Naufrago baten kontakizuna
Gabriel Garcia Marquez

euskaratzailea: Eneko Barrutia
Ekain, 1998

 

 

9. KAPITULUA

 

 

Uraren kolorea kanbiatzen hasi da

 

        Erramua apurtuta, amorruaren eraginez etsita, ura jotzen jarraitu nuen. Nuen jaki bakarra eskuetatik kendu zidaten marrazoen mendekua hartzeko beharra neukan. Itsasoan igarotako nire zazpigarren eguneko arratsaldeko bostak izango ziren laster. Marrazoak multzoan etorriko ziren berehala. Ni jateko gai izan nintzen zati biekin indartsu sentitzen nintzen, eta arraina galtzeagatik neukan haserreak borrokarako adore berezia ematen zidan. Baltsan erramu bi gehiago zeuden. Marrazoak haginkadarekin apurtutako erramua beste batez ordezkatzea pentsatu nuen piztiekin borrokan jarraitzeko. Baina iraupen-sena haserrea baino indartsuagoa izan zen: beste erramuak gal nitzakeela pentsatu nuen eta ez nekien zein momentutan izan zekizkidakeen beharrezkoak.

        Iluntzea egunerokoak lakoa izan zen. Baina gaua ilunagoa izan zen. Itsasora ekaitza zetorrela zirudien. Euria zekarren. Momentu batetik bestera edateko ura izan nezakeela pentsaturik zapatak eta alkandora erantzi nituen, non batu edukitzeko. Lehorrean «txakurren gaua» deritzotena zen. Itsasoan «marrazoen gaua» deituko diote.

        Bederatziak baino lehenago haize izoztua hasi zen. Baltsaren hondoan jasaten ahalegindu nintzen, baina ez zen posible izan. Hotza hezurretaraino sartzen zitzaidan. Alkandora eta zapatak jantzi behar izan nituen, eta euriak sorpresaz harrapatuko ninduela eta ura non hartu ez nuela edukiko pentsatu behar izan nuen. Olatuak istripuaren egunekoak, otsailaren 28ko arratsaldekoak baino indartsuagoak ziren. Baltsak ezereza zirudien itsaso zantar eta lohian. Ezin nuen lorik egin, Leporaino sartu nintzen uretan, haizea gero eta hotzagoa zelako. Dardarka nengoen. Momentu baten ezin izango nuela hotza jasan pentsatu nuen eta ariketa fisikoak egiten hasi nintzen, berotzeko asmotan. Baina ezinezkoa zen. Oso ahul nengoen. Karelari gogor eutsi behar nion olatu indartsuek uretara ez botatzeko. Burua marrazoak zatitutako erramuaren gainean neukan. Besteak baltsaren hondoan zeuden.

        Gauerdia baino lehen haizetzak indar gehiago hartu zuen, zerua zerratu eta gris-gris jarri zen, eta haizea hezatu egin zen, baina ez zuen tanta bat ere bota. Gaueko hamabiak baino minutu gutxi batzuk geroago olatu itzel batek —suntsitzailearen kuberta garbitu zuena bezain handia— baltsa banana azal bat balitz legez altxatu zuen, gorantz zuzendu zuen lehenengo, eta segundo frakzio baten irauli egin zuen.

        Uretan nengoenean konturatu nintzen denarekin, uger gorantz nindoala, istripua gertatu zen arratsaldean legez. Etsita egin nuen uger, azalera agertu nintzen eta ikaraz hilko nintzela pentsatu nuen: ez nuen baltsa ikusi. Olatu beltz itzelak ikusi nituen neure buruaren gainean eta Luis Rengiforekin gogoratu nintzen, gizon indartsua zen, ondo elikaturiko igerilari ona, baina ezin izan zen metro bira zegoen baltsara heldu. Desorientatu egin nintzen eta okerreko aldean nenbilen baltsaren bila. Nire atzean, metro batera gutxi gora-behera, baltsa azalean agertu zen, arina, olatuek jotzen zutela. Palada bitan harrapatu nuen. Palada bi segundo bian eman daitezke, baina haiek azkenik ez zuten segundo bi izan ziren. Hain nengoen ikaratuta, salto batekin arnasestuka egon nintzen, guztiz bustita, enbarkazioaren hondoan. Bihotzak jauzi egiten zidan bularraren barruan eta ezin iiuen arnasarik hartu.

 

 

Nire izar ona

 

        Nire zoriaren aurka ezin nuen ezer esan. Baitsa arratsaldeko bostetan irauli balitz, marrazoek zatitu egingo ninduten. Baina gaueko hamabietan animaliak bakean daude. Eta are gehiago itsasoa dagoenean.

        Baltsan berriro sentitu nintzenean marrazoak apurtutako erramuari gogor eusten nion. Hain arin gertatu zen dena, nire mugimendu guztiak senezkoak izan ziren. Geroago, uretara jaustean erramuak buruan jo ninduela eta hondoratzen hasi nintzenean harrapatu nuela gogoratu nintzen. Baltsan geratu zen erramu bakarra izan zen. Beste biak itsasoan geratu ziren.

