TATUAIA
Junichiro Tanizaki

1910
euskaratzailea: Koldo Izagirre
armiarma.eus, 2015

 

      Garai hartan gizonek aintzako zeukaten arinkeriaren bertute noblea, bizitza ez zen egun den lehia latza. Aisetasun aroak ziren, profesional bizkorrek bizimodua erraz atera zezaketen aldi hartan baldin eta zaldun aberatsen edo etxe onekoen umore alaia sustatzen bazuten, edo saiatzen baziren Gorteko damen eta geishen irria inoiz itzal ez zedin. Garai hartako nobela erromantiko irudidunetan eta Kabuki antzerkian, Sadakuro eta Jiraiya bezalako heroi maskulino zakarrak emakumezko bihurtzen ziren, leku guztietan ziren bat edertasuna eta indarra. Jendeak ahalegina egiten zuen apainketan, eta batzuek pigmentuak injektatzen zituzten beren azal leunean. Marra eta margo ziren irudi alaiek egiten zuten dantza gizonezkoen gorputzean.

      Plazer auzoen, Edo auzoen bisitariek nahiago zituzten alokatu dotore tatuatutako palankin eroaleak. Horrela apaintzen zirenen artean baziren ez bakarrik jokalariak, su-hiltzaileak eta horrelakoak, baita merkatariak eta samuraiak ere. Noizean behin erakusketak antolatzen zituzten, eta haietan gizonezkoak biluzi egiten ziren beren gorputz filigranatuak ikustera ematearren, esku zartaka jotzen zuten beren haragia marrazkien berritasunaz harro, gainerakoenak kritikatzeko.

      Bazen Seikichi zeritzan ezin trebeagoko tatuatzaile bat. Edonon laudatzen zuten Asakusan lantegia zuen Charibun-en edo Matsushima kaleko Yappei eta Konkonjiro-ren mailako maisua bezala, eta beren larruazala pintzelentzako zeta gisan eskainia zioten gizon frankori zor zion artista ospe hura. Bereak ziren tatuaia erakusketetan gehien miresten ziren lanak. Baziren gailentzen zitzaizkionak gerizaren lanketan edo zinabrioaren erabileran, baina bere arteak zeukan indarraz eta lilura sentsualaz irabazia zuen Seikichik zeukan izen ona.

      Hasiera batean Tokoyuni eta Kunisada-ren eskolan atera zuen bizimodua ukiyo-e margolari moduan, eta tatuatzaile mailara jaitsia zen arren, bere artista sena atzematen ahal zen ageri zuen arduran eta sentiberatasunean. Larruazala edo gorpuzkera atsegin ez zitzaion inork ez zuen lortuko haren zerbitzuak erostea. Ametitzen zituen bezeroek eztabaidarik gabe onartu behar zituzten hark hautatzen zuen gaia eta ezartzen zuen prezioa, eta hilabetez edo bi hilabetez ere pairatu beharko zuten orratzen oinazea.

      Ezein gizonek ezagutzen ez zuen plazer eta nahikari sekretu bat zeukan gordea tatuatzaile gazteak bihotzaren zolan. Orratzen ziztadek haragia puztu eta odolez gorritzen zutenean gizonek pairatzen zuten hilduran hartzen zuen plazera, eta zenbatenaz ozenkiago kexatu hainbatenaz handiagoa zen Seikichiren atsegina. Mingarrienak omen diren gerizketa eta gorrizketa ziren gehien laketzen zuten teknikak.

      Bezeroa, egunero hartzen zuen ohiko lanketan bostehun edo seiehun bider ziztatua,  eta koloreak azalarazteko bainu beroaren urpetik jalgi berria, Seikichiren oinetara erortzen zen zerraldo, hil hurren. Seikichik hotz begiratzen zion. «Mingarria izan behar du» esaten zuen bozkarioz.

      Mengelen bat hiltzen ariko balitz bezala oinazez uluka hasten zelarik, edo hortzak hertsatzen edo ezpainak bihurritzen zituelarik, «Ez zaitezela umea izan. Eutsi egiozu, nire orratzak dastatzen hasi besterik ez zara egin!» esaten zion. Eta malkotan zen bezeroaren aurpegiari tarteka begi emanez, tatuatzen jarraitzen zuen, beti bezain soraio.

      Baina zenbaitetan gertatzen zen indar handiko bezeroren batek, matelezurrak tinko, zirkinik egin gabe eustea izukaitz. Orduan Seikichik, irriz: «A, gogorretakoa zara! Zaude. Laster jarriko zaizu gorputza dardara batean. Ez dut uste pairatu ahal izango duzunik»...

