SOLDATA JAUNA
Sally Rooney

Mr Salary
Granta, 135 zkia, 2016
euskaratzailea: Leire Vargas Nieto
armiarma.eus, 2021

 

      Nathan zain zegoen, eskuak poltsikoetan sartuta, zilarrezko Gabonetako zuhaitzaren ondoan, Dublingo aireportuko iritsieren eremuan. Terminal berria argitsua eta dotorea zen, eskailera mekaniko askokoa. Hortzak garbitu berri nituen aireportuko komunean. Nire baliza zatarra zen, eta ironia puntu batekin eramateko saiakera egiten ari nintzen. Nathanek ikusi ninduenean, galdetu zuen: Zer da hori, txantxetako baliza bat?

      Itxura ona duzu, esan nuen nik.

      Maleta hartu zuen nire eskutik. Espero dut jendeak ez pentsatzea hau nirea denik orain nik daramadalako, esan zuen. Laneko arropa zuen soinean oraindik, traje azul garbi-garbia. Inork ez zukeen pentsatuko baliza berea zenik, bistakoa zen. Ni nintzen belaunean zulatutako legging beltzak zeramatzana, eta ilea garbitu barik neukan Bostondik irten nintzenetik.

      Itxura ezin hobea duzu, esan nuen. Ikusi zintudan azken aldian baino are hobeto zaude.

      Uste nuen beherantz nindoala dagoeneko. Adin kontua. Zuk itxura ona duzu, baina gaztea zara, beraz…

      Zer egiten duzu, yoga edo?

      Korrikaldiak egiten ibili naiz, esan zuen. Autoa hemen bertan dago.

      Kanpoan tenperatura zerotik beherakoa zen, eta izotz-geruza mehe bat eratua zen Nathanen haizetakoan. Autoaren barrualdeko usaina aire-freskagarriarena eta “gertakari handietara” eraman ohi zuen bizar-lozio markarena zen. Ez nekien bizar-lozioaren izena, baina bai potearen itxura. Drogerietan ikusten nuen batzuetan, eta, egun txarra neukanean, tapoia kentzeko baimena ematen nion neure buruari.

      Lohituta sumatzen dut ilea, esan nuen. Ez bakarrik garbitu gabe, baizik eta gogoz zikinduta.

      Nathanek atea itxi eta kontaktuko giltza sartu zuen. Aginte-panelari kolore eskandinaviar leunak piztu zitzaizkion.

      Ez daukazu niri aurrez aurre esateko gorde duzun albisterik, ezta?, esan zuen.

      Jendeak hori egiten du, ala?

      Ez duzu tatuaje sekreturik edo antzeko ezer?

      JPEG lez erantsita bidaliko nukeen, esan nion. Sinets iezadazu.

      Atzeraka ari zen, aparkalekutik kanporantza, irteerara zeraman ondo argiztatutako bidetik. Oinak kopilotuaren aulkira igo nituen, belaunak bularraren parean era deserosoan besarkatzeko moduan.

      Zergatik?, esan nion. Zuk baduzu berririk?

      Ba bai, neska-laguna daukat orain.

      Burua biratu nuen hari begiratzeko; astiro-astiro, graduz gradu, beldurrezko film bateko pertsonaia banintz bezala, kamera geldoan.

      Zer? esan nuen.

      Alta, ezkontzekoak gara. Eta haurdun dago.

      Orduan, berriz biratu nuen burua, haizetakoari tinko begiratzeko. Aurreko autoko balazta-argi gorriak izotzean zehar islatu ziren, oroitzapen batean nola.

      Bale, oso barregarria, esan nuen. Zure txisteak beti dira oso xelebreak.

      Izan zitekeen neska-laguna edukitzea. Hipotetikoki.

      Baina zeren inguruan egingo genituzke txantxak orduan?

      Niregana zuzendu zuen begirada, aurreko autoa igarotzeko barrerak gora egiten zuen bitartean.

      Nik erosi nizun berokia al da hori? esan zuen.

      Bai. Benetakoa zarela gogoratzeko janzten dut.

      Nathanek leihoa jaitsi eta tiket bat sartu zuen makinan. Gaueko airea gozo eta hotz-hotz zetorren Nathanen leihotik. Berriz begiratu zuen niganantz, kristala altxatu ostean.

      Hain pozik nago zu ikusteaz, ze zailtasunak izaten ari naizen nire betiko doinuaz hitz egiteko.

      Ez da ezer gertatzen. Zurekin fantasia asko irudikatu ditut hegazkinean nik.

