Naufrago baten kontakizuna
Gabriel Garcia Marquez

euskaratzailea: Eneko Barrutia
Ekain, 1998

 

 

1. KAPITULUA

 

 

Zelakoak ziren itsasoan
hil ziren nire lagunak

 

        Otsailaren 22an Kolonbiara itzuliko ginela esan ziguten. Zortzi hilabete egin genituen Mobilen, Alabaman, Estatu Batuetan, A.R.C. Caldas-i elektronika eta armamentu konponketak egin zizkioten lekuan. Ontzia konpondu bitartean, barruko lagunok prestaketa berezia jasotzen genuen. Libre egoten ginen egunetan lehorrean dauden marinel guztiek egiten dutena egiten genuen: zinemara joaten ginen andregaiarekin eta ondoren Joe Palooka-n elkartzen ginen, portuko taberna baten, whiskya hartzen genuen eta zalapartaren bat sortzen genuen han noizean behin.

        Nire andregaiaren izena Mary Address zen, Mobilera heldu eta hile bira ezagutu nuen, beste marinel baten andregaiaren bitartez. Gaztelera ikasteko erraztasun handia zuen arren, uste dut Mary Addressek ez zuela sekula jakin nire lagunek «María Helbidea» zergatik esaten zioten. Libre egoten nintzen guztietan zinemara gonbidatzen nuen, berak izozkiak hartzeko gonbitea gustukoagoa izaten zuen arren. Nire ingeles-mordoilo eta bere gaztelera-mordoiloan ulertzen genion elkarri, baina beti ulertzen genion elkarri, zineman edo izozkiak jaten ari ginela.

        Behin bakarrik ez nintzen Maryrekin zinemara joan: Caine-ko matxinada ikusi genuen gauean. Nire lagunen arteko talde bati mina-ezabatzaile bateko bizimoduaren inguruko film ona zela esan zioten. Horrexegatik joan ginen ikusten. Baina filmak zuen onena ez zen mina-ezabatzailea, denboralea baino. Denok egon ginen konforme horrelako denborale baten ontziaren errunboa aldatzea zela egokiena, matxinatuek egin zuten moduan. Baina ez ni ez nire lagunetako inor ez ginen sekula egon hura lako denborale baten, horregatik filmeko ezerk ez gintuen denboraleak bestean ikaratu. Lotara itzuli ginenean, Diego Velazquez itsasgizona filma zela-eta txundituta zegoen, egun gutxiren buruan itsasoan egongo ginela pentsatuta honela esan zigun: «Eta horrelakoren bat gertatuko balitzaigu?».

        Onartu egin behar dut txundituta nengoela neu ere. Zortzi hilabetean itsasoan ibiltzeko ohitura galduta neukan. Ez nintzen beldur, irakasleak naufragio bati aurre egiten irakatsi zigun eta. Hala ere, Caine-ko matxinada ikusi genuen gaueko estutasuna ez zen normala.

        Ez dut esan gura momentu horretatik hondamendia sumatzen hasi nintzenik. Baina egia esateko bidaia baten aurrean sekula ez nuen hainbesteko beldurrik izan. Bogotan, umea nintzela eta liburuetako irudiak ikusten nituela, inoiz ez zitzaidan otu itsasoan inork heriotza topa zezakeenik. Alderantziz, konfiantza handiz pentsatzen nuen beragan. Eta Marinan sartu nintzenetik, orain ia urte bi, sekula ez nuen asaldurarik izan bidaian zehar.

        Baina ez naiz lotsatzen Caine-ko matxinada ikusi ondoren beldurraren antz-antzeko zerbait sentitu nuela aitortu behar badut. Nire kamainan aratinik etzanda —gorengoan— neure familian eta Cartagenara heldu baino lehen egin behar genuen bidaian pentsatzen ari nintzen. Ezin nuen lorik egin. Burua eskuetan nuela moilaren kontrako uraren kolpe leuna entzuten nuen, eta saloi berean lo egiten zuten berrogei itsasgizonen arnasketa lasaia. Nire kamainapean, Luis Rengifo lehenengo marinelak tronboi baten antzera ziharduen arrantzaka. Ez dakit bere ametsa zein zen baina segur aski ezin izango zuen hain lasai lo egin zortzi egun geroago itsasoaren hondoan egongo zela jakin balu.

        Estutasunak aste guztian iraun zidan. Bidaian joateko eguna hurreratuz zetorren arin ere arin eta nire lagunekiko elkarrizketan saiatzen nintzen konfiantza neureganatzen. A.R.C. Caldas itsasora irteteko prest zegoen. Egun horietan geure familien gainean sarriago egiten zen berba, Kolonbiaren gainean eta bueltarako genituen proiektuen gainean. Geldika-geldika ontzia geure etxeetarako genekartzan erregaluekin betez zihoan: irratiak, hozkailuak, garbigailuak eta berogailuak, batez ere. Nik irratia nekarren.

