, gazteria moisestarraren artean erlijioa barreiatzen zuena.

      »Triunbiratu horrek gogotik eta grinaz errezatzen zinan, edo behintzat planta bikainak egiten zitinan. Gauero, lotara baino lehen, hiru mutilek gaumahaietatik kutxatxo beltz bana atera eta kopetan itsasten zinaten; hatzak estola bordatuaren antzeko zerbaitekin korapilatu, oheetan apal konkortu, eta su eta gar hasten zitunan ekialderantz gurtzen, hebraierazko hitzak imitatzen zituztela.

      »Auskalo, litekeena dun jolasean aritu izana, baina nik, sumindurik, errituaren aberastasun eta ozentasuna inbidiatzen nienan, zeinaren aldean nire belaunikatze isil gogoetatsua ez zen inola ere gailentzen.

      »Quido Pick lodikotea zunan bereziki arduratsua. Ostatuan, autoritate nagusia ere bihurtu zunan judu-fedearen edo gutxienez erlijio-praktiken kontuetan. Harengandik jakin ninan juduaren bizitzaren konplexutasun fantastikoaren berri. Halako bizitza lotzen duen sarean baditun denetarikoak: debekuak, aginduak, azturak, zeremoniak, otoitzak eta batez ere, eta gauza ororen gainetik, barauak.

      »Berotasun adierazezinez mintzatzen zunan Quido Pick lodikotea barauen gainean. Haien iraute amaigabea deskribatzen zinan, urteko baraualdi nagusia kontatzen zinan, hilabete osoz luzatzen dela eta goizean, eguerdian eta gauean ehun gramo ogi ailis jan eta te azukregabez bustitzea besterik ez dela zilegi. Haragi-uzteaz mintzatzen zuan —hilabete osoan ez dun zilegi haragia jatea—, eta irin-barauaz —patatak besterik jan behar ez den aldia—, gantz, azukre eta gatz-barauez? eta era askotako erlijio-sadismoz. Entzuten ninan, baita erneguz inbidiatzen ere, eta beharbada horregatik ez nindunan batere ohartzen Quidoren tamainako gizon batek ozta-ozta bete zitzakeela manu barbaro haiek guztiak, eta ez zitzaidanan deigarri nola udako hilabeteetan ez den irin, haragi edo fruitu-baraurik batere izaten, eta nola Quido mugarik gabe asebetetzen zen irin-albondiga, haragi eta fruitu ezinago goxoz. Haren aldean neure ostiraleko barau katoliko bakarrarekin bizi ezinean nenbilenan: baraualdiak, Onkel Huberten ostatuan ostiralean jakirik ukitzen ez banuen ere, hasiberri batena zirudinan, judu-fedearen gosetze gargantuatarraren aldean.

      »Eta hiru ario derbitxe[9] haiek hankatik tira egiten zidaten bitartean, etsiaren etsiaz, plan bat asmatu ninan haiek garaitzeko.

      »Jakina, gure jainkozaletasuna txantxa-iturri bilakatu zunan gainerako mutiko kristau eta juduentzat. Haien artean Emil Holas nabarmentzen zunan, Prahako garraio-enpresa baten jabearen semea. Pentsatzen jarrita, kristau gazteen erlijio-jakingura opor-ostatuko zenbait kide juduren aparatu sexualaren egoera berezira mugatzen zunan, eta fenomeno horrek, kristau ozarrek hala eskaturik, logelak zitinan erakustoki, gauean, isil-gordean, argiak itzali ondoren.

      »Nik, noski, ez ninan parte hartu ikuskatzeotan, ezta Quido Pickek ere, eta egiten ziren denboran gu biok otoitzean aritzen gintunan, arrandiaz. Aldameneko logelan irri itoa entzuten zen bitartean, geure oheetan belaunikatzen gintunan: Quido, kutxatxo beltz bat kopetan zuela —debozioz, tsitsitl hitz barregarriaz deitzen zion—; eta ni, eredugarri, eskuak baturik eta erpuruak gurutzatuz. Jainko Jaunari deiadar egiten genionan, desadostasuna puntu bakar batean genuela, nor zen haren semea, alegia. Eta gutako inork ez zionan besteak baino lehen otoitz egiteari utzi nahi, haren aurrean ez lotsatzearren.

      »Horregatik, askotan gertatzen zunan Quido Pick goiz iratzartzea, tsitsitl beltza sudurrean eta sabateko estola bordatu luzea lepoan.

