MICHU HANDIA
Emile Zola

Le grand Michu
Nouveaux contes á Ninon,1874
euskaratzailea: Juan Luis Zabala
Egan, 2017
armiarma.eus, 2022

 

I

 

        Arratsalde batean, lauretako jolas-orduan, Michu handiak aparte hartu ninduen, patioko bazter batean. Beldur moduko bat eragin zidan aldarte serio bat ageri zuen; Michu ikaragarrizko ukabilak zeuzkan mutikote adoretsua baitzen, inondik inora ere etsai izaterik nahiko ez nukeena.

        –Entzun –esan zidan, bere heziketa sakonik gabeko laborari ahots lodiarekin–, entzun, gutariko bat izan nahi al duk?

        Zalantzarik egin gabe erantzun nion: “Bai!”, Michu handiaren ondoan zerbait izateak lausengatua. Orduan, azaldu zidan afera konplot bat zela. Egin zizkidan konfidentziek oso sentsazio atsegingarria utzi zidaten, eta uste dut harrezkero ez dudala parekorik sentitu. Azkenean, bizitzaren abentura eroetan sartzekoa nintzen, gorde beharreko sekretu bat izango nuen, egin beharreko borroka bat. Eta, dudarik gabe, gisa horretan engaiatzeko ideiak sentiarazten zidan beldur aitorrezinak nire konplize-rol berriak eragiten zizkidan poz saminen arteko erdiak baino gehiago bereganatzen zituen.

        Beraz, Michu handiak hitz egiten zuen bitartean, miretsita nengoen haren aurrean. Tonu zakar samarrean sartu ninduen aferan, daukan energiari dagokionez erdipurdiko konfiantza baino ematen ez duen soldadu bat banintz bezala. Hala ere, nire pozezko ikarak, hark esana entzuten nuen bitartean erakutsirik izango nuen estasi suharrak, nitaz iritzi hobea izatera bultzatu zuen.

        Kanpaiak bigarren aldiz jo zuenean, biok bakoitza bere ilarara gindoazela, ikasten jarraitzeko:

        – Ulertu duk, ezta? –esan zidan ahapeka–. Gutariko bat haiz... Ez duk beldurrik izango gutxienez, ez gaituk traizionatuko, ezta?

        – O, ez, ikusiko duk... Zin egiten diat.

        – Begietara begira geratu zitzaidan bere begi grisekin, gizon helduaren benetako duintasuna erakutsiz, eta oraindik ere esan zidan:

        – Bestela, badakik, ez haut zafratuko, baina denei esango zieat traidore bat haizela, eta ez dik berriro inork ere hitz egingo.

        Oraindik ere gogoan daukat mehatxu hark nigan izan zuen eragin berezia. Ikaragarrizko adorea eman zidan: “Aski da!”, esan nion neure buruari, “alferrik emango dizkidate munduko azalpen guztiak; infernuko etsaiak eraman nazala Michuri traizio egiten badiot!”. Berantetsita itxaron nion afalorduari. Erreboltak jangelan zartatu behar zuen!

 

II

 

        Michu handia Var departamendukoa zen. Haren aitak, lur zati batzuen jabe zen laborari bat, armak hartu zituen 51n, estatu-kolpeak eragindako matxinadan. Hildakotzat eman zuten Uchäneko lautadan, baina ezkutatzea lortu zuen. Agertu zenean, inork ez zion kargu hartu. Besterik gabe, herrialdeko agintariek, jauntxoek, errentadun handi zein txikiek Michu ohoina deitu zioten.

        Ohoin hark, gizon eskolagabe onest hark, A...ko ikastetxe batera bidali zuen semea. Dudarik gabe, jakintsu nahi zuen, berak armak eskuan hartuta baino ezin aldeztu izan zuen kausaren garaipenaren alde. Guk, ikastetxean, modu lausoan genekien istorio haren berri, eta horrek gure ikaskidea oso pertsonaia beldurgarria zela pentsarazten zigun.

        Horrez gain, Michu handia gu baino askoz zaharragoa zen. Ia hemezortzi urte zituen, laugarren mailan egon arren, gurekin. Baina ez ginen ausartzen horretaz txantxak egiten. Espiritu zuzena duten horietako bat zen, kostata ikasten dutenak, ezer asmatzen ez dutenak; besterik gabe, zerbait zekienean, sakon zekien eta betiko. Indartsua, aizkora kolpez zizelkatua bezala, jaun eta jabe zen jolas-orduetan. Hori, gozotasun ikaragarriz. Behin baino ez nuen ikusi bere onetik irten arte suminduta; lepoa bihurritu nahi zion errepublikano guztiak lapurrak eta hiltzaileak zirela zioen begirale bati. Gutxi falta izan zen Michu handia eskolatik kanpora zezaten.

