TORTURAK
Tchicaya U'Tamsi

Tortures
euskaratzailea: Koldo Izagirre
armiarma.eus, 2018

 

Tortura iezazkidak begiak

Begiko bi

Bina bekatxoz!

Tortura iezazkidak besoak

Eskuko sei

Seina eskala minorrez

Estu ditzaten zoro!

Garuna dalia egina

Horixe ikusi behar nukeen

Eguzkia bera mozten duen

Ardatza galdutako goiz honen

Mihi urdinetan biluzik…

Dalia den arren, garun honek oihu:

Tortura iezadazue zerebeloa

Konekta iezadazue elektrodo bi!

 

Nor da lore zuriz estalia,

Garretan biluzia?

Bihotzez egiten ahal dut barre

Urari gatza xukatzeko

Kulunkan gintuen urari

Non belar, gorbel edo azti

Trabes doan sabel hau

Trabes doazen bost kontinentek

Desbideratua. Torturara!

 

Guri segika ditugun

Begion handitsuetako zorne zahar honek oihu:

Ibaia ez da berriz 

Auzokoaren bihotzean

Gorputza hil arte

Gaueko ezkila kantari

Biziei hats ona ematen zien oilarra

Goiz beltzari lotuz

Txantxar bako hortzen

Izarniadura! Beltza! A, luxu hau!

 

Gibeleko sei zirrosiei…

Eta gero ilar lurrintsu geruza baten gainean

Odaliska limurtia

Eratzan genuen dena biluzik

Bere ametsean…

 

Entzuten ari naiz organoak,

Badatoz haurrak,

Maite dute elkar!

Haurrak izerditan oinetako barruan

Beren arrangurak baino are handiagoko oinetakoa

Ogia iduri

Ipurmamiei tximista bezalako ukaldi baten esker ona

Zin egiten dien oinetakoa.

Tortura ezazue tortura oro!

Halakorik ez!

 

Sabeleko oinazerik minenen sekretuan

Hartu ohi dut emakumezkoen

Odola: baina isil nadin.

 

Bego: arima dut

Ene bihotzak bekaitz didana

Baina oinok: bata oker

Bestea herren.

 

Tortura ezazue! Tortura ezazue!

 

Egiten ote dugu korapilorik

Ur bizi edo geldo edo lo batez?

Alabaina

Errotulak galdu nituenetik

Ataririk ez elizetan

Ez bihotzez bihotz

Ez sabelez sabel

Epaileenean baino

Ateak itxian jotzen dugun

Kristoren Pasioan.

“Epaile jaunak… gezurrezko beltzak zarete!”

Ez dadila inoiz torturara

Zuetan egiazkoena!

 

TORTURAK
Tchicaya U'Tamsi

Tortures
euskaratzailea: Koldo Izagirre
armiarma.eus, 2018