INOR GABEKO HIZKUNTZA
Jose Revueltas

El lenguaje de nadie, 1954
euskaratzailea: Iñigo Aranbarri
armiarma.eus, 2016

 

Andrearentzat

 

 

      Eskualdea hain era basan jo zuen tifus saleria larriak zeharo sorburu apala izan zuen, zalantzarik gabe hori izan zen arrazoia etxaldean inor gutxi arduratzeko hartaz, eta halaxe hartu zen, gertaera ohiko eta garrantzi gabekotzat.

      Kontua da Carmeloren emaztea gaixotu egin zela, etxaldean nahiz inguruetan ez zen hura baino peoi behartsuagorik. Alabaina, Txolarre izan zen hiltzen aurrena, andre-gizonen txakurra, zuen larruagatik deitzen zena horrela, kurloiena bezain horaila. Dardara errukarri itzelen artean eman zion arima txakurren jainkoari, benetako jario zatarra zeriola muturretik behera. Luze gabe joan zen Prudenciana, Carmeloren emaztea, oso antzeko dardara-ikaretan eta txakurraren jario lodi-kiratsu harekin hura ere.  Inork ez zion aparteko arretarik eman bi heriotzoi.

      Malko bakar bat isuri gabe, emazteari lur emateko prestatu zen Carmelo, eta txakurra ere haren ondoan ehorztea erabaki zuen.

       “Ba ez, jauna —esan zuen Carmelok bere artean andrearen gainean azken palakada lur bota eta hilerritik irten aurretik—, Prudenciana hilda egoteak eztu esan nahi etsitzeko naonik ta berriz ekingo ez diotanik doña Quilinari, erdibana alokatzeko eskatukoiot lur sail hori, inork probetxuik ateatzen ez dion hori”.

      Denbora zen begiz joa zuela, bertan ereiteko partekari moduan –alegia, uztaren erdia etxaldearen nagusi zen doña Aquilinari ematera behartuta- zerrenda harritsu, latz hura, aurki zezakeen okerrena, berak zioen bezala benetako miseria bat, horrexegatik hain zuzen, hain lur sail huts eta ziztrina izanik doña Aquilinak ezetzik esango ez ziolakoan.

      – Ea, ea! –hartu zuen gora-goraka doña Aquilinak zuhurkiro–. Hain itxura eskasekoak direla diozun lur horiek nahi dituzula, zer da hori? Noiz ikusi da hori, inork txarra nahiago izatea ona baino? Hor egon behar du balioko zerbaitek, zeuk baino ez dakizuna zer den eta esan nahi ez didazuna.

      Barrutik zetorkion irritxo batek astindu zuen atsoaren soina, eskarmentuz eta maltzurkeriaz betetako barre txikia, zeinetan argi somatzen baitzen azkarrenak ere ez ziola ziririk sartuko, ezta indio maltzur honek ere.

      Halako zera xelebre eta goibel bat sentitu zuen barrenean Carmelok, negargura moduko bat, bakardade baztergabe bat ohartu zenean ez zuela hitz gehiagorik doña Aquilinarekin elkar ulertzeko; bere hitzak beste zerbait ziren eta beti hartuko ziren kontrara auskalo zer madarikazio bitxi eta begitxarrekoren erruz, eta segika izango zuen bizi zen artean, hain pobrea izatearen madarikazioa zen menturaz, inon aurki litekeen pobreetan pobreena.

      — Niretzat okerrena’re ona delako, doña Quilina —esan zuen orduan etsipen urduri batez, aurrez jakitun hitz haiek ere andreak ulertuko ez zituen modu batean ebakiak zeudela, bere buruak eginahal larriak egin zituen arren behar zen moduan osatzeko—. Norbera hain behean dagonean ze kristau’re ezten, animalia baino, ta hori’re ez, okerrena’re ona zaio.

      Are sinesgaitzago begiratzen zion andre zaharrak orduan, eta barrez hasten zen atzera, burlaizez. Sinestu ere egin zuen une batez Carmelok berak adierazi nahi zuena halaxe ateratzen ikusten zuela bere ezpain artetik, baina ez zela itxura baino, bere burutazio bat, eta benetan deabruak berak aldatzen zuela hitzen esanahia eta doña Aquilinak entzuten zuena hain zuzen Carmelok esan nahi zuenaren kontrakoa zela. “Bestela zerta’ datoz doña Quilanaren barreak hitzeiten dudan bakoitzean? —bere artean Carmelok—. Zein da bestela barrearen motiboa nik lur horiek eskatzen dizkiodan aldiro? Txakur batek bere eginbeharrak eiteko’re nahi ez lituzkeenak dira’ta!”

