KATUEN PARADISUA
Emile Zola

Les paradis des chats
Nouveaux contes á Ninon,1874
euskaratzailea: Juan Luis Zabala
Egan, 2017
armiarma.eus, 2022

 

I

 

        Izeba batek Angorako katu bat utzi zidan herentzian, inoiz ezagutu dudan piztiarik ergelena. Hona hemen zer kontatu zidan nire katuak, neguko arrats batez, errauts beroen ondoan.

        Bi urte nituen orduan, eta munduko katurik gizenena eta inozoena nintzen. Adin samur horretan, agerian uzten nuen oraindik ere etxearen goxotasuna gutxiesten duen animalia baten harrokeria guztia. Eta, hala ere, a zer nolako zorra nuen Probidentziarekin, zuen izebaren etxean lekua eman zidalako! Emakume bihoztun hark adoratu egiten ninduen. Armairu baten atzealdean benetako logela bat neukan, eta lumazko kuxina, estalki hirukoitzarekin. Jatekoa ez zen etzalekua baino makalagoa; inoiz ere ez ogirik, inoiz ere ez zoparik, okela besterik ez, okela odoltsu bikaina.

        Hara! Ba goxotasun horien erdian, desira bakarra nuen nik, amets bakarra: erdi irekitako leihotik irristatu eta teilatuetan barrena ihes egin. Laztanak gezak iruditzen zitzaizkidan, nire ohearen goxotasunak goragalea ematen zidan, neure buruari higuingarri irizteraino nengoen gizen. Eta zoriontsua izateaz aspertuta ematen nuen egun osoa.

        Esan behar dizut lepoa luzatuta aurreko teilatua ikusi nuela leihotik. Lau katu zeuden han egun hartan, elkarren artean borrokan, ileak laztuta, buztana zut, arbel urdinen gainean ihalozka, pozkarioz miauka. Inoiz hain ikuskizun apartekorik ikusi gabea nintzen. Harrezkeroztik, nire sinesmena finkatuta zegoen. Benetako zoriona teilatu horretan zegoen, hain leun ixten zen leiho haren atzean. Horren frogatzat neukan okela gordetzen zuten armairuen ateak horrelaxe ixten zituztela.

        Ihes egiteko erabakia hartuta zegoen. Bizitzan egon behar zuen okela odoltsuaz besterik. Ezagutzen ez duguna zegoen, ideala. Egun batean sukaldeko leihoa itxi gabe geratu zen. Azpian zegoen teilatu txiki batera jauzi egin nuen.

 

II

 

        Bai ederrak zirela teilatuak! Hodi zabalak zituzten ertzetan, lurrin zoragarriak isurtzen. Atseginez jarraitu nien hodiei, hankak lokatz mehe ikaragarri epel eta leunean barneratzen zitzaizkidala. Belus gainean nenbilela zirudien. Eta bero ederra zegoen eguzkipean, nire gantza urtzen zuen beroa.

        Ez dizut ukatuko dardarka nituela gorputz-adar guztiak. Izua zeukan barruan nire pozak. Zirrara bat dut bereziki gogoan, ia galtzada-harrien gainera uzkaili ninduena. Etxe baten teilatuan zebiltzan hiru katu hurreratu zitzaizkidan modu itsusian miauka. Alditxartuta nengoenez, piztia gizen bat banintz bezala tratatu ninduten, esan zidaten barre egiteko ari zirela miauka. Haiekin batera miauka hasi nintzen. Oso ederra zen. Gaztetxo haiek ez zuten nire gantz ergelik. Burla egiten zidaten, eguzkiak berotutako zinkezko plaken gainean bola baten antzera irristatzen nintzelako. Taldeko katar zahar bat aparteko adiskide egin zitzaidan. Nire hezitzailea izateko eskaini zidan bere burua, eta esker onez onartu nion.

        Oi, zein urrun zegoen zuen izebak emandako behi-birika leuna! Hodietatik edaten nuen, eta inoiz edandako esne azukredunik goxoena baino goxoago irizten nion. Dena iruditzen zitzaidan ona eta ederra. Kateme bat iragan zen, kateme xarmagarri bat, eta hura ikusteak ordura arte ezagutu gabeko zirrara piztu zidan barruan. Ordura artean, ametsetan baino ez nuen ikusia bizkarrezur maitagarriki malguko hain izaki goxorik. Iritsi berriarengana hurreratu ginen bizi-bizi nire hiru lagunak eta ni. Aurrea hartu nien besteei, eta kateme xarmagarriari nire konplimenduak egiteko puntuan nengoenean, nire lagunetako batek kosk egin zidan lepoan bortizki. Oinazez egin nuen oihu.

        –Lasai! –esan zidan katar zaharrak, ni hezteko zereginean–. Horrelako beste asko ikusiko dituzu.

 

III

 

        Paseoan ordubete eman ondoren, gose bortitz batek hartuta nengoen.

        –Zer jaten da teilatuetan? –galdetu nion nire adiskide katarrari.

        –Aurkitzen dena –erantzun zidan jakinduriaz.

        Min eman zidan erantzun horrek, arretaz bilatu arren ez bainuen ezer aurkitzen. Halako batean, neska gazte langile bat ikusi nuen, txapitula batean, gosaria prestatzen. Mahai gainean, leihoaren azpian, txuleta eder bat zegoen, kolore gorri gustagarrikoa.