      »Iruditu zitzaidanean ezin nuela Quidoren harrokeria luzaroago jasan, ideia bat bururatu zitzaidanan. Ohean gintunan, bi orduko otoitzaldiaz ahiturik; gauerdia hurbiltzen ari zunan, eta Quido, erdi-lo, barau handi bati buruz eldarniatzen hasi zunan: bost urtetan behin egiten dela, zazpi hilabete irauten duela, eta egun batean ez dela ezer jaten, eta biharamunean, baraurik, ehun gramo ogi ailis eta litro erdi te azukregabe. Eta ideia eragabe hartatik bat-batean argitu zitzaidanan Quidori nagusitzeko aukera; iragarri ninan guk ere, katolikook, barau bat dugula, urez egindako edarien baraua, hiru egun oso irauten duela eta biharamunean hasiko zela. Denbora horretan, esan nionan, ezein kristau katolikok ezin dik edan ez urik ez urez egindako edaririk (esaterako, fruitu zumoak, granadinak, ur mineralak eta sodak), ezta edari alkoholikorik ere. Bihardanik, iragarri nionan, nik ere ezingo diat hiru egunetan halako edaririk hartu. Quido, ahiturik eta garaiturik, isildu egin zunan, eta nik loa hartu ninan, garaipenaren sentimendu alaiaz.

      »Hala ere, biharamun goizean agerian geratu zunan edan-baraua ez zela kontu samurra izango. Abuztuko gau hura beroa izan zunan. Goizean mutiko kristauek eta ez-kristauek mahai erdiko kafeontzi handitik nahi adina kafe hartu zitenan. Nik, ordea, ogitxo bat gurinaz eta marmeladaz murtxikatu ninan. Sentsazio bitxiak sufritu nitinan. Gehien axola zidana Quido zunan: esne mamitan zegonan, eta bere sabel hondogabean kikarakada bat bestearen atzetik desagertzen zitunan, danga-danga, zipokari.

      »Goizean atletismo ekitaldia ospatu geninan. Nerau egitarauko kirol batean gailentzen nindunan: disko-jaurtiketan. Edozein mutikok baino urrutiago jaurti ninan, baina hamaiketakoa ekarri zutenean, eta harekin batera sifoi botila bat balde batean, izotz eta guzti, bada kontenplaziozko bizitzara erretiratu nindunan, zuhaixken artera. Han bazunan inurritegi handi bat, eta oparotasunaren urrezko aroa prestatu nienan inurriei neure ogiaren pusketekin.

      »Eguerdian pentsatu ninan hura ez zegoela jasaterik, baina zirt edo zart eginda, zopa errefusatu ninan, zeren Quidok juzgatu baitzuen edari hura ere urez egindakoa zela, eta nik hala aitortu behar izan ninan.

      »Bazkalostean, derrigorrez, bi orduko lokuluxka. Niretzat beila egarrituzko bi ordu izan zitunan, eta ondoren arratsaldea iritsi zunan, luze-luze eta lehorra, eta harekin batera boleibola eta haitzetara egindako txango amaigabe luzatua. Azkenik, afari legea: saltxitxa bana patata-purearekin.

      »Ez zakinat inoiz jan ote dunan saltxitxa patata-purearekin hogeita lau orduz mokadurik ere jan gabe egon ostean. Hala ez bada, ez dakin ezer. Ahamen txikiak eginez jan ninan, gero eta ahamen txikiagoak, ahamen ezin ñimiñoagoak, eta purea ez zunan gutxitzen, denak jadanik prest zeudenan eta Quido Pickek, ni amorratzearren, danga-danga edaten zinan te hotza mahai gaineko kristalezko pitxarretik, neurririk gabe hartzen zinan, eta begiak zabal-zabal irekita, ez zitinan nire atsekabeak bistatik galtzen.

      »Onkel Hubertek ere erreparatu zienan, eta, niregana gerturatuta, “Ist dir was, Daniel?”[10] esan zidanan. Baina nik, heroitasunez, ezetz, eta gero esan ninan ezin nuela gehiago, eta saltxitxa hondarrak Quido Picki eman nizkionan. Hark prestutasunez jan zitinan nire ordez, zeren kristau katolikoen ohiturak errespetatzen baitzituen, bereak bezalaxe. Purea zegoen platera sukaldera eraman ninan.

      »Baina txarrena afalostean edukiko ninan zain. Onkel Hubertek gaztigatu zinan biharamunean Hrensko-ko portale itxurako haitzera joango ginela egun osoko txangoan, eta goizean nork bere paketetxoa jasoko genuela, hamaiketako, bazkari eta guzti. Gauean itzuliko omen gintunan.

      »Joben albiste hau adi-adi entzun eta gora joan nindunan, logelara, basamortuko egarrituarenak bezalako eldarnioz betetako gaua pasatzera.

      »Gosaritan marmelada garratzetik zenbait koilarakada ematera mugatu nindunan. Eztarri lehorra ez zunan gauza mokadu bakar bat ere irensteko.

      »Gero abiatu egin gintunan.

      »Abuztuko egun eder beroa zunan, eta gure aurrean hogei bat kilometroko ibilaldia haitzetako bidexketatik. Goizeko hamarrak aldera gure oinak kiskaltzen hasi ziren, eguzki galdaren eraginez.

      »Hamarrak eta erdietarako edanak zitunan termoetako elikagai guztiak, eta espedizioa han-hemenka gelditzen hasi zunan. Bide bazterretan topatzen genituen taberna, txosna eta kioskoen inguruan arioek eta ez-arioek aldioro oihu bat eginda metatu, eta limonada koloreztatuz bustitzen zitenan eztarria.