      Seikichik amets egin zuen, luzaz, maisulan bat egitearekin emakume ederren baten larruazalean. Emakume horrek perfektua izan behar zuen hala fisikoan nola izaeran. Aurpegi zoragarri batek eta gorputz eder batek ez zuketen aseko. Begiztatzen zituen arren Edo auzo alaietako edertasunaren erreginak, ez zuen bere eskakizun zorrotzak betetzen zituenik topatzen. Urteak zeramatzan aurkitu gabe, eta emakume perfektuaren irudiak eta begitarteak obsesioa izaten jarraitzen zuten. Baina ez zuen etsi nahi.

      Udako arratsalde batez, bilaketaren laugarren urtean, Hirasei jatetxearen ondotik zihoala, Edoko Fukagawa barrutian, bere etxetik hurre samar, Seikichik emakumezko baten oina ikusi zuen, biluzik, esnea bezain zuri, abiatu berria zen palankin baten errezelen artean ageri. Artistaren begi landura, eme-oin batek aurpegiak adina adierazten zuen. Eta hura perfekzioaren gaindia zen.

      Zoragarriro zizelkatutako behatzekin, Enoshimako labarretako oskolak bezain azkazal irisatuekin, mendiko iturburuan bainatua, oin hura gizonen odolak elikatu beharrekoa zen, gizonen gorputzak zanpatzeko egina zen. Dudarik ez, oin hura zen horren luzaz ezkutatua zitzaion emakume bereziaren oina. Aurpegia ikusteko irrikan, Seikichik palankinari ekin zion. Baina atzetik saiatu arren kale meharretan eta ibilbide zabaletan, galdu egin zuen begi bistatik.

      Urteetan gordetako Seikichiren nahikaria maitasun suharra bihurtu zen. Goiz batez, hurrengo udaberria aurreratu samarra zelarik, Fukagawan, banbu loratuek apaindutako etxeko sapailoan zegoela omo lirio ontzi bat ederresten, norbaiten diosala entzun zuen erromarako atean. Neskato bat azaldu zen hesiko izkinatik. Adiskide baten mandatua zekarkion, Tatsumi auzoko geisha batena.

      —Nagusiak esan dit gainjantzi hau emateko, barneko azala dekoratuko zenukeen mesedez —esan zuen.

      Askatu zuen azafrai koloreko pakete lotu hura eta Tojako aktorearen argazkia inprimatua zeukan paper lodian tolestutik zegoen zetazko gainjantzi bat atera zuen, zetazkoa, eta gutun bat. Eskaera errepikatzen zuen gutunak, eta aurrerago jakinarazten zion eramaileak laster hasiko zuela geisha karrera haren babespean. Hala berean espero zuen, lotura zaharrak ahanztera utzi gabe, bere babesa ere heda zezala neskato honengana.

      —Uste dut lehen aldia dela ikusten zaitudala— esan zuen Seikichik, sakon ikertzen zuela.

      Ez zen izango hamabost edo hamasei urtetik gorakoa, baina harrigarrizko heldua zirudien aurpegi hark, auzo alaian zenbait urte emanak balitu bezala gizonezkoak  liluratzen. Herrialde osoaren bekatuak eta aberastasunak metatuak zeuden hiriburu zabalean belaunaldiz belaunaldi bizi izandako gizon-emakumezko xarmatzaileen ametsak islatzen zituen haren edertasunak.

      Jartzeko lekua eskaini zion Seikichik sapailoan, eta neskatoaren oin delikatuak, lastozko sandaliatan hutsik, ikertu zituen.

      —Zu Hiraseiko palankinean irten zinen lehengo uztaileko gau batean, ezta? —galdetu zion.

      —Baliteke —erantzun zion neskatoak, irriz—. Aita bizi nuen oraindik, eta maiz eramaten ninduen hara.

      —Bost urte eduki nauzu zain. Aurreneko aldia da aurpegia ikusten dizudala, baina oina gogoan dut… Zatoz une bat, erakutsi nahi dizut zerbait.

      Neskatoa zutitua zen alde egiteko, baina eskutik heldu eta gora eraman zuen, ibaiertzera ematen zuen estudiora. Bi kakemono atera zituen, eta zabaldu egin zuen bat.

      Shang dinastiako Chu enperadoreak begikoen zeukan printzesa txinatar baten margoa zen. Eskudela batean bermatua zegoen, jarrera makalean: lorez brokatutako jantziaren gona luzea mailadi erdialderaino jautsia, gorputz lirainak nekez eusten zuen koralez eta lapis lazuliz betetako urre koroaren zama. Eskuineko eskuan ezpainetara makurturiko ardo kopa zeukan, beheko lorategian torturan hilduratu behar zuten gizonari begiratzen ziola. Esku-zangoak kateatuak zeuzkan sua irazekiko zuten brontzezko zutabe barrenuts batean. Ikaratzeko sinesgarritasunean zeuden antzekotuak printzesa eta haren aitzinean burumakur ageri zen biktima, nor bere patuan.