      Hirurogei urte zituen arren, emakume tentea zen doña Aquilina, zuzena, begi bizikoa, satinezko soineko beltz batez beti eta belusazko lepoko bat, eta bertatik zintzilik txanpon zilarra. Ezertarako atera gabe etxaldetik bertan bizitzen zeramatzan hogei urteetan –gobernadorearekin solastera joan ohi zen aldi bakanak salbu–, doña Aquilinak bisita bakarra izan zuen, itxura guztien arabera senideren batzuena, izango da pare bat hilabete.

      Hautsez betetako berlina batean iritsi ziren, beltzez goitik behera denak, bi gizon eta hiru emakume, gaztea azken hauetako bat, atsekabeturik eta izutu antzean guztiak, eta ausardiarik gabe kanpotarrak nolakoak ziren ikustera larrainean bildutako etxaldeko jendeari begiratzeko. Dena dela, ez zituzten hiru ordu baino gehiago eman etxean doña Aquilinarekin gela handian giltzatu zirenetik beren gauzez solasteko. Otamena eskaini zitzaien heldu eta batera, presaka eta isilik hartu zutena jangelan, premiazko traturen bati lehenbailehen ekin nahi diotenaren itxuraz.

      Gerora esan zenez jantokian gertatutakoa kontatu zenean, Doña Aquilinak ez zuen mokadurik hartu nahi izan, ez zuen aitzakiarik ere jarri bere burua zuritzeko, irribarre gaiztoz egon zitzaien begira mahaiburutik, hark guztiak zekarkien umilazioaren mendean begiak beheratuta eta duintasuna bazter utzita jaten zuten etorri berriek, hain zen handia bideak eragindako gosea.

      – Hori bai! –esan zuen gaztetxoak eskola-ume bulkada sutsu nahasiz denak berlinara bueltan igotzen ari zirela, masail guriak haserreak berotuta–. Hori bai! Natorren hurrengoan ez naiz hain mamalea izango eta neure biderakoa ekarriko dut  –bi gizonen artean gutxigatik gazteena zirudienak destaina zuharra bota zion andereño baten ahotan hain desegokiak ziren hitz haiengatik, baina etsipenezko “a!” larri bat baino ez zitzaion atera. Honen emazteak, aldiz, haserre eta amorru larrizko keinuz estutu zituen ezpainak    ezohiko indarrez: –Inozoa zer zara ba, alabatxoa! –bota zuen neskatxak erabilitako hitz desegokietan lar erraparatu gabe—. Biderakoarekin edo biderakorik gabe, zure izeba Aquilina txerri hori izango da etxalde hau berriz zapaltzen utziko ez diguna –ahokada jende guztiak entzun zuen, esanda bezalaxe etxaldera inoiz gehiago itzuli ez ziren pertsonaia haiek berlinan sartzen ari zirela.

      Carmelo, beste ezertan erreparatu gabe, Prudencianaren hilobiari begira-begira egon zen, hantxe ehortzi zuen. Jakina, dena bestelakoa litzateke hil izan ez balitz, zeren hartara lur sail hura landuko zuten biek, urteetan ekin eta ekin jardun ostean doña Aquilinak goiz edo berandu alokatuko ziona, ze Carmelo ez zegoen amore emateko prest, ezta Prudenciana hilda ere.

      Hain zuen galdua gogoa doña Aquilinaren lur sail hartan non bat-batean hilerrian, hilobiari begira zegoela, zarramuska bat entzun zuen bere ondotxoan. Irribarre egin zuen, zeharo ahaztuta zeukan han zegoela Tiliches, etxaldeko ergela.