      »Halakoetan, beti zuhaitzen itzaletik ez urruti eseri eta eskuak batzen nitian. Orduan Quido botila eskuan hurbiltzen zitzaidanan, ondoezik ote nengoen galdezka. Nik buruaz ezezko keinua egin eta zerurantz begiratzen ninan, otoitzean ari nintzela adieraziz. Quido guztietan zuhurki urruntzen zunan, baina inoiz ez botilatik bizpahiru zurrut dangatsu jo eta garai zaharretako judu-jatortasunaz korrok egin baino lehen.

      »Soda botilen tintin zaratatsuak bide osoan jazarri nindinan Hrenskoko haitzeraino. Han egin geninan bazkari-legea, baina nik pepinilo txikitxo bat besterik ez ninan jan, paketetxoan xerraren eta bi ogiren artean zanpaturik zegoena. Nire xerrarekin erdibana egin zitenan Quidok eta Alík Munelesek, eta ondorengo limonada-mozkorrak berriz ere ihes eragin zidanan izeidiko bakardadera. Baina, han, kontenplazioaren ordez, pentsamendu biraogileek eta amorru garaiezinak berenganatu ninditenan: amorru gaizto hori, nire harridurarako, arrazoiren batengatik Quido Pick semita jainkozalearen kontra zuzentzen zunan, hark katolikoen ur-barau handiaren erru txikienik ere ez zuen arren.

      »Bazkalostean itzulbide gaitza nozitu geninan. Eta berriro desfilatu zitunan txosnak, kioskoak, estankoak eta tabernak, garagardoak, granadinak, sodak eta limonadak. Berriz ere inguratu nindinan mutiko zurrutari andanak, eta nire ondoan Quido kulunkatzen zunan, sabela oxido karbonikoz puzturik. Izan ere, ezin konta ahala soda-botila hurrupatuak zitinan, maleziaren maleziaz, erlijioaren aitzakian.

      »Atzealdean gelditzen hasi nindunan, zeren eta hankak kordokatzen zitzaizkidanan, eta egarriaren egarriz jiraka neukanan burua. Eta hara non Quido atzealdean gelditzen den, nirekin; ez ordea, nik susmatzen nuen bezala, kristau-fede estuaren gurutzea eramaten laguntzeko, baizik eta bere judu-losintxaz galdetzeko ea ordurako ondoezik ote nengoen. Eta ziurtatu nionean justu alderantziz nengoela, lizunkeriatik urrunduz baino ez dela arima kristaua Jainkoarengana igotzen, Quido zehatz-mehatz hasi zunan juduen barauek giza osasunean dituzten ondorioak deskribatzen. Sabeleko minei buruz zera aipatu zinan, hesteak lehor egoteak eragiten dituela; zoroaldiei buruz, berriz, errabino barautuak ogi-xerra bat oihuka eskatzera behartzen dituztela; eta gaixotasunei buruz, bat-batean etxea galtzeagatik edo bitamina-gabezia sistematikoengatik gertatzen direla. Aldi berean, une oro trago egiten zinan limonada berdeko botila ihinztatutik, eta nik debozioz zuzentzen nitinan begiak zerurantz, Quidoren zorrotik atzematen ziren hurrengo bi botilen tapa zuri portzelanazkoei ez begiratzeko.

      »Eguzki bihozgabe ankerrak gupidarik gabe kiskaltzen gintinan, eta niri iruditu zitzaidanan haitzetako hareharrizko gailurren artetik suzko deabrutxo txiki batzuk zebiltzala hegaka. Mihi odolez gorrituak ateratzen zizkidatenan, eta haietatik ur tanta izoztuak zerizkienan. “San Aloisio”, murmurikatu ninan, “San Aloisio, San Aloisio, oi, San Aloisio”, baina ez nengonan gehiago kontzentratzeko moduan.

      »Martirologia katolikoaren duin zunan, benetan, sufrimendu hura, eta neure estualdian hots egiten niòn saindu txit jainkozalearen martirioa bera ere baino are handiagoa. Egokiera hartan den-dena nerabilenan buruan jirabiraka: zerua, haitzak, bidexka, basoko zuhaitzak, eta bai Quido Pick ere, keinuka eta soda epelen kontsumoan marka guztiak hausten.

      »Azkenik haranera iritsi gintunan: pinuen itzalpean zurezko tabernatxo zahar bat zegonan, baserri itxura zuena. Behi bat ageri zunan han, oholezko ukuilutik bere mutur motza azaltzen zuena, eta zurezko mahaitxoak eta eserlekuak, lurrean iltzatuak, bi lerro osatuz.

      »Mutikoak eta neskatilak builaka eseri zitunan berehala mahaien inguruan, eta haien artean ni. Tabernatik emakume baserritar guri bat irten zunan, besoetan bost botila soda zekartzala, eta iragarri zinan egun hartako turistek azken tantaraino edan zituztela tabernako horma-irudian iragarritako freskagarri guzti-guztiak. Baina andereñoek eta jaun gazteek gogorik izanez gero, sotoko esne freskoa har zezaketela.