      Entzuteko gogoz nago. Jateko zerbait erosi nahi duzu etxera bidean?

 

***

 

      Berez ez neukan Gabonetarako Dublinera itzultzeko planik, baina nire aita, Frank, leuzemiaren aurkako tratamendua jasotzen ari zen garai hartan. Ama nire jaiotza osteko arazoengatik hil zen, eta Frank inoiz ez zen berriz ezkondu; beraz, legez, nire benetako senitarteko bakarra zen. Bostongo klasekide berriei “gabon zoriontsuak” opatzeko emailean aipatu nuen bezala, bera ere hiltzera zihoan orain.

      Frankek arazoak zituen errezetadun drogekin. Haurtzaroan zehar, askotan uzten ninduen bere lagunen zaintzapean, eta haiek edo ez zidaten inongo arretarik eskaintzen, edo gehiegizko arreta eskaintzen zidaten, eta horrek atzera eginarazten zidan eta kirikiñoak lez uzkurrarazten ninduen. Midlandsen bizi ginen eta, unibertsitaterako Dublinera aldatu nintzenean, Frankek gustuko zuen niri deitu eta zendutako amaren inguruan hitz egitea, zeina, hark azaldu zidanez, “saindua izatetik urrun” baitzegoen. Ondoren, dirua utziko ote nion galdetzen zidan. Unibertsitateko bigarren urtean nengoenean, aurrezkiak agortu zitzaizkigun eta jada ezin nuen alokairua ordaindu; beraz, amaren ahaideak norbaiten bila hasi ziren, harekin bizi nendin azterketak bukatu arte.

      Nathanen arreba nagusiagoa nire osaba batekin ezkonduta zegoen, eta horregatik amaitu nuen berarekin bizitzen. Hemeretzi urte neuzkan orduan. Berak hogeita hamalau zituen eta bi logeladun apartamentu eder bat, non bakarrik bizi zen, granitozko gainaldedun sukalde-irla eta guzti. Start-up batean egiten zuen lan orduan, “jokabide-software”a garatuz,   sentipenekin eta kontsumitzailearen erantzuteko gaitasunarekin zerikusiren bat zeukan kontu batean. Nathanek esan zidan berak jendeari gauzak sentiarazi baino ez zuela egin behar; gauzak erosaraztea geroago zetorren, prozesuaren beste urrats batean. Halako batean, Googlek enpresa erosi zuen, eta orain denek zituzten soldata barregarriak eta komunean esku-lehorgailu garestiak zituen eraikin batean lan egiten zuten.

      Nathanek oso lasai hartu zuen ni berarekin bizitzen jartzea; ez zuen kontua arraro bihurrarazi. Garbia zen baina ez melenga, eta sukaldari ona. Bata bestearen bizitzaren inguruko jakingura erakusten hasi ginen. Alderdiren bat hautatzen nuen haren bulegoan fakzioen arteko eztabaidak sortzen zirenean, eta berak erakusleihoetan miraz begiratzen nituen gauzak erosten zizkidan. Uda hartan azterketak amaitu arte soilik nintzen geratzekoa, baina ia hiru urtez bertan bizitzen bukatu nuen. Unibertsitateko lagunek Nathan miresten zuten eta ez zuten ulertzen zergatik xahutzen zuen horrenbeste diru nigan. Uste dut nik ulertzen nuela arrazoia, baina ezingo nukeen azaldu. Bere lagunek ere tartean akordio narrasen bat zela ondorioztatu zutela zirudien, gelatik irteten zenean zenbait iruzkin egiten baitzituzten nire inguruan.

      Zerbait egiteko ordaintzen didazula pentsatzen dute, esan nion.

      Nire hitzek barre eragin zioten Nathani. Ez nabil nire diruari probetxu handirik ateratzen orduan, ezta? esan zuen berak. Ez duzu zure gobada madarikatua ere egiten.

      Asteburuetan Twin Peaks ikusi eta belarra erretzen genuen elkarrekin bere egongelan, eta berandutzen zenean biotako inork jan zezakeena baino janari gehiago eskatzen zuen. Gau batean, nire bataioa gogoratzen zuela esan zidan. Esan zuen azukre-hautsez egindako haur txiki bat gainean zeraman tarta zerbitzatu zutela.

      Haur polit bat, esan zidan.

      Ni baino politagoa? esan nuen.

      Tira, zu ez zinen hain polita.