        Geroago ulertu nuen, nire aspaldiko burkideaz oroitzean, haren jarrera goxo eta gogorra. Haren aitak oso goiz izan zuen semea gizon bihurtu beharra.

 

III

 

Michu handiak gozatu egiten zuen ikastetxean, eta ez zen hori gu gutxien harritzen gintuena. Oinaze-iturri bakarra zuen: gosea. Michu handia beti zen gose.

        Ez dut gogoan jateko halako irritsa duen beste inor ezagutu izana. Bere buruaz harro agertu ohi bazen ere, batzuetan komedia irrigarriak jokatzen zituen guri ogi puska bat, gosari bat edo askari bat kentzeko. Aire zabalean hazia, Maures mendilerroaren magalean, guri baino are lazgarriagoa zitzaion ikastetxeko sukaldearen urritasun xuhurra.

        Hori zen gure hizketagai nagusietako bat, patioan, itzal-hari mehe batez babesten gintuen harresian zehar. Gainerakoak mindulinak ginen. Bereziki gogoan ditut bakailao bat saltsa arrosan eta indaba batzuk saltsa zurian, guztion madarikazioak jaso zituztenak. Plater horiek agertzen ziren egunetan, ez ginen isilik geratzen. Michu handiak, giza begirunez, gurekin batera egiten zuen oihu, bere mahaiko sei errazioak gogotik jango bazituen ere.

        Michu handiaren kexu bakarra janari gutxiegi zelako izaten zen. Kasualitateak, gogaitzeko asmoa balu bezala, mahaiaren mutur batean kokarazi zuen, begiralearen ondoan, paseatzera gindoazenean tabakoa erretzen uzten zigun txoriburu bat. Arauak zioen maisuek bi errazio jateko eskubidea zutela. Horregatik, saltxitxak zerbitzatzen zituztenean, ikustekoa izaten zen Michu handiak nola begiratzen zien zeharka begirale txikiaren platerean bata bestearen ondoan pilatzen ziren saltxitxa zatiei.

        – Nire erdia ere ez dik pisatzen –esan zidan egun batean–, eta nik halako bi jaten dik. Ez dik ezer uzten, arraioa! Ez duk asetzen!

 

IV

 

        Baina buruzagiek erabakia zuten azkenean saltsa arrosako bakailaoaren eta saltsa zuriko indaben aurka matxinatu behar genuela.

        Konspiratzaileek buru izatea eskaini zioten Michu handiari, jakina. Jaun horien plana heroikoa zen bere sinpletasunean: gosea greban jarriko zuten, elikagai orori uko egingo zioten, zuzendariak hotsandiz adierazi arte egunerokoa hobetu egingo zela. Michu handiak plan horri emandako baiezkoa inoiz ikusi dudan abnegazio eta kuraia adierazpenik ederrena izan zen. Mugimenduaren burua izatea onartu zuen, gauza publikoaren alde sakrifikatzen ziren antzinako erromatarren heroismo lasaiarekin.

        Atera kontuak beraz! Ez zuen kezkatzen bakailaoa eta indabak desagertzeak; gauza bakarra nahi zuen, gehiago izatea, nahi adina! Eta, gainera, barau egiteko eskatzen zioten! Geroago aitortu zidan aitak irakatsitako bertute errepublikano hark, elkartasuna, norbanakoaren sakrifizioa komunitatearen interesen alde, ez ziola sekula hura baino proba gogorragorik ezarri.

        Gauean, jangelan –saltsa arrosako bakailaoaren eta saltsa zuriko indaben egunean–, guztion arteko adostasun zinez eder batez hasi zen greba. Platerak iritsi eta ez genituen ukitu ere egiten, gure ogi lehorra jaten genuen. Eta hori seriotasunez, geure artean ahots apalez hitz egin gabe, eskuarki egiten genuen moduan. Txikiek baino ez zuten barre egiten.

        Michu handia bikain egon zen. Ogirik ere ez zuen jan lehen arratsean. Ukalondoak mahai gainean jarrita, erdeinuz begiratu zion jatekoa irensten ari zen begiraleari.

        Begiraleak, ordea, zuzendariari deitu zion, eta zuzendaria ekaitz baten antzera sartu zen. Gogor egin zigun errieta, galdetuz ea nola kexatu gintezkeen afari harengatik, berak probatua baitzuen, eta oso goxoa iruditu baitzitzaion.

        Orduan Michu handia zutitu egin zen.

        – Jauna –esan zuen–, bakailaoa ustelduta dago, ezin dugu irentsi.

