LASTERKARIAK
Olga Tokarczuk

Bieguni, 2007
euskaratzailea: Uxue Alberdi
armiarma.eus, 2020

 

      Farmazia batean erosi nituen konpresetako bakoitzaren bilgarriak informazio labur jostariak eskaintzen zituen:

       “Letologiko” hitzak ekarri nahi den hitza ezin ekarria deskribatzen du.

      Ropografia: margolariak xehetasun eta huskeriekiko duen kerentzia adierazten duen hitza.

      Riparografia: gorpuzkiak eta mustrokeriak irudikatzen dituen pintura.

      Leonardo da Vincik asmatu zituen guraizeak.

      Komunean, tamainako irakaspen bitxiak biltzen zituen fardela ireki nuen tokian, bururatu zitzaidan, errebelazio bat nola, in statu nascedi zen eta inolako hutsik izango ez zuen entziklopedia handiaren bigarren atala zatekeela hura. Hala, farmazia berera itzuli eta hango apaletan aurkitu nuen baitaezpadakoa eta erabilgarritasuna uztartzearen alde egin zuen enpresa berezia. Zein zentzu du paperean loreak edo marrubiak inprimatzeak hura ideiak garraiatzeko sortu bazen? Gauzak paperez biltzea xahuketa da, debekatua behar luke. Behin zerbait biltzeari ekinda, izan bedi nobelaz eta poemaz, eta bego loturarik edukiaren eta edukitzailearen artean.

 

      Hogeita hamarrak bete ondoren gizakia laburtzen hasten da pixkanaka.

      Urtero jende gehiago hiltzen da astoren batek ostiko jota hegazkin istripuetan baino.

      Putzu baten hondoan bazaude, izarrak ikusi ahalko dituzu baita egunez ere.

      Ba al dakizu munduko beste bederatzi milioi pertsonaren egun berean betetzen dituzula urteak?

      Zanzibarrek eta Ingalaterrak historiako gerrarik laburrena egin zuten 1896an. Hogeita hemezortzi minutu besterik ez zuen iraun.

      Lurraren ardatzak gradu ezdeus bakar bat gehiagoko okerdura izango balu planeta ez litzateke bizigarria, ekuatoreko lurraldeak beroegiak bailirateke, eta poloen ingurukoak, hotzegiak.

      Lurraren errotazioaren ondorioz, mendebalderantz jaurtitako edozein objektu urrunago iritsiko da ekialderantz jaurtitakoa baino.

      Giza gorputz arrunt batek zakur bat hiltzeko adina azufre du bere baitan.

      Arakibutirofobia kakahuete gurina aho-sabaian itsasteko beldurra da.

 

      Baina gehien zirraratu ninduena honakoa izan zen:

      Mingaina da giza gorputzeko giharrik indartsuena.

 

LASTERKARIAK
Olga Tokarczuk

Bieguni, 2007
euskaratzailea: Uxue Alberdi
armiarma.eus, 2020