      Nathanek ordaindu zizkidan Bostondik etxerako hegaldiak gabon haietan. Eskatu baino ez nuen egin behar izan.

 

***

 

      Hurrengo goizean, dutxatu ostean, zutik nengoen, nire ileak komuneko alfonbra busti zezan utziz, mugikorrean bisita-orduak begiratzen. Dublingo ospitalean sartua zuten Frank tratamendua egiteko, kimioterapian zegoela bigarren infekzio bat harrapatu zuelako. Antibiotikoa jarri behar izan zioten tantaz tantakoan. Gutxinaka, komuneko lurrunaren berotasuna desagertu ahala, oilo-larrua egin zitzaidan azalean, eta ispiluan nire isla argitu eta zehaztu egin zen neure poroak ikusi ahal izatera arte. Asteburuetan, bisita-orduak arratsaldeko seietatik zortzietara ziren.

      Zortzi aste lehenago Franken diagnostikoa egin zutenetik, leuzemia linfatiko kronikoari buruzko jakintza entziklopedikoa metatzera bideratu nuen nire denbora librea. Ez zegoen gaiari buruzko ia ezer ezagutzen ez nuenik. Gaixoentzat ateratzen zituzten liburuxkez askoz harago joan nintzen, medikuntza-idazki konplexuetara, onkologoentzako sareko eztabaida-taldeetara, parekoen ebaluaziodun ikerketa berrien PDFetara. Ez nuen uste horrek alaba on bihurtuko ninduenik, ez eta Frankenganako arduragatik egiten nuenik ere. Nire izaeraren parte zen informazio kopuru handiak neureganatzea itoaldi denboretan, menderatze intelektualaren bidez estuasunari nagusitu ahalko banintzaio lez. Horrela ikasi nuen zeinen gertagaitza zen Frank bizirik ateratzea. Berak sekula ez zidakeen bere kabuz hori aitortuko.

      Nathanek Gabonetako erosketak egitera eraman ninduen, ospitaleko bisitaren aurreko arratsaldean. Goraino lotu nituen berokiaren botoiak eta larruzko kapela handi bat jantzi nuen, dendetako erakusleihoetan zehar itxura misteriotsua izateko. Nire azken mutil-lagunak, Bostonen graduondoko ikasketetan ezagutu nuenak, “hotza” deitu zidan, baina gehitu zuen “ez zioela zentzu sexualean”. Sexualki beroa eta eskuzabala naiz, esan nien nire lagunei. Gainerako gauzetan baino ez da hoztasuna agerian geratzen.

      Barre egin zuten, baina zeri? Nire txantxa zenez, ezin nien galdetu.

      Nathanen hurbiltasun fisikoak efektu lasaigarria zuen nigan, eta denda batetik bestera mugitu ahala, denbora albotik irristatu zitzaigun iheska, izotz gaineko patinatzaile bat nola. Inoiz ez nuen minbizidun gaixo bati bisita egiteko parada izan aurretik. Nathanen amak bularreko minbiziaren aurkako tratamendua jaso zuen 1990etan, baina ni gazteegia nintzen hortaz oroitzeko. Osasuntsu zegoen orain eta asko jolasten zuen golfean. Ikusten nuen bakoitzean esaten zidan bere semearen ninia nintzela, hitz zehatz horiek baliatuz. Gogoz heldu zion esaldi horri, konnotazio ilunik ez zeukalako seguruenik. Berdin baliatu ahalko zatekeen Nathanen neska-laguna edo alaba izan banintz. Nik uste nuen era aski egokian koka nintekeela neska-lagunetik alabarako tartean, baina behin Nathan entzun nuen esaten haren iloba nintzela; izendapen horren urruntasun mailak minduta sentiarazi ninduen.

      Suffolk Streetera joan ginen bazkaltzera eta paperezko opari-poltsa bikain guztiak mahai azpian jarri genituen. Ardo aparduna eta eskaintzen zuten plater nagusietan garestiena eskatzen utzi zidan.

      Pena hartuko zenuke hilko banintz? galdetu nion.

      Ezin dut esaten duzunetik zipitzik ere entzun. Mastekatu jatekoa.

      Irentsi egin nuen, esaneko. Lehenengo niri beha geratu zen, baina gero beste alde batera begiratu zuen.

      Atsekabe handia litzateke zuretzat, hilko banintz? esan nuen.

      Irudika dezakedan handiena, bai.

      Beste inork ez luke pena hartuko.

      Jende askok hartuko luke pena, esan zuen berak. Ez duzu klasekiderik?