– Ondo da –egin zuen oihu begirale txoriburuak, zuzendariari erantzuteko astirik ere eman gabe–, baina aurreko arratsetan ia erretilu osoa jan duzu zeuk bakarrik.

Michu handia zeharo lotsatu zen. Arrats hartan, besterik gabe, ohera bidali gintuzten, esanez biharamunerako gogoeta egingo genuela, dudarik gabe.

 

V

 

        Biharamunean eta biharamunaren ondorengo egunean, ikaragarria izan zen Michu handia. Begiralearen hitzak bihotza kolpekaturik zioten. Adorea eman zigun, esanez koldar hutsak izango ginela amore ematen bagenuen. Orain bere harrotasun guztia bideratzen zuen erakustera nahi ez zuenean ez zuela jaten.

        Benetako martiria izan zen. Beste guztiok txokolatea, konfitura, are txerrikiak ere ezkutatzen genituen ikasmahaietan, poltsikoak betetzeraino hartzen genuen ogi lehorra jaten laguntzeko. Hark, hirian inongo ahaiderik gabe eta era horretako gozagarriei uko eginda, han-hemenka aurkitutako papur batzuk zituen elikagai bakar.

            Biharamunaren ondoko egunean, zuzendariak, ikasleok erretiluak ukitzeari uko egiten geniola ikusirik, adierazi zuen ogia banatzeari ere utziko ziola, eta orduan matxinada lehertu zen, bazkarian. Saltsa zuriko indaben eguna zen.

        Michu handia, burua gose ikaragarriak nahastuta seguru asko, bat-batean zutitu zen. Begiralearen platera hartu zuen, hura ahoa betean jaten ari zela gutaz trufatzeko eta gure jangura areagotzeko, aretoaren erdira jaurti zuen, eta gero La Marseillaise kantatzeari ekin zion, ahots indartsuz. Denok altxarazi gintuen ufako handi baten antzekoa izan zen. Platerek, edalontziek, botilek dantza eder bat dantzatu zuten. Eta begiraleek, hondakinen gainetik pasatuta, jangela utzi zuten ahal bezain azkar. Ihesean zihoala, indaba erretilu batek jo zuen txoriburuaren bizkarra, eta erretiluko saltsak iduneko zuri handi bat margotu zion.

        Baina kontua plaza gotortzea zen. Michu handia jeneral izendatu genuen. Mahaiak ateen aurrean metarazi zituen. Gogoan dut labanak eskuetan hartuak genituela guztiok. Eta La Marseillaisek burrunbaka jarraitzen zuen une oro. Matxinada iraultza bihurtzen ari zen. Zorionez, bakean utzi gintuzten hiru ordu luzez. Bazirudien zaintzaileen bila joanak zirela. Zalaparta arteko hiru ordu horiek nahikoa izan ziren gu lasaitzeko.

        Jantokiaren atzealdean, patiora ematen zuten bi leiho luze zeuden. Herabeenek, han utziak gintuzten zigorgabetasun luzearekin izututa, leihoetako bat ireki zuten isilean eta desagertu egin ziren. Gainerako ikasleek jarraitu egin zieten, poliki-poliki. Aurki dozena bat matxinatu baino ez zituen inguruan Michuk. Orduan, ahots lakarrez esan zien:

        – Segi besteengana, nahikoa da errudun bat izatea.

        Ondoren, niri zuzenduta, zalantzatan bainengoen, gehitu zuen:

        – Hire hitza itzultzen diat, ulertu behar duk!

        Zaintzaileek ateetako bat bota zutenean, Michu handia bakarrik aurkitu zuten, mahai baten muturrean lasai eserita, hautsitako ontzien artean. Arrats berean bidali zuten aitarengana. Guk, berriz, ezer gutxi irabazi genuen matxinada hari esker. Hainbat astez bakailaoa eta indabak zerbitzatzeari utzi zioten. Gero, berriro agertu ziren, aldaketa bakar batekin: bakailaoa saltsa zurian, eta indabak saltsa arrosan.

 

VI

 

        Denbora asko igaro eta gero, berriro ikusi nuen Michu handia. Ezin izan zuen ikasten jarraitu. Aitak utzi zizkion lursail txikiak lantzen zituen.

        – Abokatu edo mediku txarra izango ninduan –esan zidan–, burua gogorregia neukalako. Hobe diat laborari izan. Hori nire kontua duk... Ez dik axola, zuek ederki utzi ninduzuen bakar-bakarrik. Eta nik, hain zuzen ere, ikaragarri gustuko nitian bakailaoa eta indabak

 

MICHU HANDIA
Emile Zola

Le grand Michu
Nouveaux contes á Ninon,1874
euskaratzailea: Juan Luis Zabala
Egan, 2017
armiarma.eus, 2022