        Marrazoek zatitutako egur zati hori ere ez galtzeko oholtzaren txikot solte batekin gogor lotu nuen. Itsasoak harrotuta segitzen zuen. Oraingoan zortea izan nuen. Baltsa berriro irauli balitz ezin izango nuen harrapatu beharbada. Horretan pentsatzen ari nintzela gerrikoa askatu nuen eta oholtzako txikotekin gogor lotu nuen neure burua.

        Olatuek karelaren kontra jotzen jarraitu zuten. Baltsa itsaso harro eta nahasian dantzan zebilen, baina ni seguru nengoen, nire gerrikoarekin oholtzari lotuta. Erramua ere seguru zegoen. Enbarkazioari berriro ere buelta ematen ez uzteko ahaleginetan, alkandora eta zapatak galtzeko zorian egon nintzela pentsatzen nuen. Hotzagatik izan ez balitz baltsaren hondoan egongo ziren hau irauli zenean, eta erramu biekin batera itsasora jausiko ziren.

        Itsaso zakarrean baltsa bat iraultzea guztiz normala da. Kortxoz eginiko enbarkazioa da eta pintura zuriarekin irazgaiztutako oihal baten forratuta dago. Baina zorua ez da finkoa, kortxozko markotik eskegita dago, otzara baten moduan. Baltsak uretan bueltak eman ditzake, baina zoruak berehala berreskuratzen du posizio normala. Arrisku bakarra baltsa galtzea da. Horrexegatik pentsatzen nuen nik oholtzari lotuta nengoen bitartean baltsak mila buelta eman zitzakeela galtzeko arrisku barik.

        Hori egia zen. Baina gauza batez ez nintzen ohartu: lehenengotik ordu laurdenera, baltsak bigarren iraulketa ikusgarri bat izan zuen. Lehenengo aire hotz eta hezean nengoela sentitu nuen, haizetzak jotzen ninduela. Neure begien aurrean leizea ikusi nuen eta baltsak buelta zein aldetatik emango zuen ulertu nuen. Enbarkazioa orekatzeko beste alderantz nabigatzen ahalegindu nintzen, baina oholtzari gogor lotuta zegoen larruzko hede sendoak ez zidan utzi. Momentu baten zer gertatzen ari zen ulertu nuen: baltsak buelta osoa eman zuen. Ni hondoan nengoen, karelari gogor lotuta. Itotzen ari-nintzen eta nire eskuak alferrik zebiltzan gerrikoaren belarriaren bila askatzeko.

        Etsita, baina burua argi edukitzen ahaleginduz, belarria zabaltzen ahalegindu nintzen. Banekien ez neukala denbora askorik: egoera fisiko onean uraren barruan laurogei segundo baino gehiago egin ditzaket. Baltsaren hondoan sentitu nintzenetik arnasa hartzeari utzi nion. Bost segundo igaro ziren gutxienez. Eskua gerriaren ingurutik pasa nuen eta uste dut segundo bat ere ez nuela behar izan gerrikoa topatzeko. Beste segundo baten belarria topatu nuen. Oholtzaren kontra lotuta zegoen, presioa nasaitzeko beste eskuarekin baltsatik eskegita jarri behar nuen. Gogor oratzeko leku bat aurkitzen denbora handia eman nuen. Gero ezkerreko besoarekin pultsuan eskegi nintzen. Eskumako eskuak belarria topatu zuen, arin orientatu zen eta hedea nasaitu zuen. Belarria irekita neukala hondorantz jausten utzi nion gorputzari, kareletik askatu barik, eta segundo frakzio baten oholtzatik libre sentitu nintzen. Birikiak lehertzeko zorian neuzkala sentitzen nuen. Azken ahalegin baten esku biekin heldu nion karelari; neure indar guztiekin eskegi nintzen, arnasarik hartu barik oraindik. Gura izan barik, nire pisuarekin baltsak berriro buelta ematea baino ez nuen lortu. Eta ni bere azpian geratu nintzen berriro.

        Ura irensten ari nintzen. Egarriaren eraginez eztarria sutan neukan. Baina ia ez nintzen konturatzen. Inportanteena baltsari eustea zen. Burua ateratzea lortu nuen. Arnasa hartu nuen. Leher eginda nengoen. Ez nuen uste kareletik igotzeko indarrik izango nuenik. Baina ikaratuta nengoen era batera, ordu gutxi lehenago marrazoz josita ikusi nuen urean sartuta. Egun hartakoa neure bizian egin beharko nuen azken ahalegina izango zela ziur nengoenez, neure indar hondarrak batu nituen, kareletik eskegi nintzen eta baltsaren hondora jausi nintzen leher eginda.

        Ez dakit zenbat denboran egon nintzen horrela, zerura begira etzanda, eztarria minez eta atzamar puntak barrutik taupadaka, haragi bizian. Dakidan bakarra da ardura bi neuzkala era batera: birikiek atseden hartzea eta baltsa berriro ez iraultzea.

