MENDEAREN HONDARREAN
Wislawa Szymborska

euskaratzailea: Kirmen Uribe / Rikardo Arregi / Magdalena Wegzryn
Hegats, 17-18, 1997ko abendua

 

Lehenagokoak baino hobea izan behar zuen, gure XX. mende honek.
Dagoeneko ez du frogatzeko betarik,
azkenetan baitago,
ibili herrena,
laburra hatsa.

Gertatu behar ez zuen gauza gehiegi
gertatu da,
eta heldu behar zuena
ez da heldu.

Udaberriak lehertu egin behar zuen
eta, besteak beste, zorionak.

Izuak ibar-mendiak behar zituen utzi.
Egiak, gezurrak baino bizkorrago,
helburura behar zuen iritsi.

Ez zegoen zertan errepikatu behar
zenbait zorigaitz,
gerra, esate baterako,
eta gosea, eta abar.

Babesgabeen babesik ezak
begirunea merezi zuen,
eta konfiantzak, eta antzerako gauza horiek.

Mundu honetan atsegin hartu nahi duenak
erronka ezinezkoa
du aurrez aurre.

Ergelkeria ez da barregarria.
Jakituria ez da alaia.
Itxaropenak
utzi zion neskato eder
eta abar izateari, tamalez.

Jainkoak, azkenik, gizaki on eta indartsuaren baitan
sinetsi behar zuen,
baina ona eta indartsua
bi gizaki dira beti.

"Nola bizi?" gutun batean galdetu zidanari
egin nahi nion nik
galdera bera.

Berriro, beti bezala,
eta arestian esandakoari jarraiki:
premiazkoenak
galdera xaloak dira.

 

MENDEAREN HONDARREAN
Wislawa Szymborska

euskaratzailea: Kirmen Uribe / Rikardo Arregi / Magdalena Wegzryn
Hegats, 17-18, 1997ko abendua