ALL TIME IS UNREDEEMABLE
Joan Vinyoli

euskaratzailea: Aritz Galarraga
armiarma.eus, 2014

 

Bart gauean mahasti lehorretatik

nindoan, mahatsondoak banan-banan haztatuz

egiteak zentzurik balu bezala:

                                            kanaberen atzean,

errausketak zaintzen ari zen emakume batek

dei egin zidan eta ukuilura

eraman.

           Ez dut gogoratzen

etxea, ez dut gogoratu nahi

jangela ez eskailera ez

eskailera-buru bakoitza.

                                  Soilik gogoratzen dut haize

zakarra, tximinia

itzalian kiribilean, astintzen

ateak.

             Eta norbaitengana

bultzatzen ninduen pasioa,

soroan ez zegoena jada

ez bada oroitzapenetan.

                                  Intziri egiten zuten zuhaitzek

eta dena zen oihu ilun bat

urrutitik zetorrena

eta ezer ez zen ulergarri

ezer ez zen lortzeko eskuek hainbeste

nahi zutena: ez sentitzea erabat

hustuta.

 

Itzalitako su handiak ez dira berriz pizten.

Haize izoztuak agintzen du, eta hiltzen.

 

ALL TIME IS UNREDEEMABLE
Joan Vinyoli

euskaratzailea: Aritz Galarraga
armiarma.eus, 2014