      Margo arraro hari begira, neskatoaren ezpainak dardaran hasi ziren, begiak ordea pindarka. Astiro, aurpegiak antza harrigarria hartu zuen printzesarenarekin. Margoan, bere ni ezkutua ikusi zuen.

      —Zure sentimenduak hementxe daude azalduak —esan zion Seikichik, pozarren, begiz begi.

      —Zergatik erakusten didazu horren gauza izugarria? —galdetu zuen neskatoak, zurbil.

      — Zeu zarelako emakumezko hori. Zure zainetan dabil horren odola.

      Gero, beste kakemonoa zabaldu zuen.

      «Biktimak» zeukan izenburutzat. Erdian, neska gazte bat zegoen zutik gereziondo enborrean bermatua. Oinpean zeukan gizon gorpu metari begi emanik gozatzen zuen. Txoriño batzuk, garaile, txirulaka ari ziren gaztearen gainean. Harrotasun eta gozamenezko errainuak jalgitzen ziren neska gazte haren begietatik. Bataila zelaia ote, ala udaberriko baratzea? Koadro hartan, bihotzaren ilunpean luzaz gorderiko zer edo zer aurkitu izana sumatu zuen neskak.

      —Margolan honek zure etorkizuna erakusten du —esan zuen Seikichik, gerezi enborrean ageri zen neska seinalatuz, ondoan zeukan gaztearen irudi berbera—. Gizonok guztiok burua galduko dute zuregatik.

      —Otoi, ken ezazu hau hemendik!

      Bizkar eman zion heriotzazko lilurari eta, ikaraz, Seikichiren aitzinean belaunikatu zen.

      —Bai, ez zaude oker, onartzen dut: ni emakume hori bezalakoa naiz… Baina ken ezazu hau hemendik, otoi!

      —Ez dezazula hitz egin koldar batek bezala— esan zion Seikichik irriño maltzurrez—, begira ezazu hurbilagotik. Ez dute luze iraungo zure eskrupuluek.

      Baina neskatoak ez zuen burua altxatu nahi. Oraindik belauniko zela, aurpegia mahuken artean ezkutatua, behin eta berriz errepikatu zion ikaratua zela eta alde egin nahi zuela.

      —Ez, hemen geratu behar duzu, benetako eder bihurtuko zaitut!

      Neskatoarengana hurreratu zen. Anestesiko flaskotxo bat zeraman kimono barruan, sendagile holandar batek aspaldian emana.

      Goizeko eguzkiak distira sortzen zuen ibaiaren gainean, zortzi alfonbrako estudioa urrebitxiz beterik suzko argitan. Urak islaturiko errainuek uhin doratu ikaratiak marrazten zituzten paperezko manpara lerragarrietan eta lo sakonean zegoen neskatoaren aurpegian. Seikichik ateak itxiak eta tatuatzeko tresnak atereak zeuzkan, baina puska batean eseri eta neskatoari begira egon zen, besterik gabe, bozkariotan, misteriozko edertasun hura ase arte dastatzen. Uste zuen ez zela inoiz aspertuko mozorroa zirudien begitarte hura ikustez. Eta orain, antzinako egiptoarrek beren zelai apainak piramidez eta esfingez dotoretu zituzten eran dotoretu behar zuen berak neskatoaren larruazal orbanbakoa.

      Jaso zuen hatz lodiaren eta ezkerreko gainerako hatzen artean tinkatzen zuen pintzela, ezarri zuen muturra neskatoaren bizkarrean eta, eskuinean zeukan orratzarekin, marrazki bat grabatzeari ekin zion. Larruazala zikintzen zuen ikatz hautseko tinta beltzean urtzen zitzaiola espiritua nabaritu zuen. Bere odolaren tanta bana ziren alkoholarekin nahasita larruazal hartan sartzen zituen Ryukyu zinabrioaren tantak. Bere grinen ñabardurak ikusten zituen pigmentuetan.

      Heldu zen arratsaldea eta gainbehera egin zuen udaberriko egun lasai hark. Baina Seikichi ez zen baratu bere egitekoan, ez neskatoaren loa eten. Morroi bat heldu zen geisharen etxetik haren galde eginez, eta Seikichik bidali egin zuen aspaldi joana zela esanez. Eta zenbait orduren buruan, ilargia ageri zelarik ibaiaz haraindiko etxearen gainean ur bazterreko etxeak ametsezko argitasunean bustiz, tatuaia erdiz baino ez zen egina oraindik. Kandela baten laguntzarekin ari zen Seikichi.

