Junichiro Tanizaki. Aurkezpena

armiarma.eus, 2015

 

Tokio, 1886-07-24 / 1965-07-30

 

      Berrogeita hamar urte, zuzen, Japoniako idazlerik handien eta ugarienetako hau hil zela: ipuina, nobela, antzerkia, saiakera (Gerizaren laudorioa ospetsua), zinemarako gidoiak… eta itzulpenak. Tanizakik mendebaldeko ereduak jarraitu zituen gaztetan, ezohiko gaiak eta probokazio bitxiak landuz. Baina 1923an Tokio birrindu zuen lurrikararen ondotik, Kansai eskualdera lekututa, bertako tradiziotik hasi zen elikatzen gaztetan zekarren sen ausarta galdu gabe. Sustraitasun honek ez zuen eraman abertzalekerian barrena, guztiz hotz eta urrun agertu zen 1937-1941 tartean herritarrek garatu zuten sukarraldi gerlazalearekiko. Tabu erotikoen apurtzaile, hainbatetan izan zituen arazoak zentsurarekin.  

       Tanizaki gazteak hogeita lau urte zituen Tatuaia aldizkari batean azaldu zelarik. Kritikoek idazkeraren kalitatea aipatu zuten arren, lan labur hau eskandalua izan zen letren garbia japoniartasunaren oinarrietan ikusten zutenentzat. Aurka jarri zitzaizkion erromantikoak eta naturalistak, utikan gazte hark aldarrikatzen zituen mendebaldeko ereduak. Horrek, uzkurtu orde, harrotu egin zuen egile gaztea. Ezusteko ostearen jabe, ipuineko ildoei ekin zien hurrengo lanetan ere: probokazioa, fetitxismoa… Idazkera sendoan eta iruditeria delikatuan. Tatuaia guztiz japoniarra egiten zaigu egungo mendebaldeko kulturan, baina ipuinak perbertsioa eta krudelkeria bezalako gai berriak zekartzan azalera, zikinak, eta emakumearekiko menpekotasuna, ezin onartua. Tanizaki klasiko bihurtuko zuenaren aurrekaria izan zen.

 

Junichiro Tanizaki. Aurkezpena

armiarma.eus, 2015