      »Esnea!

      »Deabrutxoak neure begien barne-barnean imintzioka ari zitunan, eta Izpiritu Santuak beltzuri egin zinan. Baina ez nionan Izpiritu Santuari erreparatu. Deabruzko ihesbideaz jabetu nindunan gogotsu. Esnea, esan nionan Quidori, ez duk urez egindako edaria. Produktu naturala duk, behi-errapearena, Jainkoaren erregalia, gizakiaren bitartekaritza gabe sortua, horregatik ez dik zerikusirik kristauen ur-barau handiarekin.

      »Eta Quidok, juduen barau ikaragarrien pairatzailea zen aldetik, amore eman zinan.

      »Esnea! Gainezka egiteraino bete nindunan. Etxera baino lehen, ondoezak jo eta, azkar-azkar, bost aldiz gutxienez erretiratu nindunan mundutik, inondik ere ez otoitz egitera, ordea. Baina egarria kendu egin zitzaidanan.

      »Halakoa izan zunan, beraz, nire lehenengo konpromezu erlijiozkoa. Bekatu egiten duena azkar amiltzen dun. Eta ni ere salbuespena izan ez. Biharamunean, egarriak berriz ere sufriarazi eta sukaldean esnea ukatu zidatenean, bainugelara joan nindunan, eta han txorrota irekita ezkutuan eta iruzurrez berdindu ninan egarria. Hain hondoraino jaitsi nindunan, eta are hondorago, zeren eta, hirugarren eguneko afaria bukatu eta garbantzu purea bigarrenez eskatu nuenean, solas serioa izan ninan Quidorekin honako gaiaz: nola garbitzen dituen barauak gure gorputza eta arima, zein garbi eta sasoiko sentitzen garen, geure erlijiozkotasunak exijitzen digun sakrifizioa eginez gero. Nola, horrela, hipokrita erlijiozkoak bihurtzen garen eta deabruari eskaintzen diogun geure arima.

      »Horrela nik ere egin ninan bekatu Jainkoaren kontra, baina Hark, bere ontasun amaigabean haurraren errugabetasuna aintzat hartu eta nire harrokeria barkatu zidanan. Baita Quidori ere, kalte egin nahi amorratu hura.

      »Baina Berak bakarrik zakin barkatu ote zion. Eta Berak bakarrik zakin Quidok gero ere grina bertsuaz errezatu ote zuen Terezíngo ghettoan, non bukatzen den niretzat haren bizitzaren arrastoa.

      »Halakoak ditun, ordea, Jainkoaren zuzentasunaren pentsuak, eta gizakiari ez zegokion Kreatzailearen sekretuez hausnartzea».

      —Apaiza haiz hi oso, Danieltxo —esan zuen Rebekak, eta pentsakor gelditu zen. Leihoan euria ari zuen zara-zara. Gero esan zuen—: Baina haur dohakabe haiek zer zeukaten zain? Hori ere ez dakik hik, baina nik bazakiat. —Dardara egin zuen—. Nola esan duk? Hobeto dabiltzala hilda daudenak, edo antzeko zerbait. Haurrok gogoratzen ditudanean... eta labeak...

      Leihoaz bestaldean euria ari zuen etengabe, eta Rebeka orduan eskaileratik joan zen, oin-puntetan, jostunaren ate ondotik isilka igaro, eta beldur zen jostunak irekiko ote zuen. “Muturluze antza hartzen nioan neure buruari. Denak begira neuzkalakoan nengoan, judu zintzo guztiak banan-banan gas-ganbarara joan direnean lasai-lasai itzuli den judu mukizu lotsagaldu bat banintz bezala”. Oin-puntetan igaro zen ate ezagun haren ondotik, zeinaren atzean isiltasuna zegoen. Burdinazko barandadun eskailera higatutik bosgarren pisura igo zen. Atean errotulu bat zegoen, Karel Ruzitxka, Union bankuko ahaldunarena. Baina ez zion luze jo ateko brontzezko dianaren erdiko botoi horixka sakatzea erabakitzeak. Han zegoen, zutik, marragazko janzkiz, ate aldera begira. Ia ez zen konturatzen eztulak astintzen zuela, eta hala etxe barruan zeudenen arreta piztu zezakeela. Han zegoen, zutik, eta bat-batean ez zegoen ziur hura Ruzitxkatarren etxea ote zen. Orduan ez zegoen horretaz arduratuta, eta bat-batean otu zitzaion ez ote zen hobe izango txirrina jo eta besterik gabe esatea: Mesedez, lagun iezadazue, ez daukat non lo egin, ei daukat zer jantzi, ez daukat gurasorik ez ahaiderik, baina gose naiz, egarri naiz, tristura daukat bihotzean eta sabelean, eta hanketan auskalo zenbat kilometro, mesedez.