      Carmelo peoietan azkena bazen, peoien peoia, aldi baterakoa, zorigaiztokoena, urte guztirako lanik eta janik ez zuena, eskale bat ia, bazen are okerrago zegoenik. Hori zen Tiliches. Kontua da Prudenciana hilik zegoela konturatu zenean Carmelo arrunt arduratu zela, berak bakarrik ezin izango baitzuen eraman gorpua, eta ez zeukanez laguntzeko inor, orduan akordatu zen Tilichesez, eta halaxe eraman zuten biek lepo gainean kanposanturaino. Orain bete beharra zuen hitza, Carmelok etxolako teilatu-hormak osatzen zituzten maguey hostoen artean gordetzen zuen botila pattarra ematea opari. Bai, bete beharra zeukan emandako hitza, nahiz eta ez zuen txikia damua hain eskuzabala izateagatik. Baina bestalde, nork Tilichesek besterik lagunduko zion Prudenciana eramaten? Samur antzean begiratu zion Tilichesen aurpegi iletsuari, gorpuzkera okerrari eta ezpain artean irristatzen zitzaion txistu-hariari. Ergelaren begietan halako bateratze bat zegoen, gozotasuna, tontoak Carmeloren pentsamendu guztiak, esperantza  guztiak ulertuko balitu bezala, zeinek une hartatxe sentitu baitzuen ez zegoela konpromiso hura baino gauza sakratuagorik. Mingarria bazitzaion ere, eman egin behar zion botila. –Enbarazu egiten duk ba, ipotx madarikatua! –esan zuen odolak burua hartuta–. Ni andreai lur eman berri eta hi muturra bustitzeko presaz! —izututako tximu baten antzera kizkurtu zen monstruoa, begirada amultsu eta bustia, eta zarramuska aldi berean, presaka eta ezezka, bokantza etsituz adierazi nahian ados zegoela, ez ziola neke gehiagorik eragingo Carmelori, esaneko izango zuela bere lagunak agindutako orotan.

      Damututa, baiespen bristada bat erakutsi zuen begietan Carmelok, Tilichesek hurrupaka bezala edan zuena –Mozkortze’aizenean baino ez haiz gaiztoa-ta! –jarraitu zuen ahots gozoz, nahiz eta Tiliches ez zuen ez nabardurarik ez ezer nabarituko, gorra zen–, ta horrexegatik jipoitzen ta berotze’aute, andren gainera juteko gogoa heldu baino lehen, hire asmoa hori ez den arren, edanda ikuste’autelako, ta hala duk, hi noiz haiz ba gaiztoa, edaten duanean bakarrik.

            Makur ergelak haur-bozkario adeitsuz beteriko hotsak atera zituen buruari gora eta behera eraginez, barre-algara bati zegozkionak.

            Primeran ulertzen zuten elkar, sotilkiro, hitzik gabe ia, izan ere Tilichesek ezin egin baitzezakeen hots eta txirimizka haiek besterik, hala ere erabat ulergarriak ziren haiek Carmelorentzat. Honek esanda bezala gertatzen zen benetan dena: norbaitek Tiliches mozkortuta harrapatu orduko, edonor zelarik ere, kolpeka ekiten zion besterik gabe, benetan inork izan ez zuen arren albisterik ergel gizajo hark emakumeren bati eraso egin zionik, baina ohitura bihurtua zen ordurako, denek pentsatzen baitzuten Tiliches gaizto eta maltzur bihurtzen zela edaten zuenean.

      Gizajo jipoituak esandakoa ulertzen bazion, zergatik ez zen beste horrenbeste gertatzen doña Aquilinarekin?, zioen bere bostean Carmelok kontu honetaz pentsatzen zuen aldiro zetorkion tristuraz. “Indioak garenez –eta bere burua zuen gogoan, eta bere ingurukoak– beharba’ beste gauza batzuez ari garelako eztigu ‘arrazoizko’ jendeak ulertzen”. Berak ez zuen besterik nahi lur sail mehe, elkor, zatar hura baino, inoren inbidiarik ez pizteko, inori kalterik ez egiteko, bizitza honetan zerbait izateko, baina doña Aquilinak ez zuen amore eman nahi, indio pajaroa, zitala, gezurtia eta lapurra zela-eta.

      –Ba beorrek eingo balit fabore hori –ziotson Carmelok-, eingo balit fabore santu hori ta baletor lur pusketa ikustera, behingoz ikusteko ez dula ataiko haizea’re balio, hain da tristea, hain da ona ez du ezertarako balio –atsoak gero eta susmo handiagoz begiratzen zion. –Zergatik ez dizkidazu beste lur batzuk eskatzen? –galdetzen zion gaizto–, etxaldean dudan beste sail onen bat, ia saiatu gabe ere berez dena ematen duten horietako bat? –Luzaroan egoten zen Carmelo erantzun gabe, begiak beheititurik, nahigabetua, jota. “Horren esperantzan egotea’re! –egiten zuen hasperen handik gutxira esanezineko etsipenez—. Ordun bai aginduko lukeela nagusiak ni berotzeko, ta alajaina, ondo merezia nuke, e’nadin ibili hain lotsagabe!” Oraingoan atsoa gorri-gorri zegoen, eta eskuak dardarka bezala. –Hoa begien bistatik, indio astazakil hori! –egin zion deiadar aurpegira–. Indio temoso hori! Bihotz-bihotzez saiatuagatik ere ez dute euren on beharrez jarduten ere uzten! –Presaka batean atera zen Carmelo, beldurrak airean.