      Nigan neukan bere arreta orain; hortaz, beste xerra zati bat ahoratu eta irentsi nuen, hizketan jarraitu aurretik.

      Zu ezustekoaz ari zara, esan nuen. Atsekabea esan nahi dut.

      Eta gorroto dudan zure mutil-lagun ohia, zer?

      Dennis? Horri zinez gustatuko litzaioke ni hiltzea.

      Tira, hori bestelako eztabaida da, esan zuen Nathanek.

      Erabateko bihozminaz ari naiz. 24 urteko pertsona gehienek saminduriko lagun asko utziko lituzkete atzean, hori baino ez diot. Nire kasuan, zu baino ez zaude.

      Horren inguruan hausnartzen ari zela zirudien, nik xerrarekin jarraitu nuen bitartean.

      Ez zaizkit gure elkarrizketak gustatzen zure heriotza imajinatzeko eskatzen didazunean.

      Zergatik ez?

      Zer irudituko litzaizuke zuri ni hiltzea?

      Maite nauzula jakin gurako nuke, beste barik, esan nuen.

      Entsalada platerean zehar mugitu zuen sardexkarekin. Benetako heldu batek bezala erabiltzen zituen mahai-tresnak, niganantz begiratu barik bere teknika miresten nenbilenetz aztertzeko. Ni beti egoten nintzaion begira.

      Gogoratzen duzu duela bi urteko gabon zaharra? esan nion.

      Ez.

      Ondo da. Eguberriak oso garai erromantikoa dira.

      Barre egin zuen horrekin. Ona nintzen Nathani barre eginarazten berak nahi ez zuenean. Jan ezazu zure janaria, Sukie, esan zuen.

      Utziko nauzu ospitalean seietan? galdetu nuen.

      Egingo zuela nekielakoan begiratu zidan orduan Nathanek. Elkarrentzat iragarterrazak ginen, garun beraren bi erdiren moduan. Jatetxeko leihoaz bestaldean, elurbustia zen hasia, eta, kaleko argi laranjen pean, maluta bustiek harridura ikurrak ziruditen.

      Noski, esan zuen. Zurekin sartzea nahi duzu?

      Ez. Gaizki hartuko du zu bertan egotea, edonola ere.

      Ez nuen haren hobe beharrez esaten. Baina ondo da.

      Azken urteotan, errezetadun narkotikoenganako mendekotasun nabarmenaren eraginpean, Franken buruko egoera koherentzia deitu litekeenetik hurbiltzen-aldentzen ibilia zen. Batzuetan, behinola izandako berbera zen, telefonoz jardutean: kexaka aritzen zen aparkatzearekin lotutako isunen inguruan, edo Nathan “Soldata jauna” bezalako deitura sarkastikoekin izendatzen zuen. Elkar gorroto zuten eta ni arartekoa nintzen bien arteko gorroto hartan, zinez femenino sentiarazten ninduen era batean. Beste batzuetan, gizon ezberdin batek hartzen zuen Franken lekua: pertsona xalo eta nolabait inuzentea, gauzak esanahirik gabe errepikatzen zituena, eta ni betetzen saiatuko nintzen isilune luzeak uzten zituena. Gurago nuen lehenengoa, behintzat umore apur bat zeukana.

      Leuzemia diagnostikatu baino lehen, unibertsitateko jaietan gaia ateratzen zenean, Frank ‘aita tratu txarren emaile’ gisa deskribatzera jolasten aritua nintzen. Zertxobait errudun sentiarazten ninduen horrek orain. Ez zegoen egingo zuena aurreikusterik, baina ez nintzen bereganako beldurrez kuzkurtzen, eta bere manipulatzeko saiakerak, gogorrak izanagatik, inoiz ez ziren arrakastatsuak izaten. Ez nintzen zaurgarria haiekiko. Emozionalki, bolatxo leun eta gogor bat lez irudikatzen nuen neure burua. Ezin ninduen heldu; biraka alde egiten nuen, beste barik.

      Telefono-dei batean, Nathanek behin iradoki zuen biraka alde egitearena gauzei aurre egiteko estrategia bat zela nire baitan. Deia egin nuenean, gaueko hamaikak ziren Bostonen, esan nahi baita goizeko laurak Dublinen, baina Nathanek beti hartzen zuen telefonoa.

      Biraka alde egiten dut zugandik? esan nuen.

      Ez, esan zuen. Ez dut uste behar adina presio egiten dudanik horretarako.