      —Baina zergatik Ruzitxkatarrenean? Inoiz ez nian haiekin hitzik ere egin. Ni ez nauk sentibera, Daniel, baina une hartan bat-batean ikaragarri desiratu nian norbait errukitzea; laztandu, besoetan hartu eta ohe garbi batean etzatea. Horrekin segitzen diat. Huskeriak. Baina ez ote nuen eskubiderik? Ergelkeria duk, baina ezin ote gara noizbait ergelkeriez poztu? Ama hiru urte nituela hil zitzaidaan. Gero amaordea izan nian, arioa. Aitak ez nindian mainatzen. Aita izugarri berekoia zuan. Eta neba irainka ari zitzaidaan beti. Eta SSkoak..., ezin duk imajinatu. Inork ez naik inoiz mainatu. Terezínen Fritsek Bondy delako batek babestu nindian. Baina alferrik. Alferrik amodioa egitea ere. Jendeak egiten zian, bai, pittin bat gozatzeko sikiera. Eta ergelkeria zuan. Heriotzara kondenatuari azken afarirako zernahi aukeratzeko esaten diotenean bezala-edo. Ikusi nahi nikek halako irin-opila gozatzen dakienik. Ergelkeria duk. Bizitza boxeo-borrokaldia duk, eta kolpeak hartzen eta jotzen ikasi beharra zagok. Nik ere jakin beharko nikek. Baina dena dela beti bereganatuko naik berriz ere samurtasun sentimenduak, eta nik nahi diat norbait samurra izatea nirekin, judua izatearen errurik ez duen judu honekin. Laztandu eta nirekin lo egitea. Daniel —esan zuen hitzetik hortzera—, larunbaten batean elkarrekin joango gaituk, ezta?

      —Nora? —galdetu nuen.

      —Berdin ziok. Lysá nad Labem hirixkara edo. Hik nahi duan tokira. Hirixka txiker arrotz batera, eta hoteleko gela bat alokatu eta gauean amodioa egingo diagu, eta gero han lo egingo diagu elkarrekin. Lo egin soilik. Benetan. Goiza arte. Eta agian hiltzea lortuko diagu.

      —Ez, ez —esan nuen—. Nahi ez dugunean lortuko dinagu. Eta, dudarik gabe, ez halako giro idilikoan.

      —Baina hara joango gaituk elkarrekin, ezta? Hemen ez duk giro. Hemen beldur izan behar beti izebak goizean oharpen pozoitsuak egingo ote dituen, sofa-ohe memel hori kirrinki-karranka dabil eta. Bizipoz guztia kentzen zidak horrek; hiri ez, ala, Daniel?

      —Guztiz trabagarria dun —esan nuen—, izeba alboan adi egotea.

      —Normala duk adi egotea. Beldur duk ezkondu eta etxe honetatik botako ote dudan.

      —Eta zein izeba da hori?

      —Nire amaordearen ahizpa. Ez duk benetako ahaidea. Arioa, noski. Uste dik judu malmutza naizenez azpijana egingo diodala.

      —Orduan, zergatik hartu hinduen judu malmutza haizen hori?

      —Beldur zunan etxebizitza kenduko ote zioten —esan zuen Rebekak—. Zerbaiten beldur izaten duk beti. Eta beti ergelkeria berdinen...

 

 

      Eta, hala, han zegoen, zutik, maiatzeko arratsalde hartan, brontze distiratsuzko atearen aurrean, eta alde egiteko gertu zegoen, zeren ez baitzekien ziur hura Ruzitxkatarren etxea ote zen, baina halako batean ohartu zen ateko behatxuloan poliki irekitzen ari zela estalkia eta begi erne bat ageri zela. Begia, kuxkuxean, kliska eta kliska ari zen; konturatu zen eztulaldia zetorkiola, eta begi hura kuxkuxean ari zen, jentil-etxebizitzaren barrutik zirkinik egin gabe. Horrenbestez, amorruak menderaturik, atera inguratu zen Rebeka.

      —Tantaia baino handiagoko atso batek ireki zidaan atea. Une hartantxe jakin nian nire familiaren perlak hark zeuzkala —esan zuen Rebekak. “Egunon”, agurtu nian. “Egunon”, esan zian berak, eta ikusmiratu egin nindian, batere espresiorik gabe, hotz, judu muturluze bati bezala.

      —Ruzitxkova andrea? —esan zuen Rebekak.

      —Bai —erantzun zuen madameak.

      —Rebeka Ohrenstein naiz —esan zuen Rebekak.

      Aurpegia ernatu egin zitzaion andreari.

      —Bai? —esan zuen madameak.

      —Mesedez —esan zuen Rebekak aiko-maiko—. Ni... ni Terezíndik bueltatu berria naiz eta... gure aitak zenbait gauza gorde zuen zuenean...

      —Gure etxean? —madameak betileak altxatu zituen.

      —Behintzat —esan zuen Rebekak—, behintzat hala esan zuen berak. Hala esan zuela uste dut, behintzat. Begira, ni garai hartan oso... ez dut zehatz gogoratzen. Baina uste dut hala esan zuela. Irudipena, behintzat...

      Gorritzen ari zela sentitu zuen.