        Irteteko eguna hur zegoenez, nire ardurak alde batera utzi ezinik, erabaki bat hartu nuen: Cartagenara heldu bezain laster Marina utziko nuen. Ez nituen nabigazioaren arriskuak berriro igaroko. Irten aurreko gauean Maryri agur esaten joan nintzaion, berari neure beldurrak eta neure erabakia azaltzea pentsatu nuen. Baina ez nuen egin, itzuliko nintzela agindu niolako eta, gainera, gehiago ez nabigatzeko prest nengoela esan banio sinetsiko ez zidalako. Neure erabakia azaldu nion bakarra neure lagun mina izan zen, Ramón Herrera bigarren marinela, Cartagenara heldu bezain laster Marina uztea erabaki zuela aitortu zidan berak ere. Geure beldurrak elkarri kontatuz, Ramón Herrera eta biok, Diego Velazquez marinelarekin agurreko whisky bat hartzen joan ginen Joe Palooka-ra.

        Whisky bat hartzeko asmoa genuen, baina bost botila hartu genituen. Gure ia gaueroko neska-lagunek bazekiten gure bidaiaren berri eta agur esatea, mozkortzea eta esker ona erakusteko negar egitea erabaki zuten. Orkestra zuzendaria gizon serioa zen. Betaurrekoek musikari itxura kentzen zioten. Gure ohoretan manbo eta tango saio bat jo zuen, musika kolonbiarra zela pentsaturik. Gure neska-lagunek negar egin zuten eta botilako dolar eta erdi balio zuen whiskya hartu zuten.

        Azken aste horretan hiru bider pagatu zigutenez, neurri barik gastatzea erabaki genuen. Nik, arduratuta nengoelako eta mozkortu gura nuelako. Ramón Herrerak, alai zegoelako, beti legez, Arjonakoa zelako eta danbolina jotzen zekielako eta modako abeslari guztiak imitatzeko aparteko trebetasuna zuelako.

        Joan baino lehentxoago, marinel estatubatuar bat mahaira hurreratu zen eta bere bikotearekin dantzan egiteko baimena eskatu zion Ramón Herrerari, neska ilehori handi-handi bat, gutxien edaten zuena eta negar gehien egiten zuena zen —benetan!—. Estatubatuarrak ingelesez eskatu zuen baimena eta Ramón Herrerak astindu egin zuen, espainolez zioela: «Ez dut tutik ere ulertzen!».

        Mobileko zalapartetatik onenetarikoa izan zen, buruan apurtutako aulkiak, irrati-patruilak eta poliziak barne. Ramón Herrerak estatubatuarrari koskorreko on bi eman zizkion, eta goizaldeko ordu batean itzuli zen ontzira, Daniel Santos imitatuz. Ontziratzen zen azkenengo aldia zela esan zuen. Eta, izan ere, azkenengoa izan zen.

        Otsailaren 24ko goizaldeko hiruretan A.R.C. Caldas-ek Mobileko portutik irten zuen, Cartagenarantz. Etxera itzultzeko poza sentitzen genuen denok. Denok genekartzan erregaluak. Artilaria zen Miguel Ortega lehenengo kaboak guztietan zoriontsuena zirudien. Uste dut sekula ez dela izan itsasgizonik Miguel Ortega kaboa baino zentzudunagorik. Mobilen egin zituen zortzi hilabeteetan ez zuen dolar bat alferrik gastatu. Jaso zuen diru guztia Cartagenan zain zeukan bere emaztearentzako oparietan inbertitu zuen. Goizalde hartan, ontziratu ginenean, Miguel Ortega kaboa zubian zegoen, bere emazte eta seme-alaben gainean berbetan hain zuzen ere, kasualitatea ez zena, beste ezeren gainean ez zuen berbarik egiten eta. Hozkailua, garbigailu automatikoa, eta irratia eta berogailua zekartzan. Hamabi ordu geroago Miguel Ortega kaboa bere kamainan etzanda egon zen, zorabio ikaragarria zuela. Eta hirurogeita hamabi ordu geroago hilda egongo zen itsasoaren hondoan.