      Oi, ez dakit. Ohean zaude?

      Oraintxe bertan? Bai. Non zaude zu?

      Ni ere ohean nengoen. Ez lehenengoz telefono-dei haietan zehar, eskua hankartera eraman nuen, eta Nathanek konturatzen ez zelako plantak egin zituen. Zure ahotsaren soinua gustatzen zait, esan nion. Erabateko isiltasunezko segundo batzuen ostean, erantzun zuen: Bai, badakit.

      Batera bizi izan ginen tarte osoan ez zuen sekula neska-lagunik eduki, baina lantzean behin berandu heltzen zen etxera, eta nire logelako horman zehar entzuten nuen nola egiten zuen larrutan beste andre batzuekin. Hurrengo goizean, menturaz emakumearekin topo egiten banuen, zuhurki aztertuko nuen nire antzeko ezaugarri fisikoren baten bila. Horrela konturatu nintzen denok daukagula beste guztion antza, era batean edo bestean. Ez nengoen jeloskor. Izan ere, Nathanen azalean jarrita, gertakari haiek iguriki nituen, nahiz eta inoiz ez nuen argi ikusi benetan gozatzen ote zituen.

      Azken asteetan Nathan eta biok elkarri emailak bidaltzen ibili ginen: nire hegaldiaren xehetasunen inguruan, gure gabonetako planak zein ziren, Frankekin hitz egin ote nuenetz. Nire ikerketa azaltzen zuten mezuak bidali nituen, lan akademikoetako eta minbiziaren inguruko fundazioen webguneetako aipuekin. Leuzemia kronikoan, zelulak heldu daitezke neurri batean, baina ez guztiz, zioen webguneak. Zelula hauek itxura aski normala izan dezakete, baina ez dira hala.

 

***

 

      Gau hartan, ospitale parera heldu eta Nathan aparkatzera joan zenean, esan nion: Zu joan zaitez. Oinez itzuliko naiz etxera. Begiratu egin zidan, eskuak bolantean posizio guztiz egokian zituela, bere gidatze-aztertzailea banintz lez.

      Joan, esan nuen. On egingo dit ibiltzeak. Jet-laga daukat.

      Atzamarrak banan-banan kolpatu zituen bolantearen kontra.

      Bale. Baina deitu euria hasten badu berriz, ados?

      Autotik atera nintzen eta bera autoan aldendu zen agur-keinurik gabe. Hain erabatekoa eta suntsikorra iruditzen zitzaidan harekiko nire maitasuna, ze maiz ezinezkoa baitzitzaidan Nathan argi ikustea bera. Begi-bistatik alde egiten bazidan segundo gutxi batzuk baino gehiago, ezin izaten nuen bere itxura gogoratu ere egin. Animalia kumeek noizean behin gauza ezegokienganako loturak eratzen zituztela irakurri nuen; esaterako, hezten dituzten gizonekin maitemintzen ziren belatzak, edo pandak zooko langileekin, horrelako gauzak. Fenomeno horri buruzko artikulu-zerrenda bat bidali nion Nathani behin. Agian ez nintzen zure bataiora joan behar, erantzun zuen berak.

      Bi urte lehenago, hogeita bi neuzkanean, batera joan ginen familiako Urteberri-jaira eta taxian itzuli ginen etxera, oso mozkor. Oraindik berarekin bizi nintzen garai hartan, nire gradu-ikasketak bukatzen. Apartamentuko atetik sartu ondoren, berokien esekilekua zegoen hormaren kontra, musu eman zidan. Sukartsu eta tentel sentitu nintzen, egarri izanda bat-batean ahora ur gehiegi erortzen zaiona bezala. Orduan, belarrira esan zidan: Ez genuke hau egin beharko, benetan. Hogeita hemezortzi urte zituen. Hori izan zen guztia; ohera joan zen. Ez genuen sekula elkar musukatu berriz. Solasaldia moztu zuen behin, gaiaren inguruko txiste bat egin nuenean; gogora nezakeela, nirekiko zakarra izan zen aldi bakarra. Zerbait egin al nuen? esan nuen, aste batzuk geroago. Gelditu nahi izatera eraman zintuena, aldi hartan. Sutan neukan aurpegia, nabaritu nezakeen. Min-keinua egin zuen. Ez zidan minik eman nahi. Ezetz esan zuen. Bukatua zen, hori izan zen guztia.