      —Oker zabiltzalakoan nago, andereño —adierazi zuen madameak—. Baina mesedez, sartu —atetik apartatu zen, Rebekari sarbidea libre uzteko.

      Rebeka sartu egin zen.

      —Ez haserretu —esan zuen, artean atean zegoela—. Gaur heldu naiz eta ez daukat nora joan.

      —Aurrera, aurrera —esan zuen madameak. Salara gidatu zuen—. Eser zaitez —esan zuen—. Egon pixka batean. Kafea prestatzeko esango diot Ruzenari. Seguru kafea hartzeko gogoa izango duzula, ezta?

      —Jakina —Rebekak irri egin zuen, sala hartan ezeroso. Madameak alde egin zuen. Rebekak bere inguruan begiratu zuen. Sala hotza zen, distiratsua, marroi ilun kolorekoa, bikain garbitua. Apalategian beira landua, patinaje pista gisako mahaian tapete gakorratzez josiak. Ertzean axuleiuzko berogailu dirdaitsua. Paisajeak hormetan. Eta hotza maiatzeko leihoaz bestaldean ere.

      Dama, barrura sartu, eta Rebekaren aurrean eseri zen.

      —Itzuli zara, hortaz.

      —Bai —esan zuen Rebekak.

      —Har itzazu nire doluminak —esan zuen madameak. Hasieran Rebekak ez zekien zer esan nahi zuen—. Urte luzeetan ezagutu nuen zure aita. Baita zure ama ere. Gaixoa ez zen hura guztia bizitzera iritsi. Eta ikusten denez, eskerrak.

      —Bai —esan zuen Rebekak—. Neba ere... neba ere ez da itzuli. Eta nire amaordea ere ez.

      —Eta zure osaba, Ohrenstein jauna? —galdetu zuen madameak, eta Rebekak oraingoan argi eta garbi nabaritu zuen galdera haren atzean zegoena ez zela solas-gizalege soila. Honela esan zuen:

      —Hura Terezínen utzi ere ez zuten egin. Beste norabait eraman zuten berehala, Auschwitzera. Jadanik oso zaharra zen.

      —Nora? —galdetu zuen madameak.

      —Auschwitzera —esan zuen Rebekak. Sarraskitze-esparru bat da... zen.

      —Eta hori, zaharra zelako?

      —Baliteke. Batzuk zuzenean joaten ziren gas-ganbarara.

      —Alajainkoa! —egin zuen hasperen madameak, eta Rebekak irudipena zuen, eta bat-batean ziurtasuna, arindurazko hasperena zela hura. Eta bat-batean arras ziur jakin zuen perlak dama haren esku zeudela. Egiaztatzeko bezala, madameak galdetu zuen:

      —Eta orduan bakarrik zaude orain? Ez duzu ahaiderik batere, ezta?

      Rebekak begietara so egin zion. Madameak begiak apartatu zituen. Baina Rebeka zoriontsu zen. Bihotzean izarra bordatu zioten unetik, lehenengo aldiz iruditzen zitzaion zenbaki bat baino zerbait gehiago zela. Andreari alamena eman ziezaiokeen, ziurgabetasuna sortuz. Ez zuen halakorik egingo. Begietara behako ironiko bat zuzendu zion, eta honela esan zuen:

      —Ez. Guztiz bakarrik nago.

      —Oi, ikaragarria da —esan zuen madameak—. Baina... hau dena pasatuko da, neskatxa. Pentsa ezazu itzuli zarela. Gaztea zara, bizitza osoa duzu aurretik. Eta orain dena taxuz joango da berriro. Badakit ikaragarria dela zuretzat hau guztia, baina pasatuko da mina.

      Pasatuko dela? Baita zera ere!, pentsatu zuen Rebekak. Hik zer dakin, jentil lapur horrek. Berriketa gozoen gramofono horrek.

      Neskameak kafea eta pastelak ekarri zituen. Rebeka goseak zegoen.

      —Hartu, hartu, neskatila —bultzatu zuen madameak—. Gerra garaikoen antzekoak dira oraindik, baina seguru gustatuko zaizkizula.

      —Bai horixe —irri egin zuen Rebekak. Kafea edan eta pastelak jateari ekin zion. Platera beterik zegoen. “Igandean jateko ditun nonbait”, otu zitzaion, “eta atso honek bisitarien zintzotasun konbentzionalarekin kontatzen din, eta uste din mokadu bat edo beste jango dudala eta kitto”. Den-denak jan eta tripotxa betetzeko setatu zen Rebeka. Eta lanari ekin zion.

      —Aipatu dituzun gauza horiek —hasi zen madamea, hasieran gurean gordailutu nahi izan zituen zure aitak. Baina nire senarrak hausnar egin zuen, eta gero zure aitarekin adostu zuen arriskugarria izango zela. Etxe berean bizi ginen, eta alemaniarrek ikusketa eginez gero, gure etxean bilatuko zuten aurrena, seguru. Nire senarra eta zure aita oso lagunak ziren, jende guztiak zekien hori. Orduan hitzartu zuten gauza haiek Letná kaleko Patroch jaunarenean gordailutuko zituztela.

