LASTERKARIAK
Olga Tokarczuk

Bieguni, 2007
euskaratzailea: Uxue Alberdi
armiarma.eus, 2020

 

      Badira herrialdeak zeintzuetan jendea ingelesez mintzo den. Ez dute, ordea, guk bezala egiten, hizkuntza propioa ezkutuan gordeta nezeser eta eskuko ekipajeetan, ingelesa erabiliz bidaian gabiltzanean soilik, arrotz herrietan eta arrotzekin. Zaila da irudikatzen, baina ingelesa da haien benetako hizkuntza! Sarritan, bakarra. Ez dute zertara itzulirik, ezta zeri heldurik ere hondoratze momentuetan.

      Zein galdurik sentitu behar duten gidaliburu oro, abestirik txatxueneko hitz bakoitza, edozein jatetxetako menua, gutuneria komertzialik hutsalena, are igogailuetako botoiak ere euren mintzaira pribatuan daudenean! Edozein unetan edonork uler diezaieke ahoa irekitzen duten aldiro, eta haien oharrak, zifratu egin behar lituzkete. Dauden tokian daudela, irisgarriak dira beti, denentzat eta denarengatik.

      Badira asmoak, hotsa dabil, haiek babesteko, haiei emateko baita hizkuntza gutxitu bat ere, hildako mintzaira horietako bat inork behar ez duena, izan dezaten zerbait eurena, eurena bakarrik.

 

LASTERKARIAK
Olga Tokarczuk

Bieguni, 2007
euskaratzailea: Uxue Alberdi
armiarma.eus, 2020