      Ospitaleak ate birakaria zeukan, eta desinfektatzaile-usaina. Argiak nabarmenki islatzen ziren linolioan, eta jendea berbetan eta irribarrez ari zen, antzoki edo unibertsitate bateko sarreran bezalatsu, gaixoen edo hil-hurrenen eraikin batekoan bainoago. Kementsu izan nahian, pentsatu nuen. Eta gero pentsatu nuen: edo, denborak aurrera egin ahala, eguneroko bizitza bihurtzen da berriz, hori baino ez. Seinaleei jarraitu nien eskaileretan gora eta erizainei galdetu nien non zegoen Frank Dohertyren gela. Bere alaba izango zara zu, esan zuen erizain ilehoriak. Sukie, ezta? Nire izena Amanda da. Nirekin etor zaitezke.

      Franken gela parean, Amandak lagundu zidan plastikozko amantal bat jartzen eta belarrien atzean paperezko maskara mediko bat lotzen. Azaldu zuenez, Frank babesteko zen, eta ez ni. Haren sistema immunologikoa zaurgarria zen, eta nirea ez. Eskuak desinfektatu nituen alkoholezko gel hotz eta lehorgarri batekin, eta Amandak atea ireki zuen gero. Zure alaba dago hemen, esan zuen. Gizon txiki bat zegoen ohean jarrita, bendak hanketan. Ez zuen ilerik eta burezurra biribila zen, billar-bola arrosa bat bezalatsu. Oi, esan nuen. Bon, kaixo!

      Hasieran ez nekien ezagutu ninduen edo ez, nire izena esan nuenean hainbat aldiz errepikatu zuen arren. Eseri egin nintzen. Bere anai-arrebak bisitan etorri ote zitzaizkion galdetu nion; ez zirudien gogoratzen zuenik. Erpuruak atzera eta aurrera mugitzen zituen konpultsiboki, alde batera lehenengo, bestera gero. Bazirudien honek hainbesteko arreta eskatzen ziola non ez nekien entzun ere egiten zidan. Polita da Boston, esan nuen. Oso hotza, urteko garai honetan. Charles-a izoztuta zegoen joan nintzenean. Interes bako entzuleen aurrean bidaien inguruko irrati-programa bat aurkezten banengo lez sentitu nintzen. Bere hatz lodiak atzetik aurrera mugitu ziren, gero aurretik atzera. Frank? esan nuen. Zerbait murmurikatu zuen, eta pentsatu nuen: tira, katuek ere ezagutzen dituzte beren izenak.

      Nola sentitzen zara? esan nuen.

      Ez zion erantzun galderari. Telebista-aparailu txiki bat zegoen hormaren goialdean jarria.

      Asko ikusten al duzu telebista egunean zehar? esan nuen.

      Ez zuela erantzungo pentsatzen ari nintzen, eta orduan besterik gabe esan zuen: Albistegia.

      Albistegia ikusten duzu? esan nuen. Horrek ez zuen jarraipenik izan.

      Zure amaren berdina zara, esan zuen Frankek.

      Begira geratu nintzaion. Gorputza hozten hasia sentitu nuen, edo berotzen, beharbada. Zerbait gertatu zitzaion nire gorputzaren tenperaturari, zerbait deserosoa.

      Zer esan nahi duzu?

      Oi, badakizu nolako pertsona mota zaren.

      Bai?

      Dena duzu kontrolpean, esan zuen Frankek. Hotza eta barea zara. Ikusiko dugu zeinen hotza zaren bakarrik geratzen zarenean, e? Hotz-hotza izango zara orduan.

      Ematen zuen ohar hauek ezker-besoko azalean itsatsirik zuen zainetako kateter periferikoari zuzentzen zizkiola Frankek.  Behin eta berriz ukitu zuen hitz egin bitartean, axolagabekeria kaltegarriz. Neure ahotsa dardarka hasten zela entzun nuen, koru-emanaldi kaskar batean legetxe.

      Zergatik geratuko nintzateke bakarrik, ba? esan nuen.

      Joan eta ezkondu egingo da.

      Agerikoa zen Frankek ez zekiela nor nintzen. Hori ikusita, zertxobait lasaitu nintzen eta begiak lehortu nituen paperezko maskararen ertzarekin. Malko batzuk atera zitzaizkidan. Bi ezezagun izan gintezkeen, elurra egingo zuen edo ez eztabaidatzen.

      Berarekin ezkonduko naiz agian, esan nuen.

      Frankek barre egin zion horri; itxuraz testuinguru bako jokaera zen, baina hala ere poztu ninduen. Maite nuen barrearen bidez saritua izatea.

