|
Antologia AINTZIN-SOLASA Menturaz Joan Salvat-Papasseit poetak (1894-1924) garaiz hiltzen diren zenbait poetaren patu ona izan du. Gazterik hil izanak beti kupituko gaitu, oinazturaren halabeharra deitoratzen dugula. Gazterik hil izanak ez du denborarik izan injustiziaren aurkako sukarra epeltzeko. Eritasun ederrenak eraman izan balu bezala jujatuko dugu beti. Hala oroituko gara Salvat-Papasseit-ez, autodidakta eta proletarioa izan ez balitz bezala, erromantikotasunezko lurrun batean. Urte askoan gurasokeria batek ezkutatu izan du poeta honen lana, barkamenezko irriño batekin irakurri izan ditu kritikak haren abanguardako poemak. Klasikotasunak hainbesteko garrantzia izan duen poesia katalanean nekez baloratzen ahal ziren objetiboki, haurren jostaketa ziren kaligramak... Baina nola izan zitekeen klasikoa, hitzaren esangura akademikoan, eskolan ozta irakurtzen ikasitako proletarioa, etxean katalana eta lantegian gaztelania egiten zuen erdi-anarkista, liburuak erosteko dirurik ezin bil zezakeen guraso gaztea? Halabeharrez da Salvat-Papasseit antiklasikoa, eta ez estetikazko hautapenez. Klasiko-uste askorena ez bezala, bere poesiaren indarrak egundaino iraun badu inguruan dauzkan elementu errealistak modu guztiz libre eta berrian lotu zituelako da. Abanguarda egiten zuela jakin gabe zen poeta, berez zetorkion freskotasun ingenuo eta baikor batean. Ez da harritzekoa beraz 1936-39 gerrate antifazistak arrabiztu izana Salvat-Papasseit, Catalunya euskor eta anarkistazalearen ikurra bilakatzen duela. Ia mende erdi geroago, 1977ko Diada dela eta, bere poema guztien lehen edizioa argitaratzen dute preso politiko katalanen aldeko batzordeek... Baina ordurako, poeta katalan gazteek, gerraondoko lehen belaunaldiak, 1960koa edo esan ohi denak, Salvat-Papasseit aldarrikatzen dute garai hartako poesia hotz, artifizial eta ofizialaren aurrean: derrotatu ez bentzutuen eredua da, ez da burgesa, baliabide errealistak erabiltzen ditu. Salvat-Papasseit masa-poeta bihurtzen da Nova Cançó mogimendu ezagunari esker. Baina, Joan Fuster zenak poetari buruz eginiko lan sakon batean argitzen duenez, gure poetaren abanguardatasuna axalekoa dugu. Hirikondoko eskolagabea, irakurle kaotikoa, beti ere «oihurik berrienean» egon beharra dauka kultura literariorik eza berdintzeko. Honek egun balio gutikoak bezala hartzen ditugun hainbat poema idatzarazi zion, baina hala ere euskaldunok ezin dugu bekaizgorik gabe irajurri trolleyak, busak eta garabiak hain era naturalean aurkezten dizkiguten poema abertzaleak... Eskola urriko idazlea izaki, eta berak aitortzen zuenez irudimen apurrekoa, Salvat-Papasseitek ez zeukan zinezkotasuna eta bizinahia beste baliabide poetikorik. Eta horrela lortu zuen bere egunerokotasun gris, gose, eri, lainotsu, monotono hartarik edertasun handiko mundu bat eskaintzea. Hiria bere buila eta bere tramankuluekin ageri zaigu, alai, futuristen mekanismotik urrun. Etxea, etxeko trasteak, karrika, karritako gurdiak, dendariak, itsasontziak... plano bitxi eta ongi konposatuetan filmatzen duen dokumentalista bat ematen du, planoen arteko lotura libre eta elkartze ezustekoetan. Biluztasunean du oinarra poesia honek, errealitatearen alde desberdinen lotura magikoan, behatuz bezala egiten dela dirudien idazketan. Maitasun poemak izan dira ordea Salvat-Papasseiten poesia hilezkorra egin dutenak, edo hobe esan, maitasuna lantzeko duen era bereziak. Akademizismoaren eta topikoen gaitzetik ezjakintasunak begiratua, artean inor ausartu ez zen bezala kantatu zuen amodioa: haragitasuna laudatzen du, ez dauka erruaren edo bekatuaren demendren konplexurik, eta sentimenduen garbiak ez dio eragozten hitz zehatzak eta gordinak erabiltzea. Esan izan da Europako literaturan dasta litekeen poema erotikorik onenetakoa dela Arrosa Ezpainetan. Haragiaren berezko duintasunaren aldarria eta sexuaren garaitza ez dira behintzat maiz irakurtzen ahal ditugun gauzak geure inguruan. Egilearen sintaxia xumea eta bere erritmoa gorde nahi izan dut euskaratzerakoan, eta horregatik eraman dut poema askotan erlatiboa esaldiaren amaierara, ustez eta berezkoak duen sotiltasuna adieratzen dudan. Pompeu Fabra handiak katalaneraren ortografia eta hiztegia finkatu aurretik hil zen Salvat-Papasseit. Poeta herrikoi eta eskolatugabearen idazkera anarkikoari, beraz, hizkuntza batu gabekoak dauzkan gaitak gaineratzen zaizkio itzulpena egiterakoan. Hitz eta esamolde asko ez nituen zuzen ulertuko Montserrat Bayà-k ordu luzeak eta gutunketa ugaria oparitu izan ez balizkit. Euskarazko bertsioaren onenak hari eskertu behar dizkio irakurleak. Koldo Izagirre Antologia |