KAPITAINEN ETXEAK. ITSASOKO ARRAIN ZAHARRAK ETA LEHORREKO TRIFONAK
Roberto Arlt

El Mundo, 1935/12/25
euskaratzailea: Iñigo Aranbarri
armiarma.eus, 2017

 

      Algortan edo Bermeon, itsasora zabalik dauden arrantzale herriak biak, arrunta da era honetako elkarrizketa entzutea emakumeen artean:

      — Zatoz gugaz tutean ibilten.

      — Ai, neskak... ez dakit zer egin... hau hemen dabil, etxean geratu gura dauela.

       “Hau” senarra da.

      Izan ere, hala Bermeo nola Algorta, biak dira erretiroa hartutako kapitainen aterpe.

      Eta ez Bermeon eta ez Algortan aurkituko du turistak aipagarria den ezer, non eta ez diren poltsikoko portutxo zoragarriak, euren harrizko malekoiekin; eta Bermeon, kale izkinaren bestaldean, galtzadarriak gaizki jarritako kalexka batean, etxetzar kubo bat, hiru solairukoa, Kantauri ertzean arrantzaleak ekaitzez jakinarazteko pizten diren su guztien keak belztua dirudiena. Hormetan alderik alde, egurrezko tiranteak. Han jaio zen Ercilla poeta, La Araucana idatzi zuena.

      Bermeo atzean, eta Algorta aurrean, muinoen segida bat. Haitz gogorrezko hondartza sakonetan Kantauri itsasoa haserre batean lehertzen da. Gain hauetan daude kapitainen etxeak; ia guztiak berin berde edo urdinezko bola batez apainduak. Ameriketako etxe atarietan hain arruntak dira, haiekiko jakinmina piztuta ekartzen dituzte itsas-oroitzapen gisa itsasoetako arrain zahar hauek.

      Etxeak, gutxi-asko, atseginak dira begirako, jabeen fortunaren arabera. Erdi zabalik diren leihoen bestaldean, egongeletan, dagoeneko dendedatik desagertu diren Luis XIV estiloko bizargin-ispiluak sumatzen dira, marko urrekara eta guzti. Baina etxebizitzetan, handi zein txiki izan, kristalezko begiratokian daude edo dorre batean. Han babesten dira eta han egiten dute amets erretiratutako kapitainak.

      Bakanak dira ezkondu gabe dauden marinelak. Eta bakanak ere emazteek erabat mendean ez dituztenak. Ohituta gaztetatik gizonak itsasoan-eta, bakarrik egotera, eta erlijioak aginduta artezak, gazterik hasten dira etxearen ardura eramaten. Ez dute hau bakarrik gobernatzen, herriko borroka politikoam ere parte hartzen dute,falta diren senarren ordez. Horrela ibilita trebatzen dira agintzearen antzean. Ia guztiak andre sendoak dira, seme-alabak gogor hezten dituztenak, eta mezatara egunero hirutan doazenak. Elkarri laguntzeko gertu beti, jarrera ausartak hartzen dituzte. Egun batean, neskatilen eta kapitainen andreen artean Bermeko alkate lotsagabe bat hanka eta besoetatik hartu, eta uretara bota zuten.

Donostian bizi zen euskaldunen kontrako gobernadore bat, Bermeotik pasatzen zen bakoitzean, emakumeek, trumilka, txantxa giroan egiten zioten deiadar:

      — Zer, ikasi duzu igeri?

      Hau esanda ari zitzaiozkion esaten, irriz, edozein egunetan beste alkate hura bezala uretan agertuko zela.

      Gizonak ozeanoan dabiltza burrukan. Batzuk kontrabandista dira, beste batzuk baleatan dabiltzan ontzirietako buru, ipar itsasoak ezagutzen dituzte, Txinakoa, zehatz-mehatz ezagutzen dituzte ozeanoak, ohituta daude bizia arriskatzen, ez soilik inguru latzetan, baita eskifaia harroen aurrean ere. Baina gizon horiek itsasontzietatik jaitsi eta batera, “hau” bihurtzen dira.

      — “Hau”, itsasoko gauzetarako ez bada, tonto hutsa da —diotso kapitain baten emazteak beste bati.

         Otsoa bildots bihurtzen da. Etxea, emaztea eta haurrak ditu; etxea, berak ere ez daki nola; haurrak, heldu zirelako; emaztea, begirada lotsatiz so, nahiago hala ez balitz. Lehorrean inguruan duen guztia, haren lana da. Eta kalatxori hauek, ozeanoan barreneko hegaldi gaitzetan ausartak eta beldurgarriak direnak, lehorreratu orduko, Baudelaireren poemako hegazti handi hura bezala, ezinago baldar dabiltza. Lehorreko etxea, eurentzat, lege iluneko mundua da, ezin ohitu. Hala onartzen dute emakumeen agintea, neskameak eduki arren, senarrak lo dauden ohea eurek egiten duten emakume hauena.

      Itsas arrain zaharron gurari bakarra zera da, etxea mendi gain batean izatea, edo portualdean, gainontzeko etxeek ez diezaieten behintzak oztopatu itsasoaren gaineko ikusmira. Enbata egunetan, brontzezko uztaikiko largabistaz arakatzen dute Kantauri itsasoaren azala. Edo Bermeko batzokian elkartzen dira, bertan edateko ingeles pattar pixka bat, pipak ketan direla. Arkupeetan, emakumeek sardina otzarak atontzen dituzte.

      Etxean trabarako baino ez dira, andreek ez diete esku-hartzerik uzten etxeko kontuetan, eta eurek utzi egiten diete. Askora jota, azokara doaz otzara hartuta, denbora zerbaiten eman behar-eta, edo atxurrean aritzen dira jardinean, benetako jardin txiki horietan, aurrean egurrezko pertsiana handiak dituztela, txokolate kolorez margotuak, eta zirrikituen bestaldean zer ikusiko eta, marko urrekara bat, han, iragan mendean erositako ispilu harena.

 

KAPITAINEN ETXEAK. ITSASOKO ARRAIN ZAHARRAK ETA LEHORREKO TRIFONAK
Roberto Arlt

El Mundo, 1935/12/25
euskaratzailea: Iñigo Aranbarri
armiarma.eus, 2017