      Inola ere ez. Gazteren bat aurkituko du.

      Ni baino gazteagoa?

      Tira, bazoaz aurrera, ezta?

      Barre egin nuen orduan. Frankek irribarre egin zion zain-barneko bideari, aitakiro.

      Baina neska zintzoa zara, esan zuen. Diotena diotela.

      Su-eten misteriotsu honekin amaitu zen gure elkarrizketa. Berarekin gehiago hitz egiten saiatu nintzen, baina nekatuegia zirudien jarduteko, edo aspertuegia.

      Ordu betez geratu nintzen, bisitetarako tarteak bi irauten bazituen ere. Banindoala esan nuenean, Frank ez zela konturatzen zirudien. Gelatik irten nintzen. Atea tentuz itxi, eta azkenik paperezko maskara eta plastikozko amantala erantzi nituen. Likido desinfektatzailearen isurgailuaren palanka zapaldu nuen, eskuak busti arte. Hotza zegoen eta erre egiten zuen. Idortu arte igurtzi nituen eskuak, eta ospitaletik atera nintzen gero. Euria ari zuen kanpoan, baina ez nuen Nathan deitu. Oinez joan nintzen, egingo nuela esan nuen eran, larruzko kapela belarrietaraino sartuta eta eskuak poltsikoetan.

      Tara Streetera heltzean, ikusi nuen jendetza txiki bat osatua zela zubi inguruan eta bide ertzetan. Ilunetan, aurpegiak kolore gorrixkaz ageri ziren, eta batzuek aterkiei eusten zieten, Liberty Hall euren gainetik dizdizka, satelitea bailitzan. Euria gandu umel arraroa zen eta salbamendu-ontzi bat errekan behera hurbiltzen ari zen, argiak piztuta.

      Jendea aldarte onean zela zirudien hasieran, eta jai-ikuskizunen bat ote zen pentsatu nuen, baina orduan ikusi nuen zeri begira zegoen jende guztia: zerbait zegoen ibaian, ur gainean flotatzen. Haren tela leunezko inguru-lerroa ikusten nuen. Gizaki baten tamainakoa zen. Bat-batean han ez zegoen ez aldarte onik ez jai girorik. Ontzia hurbildu egin zen, argi laranja isilik biraka. Ez nekien alde egin edo ez. Pentsatu nuen seguruenik ez nuela ikusi nahi erreskate-ontziak giza gorpu bat Liffey ibaitik ateratzen zuen unea. Baina hantxe jarraitu nuen. Asiar bikote gazte baten ondoan nengoen zutik: beroki beltz elegantea zeraman emakume ederrak, eta telefonoz hitz egiten ari zen gizona. Jende atsegina iruditu zitzaizkidan, eta pentsatu nuen gupidak erakarri zituela ezbehar hartara, eta ez arrazoi lotsagarriek. Haiek ikusita, hobeto sentitu nintzen ni han egotearekin.

      Erreskate-ontziko gizonak kakodun haga bat sartu zuen uretan, objektuaren ertzaren bila haztamuka. Gero, tiraka hasi zen. Isildu egin ginen; telefonoko gizona ere isildu zen. Isiltasunean, oihala agertu zen, kakoari lotuta, gorantz, hutsik. Une batez, nahastea hedatu zen: gorpuari arropa kentzen ari zitzaizkion? Eta orduan argi ikusi zen. Oihala bera zen objektua. Lo-zaku bat zen, ibaiaren ur-azalean flotatzen. Gizona telefonoz hitz egitera bueltatu zen, eta berokidun emakumea keinuka hasi zitzaion, zerbait adieraziz: gogoratu ze ordutan galdetzea, edo halako zerbait. Dena zen normala berriz, laster batean.

      Salbamendu-ontzia aldendu zen eta zutik geratu nintzen, ukondoak zubian, odolaren eratze-sistema beti bezala funtzionatzen, zelulak ohiko erritmoan heltzen eta hiltzen. Nire gorputz barruan ez zegoen ni hil nahian zebilen ezer. Heriotza zen, noski, gerta zitekeen gauzarik eta arruntena, hein batean banekien hori. Hala ere, bertan geratu nintzen, ibaiko gorpua ikusteko zain, inguruko gorputz bizi guztiei ezikusiarena eginez, heriotza bizitza baino mirari handiagoa bailitzan. Hotza eta barea nintzen. Hotzegia gauzak osotasunean pentsatzeko.

