OCTAVIO PAZI GUTUNA
Jose Revueltas

1969-07-19
euskaratzailea: Iñigo Aranbarri
armiarma.eus, 2016

 

Lecumberriko kartzelatik, urriaren 2a kari.

 

 

            Ederto baten bildu ahal izango zituen hemen Martin Dozalek bi, hiru dozenatxo liburu, Baudelaire dela, Juan Ramon Jimenez dela, Miguel Hernandez, Pablo Neruda, Octavio Paz. Bi, hiru dozenatxo liburu; ai, zeinen ederra den hemen esatea, hogei, hogeita hamar liburu haiek, zer txeratsu gertatzen den guztia, zer abentura isil eta bihotz-zabal gordetzen duen honek guztiak. Banan-banan etorri dira haren eskuetara heldu arte, eta nireetara orain, eta hemen daude antzinako bisitaldi berritu horretarako, gure jendearekin batera etorriak, haren eskuetatik gureetara, gure begietatik harenera, nola esan? Urteak barik, ametsak atzetik, ordutik —gaurko hau berau, berdin dio zer bisita-eguneko hau—, orduko hartatik hain betea uste oneko berme moralez, hain betea maitasunak hemen hartzen duen jite zorrotz eta erlijiosoaren bestaldetik begira ditugun sosegu epel eta apalez, noiz eta gure jendea eta gure liburuak datozkigunean bisitan, bisitan datozkigunean gurekin kartzelan geratzeko maite gaituzten, maite ditugun horiek guztiak. Urterik eta ametsik urrunen eta gertuenetatik datozkigu, eta hemen ditugu Martin eta biok gauden ziega honetan haren Baudelaire, haren Proust, nire Baudelaire, nire Proust, gure Octavio Paz.      

      Martin Dozalek Octavio Paz irakurtzen baitu; zure poemak, zure saiakerak irakurtzen ditu, Octavio, berriz irakurtzen ditu, eta egosten izaten  ditu luzaroan, luzaroan maite zaitu, gogoan zarabiltza, hemen kartzelan denok darabilgu gogoan Octavio Paz, Mexikoko gazte hauek guztiek egiten dute gogoeta zurekin, Octavio, eta zure itzarraldiko amets guztiak berregiten dituzte.

      Baina hitz haiek zutaz aritzeko idazten ari direnez, Octavio, Lecumberriko kartzelan zure obra irakurtzen duten gazte hauei buruz hitz egin baino lehenago, Martin Dozal nor den esan behar dizut, nire ziegakidea, nire anaia, Octavio, gure anaia.

      Uztail honetako edozein egunetan Martinek 24 urte bete zituen, eta benetan horixe da kontua: 24 urte izateagatik dago preso, guztiak bezala, beste guztiak bezala, inor ez da hogeita hamarrera heltzen, eta horrexegatik daude preso, gazte izateagatik, zu eta biok gauden bezalaxe, geure berrogeita hamabosna urte aldean, espiritu gazte bera izateagatik, zu, Octavio Paz, preso handi askatasunean, poesiapean libre. Zeren  Octavio Paz irakurtzen badute zerbaitegatik da. Ez dira dagoeneko lodi dauden kanpoko gazte solemne horiek, idazkari partikularrak, oratoriaren txapeldunak, lore naturalen irabazleak, biharko eguneko Cempoala-ko lurjabe potoloak, apo hilezkorra. Mexikoren beste aurpegia dira, benetako Mexikorenak, eta begira, Octavio Paz, begira itzazu preso, begira gure herria preso eurekin. Martin Dozalek Octavio Paz irakurtzen du kartzelan. Konturatu beharra dago honek zer esan nahi duen, zein gauza handia den, zer itxaropen sakon duen gertaera laino honek. Heldu behar zuen, bada, garai honek, liburu mordo honek, iratzartzen gaituen heziketa honek. 

      Martin Dozalek 24 urte ditu, maixu gazte bat da, harrapagaitza eta ederra, bere 24 urteak lantzen ari dena, bere 24 orduak ikasgeletan, eskoletan, asanbladetan ematen zituena egunero, poesia erakusten zuena, edo matematika, eta batetik bestera zihoana bere txima luze haserrekorraz, besoak herri honetako harri elkorren artean, beste hezur batzuk txikitzen dituzten hezur gorrien artean, giza larruzko danbor artean, Cempoalako kazike ilunak okupaturik duen herrian.

      Ez, Octavio, apoa ez da hilezkorra, eta arrazoia ez da besterik gertaera bizi, magiko bat baino, Martin Dozal, maixu honek, mutil preso honek, mutil libre eta garbi handi honek irakurri egiten du. Eta horrela da beste ziegetan ere, beste galerietan, beste eskoletan, milioika eskutan, dena galdutzat geneukanean, izuak gogortuta zeure oinetan pegar hautsiari begiratzen zenionean. Ai, Mexikoko gaua, Cempoalako gaua, Tlaltelolcoko gaua, fusilaketen kea irensten duen silexezko aurpegi zizelkatua.  

      Zure poema handi hori, oinaztargi hori, Octavio, eta onartu-behar hipokrita hori, gezurretako durduzamendua eta akusatuen, egunkarien, apaizen, argitaletxeen, “lapurra!” oihu egin eta berehala euren txanponak, gorozkiak ezkutatzen dituzten poeta-kontseilari, ondobizi, zikinen lasai damutze zitala, konjuratzeko esan zena, ahazteko, ez ikusiarena egiteko, Martin Dozalek –hamabost urte orduan, edo hamazortzi, ez dut gogoan—, irakurri egiten zuen bitartean, eta negarrez amorratu, eta denok galdera bera egiten genuen zure poemaz: “Apoa baino ez da hilezkorra?”

      Ordutik dakigu benetako egia alderdien, heroien, banderen, harrien, jainkoen egia miserable eta txikien kontra eta hauen gainetik dagoen egia bakarra, egia bakarra poesia dela, kantu ilun hori, kantu argi hori.

       Heldu zen zuk iragarri zenuen gaua, heldu ziren txakurrak, aiztoak, “hautsetan eroritako pegar hautsia”; eta orain egiak salatzen zaituenean, biluzten zaituenean, orain plazan zarela gurekin eta zeure buruarekin utzi diozu Cempoalako kazike ikaratiaren begietara poeta izateari. Orain hemen, nire ondoan, Lecumberriko ziega berean, Martin Dozalek zure poesia irakurtzen du.

 

Kartzelaldi prebentiboa, 1969ko uztailaren 19a.

 

OCTAVIO PAZI GUTUNA
Jose Revueltas

1969-07-19
euskaratzailea: Iñigo Aranbarri
armiarma.eus, 2016