Naufrago baten kontakizuna
Gabriel Garcia Marquez

euskaratzailea: Eneko Barrutia
Ekain, 1998

 

 

13. KAPITULUA

 

 

Seiehun gizonek San Juanera naroate

 

        Itzuli egin zen, agindu zuen legez. Berari itxaroten hasi baino lehen —hamabost minutu igaro barik— astoarekin itzuli zen, otzarak hutsik, eta aluminiozko lapikotxodun neskatila beltzarekin, hau, geroago jakin nuenez, emaztea zuen. Txakurra ez zen nire ondotik mugitu. Aurpegia eta zauriak miazkatzeari utzi zion. Usain egiteari utzi zion. Nire ondoan etzan zen, geldi, erdi lo, astoa hurreratzen ikusi zuen arte. Orduan salto egin eta buztanari eragiten hasi zen.

        —Ezin zara oinez ibili? —esan zidan gizonak.

        —Ikusi egingo dut —esan nion. Zutuntzen ahalegindu nintzen, baina ahozpez jausi nintzen.

        —Ezin du —esan zuen gizonak, jausten uzten ez zidala.

        Bera eta emakumearen artean asto gainera igo ninduten. Eta besoen azpitik eusten zidatela animaliari ibili eragin zioten. Txakurra aurrean zihoan saltaka.

        Bide guztian kokoak zeuden. Itsasoan egarria jasan nuen. Baina han, astoaren gainean, hegaletan kokondoak zituen bide estu eta bihurgunetsutik aurrera gindoazela, minutu bat gehiago ezin nuela itxaron sentitu nuen. Koko-ura emateko eskatu nion.

        —Ez daukat aihotzik —esan zuen gizonak.

        Baina ez zen egia. Aihotza zeroan gerrikoan. Momentu hartan ni neure burua defendatzeko moduan egon banintz aihotza indarrez kenduko nion eta koko bat zurituko nuen eta osorik jango nuen.

        Geroago gizonak koko-ura zergatik ez zidan eman gura izan konturatu nintzen. Ni topatu ninduen lekutik kilometro bira zegoen etxe batera joan zen, hango jendearekin egin zuen berba eta mediku batek ikusi arte jatekorik ez emateko esan zioten. Eta hurren zegoen medikuagana joateko egun biko bidaia egin behar zen, San Juan de Urabá-ra.

        Ordu erdi baino lehenago etxera heldu ginen. Bidearen albo baten jinezko teilatua zuen egurrezko eraikin sinplea. Han hiru gizon eta emakume bi zeuden. Denen artean asto gainetik jaisten lagundu zidaten, logelara eroan ninduten eta mihisezko ohe baten etzan ninduten. Emakumeetariko bat ezkaratzera joan zen, kanela irakina zuen lapikotxo bat ekarri zuen eta ohearen ertzean jesarri zen, niri koilarakadak emateko. Lehenengo tantekin etsita sentitu nintzen. Hurrengoekin adorea berreskuratzen ari nintzela sentitu nuen. Orduan ez nuen gehiago edan gura, gertatu zitzaidana kontatu gura nuen.

        Inork ez zekien istripuaren berri. Zelan salbatu nintzen jakin zezaten ipuin osoa azaltzen saiatu nintzen. Nik uste nuen munduan edonora helduta ere ezbeharraren berri jakingo zutela. Erratu egin nintzela jakiteak dezepzionatu egin ninduen, emakumeak koilarakadaka kanela-ura ematen zidan bitartean, gaixorik dagoen ume bati legetxe.

        Behin baino gehiagotan ekin nion gertatu zitzaidana kontatzeari. Sorgor, lau gizonek eta beste emakume biek ohe aurrean jarraitzen zuten, neuri begira. Hark zeremonia zirudien. Marrazoetatik eta hamar egunean mehatxatu ninduten itsasoko arrisku ugarietatik salbu egoteagatik nuen poztasunagatik izan ez balitz, gizon haiek eta emakume haiek planeta honetakoak ez zirela pentsatuko nuen.

 

 

Istorioa irensten

 

        Edaten ematen zidan emakumearen atsegintasunak ez zuen ezelako zalantzarik uzten. Neure istorioa kontatzen saiatzen nintzen bakoitzean honela esaten zidan:

        —Egon zaitez isilik orain. Gero kontatuko diguzu.