      Etxera heldu nintzenerako, euriak nire berokia barruraino blaitua zuen. Korridoreko ispiluan, nire kapelak ur-arratoi zikin bat zirudien, esnatzeko puntuan. Berokiarekin batera erantzi nuen. Sukie? esan zuen Nathanek barrualdetik. Ilea harrotu nuen, itxura apur bat emateko. Nola joan da? esan zuen. Barrura egin nuen. Sofan eserita zegoen, telebistako agintea eskuineko eskuan. Blaituta zaude, esan zuen. Zergatik ez didazu deitu?

      Ez nuen ezer esan.

      Gaizki joan da?, esan zuen.

      Baietz egin nuen buruaz. Hotz neukan aurpegia, hotzaren hotzez erreta, zirkulazio-argi bat bezain gorri. Nire gelan sartu eta arropa bustiak desitsatsi nituen, gero eskegitzeko. Pisutsu zeuden, eta nire gorputzaren forma zeukaten zimurretan. Leundu arte orraztu nuen ilea eta brodatudun txabusina jantzi nuen, garbi eta txukun sentitu ahal izateko. Hau da gizakiek bizitzan egiten dutena, pentsatu nuen. Diziplinazko arnas sakon eta zakar bat hartu eta egongelara itzuli nintzen.

      Nathan telebista ikusten ari zen, baina isilarazteko botoia sakatu zuen atera nintzenean. Sofan jarri nintzen bere ondoan eta begiak itxi nituen, berak nire ilea ukitzeko eskua luzatzen zuen bitartean. Pelikulak batera ikusi ohi genituen horrela, eta nire ilea ukitzen zuen modu zehatz hartan, arreta handirik ipini gabe. Lasaigarria egin zitzaidan bere arreta falta. Nolabait han barruan bizi gura nuen, bere baitako tokia balitz bezala, bertara sartu nintzela hark inoiz nabarituko ez zuena. Pentsatu nuen esatea: Ez dut Bostonera itzuli gura. Zurekin bizi gura dut hemen. Baina horren ordez esan nuen: Jar iezaiozu soinua berriz, ikusten ari bazara, berdin zait.

      Botoiari eman zion berriz eta soinua itzuli zen: tentsiozko musika harizko tresnekin, eta emakumezko baten arnasotsa. Hilketa bat, pentsatu nuen. Baina, begiak ireki nituenean, sexu-eszena bat zen. Lau hankatan zegoen andrea, eta gizonezkoa atzean.

      Gustatzen zait horrela egitea, esan nuen. Atzetik, esan nahi dut. Horrela zu zarela imajinatu dezaket.

      Nathanek eztul egin zuen; eskua urrundu zuen nire iletik. Baina une bat geroago esan zuen: Normalean begiak ixten ditut nik. Sexu-eszena bukatua zen orain. Hurrengoan auzitegian zeuden. Ahoa umeldu zitzaidala sentitu nuen.

      Egingo dugu txortan? esan nuen. Baina benetan.

      Hara, banekien hori esango zenuela.

      Askoz hobe sentiaraziko ninduke.

      Jainkoarren, esan zuen Nathanek.

      Isiltasunean erori ginen. Elkarrizketa esperoan zegoen, gu noiz itzuliko. Lasaitua nintzen, igartzen nuen hori. Nathanek orkatila ukitu zidan eta telebistako saioaren ildoarekiko arreta berreskuratu nuen bat-batean.

      Ez da ideia ona, esan zuen Nathanek.

      Zergatik ez? Nitaz maiteminduta zaude, ez da hala?

      Lotsagarriki.

      Mesedetxo bat da, esan nuen.

      Ez. Zure etxerako hegaldia ordaintzea zen mesedetxoa. Ez dugu honen inguruan eztabaidatuko. Ez da ideia ona.

      Gau hartan, ohean geundela, galdetu nion: Noiz jakingo dugu hau ideia txarra zen ala ez? Dagoeneko jakin beharko genuke? Ze oraintxe bertan ona dirudi.

      Ez, orain goizegi da, esan zuen. Uste dut Bostonera itzultzen zarenean perspektiba zabalagoa izango dugula.

      Ez naiz Bostonera itzuliko, ez nuen esan. Zelula hauek itxura aski normala izan dezakete, baina ez dira hala.

 

SOLDATA JAUNA
Sally Rooney

Mr Salary
Granta, 135 zkia, 2016
euskaratzailea: Leire Vargas Nieto
armiarma.eus, 2021