ZENBAIT PASADIZO DENDARIEN ZINTZOTASUNAZ
Roberto Arlt

El Mundo, 1935/12/17
euskaratzailea: Iñigo Aranbarri
armiarma.eus, 2017

 

      Argazki gaien denda batean sartuta, sentsibilitate handiko film bobina

bat eskatu dut. Emakume batek artatu nau, eta ustekabean diost:

      — Pasatuko zara ordaintzera gero, senarra ez dago eta nik ez dut prezioa gogoan.

      — Zera...

      — Eroaizu, jauna... Pasatuko zara ondo datorkizunean.

      Harrituta irten naiz.

      Beste batean, Euzko Alderdi Jeltzaleko kide bat dudala lagun, sastrearenera noa. Trajea egiteko neurriak hartu dizkit; seinalea utzi nahi diot, eta berak:

      — Ez, jauna, ondo da. Hemen ez dugu seinalea uzteko ohiturarik. Ordainduko duzu trajea pronto dagoenean.

      — Larunbaterako behar dut.

      — Larunbatean prest izango duzu zure trajea.

      Larunbatean, goizeko seietan, trenez abiatu naiz Donostiara. Gaueko hamarretan nator bueltan, eta hoteleko gelan sartzean, ohegaineko zuriaren gainean, hor non dagoen nire traje berria, azpiko tolesak dirdika. Ahaztuta nuen trajea. Eta ezezagun bati hotel batera!

      Astelehenean, sastrearengana noa ordaintzera. Eta badiotsot:

      — Begira, zuek espainolok...

     — Ni euskalduna naiz, ez espainola...

      — Nahi duzun bezala. Zuek, espainolok, edo euskaldunok, mende beteko atzerapena daramazue merkataritza lege kontuetan. Non ikusi da hori, generoa ordaindu gabe uztea ezezagun bati hotel batean?...

      —  Hizketan hasi eta batera ikusten da pertsona zintzoa zarela.

      — Estimatuta dago, baina zurea zeharo iritzi subjektiboa da. Zer ikusi dauka negozioak zintzotasunarekin? Gure herrian ez dizute uzten trajea eramaten ordaindu gabe ezta Errepublikako presidenteordea bazara ere.

      Barre egiten du sastreak, film-bobinarena kontatu diot, eta orduan ekin dio:

      — Ez harritu bada. Barrualdeko herri batzuetan, goizean goiz feriara doazen baserritarrek diotse normalean bankuaren beraren gainean bizi den gerenteari: “Hi, emaizkidak bostehun!”, edo “emaizkidak mila!”.  Gizona kaxara doa, eta ordu horretan inork ikusten ez duelako, galtzontzilotan hurreratuta leihora, eta hor botatzen dio dirua bil-bil eginda. Azokatik etxerakoan ez badu ganadurik erosi, bankuan sartu eta dirua itzultzen du. Kitto. (Bene-benetako pasartea da hau).

      Guri, hegoamerikarroi, ez zaigu erraza egiten arau anarkiko hauek onartzea. Dena dela, dendaria ezin lotuago dago fede onez zorrotz jokatzearen modu honetara.

      Arnastu egiten da, gizakiaren jarrera zintzotasunaren bueltan dabilen aire horretan dago. Eta hona beste istorio bat, eta hemen ere neu nintzen tartean.

      Kodak-en agenteak saltzen duen argazki makina bat erosi nahi dut.

      — Halakok X markako makina bat eskaini dit, F2 lentea du, baina prezio benetan irrigarrian. Hain ona eta merkea da, ez naiz fio. Ez ote dago isilpeko arrazoiren bat?

      Kodakeko agenteak, makina ezagutzen duenez, diost:

      — Eros ezazu besteren batek aurrea hartu baino lehen. Ez dut uste Espainian berriro sar litekeenik prezio horretako makinarik. Guk badugu 2,7ko lentea daraman bat, ez da hurrik eman ere haren kalitatera heltzen, eta berrehun pezeta garestiagoa da.

      Gurean, salerosketa kontuetan ez hain zintzo jokatzera ohituak, gertaera hauek ez dute hitzik. Absurdoak dira.

      Zuzentasuna jendearen muin-muineraino sartua dago. Erdi mailako jendea ezin ondraduagoa da. Salbuespenen bat edo beste izan ezik, dendaria ez da hemen trafikante bizkor bat, bezeroa lumatzea beste asmorik ez duena, lagun zuhurra da, aholkuak emateko dagoena. Hainbesteren truke halako eskainiko dizu, ez gehiago ez gutxiago. Eta norberak kartera hartu eta ez du zalantzarik egiten. Dendariaren eta bezeroaren artean ez dago lapurraren eta hau osten ari zaiola dakien pertsonaren arteko harreman zalantzati eta deseroso hori, zer eta haren salmenta modu gaiztoa legeak babesten duena gainera. Harremana normala da hemen, elkarri errespetua zaio, irabazia zentzuzkoa da, eta ezin da, ez da zalantzan jarri behar. Edozein gai erosi eta  poltsikoan sartzen duelarik, erosleak badaki ordaindu duen diruaren balioko zerbait daramala.

      Eta hain zuzen, hor dago parrokia, bezeria, ia denak dendariaren adiskide direnak, gainera. Bertaratu, erosi, eta ondoren erakusmahaiaren bueltan hantxe geratzen dena, etxeko gauzez hizketan, gaixotasunez, erremedioez, euren andreez, seme-alabez, txakurrez, eta norberak, giro ia patriarkal, garbi eta ondradu hartan laketuta,  erosotasun eta lasai hartzen du arnasa. Beste mundu batean sartua da arrotza, jende hari begiratu eta dio bere artean: “Eta berek ez dakite beste mundu batean bizi direna”, eta bat-batean seguru asko arrotz litzaizkiekeen gauza piloa esateko tentazioa datorkio. Zertarako marraztu bere mundu berri hori, ordea, “hau nire iritzia da, Ameriketatik aberats itzuli den orok han norbait hil du” (hitzez hitz, euskal dendariek egile honi esandakoa).

 

ZENBAIT PASADIZO DENDARIEN ZINTZOTASUNAZ
Roberto Arlt

El Mundo, 1935/12/17
euskaratzailea: Iñigo Aranbarri
armiarma.eus, 2017