        Nik edozer jango nuen eskura egon balitz. Ezkaratzetik bazkariaren ke usaintsua heltzen zen logelara. Baina nire erregu guztiak alferrik izan ziren.

        —Medikuak ikusi eta gero emango dizugu jaten —erantzuten zidaten.

        Baina medikua ez zen heldu. Hamar minuturik hamar minutura koilarakadatxoka azukre-ura ematen zidaten. Emakumerik gazteenak, umea zen hau, zauriak ur epeldun zapiekin garbitu zizkidan. Eguna astiro zihoan aurrera. Eta geldiro hobeto sentituz nindoan. Ziur nengoen lagunen artean nengoena. Azukre-ura eman beharrean nire gosea ase balute, nire gorputzak ez zuen kolpea jasango.

        Bidean aurkitu ninduen gizonaren izena Dámaso Imitela da. Martxoaren 9ko goizeko hamarretan, hondartzara heldu nintzen egun berean, hur zegoen Mulatos auzunera joan zen eta ni nengoen bideko etxera itzuli zen polizia batzuekin. Haiek ere ez zekiten tragediaren berri. Mulatosen inork ez zekien albistea. Hara ez dira egunkariak heltzen. Motor elektrikoa jarri duten denda baten irrati bat eta hozkailu bat daude. Baina ez dira irrati-egunkariak entzuten. Geroago jakin nuenez, Dámaso Imitelak polizia-inspektoreari hondartzan leher eginda topatu ninduela eta Caldas suntsitzailekoa izango nintzela jakinarazi zionean, motorra martxan jarri zuten eta egun guztian Cartagenako irrati-egunkariak entzuten egon ziren. Baina ordurako ez zen gehiago istripuaz berba egiten. Gaueko lehenengo orduetan bakarrik egin zen gertaeraren aipamen laburra. Orduan, polizia-inspektorea, polizia guztiak eta Mulatoseko hirurogei gizon niri laguntzera abiatu ziren. Gaueko hamabiak apur bat pasata etxea hartu zuten eta euren bozekin iratzarri egin ninduten. Azkenengo hamabi egunetan izan nuen loaldi lasai bakarretik iratzarri ninduten.

        Egunsentia baino lehenago etxea jendez beterik zegoen. Mulatos guztia —gizonak, emakumeak eta umeak— neu ikusten etorri zen. Hura hurrengo egunetan leku guztietara jarraituko zidan kuxkuxero aldrarekin izan nuen lehenengo kontaktua izan zen. Jendetzak lanparak eta linterna elektrikoak zeroatzan. Mulatoseko inspektoreak eta ia bere lagunkide guztiek ohetik mugitu nindutenean, eguzkiak erretako azala urratzen zidatela sentitu nuen. Benetako lehia zen.

        Bero zegoen. Zaintzaile-aurpegi haien guztien artean ito egiten nintzen. Bidera irten nuenean makina bat lanpara eta linterna elektriko zuzendu ziren nire aurpegira. Murmurioen eta polizia-inspektoreak ozenki emaniko aginduen artean itsu geratu nintzen. Nik ez nuen inora heltzeko modurik ikusten. Suntsitzailetik jausi nintzen egunetik noraezean bidaiatzetik aparte ez nuen besterik egin. Goizalde horretan bidaiatzen jarraitzen nuen, nondik ez nekiela, jendetza lehiatsu eta begiko hark nirekin zer egiteko asmoa zeukan imajinatu ere egin barik.

 

 

Fakirraren ipuina

 

        Topatu ninduten lekutik Mulatosera dagoen bidea luzea eta gaitza da. Palu luze bitatik eskegita zegoen hamaka baten jarri ninduten. Palu bakoitzaren mutur bakoitzean gizon bik, lanparek argituriko bide luze, estu eta bihurgunetsutik eroan ninduten. Haize zabalean gindoazen, baina gela itxi baten bezain bero zegoen, lanparakatik.

        Zortzi gizonak ordu erdirik ordu erdira txandakatzen ziren. Orduan ur apur bat eta sodazko gaileta zatitxoak ematen zizkidaten. Nik norantz ninderoaten jakin gurako nuen, nirekin zer egiteko asmoa zuten. Baina han denaren gainean egiten zen berba. Denek egiten zuten berba, nik izan ezik. Jendetza gidatzen zuen inspektoreak ez zion inori uzten niregana berbetan etortzen. Oihuak, aginduak, urrun eginiko iruzkinak entzuten ziren. Mulatoseko kaletxo luzera heldu ginenean jendetzak gainez egin zion poliziari. Goizeko zortziak-edo izango ziren.