 

 

Herioren gonbidatuak

 

        Itsasontzi batek itsasora irteten duenean agindua ematen zaio: «Zerbitzuko pertsonala, nor bere ontziko postura». Bakoitza bere postuan egoten da ontziak portutik irten arte. Isilik nire postuan, torpedoen dorrearen aurrean, Mobileko argiak lainopean galtzen ikusten nituen, baina ez nuen Marygan pentsatzen. Itsasoan pentsatzen nuen. Banekien hurrengo egunean Mexikoko golkoan egongo ginena eta urteko sasoi honetan bide arriskutsua dena. Goizaldera arte ez nuen Jaime Martínez Diago fragatako tenientea ikusi, operazioetako bigarren ofiziala, ezbeharrean hil zen ofizial bakarra izan zena. Gizon altua, gihartsua eta isila zen, oso gutxitan ikusi nuen. Banekien Tolima-ko semea eta pertsona on-ona zela.

        Goizalde hartan, berriz, Julio Amador Caraballo lehenengo ofizialordea ikusi nuen, bigarren kontramaisua, altua eta galanta, nire ondotik igaro zen, lipar baten Mobileko azkenengo argiei begiratu zien eta bere postura joan zen. Uste dut ontzian ikusi nuen azkenengo aldia izan zela.

        Caldas-eko lagunen artetik inork ez zuen itzuleragatik bere poza zarata gehiagorekin adierazten makinisten nagusia zen Elías Sabogal ofizialordeak baino. Ur-txakurra zen. Txikia, azal zaildua zuena, sendoa eta hiztuna. Berrogei urte inguru zituen eta euretariko gehienak berbetan eman zituela uste dut.

        Sabogal ofizialordeak beste inor baino pozago egoteko arrazoiak zituen. Cartagenan bere emazteak eta bere sei seme-alabek itxaroten zioten. Baina bost baino ez zituen ezagutzen: txikiena Mobilen geundela jaio zen.

        Goizaldera arte bidaia ezin lasaiagoa izan zen. Ordubetean nabigazioko martxa hartu nuen berriro. Mobileko argiak urrunean galtzen ziren egun lasai bateko lainopean, eta ekialdetik eguzkia ikusten zen, gorantz hasten. Orain ez nengoen artekadu, nekatuta baino. Gau guztian ez nuen lorik egin. Egarri nintzen. Eta whiskyaren oroipen txarra nuen.

        Goizeko seietan portutik irten genuen. Orduan agindua eman zen: «Zerbitzuko pertsonala, erretiratu. Itsasoko zaintzaileak, nor bere postura». Agindua entzun bezain laster logelarantz abiatu nintzen. Nire kamainaren azpian, jesarrita, Luis Rengifo zegoen, guztiz esnatzeko begiak igurzten.

        —Non gaude? —galdetu zidan Luis Rengifok.

        Portutik irten berriak ginela esan nion. Gero neure kamainara igo nintzen eta lo egiten ahalegindu nintzen.

        Luis Rengifo erabateko itsasgizona zen. Choco-n jaioa zen, itsasotik urrun, baina odolean zeroan itsasoa. Caldas Mobilen konponketarako sartu zenean, Luis Rengifo ez zen bere tripulazioko kidea. Washingtonen zegoen, armagintza ikastaro bat egiten. Serioa zen, ikastuna eta ingelesez gaztelaniaz bezain ondo egiten zuen berba.

        Martxoaren 15ean Washingtonen ingeniari zibil graduatu zen. Hantxe ezkondu zen, dama dominikar batekin, 1952an. Caldas suntsitzailea konpondu zutenean, Luis Rengifo Washingtonetik etorri zen eta tripulazioan sartu zen. Mobiletik irteteko egun gutxi falta zirela, Kolonbiara ailegatzean egingo zuen lehenengo gauza bere emaztea Cartagenara aldatzeko gestioak aurreratzea izango zela esan zidan.

        Hainbeste denboran egon zenez bidaiatu barik, ni ziur nengoen Luis Rengifok zorabioak izango zituena. Gure bidaiako lehenengo goizalde horretan, jantzi bitartean, hauxe galdetu zidan:

        —Oraindik ez zara zorabiatu?

        Ezetz erantzun nion. Rengifok, orduan, hala esan zuen:

        —Bi edo hiru ordu barru mihia kanpoan duzula ikusiko zaitut.

        —Horrelaxe ikusiko zaitut nik zu —esan nion. Eta berak erantzun zuen:

        —Ni zorabiatzen naizen egunean, egun horretantxe zorabiatuko da itsasoa ere.

        Nire kamainan etzanda, lo egiteko ahaleginetan nenbilela, denboralearekin gogoratu nintzen ostera bere. Aurreko gaueko ikarak berpiztu egin zitzaizkidan. Arduraz berriro ere, Luis Rengifo jantzi berri zen lekurantz itzuli nintzen eta esan nion:

        —Kontuz ibili. Ea esanak egia bihurtzen diren gero!

 

Naufrago baten kontakizuna
Gabriel Garcia Marquez

euskaratzailea: Eneko Barrutia
Ekain, 1998