      Koloragarri tantatxo bat sartzeak ere lana ematen zion. Seikichik hasperen egiten zuen orratzaren ziztada bakoitzeko, iduri luke bihotza alderen beste pasatzen ziotela.

Pixkanaka, tatuaiaren marrek armiarma eme erraldoi baten moldea hartu zuten, eta gaua zurbiltzen hasia zelarik egunsentiko argitasunaz, izaki anker eta beldurgarriak hedatuak zeuzkan bere zortzi hankak neskatoaren bizkarra osoki besarkatzeko.

      Txalupak hasiak ziren ibaian gora eta behera udaberriko argi azkorrian, arraunek plastaka egiten zutela goiz geldi hartan, teilatuek dirdira eguzkitan eta behe lainoa saretzen hasia zela lehen brisarekin harrotutako oihal zurien gainetik. Noizbait, pintzela utzita, tatuatu zuen armiarmari so geratu zen Seikichi. Bere bizitzaren ahalegin garratzenaren emaitza zen artelan hura. Orain, amaiturik, gainezka zeukan bihotza hunkiduraz.

      Gorputz biak geldirik egon ziren bulta batez. Gero, Seikichiren ahots apal eta marrantatuaren oihartzun dardartia ekarri zuten gelako paretek.

      —Zinezko ederra izan zaitezen, nire espiritua isuri dut tatuaia horretan. Ez dago Japonia osoan zurekin aldera litekeen emakumerik. Suntsitu dira zuren beldur zaharrak. Gizonak oro izango dituzu biktima.

      Hitz hauen erantzun gisa, deitore mehe bat jalgi zen neskatoaren ezpainetatik. Emeki, zentzumenak bere onera etortzen hasi zitzaizkion. Hats hartze bakoitzeko, bizia balego bezala higitzen ziren armiarmaren hankak.

      —Sufritu egin behar duzu: armiarmak bere atzaparretan zauzka.

      Begiak zabaldu zituen doi bat neskatoak, galdutako begiratuan… Biziagotuz joan zen begiratua, ilargia irazekiz doan bezala arratsaldean aurpegi betean izarniatu arte.

      —Utz iezadazu tatuaia ikusten —eskatu zuen ametsetan bezala, baina larderia kutsu bat zeukala ahotsean—. Zure espiritua emanik, izugarri ederra egin behar izan nauzu.

      —Lehenik bainatu egin behar duzu koloreak agerrarazteko —murmurikatu zuen Seikichik errukiz—. Beldur naiz mingarri egingo zaizula, baina har ezazu kuraia beste apur batean.

      —Zernahi paira nezake edertasunagatik.

      Gorputz osoa hartzen zioten min urragarriak arren, irri egin zuen.

      —Nola erretzen duen urak!... Utz nazazu bakarrik, itxaron beste gelan! Ez dut nahi gizon batek ikus nazan horrela sufritzen!

      Tinatik atera zenean, idortzeko ere ahul, neskatoak bazter utzi zuen Seikichik eskaintzen zion errukizko eskua eta lur jo zuen agonian, eldarnio batek harrapatua bezala kexuka. Adatsak aurpegia estaltzen zion sasitza nahasian. Atzean zeukan ispiluan islatzen ziren bere oinen zola zuriak.

      Seikichi harritua zegoen bezperako neskato herabe eta otzanak hartua zuen aldaketarekin, baina haren agindua bete eta estudiora alde egin zuen, hantxe geratu zen esperoan. Ordu beteren buruan azaldu zen neskatoa, artoski jantzia, adats busti eta leuna sorbaldan behera zeukala. Sapailoko eskudelean bermaturik, doi bat laino zen zerura begiratu zuen. Arrai zeuzkan begiak, ez zuten ageri oinazearen aztarna mikorik.

      —Margo hauek ere eman nahi nizkizuke —esan zuen Seikichik, kakemonoak neskatoaren aitzinean ipiniz—. Har itzazu, eta zoaz.

      —Nire ikara guztiak suntsitu egin dira eta zu zara nire lehen biktima!

      Ezpata batek baino distiratsuagoko begiratua egin zion neskatoak. Garaitzazko kantu bat heldu zitzaion belarrietara.

      —Utz iezadazu tatuaia berriz ikusten—erregutu zion Seikichik.

      Isilik, baiezkoa eginik, neskatoak askatu egin zuen kimonoa, bizkarra erakutsiz. Orduantxe, tatuaia zoragarri hura eguzki errainu batek jo, eta garretan biztu zen.

 

TATUAIA
Junichiro Tanizaki

1910
euskaratzailea: Koldo Izagirre
armiarma.eus, 2015