        Mulatos arrantzaleen auzunea da, han ez dago bulego telegrafikorik. Hurren dagoen herria San Juan de Urabá da, hara astean birritan abioneta bat heltzen da Montena-tik. Auzunera heldu ginenean nonora heldu nintzela pentsatu nuen. Nire familiaren berri ikasiko nuela pentsatu nuen. Baina Mulatosen bide erdian baino ez nengoen.

        Etxe batera eroan ninduten eta herri guztia jarri zen ilaran neu ikusteko. Niri, orduan urte bi berrogeita hamar zentabogatik Bogotan ikusi nuen fakir bat gogoratu zitzaidan. Fakirra ikusteko ordu batzuetako ilara luzean egon behar zen. Ordu laurden bakoitzean metro erdi baino ez zenuen aurreratzen. Fakirra beirazko kutxatila baten sartuta zegoen gelara heltzen zinenerako, ez zenuen inor ikusteko gogorik. Handik hainbat arinen irteteko gogoa zenuen hankei eragiteko, haize garbia hartzeko.

        Fakirra kristalezko kutxatila baten barruan zegoen, horixe zen fakirra eta nire arteko desberdintasun bakarra. Fakirrak bederatzi egun zeroatzan jan barik. Nik hamar neroatzan itsasoan eta bat ohe baten etzanda, Mulatoseko logela baten. Nik aurpegiak ikusten nituen neure aurretik igarotzen. Aurpegi zuri eta beltzak, amaibako ilaran.

        Beroa izugarria zen. Eta ni nahikoa suspertuta nengoen, umore apur bat izateko eta norbait atean naufragoa ikusteko sarrerak saltzen egon zitekeela pentsatzeko bestean.

        Mulatosera eroan ninduten hamaka berean eroan ninduten San Juan de Urabá-ra. Baina laguntzen zidan jendetza ugaritu egin zen. Ez zihoazen seiehun gizon baino gutxiago. Gainera, emakumeak, umeak eta animaliak ere bazihoazen. Batzuek asto gainean egin zuten bidaia. Baina gehienak oinez joan ziren. Ia egun guztiko bidaia izan zen.

        Jendetza hark ninderoala, bidean zehar txandakatuz zihoazen seiehun gizonek ninderoatela, geldika-geldika indarra berreskuratuz nindoala sentitzen nuen. Uste dut Mulatos hutsik geratu zela. Goizeko lehenengo orduetatik motor elektrikoa martxan egon zen eta irrati-hargailuak bere musikarekin auzunea inbaditzen zuen. Hura feriaren antzekoa zen. Eta nik, feriaren arrazoia nintzen honek, ohean etzanda jarraitzen nuen, herri guztia ni ezagutzeko lerroan pasatzen zen bitartean. Jendetza hori bera izan zen bakarrik joaten utzi gura izan ez zidana, San Juan de Urabá-ra joan ziren, bihurgunez beteriko bide haren zabalera guztia hartzen zuen karabana luzean.

        Bidaian zehar ni gose eta egarri nintzen. Sodazko gaileta zatitxoek, ur txurrutadatxoek, bizkortu egin ninduten, baina alda batera egarria eta gosea bizitu zizkidaten. San Juaneko sarrerak herrietako jaiak gogorazi zizkidan. Itsasoko haizeek astinduriko herri txiki eta ikusgarriko biztanle guztiek bidera irten zidaten. Kuxkuxeroak saihesteko neurriak hartuta zeuden. Poliziak neu ikusteko kaleetan pilotutako jendetza geldiaraztea lortu zuen.

        Horixe izan zen nire bidaiaren amaiera. Humberto Gomez doktoreak, azterketa sakona egin zidan lehenengo medikuak, berri ona eman zidan. Ez zidan azterketa amaitu baino lehen eman, jasateko moduan nengoela ziur egon gura zuen eta. Masailean zapladatxoa ematen zidan bitartean, irribarre gozo batekin, honela esan zidan:

        —Abioneta prest dago zu Cartagenara eroateko. Han zeure familia daukazu itxaroten.

 

Naufrago baten kontakizuna
Gabriel Garcia Marquez

euskaratzailea: Eneko Barrutia
Ekain, 1998