Kontua da igaro zirela egunak, asteak, urtebete, eta doña Aquilina ez zela joaten bere begiz ikustera hutsa balio zuela Carmelok gogoko zuen lur sailak, opari ere eman ziezaiokeen etxaldeak makurrik txikiena ere igarri gabe.

      Carmelok egonarriz jasan zuen itxaropen mindua, harik eta Prudenciana hil baino bi hilabete lehenago, andre-gizon tente haien bisitaren ostean, hurrengo egunean bertan erabaki zuen arte doña Aquilinaren aurrean aurkeztea bere betiereko eskaerari ekiteko berriro.

      Carmelo zoriontasunez bete zuen behako alaia zuen doña Aquilinak estreinekoz, onbera eta jostaria, baina hitz egiteari utzi zionean berba garbi eta bueltarik gabeko bakar batez erantzun zion: –Alde egik hemendik!

      Nola ulertu doña Aquilina bere hobe beharrez ari zela ez bazion beretzat munduan zegoen lur sail bakar hura ematen? Ze beste edozein ez luke sekula eskura izango.

      Orain Prudenciana hilik zegoen eta gauzak ez ziren lehen bezalakoak inoiz izango, zeharo tristeak baizik, nahiz eta doña Aquilinak lurra alogeran laga, baina ez horregatik utziko zion Carmelok goian-behean ekiteari.

      Tilichesi begiratu zion. Zuhaitz baten bermatua zegoen, enborrari helduta soin-atalei eusteko, atseden har zezaten etengabeko astintze hartatik eta hala behintzat geldirik egon zitezen une batez badarik ere.

      – Goazemak, Tiliches –esan zuen–, zurrutean egin ahal izango duk hartara, baina egon’adi pixkatean doña Quilinarekin hitzein arte.

      Hala zen, Carmelo bi hilabete lehenago joan zitzaion hartan, doña Aquilina pozak txoratzen zegoen, ohi ez bezala pozarren. Bezperan izan zuen sentipen hura, senideak etxaldea aztoratuta eta haserre utzi zutenean, parekorik gabekoa izan zen, eta ederra, eta horra non orain indio astazakil hura bihurtu zen pare-parean mendekua burutu ahal izateko bitarteko. Guztien artean –iloba gaztea salbu, noski– hogei urtez hondamendia ekartzen saiatu eta gero, zinikoa izan beharra dago bisitan etorri eta, euren ondasunak erre ostean, begiak malkotan eta burua apalik, laguntza eskatzeko. Ai, Jainko ahalguztiduna, Jainko zuzena! Ez, ez zen nahikoa laguntza guztia ukatzea, ezinbestekoa zen senide beldurgarri haietako bakar batek ez hartzea usufruktuan xemeiko bakar bat ere bere ondaretik “gure Aquilina gaixoa” hiltzen zenean. Landerreten landerrena, pobreetan pobreena, paria hura izendatuko zuen oinordeko bakar, Carmelo indioa! Jakina, indioak berak jakin gabe.

      Egun hartan bertan irten zen doña Aquilina probintziako hiriburura auziari zegozkion kontu guztiak konpontzera.

       “Zea esango’iot doña Quilinari –pentsatu zuen Carmelok–, oin Prudenciana hil denez, esango’iot ez dudala beste kontsolamendurik ekin ta ekin aritu naizen etze hori baino”, baina ezin izan zuen ezer esan, Etxe Handian urrutira joateko esan baitzioten, nazkatuta zeukala doña Aquilina.   

      Gerora denek ulertu zutenez, tifus saleria Prudencianaren heriotzarekin hasi zen, zeinari inork ez baitzion garrantziarik txikiena ere eman hain zen beldurgarri pobrea hildakoa. Egun gutxiren barruan heriotzak bata bestearen atzetik gertatu ziren ordea, eta jendeak ihesari eman zion, dena bere horretan utzita.

      Doña Aquilina hil-hurran zen Etxe Handiko bere logelan, zainduko zuen morroi eta neskamerik gabe. Zorionez hor zuen bere aldamenean Carmelo zintzoa, lur saila lortzeko esperantza galdu gabe azken unera kontu egin ziona. Prudencianarekin bezala, Tilichesen bila joan behar izan zuen, eta berriro ere botila pattarra agindu, eta hala eraman zuten bien artean doña Aquilina kanposantura.