 

 

Goizaldeko eguzkia

 

        Horrela argitu zuen itsasoan igarotako nire zortzigarren eguna. Goiz ekaiztsua izan zen. Euria egin balu ez nuen ura batzeko indarrik edukiko. Baina euriak bizkortu egingo ninduela sentitzen nuen. Hala ere, tanta bat ere ez zen jausi, haizearen hezetasuna berehalako euriaren iragarpen modukoa bazen ere. Itsasoa zegoen goizaldean ere. Goizeko zortziak pasa arte ez zen baretu. Baina orduan eguzkiak irten zuen eta zeruak bere kolore urdin bizia berreskuratu zuen.

        Guztiz nekatuta karelaren gainean makurtu eta ur kresal zurrutada batzuk egin nituen. Orain badakit gorputzerako ona dena. Baina orduan ez nekien, eta lepoko minez etsita egoten nintzenean bakarrik edaten nuen. Urik hartu barik zazpi egun egin eta gero, egarria desberdina da; eztarriko min sakona da, bularrezurrean eta klabikulen azpian batez ere. Eta itomenaren etsipena da. Itsasoko urak mina gozatu egiten zidan. Ekaitzaren ostean itsasoa urdin agertzen da egunsentian, koadroetan legez. Kostatik hur enborrak eta sustraiak ikusten dira azalean mantsoki, ekaitzak erauzita. Itsas txoriek itsasoaren gainera irteten dute hegaz. Goiz horretan, haizea kalmatu zenean, uraren azala metalikoa bihurtu zen eta baltsa artez lerratu zen emeki. Haize epelak gorputza eta izpiritua bizkortu egin zizkidan.

        Itsas txori handi, ilun eta zahar bat baltsaren gainetik pasa zen hegaz. Orduan ez nuen zalantzarik izan lehorretik hur nengoena. Egun batzuk lehenago harrapatu nuen itsas txoria animalia gaztea zen. Adin horretan oso urrun hel daitezke hegaz. Milia askotara aurki daitezke barruan. Baina nire zortzigarren egunean etorri zenaren moduko itsas txori zahar, handi eta astun bat kostatik ehun milia urruntzen ez zirenetarikoa zen. Eusteko indarberrituta sentitu nintzen. Hasierako egunetan legez, hodeiertza aztertzen hasi nintzen. Itsas txori multzo handiak alde guztietatik hurreratzen ziren.

        Lagunduta eta pozik sentitu nintzen. Ez nintzen gose. Ur kresal zurrutadak egiten nituen lehen baino sarriago. Neure buruaren inguruan hegaz zebilen itsas txori multzo haren erdian lagunduta sentitzen nintzen. Mary Addressekin gogoratu nintzen. «Zelan ibiliko ote da?», galdetzen nion neure buruari, filmetako elkarrizketak itzultzen laguntzen zidaneko boza gogoratuz. Egun horrexetan —beste barik Mary Addressekin gogoratu nintzen bakarra, zerua itsas txoriz beterik zegoelako-edo— Mary Mobileko eliza katolikoan zegoen neure arimaren alde meza ateratzen. Meza hura —Maryk Cartagenara idatzi zidanez— nire desagertzetik zortzi egunera izan zen. Nire arimaren atsedenaren alde izan zen. Eta orain nire gorputzaren atsedenaren alde ere izan zela uste dut, goiz hartan, ni Mary Addressekin gogoratu eta bera Mobilen mezatara joan bitartean, ni itsasoan zoriontsu nengoen-eta, lehorra hur zegoela iragartzen zuten itsas txoriak ikusten.

        Ia egun guztian karelean jarrita egon nintzen, hodeiertza aztertzen. Eguna ezin argiagoa zen. Ziur nengoen lehorra berrogeita hamar miliara ikus nezakeena. Gizon bik lau erramurekin emango zioten baino abiadura azkarragoan zihoan baltsa. Artez nabigatzen nuen, motor batek bultzatuta legez, azal lau eta urdin baten.

        Baltsa baten zazpi egunean egon eta gero, uraren kolorean gertatzen den aldaketarik txikiena ere nabaritu dezakezu. Martxoaren zazpian, arratsaldeko hiru eta erdietan, baltsa ura urdina ez zen alde baten sartzen ari zela konturatu nintzen, berde iluna zen. Momentu baten muga ikusi nuen: alde honetan, zazpi egunean ikusi nuen azal urdina; bestean, azal berdexka eta itxuraz dentsoagoa. Zerua hegaz baxu-baxu pasatzen ziren itsas txoriez beterik zegoen. Nik neure buruaren gainean asmatzen nituen hegoen astinaldi indartsuak. Dudarik uzten ez zuten seinaleak ziren: uraren kolorearen aldaketa, itsas txorien ugaritasuna, gau horretan itzarrik egon behar nuela esan gura zidaten, kostako lehenengo argiak topatzeko prest.

 

Naufrago baten kontakizuna
Gabriel Garcia Marquez

euskaratzailea: Eneko Barrutia
Ekain, 1998