HITLERREN LEHEN ARGAZKIA
Wislawa Szymborska

euskaratzailea: Harkaitz Cano
Egan, 2001

 

Nor da pixoihaletan dagoen nanarru hori?

Hara, Adolfito da eta, Hitlertarren semea!

Izango ote da inoiz zuzenbidean lizentziatu,

Vienako operan tenore?

Norena da eskutxo hori? Eta belarriñoa? Eta begitxoa eta sudur ttipia?

Oraindik ez dakigu norena den esnez enpo dagoen sabeltxoa:

Inprimitzaile batena, mediku, dendari edo apaiz batena?

Nora iritsiko ote dira hankatxo barregarri horiek, nora?

Lorategira, eskolara, bulegora,

alkatearen alabarekin ezkontzera, akaso?

 

Ninia, aingerutxoa, etxeko erregea, kuttuna...

Gaur urtebete dela, mundura etorri zenean

ez zen seinalerik falta izan zeruan eta lurrean:

udaberriko eguzkia, jeranioak leihoetan,

biradera-organoaren musika etxeko patioan

papel arrosaz bilduriko zortearen iragarle bat,

amaren erditzearen aurretiko amets profetikoa:

uso bat ametsetan —hau poza!—,

eskuetan usoa hartu —hainbeste itxaron diogun gonbidatua iristear da—

eta kax-kax... nor da? Adolfitoren bihotza da

                                                        taupatzen duena.

 

Lerde-zapia, txupetea, pixoihala, txintxirrina:

umea, jainkoari eskerrak eta hala bedi luzaro,

 

osasuntsu dago, katutxoa dirudi bere saskian.

Bere gurasoen antza du, eta baita familia albumetan ageri diren

munduko beste haur guztien antza ere.

Ez, orain marrutxorik ez, ados?

Oihal beltz horren azpian argazkilariak KLIK eginen du.

 

Klinger estudioa, Grabenstrasse Braunen

eta Braunen herri ttipi baina duina da,

konfiantzazko dendak, bizilagun onpuskak,

bizkotxo usaina eta arrain-olioz egindako xaboiarena.

Ez da entzuten zakurren zaunkarik, ez eta patuaren pausorik.

Historia irakasleak lepoaldeko korapiloa laxatu du

eta ahozabalka ari da koadernoen gainean.

 

HITLERREN LEHEN ARGAZKIA
Wislawa Szymborska

euskaratzailea: Harkaitz Cano
Egan, 2001