      Carmelok ez zuen ulertzen zergatik zuten barrutiburuan, etxaldetik ez oso urrun, Krimenen auzitegian. Han zeuden doña Aquilinaren tarteko egiten ziren jaun-andre guren haiek ere. Adinez zaharrena zen gizonarengana makurtu zen epailea, koipetsu eta irribarretsu. –Ez da hau izan zure interesen alde Jainkoak emanikoa? –esan zuen ahopean. Baietz egin zuen buruaz gizon dotoreak gorritu antzean.

       Bat-batean, harrigarriro, eitea aldatu zuen epaileak Carmelori hitz egiteko. –Beharrezkoa da lehen deklaratu duzuna berriz esatea –agindu zion zakar.

      Esandakoa bete zuen Carmelok, benetan ohartu gabe zein zen haren guztiaren asmoa, eta hala errepikatu zuen lehenago epaile berari etxaldean aitortu ziona, nola eman zioten lur Tilichesen eta bere artean doña Aquilina zenari, eta zer gertatu zen une hartan. Akordatze hutsak dardara eragiten zion oraindik.

       – Berriro diotsot berorri –amaitu zuen Carmelok–, esanda bezalaxe gertatu zela dena, ta Jainkoa da lekuko doña Quilina zenak izutu nahi izan gintuela, ta kutxa barruan atatzen hasi zen zaratak hasi ta batera, ikusita nik zer aurpegikera jartzen nuen, Tilichesek hanka jokoari eman ziola, ta neuk’e bai ondoren. Ta neure bostean pentsatzen hasi nintzen ze lotsagarrikeria zen ni izututa ibiltzea, ta adorea batu, itzuli, ta arrastaka eraman nuen kutxa zuloraino, ta han laga nuen eroitzen, ta berehala estali nuen lurrez ertzeraino, hildakoak han segitzen baitzuen kolpe ta kolpe kutxa barruan ni beldurtzeko, baina nagusitu nintzaion neure buruari nagusitu nintzaionez, alajaina… Ezin sinetsita zegoen Carmelo, bertako guztiak irribarrez zeuden. Zergatik eragiten zuten barrea bere hitzek bere arrazakoa eta kondiziokoa ez zen jendearen artean?, pentsatu zuen Carmelok zalantza garratz eta nahigabetu batez.

      Jaun-andreek bixi jardun zuten hizketan elkarren artean, Carmelori kasurik egiteke. Gero berriro itzuli zen epailea harengana, bekoskoa erakutsiz:  –Semetxoa, gertatu dena da –esan zion–, andre bat bizirik ehortzi zenutela, eta horri hilketa deitzen zaio. Baina zure indio-motz ezjakintasun hori dela eta, ez zaitugu preso sartuko atzamar marka ezartzen baduzu paper honen gainean. Uko egitea da, hemen diozu lur zati bat jaso behar zenuela herentzian, edozein modutan orain nahi ez duzuna, ze preso egonik ez lizuke ezertarako balio…

      Carmelok esandako guztia bete eta etxaldera itzuli ahal izan zen.

      Kikilduta egon zen luzaro, bizitzaz, gizakiez, munduaz ezer jakin gabe. Zergatik ez zuen berak besteek bezalako hizkuntza bat? Tiliches etorri zitzaion gomutara, mozkor arraildua egongo zen ordurako etxolan, doña Aquilinaren hiletan opari eman zion botila pattarra eskuan zuela.

      Gorra eta mutua zen arren, Tilichesekin ez zen zaila elkar ulertzea, biek hitz egiten baitzuten azken beltzean inor gabeko hizkuntza.

      Etxolarantz abiatu zen. “Orain bai ezin dudala inondik’e lurra nirea izango dela pentsatu”, esan zuen bere artean.

      Baina bazegoen halako zera laino, ilun, samur bat, biltzen zuena esateko nolabait ere inoiz lur hura berea izan zela, arrastorik gabe betirako galdu zen garai bat, zergatik eta ez zitzaiolako bururatu gelditu eta entzutea zer esan nahi zion beste mundutik hildakoak kutxan joka lur ematen ari zirela.

      Hasperen egin zuen. Tiliches mozkortuta egongo zen ordurako, jakina. Berotualdi bat emango zion berarekin topo egiten zuen hurrengoan, ohitura zen bezala edonork aurkitzen zuenean horrela zegoela.

 

Mexiko Hiria, 1954ko iraila

 

INOR GABEKO HIZKUNTZA
Jose Revueltas

El lenguaje de nadie, 1954
euskaratzailea: Iñigo Aranbarri
armiarma.eus, 2016