      Rebekak harriturik begiratu zion. Zuzengabe jokatu ote zuen harekin? Eskua beste pastel baterantz luzatu zuen mekanikoki, baina gero mahaian pausatu zuen.

      —Patroch jaunarenean? Eta non bizi da?

      Madameak, goibel, ezezko keinua egin zuen buruaz.

      —Kasu tragikoa da —esan zuen.

      “Bai, bai”, esan zuen Rebekak bere artean. Beste pastel bat hartu, eta oso-osorik ahoratu zuen. Eta galdetu:

      —Har nezake beste kafe bat?

      —Bai, noski —esan zuen madameak, eta kafeontzitik isuri zion—. Gerra osoan ezkutatu dugu. Benetako Meinl markakoa da. Honelako ospakizunetarako.

      —Apartekoa da —esan zuen Rebekak—. Eta zer gertatu zen Patrocha jaunarekin? Alemaniarrek hilko zuten, ezta?

      —Bera bakarrik ez —esan zuen madameak, eta aurpegiera tragikoa jarri zuen—. Bera sokol[11] ezaguna zen. Prahako 7. barrutiko sokoltegiko presidentea. Eta Heydrich hil zutenean, bere familia osoarekin batera exekutatu zuten. Egunkarietan etorri zen —erantsi zuen.

 

 

      —Istorio hori guztia buruz ikasita zeukaan —esan zidan Rebekak—. Gerra osoan zehar ibili zuan hori asmatzen. Aitak haien etxean gorde zuenagatik: zorioneko perla horiengatik edo zena zelakoagatik. Baina egun hartan pastel guztiak jan nizkioan.

      Irri egin nuen.

      —Rebekatxo —esan nuen—, hori ez zunan negozio handia izan, baina. Perla pare bat gerra garaiko pastel batzuen ordainetan...

      Rebekak muzin egin zuen.

      —Dena dela, ez ziotean lapiko tapatzat ere balio izan. Beldurraren beldurrez ez zitian berriro gainean eraman, non edo non topatuko ninduelakoan. Baina pastel haiek ikaragarriak zituan: hura zuan sabeleko mina, hura! Gaur egun ere aski zaidak gogora ekartzea, mina berritzeko ostera ere.

      Zaparradaren xuxurlaren eta tranbien txirrinen gainetik, izkinako elizdorreko kanpaiek jo zuten. Zazpiak. Zinematografora joateko txartelak genituen.

      —Beste baterako utziko diagu istorioa, benetan interesatzen bazaik —esan zuen Rebekak.

      —Nola ez —esan nuen—. Ezin dun imajinatu.

      —Zer ezin dut imajinatu?

      —Ezer ez ba —esan nuen. Ezer ez, pentsatu nuen. Nolakoa haizen, Rebeka, pentsatu nuen, eta zaparradaren xuxurlatik denbora galduaren arraunak entzun ziren, uda bukaeran, urte hartako sanmartinetako uda txikiko bukaeran plisti-plasta.

      —Ontziz ibili nahi dun? —esan nuen.

      —Bo! —Rebekak, ukakor. Lainoak munduaren gainetik zabaltzen zuen erdilunean, judu-aurpegi zurbil estua zuen, kopetan ile-xerlo orraztugabe bat, eta lainoak beirazko begietan distira egin zion, aspaldiko arratsalde euritsu hartako Alfa kafetxeko leiho handietan bezala. Nire aurretik zihoan bidexkatik ontziralekurantz, eta konkortua-edo begitantzen zitzaidan. Lakua hotz zegoen; uhinen urazal hotzek zeruko gris dirdiratsua besterik ez zuten islatzen. Arraunak lotu eta han abiatu ginen. Lainopean isiltasuna zen nagusi, eta handik istant batera bakarrik geunden, urazal hotzezko biribil txiki baten erdian, eta gure inguruan lainoa. Arraunak plisti-plasta. Poliki gindoazen lainoan barrena. Rebeka nire aurrean eserita zegoen, belaunak elkarturik, eskuak jertsearen mahuketan sarturik, urazalari so. Haizetxoak lakuan barrena bultzatzen zuen lainoa. Hala, hurbiletik, laino zuri zerratu hura ez zen hoteleko terrazatik bezala ikusten. Ke zuri sarria zirudien, urazalean trumilka eta jiraka. Baina guregandik zenbait metrotara horma zuri zeharkaezin bat zegoen, urruntasun opakoan galtzen zena.

      Lainoan plisti-plasta zebilen arrain baten hegala. Begira jarri nintzen. Urazalean uhin biribilak sortzen ziren, eta guregana zetozen bizkor. Haien erdian zerbait zurixka zetzan.

      —Ikusten duk? —esan zuen Rebekak.

      —Bai —esan nuen—. Zergatik dago urazaletik hain gertu?

      —Ez zakiat —esan zuen Rebekak—. Goazemak hara.