        –Hona hemen nire aukera –pentsatu nuen, inozo.

        –Eta mahai gainera jauzi egin eta txuleta hartu nuen. Baina, ni ikusi bezain azkar, langileak ikaragarrizko kolpea eman zidan erratzarekin bizkarrezurrean. Txuleta utzita, ihes egin nuen, birao lazgarria boteaz.

        –Herritik atera gabea zara ala? –esan zidan katarrak. Mahai gaineko okela urrutitik desiratua izatekoa da. Hodietan bilatu behar da.

        Inoiz ezin izan nuen ulertu sukaldeetako okela katuona ez izatea. Nire sabela benetan haserretzen hasita zegoen. Katarrak guztiz etsiarazita utzi ninduen esan zidalarik gauera arte itxaron behar genuela. Orduan jaitsiko omen ginen kalera, zabor pilak miatzera. Gauera arte itxaron! Lasaitasun osoz esaten zuen hori, filosofo zaildua izango balitz bezala. Niri ondoeza eragiten zidan hain baraualdi luzeaz pentsatze hutsak.

 

IV

 

        Gaua mantso iritsi zen, izoztu egin ninduen behe-lainozko gau bat. Euria hasi zuen berehala, mehe, sarkor, bat-bateko haize-boladek astindua. Eskailera baten leihatetik jaitsi ginen. Bai itsusia iruditu zitzaidala kalea! Han ez zegoen jada bero eder hura, eguzki handi hura, hain goxoki ihalozkatzeko aukera ematen zuten argizko teilatu zuri haiek. Nire hankak irristatu egiten ziren galtzada koipetsuan. Askotan gogoratu nintzen, mingostasunez, nire lumazko kuxinaren estalki hirukoitzaz.

        Kalera jaitsi berriak ginela, nire adiskide katarra dardarka hasi zen. Txiki-txiki eginda, maltzurki desagertu zen etxeen artean, niri ahalik eta arinen jarrai niezaiola esan eta gero. Garaje baten atea aurkitu orduko, hantxe babestu zen presaka, atseginezko urruma bat askatuz. Ihesaldi hartaz galdetu nionean:

        –Ikusi al duzu otarre bat eta kako bat zeuzkan gizona? –galdetu zidan.

        –Bai.

        –Ba ikusi bagintu, jipoitu, burruntzian sartu eta jan egingo gintuzkeen.

        –Burruntzian sartu eta jan! –egin nuen oihu–. Kalea ez al da ba gurea? Ez dugu jaten, jan egiten gaituzte!

 

V

 

        Bien bitartean, ate aurreetako zaborrak hustuak zituzten. Etsipenez miatu nuen pila hartan. Errautsetara botatako bizpahiru hezur mehar aurkitu nituen. Orduan ulertu nuen zein goxoa den behi-birika freskoa. Nire adiskide katarra artista ageri zen zaborrak miatzen. Goizaldera arte lasterkarazi zidan, galtzada-harri bakoitzari behatuz, inolako presarik gabe. Ia hamar orduz jasan nuen euria, dardarka nituen gorputz-atal guztiak. Kale madarikatua, askatasun madarikatua, nola sentitzen nuen nire kartzelaren falta!

        Egun argiz, katarrak, nire dardarak ikusirik:

        –Aski al duzu dagoeneko? –galdetu zidan, arrotz baten moduan.

        –Bai, bai! –erantzun nion.

        –Etxera itzuli nahi al duzu?

        –Bai horixe! Baina nola aurkitu etxea?

        –Zatoz. Gaur goizean, zu irteten ikustean, jabetu naiz zu bezalako katu gizen bat ez dagoela askatasunaren pozetarako egina. Badakit non dagoen zure etxea, ate ondoraino eramango zaitut.

        Soiltasunez esaten ari zen hori katar duin hura. Iritsi ginelarik:

        –Adio –esan zidan, hunkidurarik txikiena ere adierazi gabe.

        –Ez –oihu egin nuen nik–, ez dugu horrela agurtuko elkar. Nirekin etorriko zara. Ohe bera izango dugu erdi bana, eta okela ere berdin. Nire jabea emakume ona da...

        Ez zidan amaitzen utzi.

        –Ixo! –esan zuen zakar–. Ergela zara. Hil egingo nintzateke zure epeltasun bigunetan. Zure bizimodu oparoa ona da sasiko katuentzat. Katu libreek ez dute inoiz erosiko zure behi-birika eta zure lumazko kuxina kartzelan egotearen truke... Adio.

        Eta teilatuetara igo zen berriro. Haren soslai mehar handia ikusi nuen, orduantxe irteten ari zen eguzkiaren laztanak eragindako atseginak dardarazia.

        Etxera itzultzean, zure izebak zartailua eskuan hartu eta bozkario sakon batez jaso nuen zigorra eman zidan. Berotasunaren eta jipoitua izatearen plazera dastatu nuen.

 

VI

 

        –Hara! –ondorioztatu zuen nire katuak, bere burua luzatuz txingarren aurrean–. Benetako zoriona, paradisua, nire jabe maitea, okela dagoen gela batean itxita egotea eta jipoia jasotzea da.

        Katuei buruz ari naiz.

 

KATUEN PARADISUA
Emile Zola

Les paradis des chats
Nouveaux contes á Ninon,1874
euskaratzailea: Juan Luis Zabala
Egan, 2017
armiarma.eus, 2022