FAMILIA ERRETRATUA
Joan Vinyoli

euskaratzailea: Aritz Galarraga
armiarma.eus, 2014

 

Jaurti uztaia gora

gero burutik behera sartzeko,

une berean egin jauzi

lorategiaren etorbidera ematen duen sarrerako

eskailera mailatik;

begira lorategiko hartxintxarra,

adreiluak egiteko makina dagoen

glizina biribilgunea,

«oso eroriko txarra» duen pikondoa;

gogoratu txinpantze ikaragarria, amorruz betea,

burdinazko kaiola handiko barra lodiei

helduta, begiak gorri, «Los Tilos» dorreko

bisitaria;

itxi begiak eta…

                      trena pasatzen zen handik,

ikatz bizia utziz bidean.

Gero entzuten genuen txistukada

triste-tristea, urrun, ordokian; esaten genuen:

«Madrilerako espresa da».

Aita, duela urte erdi hila,

ametsetan etortzen zen, markoztatua,

zehatz erretratu bat bezala.

Ama, esango nuke zela lila,

zurbila eta altua eta dominatzailea;

miserere koliko batek hil zigun amona.

 

Ezin dut esan zoriontsu

ginenik, ez, baina arreba

eta biok jolasak pentsatzen, irudikatzen genituen:

 

Jaurti uztaia gora

gero burutik behera sartzeko,

une berean egin jauzi

lorategiaren etorbidera ematen duen sarrerako

eskailera mailatik;

begira lorategiko hartxintxarra,

itxi begiak eta

                        hegan egin.

 

FAMILIA ERRETRATUA
Joan Vinyoli

euskaratzailea: Aritz Galarraga
armiarma.eus, 2014