      Ontzia jiratu eta uhin biribil mugikorren kontra egin nuen arraun. Laster urratu nituen, brankaz, haien lerro erregularrak. Objektu zurixka bat zetzan, mugitu gabe. Arraun egiteari utzi, eta inertziaren inertziaz aurrerantz joaten utzi nion ontziari. Uhinak motel ari ziren plisti-plasta brankaren kontra. Rebekak, jiratu, eta objektuari so egin zion. Ontziaren branka poliki igaro zitzaion ondotik.

      —Zer da hori? —esan zuen Rebekak higuinez—. Begira!

      Ontzia arraunez geldiarazi eta ertzera makurtu nintzen. Urazalean bertan zetzan. Arrain izutu bat, tripaz gora. Gero gertuagotik begiratu eta iruditu zitzaidan buztan bana zuela alde bietan. Munstroa. Nazka eta ia izu-ikara nagusitu zitzaizkidan. Gauza haren gainera makurtu, eta gero eskuan hartzen saiatu nintzen. Nabaritu nuen nola egiten zuen zirkin; gero, sabelaz gora jiratu, eta poliki, ezinean, makal, murgildu egin zen, buztana arrauntzat erabiliz. Munstro gaixo bat. Gero berriro agertzen hasi zen, eta agertu ahala, berriz ere jiratu zen tripaz gora.

      Eta gero konturatu nintzen zer zen: bi katuarrain, arrak biak, ia tamaina berekoak. Dueluan batak bestea irentsi nahi izan zuen, baina eztarrian gelditu zitzaion. Ar txikienaren gorputz erdia handiaren ahotik agertzen zen, eta biak akabatzen ari ziren. Orduan ohartu nintzen muturretik agertzen zen buztana, motel baina, artean bere indarrez mugitzen ari zela.

      —Zer da hori? —esan zuen berriro Rebekak, ikara ahotsean.

      —Bi katuarrain —esan nuen—. Bata bestea jaten ari dun, baina handiegia dun. Biak akabatzen ari ditun.

      —Goazemak hemendik —esan zuen Rebekak—, goazemak, nik ezin diat hori ikusi!

      Arraunaz kolpatu nuen katuarraina. Hegala izurtzen ari zen, eta han zen munstro osoa berriro agerian.

      —Ez egin horrelakorik! Goazemak hemendik! —egin zuen garrasi Rebekak.

      Arraun egiteari ekin nion, baina so gelditu nintzen ageri ote ziren edo. Pare bat metro harantzago azaldu ziren. Sabelak uraren erlantz hotzetan zuritzen ari ziren.

      —Goazemak! —egin zuen oihu Rebekak—, goazemak hemendik, Daniel. Ez begiratu!

      Baina ni ordurako begira nengoen. Mutur zabaldua atzeman nuen, eta haren barruan gorputz likits bat, mugikor, irten nahian. Gero urazalaren distiran aienatu zen. Arraunen gainean bermatu nintzen. Lainoan berriz ere entzun zen hegalak urazalean egindako plisti-plasta. Artean ere lehian ari ziren katuarrainak. Arin eta erregularki egin nuen arraun lakutik lehorrerantz. Handik gutxira isiltasuna zen ostera ere nagusi.

      Euria xuxurlaka ari zen, xuxurlaka, eta Rebeka isilik zegoen. Eta alde egiteko tenorea zen. Altxatu zen, jantzi zen, eta zinematografora joan ginen. Filma koktel bat zen, amodiozko triangelu bati buruzkoa, garaiko izpiritu eraikitzailezko[12] lasto nahasi eta guzti. Biziki gaitzitu zitzaidan, baina Rebekaren begi galduak bi ordu osoetan ibili ziren honetaz bestelako mundu batean nabigatzen.

 

1947, 1958

 

 

 

[1] Schutzpolizei (‘babes-polizia’) hitzaren laburdura.

[2] Zaindari-buruzagia, atxilotu morroi hori!

[3] Tira, judu hori, guk denbora dugu!

[4] Zoaz frontera! (Kontuan hartu txekierazko fronta hitzak bi esanahi dituela: “frontea” eta “ilara” alegia; alemanezko Front hitzak, ordea, bat bakarra: “fronte” edo “gudu-lerroa”).

[5] Mitologia txekiarrean, heroi bat da, bere indar handiaz ospetsua.

[6] Sergej Vasiljevitx Gerasimov (1885-1964), pintorea, artista nazionala. Post-inpresionismotik hasi eta, hogeiko hamarkadan, errealismora aldatu zen.

[7] Ez dut txekieraz hitz egin behar.

[8] Ikasleentzako opor-ostatua.

[9] Islamgo monje-ordena baten partaideak.

[10] Ezer gertatzen zaik, Daniel?

[11] Kirol-elkarte txekiarreko partaidea.

[12] Komunismo stalinistaren garaian eraiki hitza txit erabilia zen, baikortasunarekin eta bizimodu berria sortzeko asmoarekin lotua.

 

 

Mundu mingotsa
Josef Škvorecký

euskaratzailea: Karlos Cid Abasolo
Alberdania, 1996