|
Mundu mingotsa
PARE BAT ARRASTO
Karlos Cid Abasolo
Atsegin handiz aurkezten dizut, irakurle, gurean ezezaguna den idazle txekiar bat, izen-deitura ebakiezinak dituena: Josef Škvorecký (ahoska bedi Iosef Xkvoretski, mesedez). Haren bizitza pare bat lerrotan laburbilduz, esan dezadan afizioz saxofoijolea dela, eta ofizioz idazlea eta unibertsitate-irakaslea. Bestalde, 1948. urtearen ondoko erregimen politikoarekin konpondu ezinean ibili zen: ondorioz, haren liburu asko ez ziren idatzi zituenetik urte asko igaro arte argitaratu. Pare bat adibide: Koldarrak izeneko nobela (1949an idatzia eta 1958an plazaratua) eta Tanke-batailoia (1954an idatzia eta 1971n, Kanadan, argitaratua). Zorigaiztoko patu bera izan zuten esku artean duzun liburu honetako lehenengo hiru ipuinek: 1957an idatzi zituen, baina ez ziren 1964a arte irakurlearengana iritsi, Zazpi besoko argimutila zeritzon bildumaren barruan. Izenburuak berak adierazten duenez, judu txekiarrei buruzko kontakizunak dira bilduma osatzen dutenak, Daniel eta Rebekaren ahotan jarriak. Škvoreckýk 1947an idatzitako ipuin bat, Rebeka, Zazpi besoko argimutilaren narrazioetan tartekaturik ageri zaigu oraingoan. 1969an, Ipar Amerikara alde egin baino zenbait hilabete lehenago, Škvoreckýk juduei buruzko zazpi ipuin bildu eta Mundu mingotsa antologiaren lehenengo atal gisa argitaratu zituen. Lehendabiziko bostak 1964ko liburutik ateratakoak dira. Zazpigarrena, Kohn erreakzionarioa, aldizkari batean plazaratutako istorio labur bat da. Eta seigarrena Rebeka dugu, berriz ere ipuin solte gisa. Harrigarria da, beraz, azken ipuin horren sortze-prozesu korapilotsua (muntaia-desmuntaia-muntaia), urte luzetan zehar garatu baitzen. Mundu mingotsa honetan Bigarren Mundu Gerraren garaiko pasadizoak kontatzen zaizkigu. Kokapena: Bohemiako K hirixka. Protagonista: Daniel Smincký. Kokapenaz, hitz pare bat: “K” inizialaren atzean Kostelec izena ezkutatzen da. Edozein irakurle txekiarrek ondo baino hobeto daki Škvorecký bere jaioterriaz ari dela, Náchod hiriaz alegia, leku-izen asmatu hori erabiltzen duenean. Protagonistaz ere hitz pare bat: Daniel hori idazlearen nobela guztietako protagonista dugu Koldarrak-en. estreinakoz; kontakizun judu hauetan bigarrenez), eta edozein irakurle txekiarrek ondo baino hobeto daki ezizen horren atzean Škvorecký bera ezkutatzen dela, bata bestearen alter-egoa. baita. Biek, txikitan, denbora luzea eman zuten etxean alborengoaz gaixoturik. Biek, gazterik, armagintzan lan egin behar izan zuten Protektoratuaren garaian. Biak dira jazz-zale amorratuak. Biek jotzen dute saxofoia. Ez da ahaztu behar jazzari buruzko aipu ugari aurki ditzakegula náchodtar honen nobeletan, eta haietako batek Saxofoi baxua duela izena. Daniel ipuinotako protagonista dela esateak ez dirudi, dena dela, oso zuzena. Hobe genuke pertsonaia-ardatza esango bagenio. Izan ere, sei ipuinak lotzen ditu, haren ikuspuntutik kontatuta daude eta: errealitatea iragazita iristen zaigu, ez baitugu zuzen-zuzenean ezagutzen, Danielen begien bidez baizik. Benetako protagonista, ordea, Kohn dugu, Strass, Katz, Rebeka, eta mundu mingots honetako beste hainbat pertsonaia. Baina zaude lasai, irakurle: hau ez da Holokaustoari buruzko milagarren bertsioa. Ez du zerikusirik gai hori erabiltzen duten telesail eta film estatubatuarrekin. Komunismoaren garaiari buruzko aipamen bat edo beste ere egiten du ipuingileak, umorez eta ironiaz, Rebekaren bukaeran eta azken ipuin osoan. Baina, berriro diotsut, irakurle: zaude lasai. Hemen historizismo edo panfleto bila dabilenak jai du, Kukuaren istorioaren bukaerako pasarteak erakusten duenez: Škvoreckýk giza tragediaren parabola bat idatzi du, eta bere etsipenean, danborrek eta flautek jotzen duten arratoi-kanta liluragarrian ere bilatzen du gizalege-aztarnaren bat, faxismoarenganako nolabaiteko atxikimendua leporatuko ote dioten beldurrik gabe. Labur esanda, liburu honetan historia hitzak hasierako letra galdu du, eta bukaerako “a” “o” bihurtu zaio. Estiloaz ere ohar pare bat: Škvoreckýk, askotan, zehaztu bainoago iradoki egiten du, zenbait ideia nahita lausotuz eta anbiguitatea sortuz. “Zer esan nahi izan du oraingoan?” galdetuko diozu inoiz edo behin zeure buruari. Seinale, Škvoreckýk, mundu mingots hau islatzeko, opera aperta baten alde egin duela apustu. Eta amaitzeko, azken arrastoa, ipuinetako baten izenburua argi lezakeena: bada txori mota bat, arrautzak errun ondoren, beste txorien habietan abandonatzen dituena. Ornitologiari buruzko datu hori ezagun bazenuen, irakurle, barka. Eta bestela, ez horregatik.
Mundu mingotsa |