QISSAT. Palestinako Emakumeen ipuinak
Ane Irazabal

Erroa, 2016
armiarma.eus, 2017

 

EMAKUMEEN BORROKA ISILA

 

      Jaioterriak eragin handia dauka gure kontzientzia kolektiboan. Izan direnen eta izango garenaren bidea seinalatzen du ezinbestean. Nolakoa nintzatekeen Amerikako Estatu Batuetan edo Mongolian jaio izan banintz? Ariketa biziki gomendagarria da noizean behin toki bat aukeratu eta galdera horren bueltan hausnarketa bat egitea. Esan beharrik ez dago, herrialdeaz gainera, testuinguru sozialak, geografiak, erlijioak eta generoak zeresan handia daukatela. Baina errealitate ezezagun batean murgiltzea baliagarria da estereotipoak eta kritika moralistak alde batera uzteko, alegia, “nik ez nuke hala jokatuko” edo “nola da posible hori egitea?” bezalako aurreiritzietatik ihes egiteko. Ulertzea ez da justifikatzea.

      Zorionez edo tamalez, ordea, jaioterriaren orbana oso sakona da gatazka eremuetan sortu diren pertsonentzat. Palestinarren kasuan mingarria da, gainera. Ikasiea nintzen garaietan behin eta berriz imajinatzen nuen neure burua emakume palestinar baten larruan. Gustuko nituen Leila Khaled eta gainontzeko borrokalarien inguruko istorioak. Nolakoa zen militarki eta politikoki okupaturiko herrialde batean bizitzea?

      Baina irudikapen erromantiko guztiak errodk desagertu ziren errealitatea ezagutu nuenean. “Emakumea eta palestinarra ala palestinarra eta emakumea?”, irakurri nuen behin Betleemgo harresian. Esaldiak ez zuen sinadurarik, halere, barruraino iritsi zitzaidan idazlearen ondoeza. “Aitzitik, argi geneukan zer zen emakumea eta palestinarra izatea. Militantzia bikoitza ez da inoiz kontraesan bat izan. Askapen nazionalaren eta gizarte bidezkoaren aldeko borroka eskutik emanda joan dira Palestinan. Zer da egun, ordea? Okupazioak eta banaketa politikoak dena aldatu du. Zisjordaniako, Gazako, Jerusalem Ekialdeko eta diasporako emakumeek ez dute berdin pentsatzen Palestinaren eta emakumeen borrokaren aburuz”, esan zidan elkarrizketa batean Betleemgo alkate Vera Babounek.

      Izan ere, beste hainbat herrialdetan bezala, emakume palestinarrek okupazio bikoitza jasan ohi dute: aginte militarra, batetik, eta kontrol soziala, bestetik. “Palestina gizarte patriarkala da eta familiaren ohoreak indar handia du. Emakumeei inposaturiko murrizketak ohorearen izenean egiten dira; aitaren, senarraren edo anaiaren izen-ona babesteko. Emakumeak askeak dira beren familiek ezarritako mugak gainditzen ez dituzten bitartean”, erantsi zidan Babounek. Horregatik, agian, emakumeentzat okupazioaren pareko etsaia da komunitatea. Neskato palestinarrek goizegi ikasten dute Aeb (lotsa) hitza. Israelek lotsa sentiarazi nahi die palestinarrak izateagatik eta komunitateak, berriz, kode sozialak ez errespetatzeagatik.

      Hori hala, liburu honetako ipuin guztien funtsa da familia. Orri bakoitzaren ondotik ohartaraziko gara Palestinako gizartearen zilbor-hestea dela sendia. Emakumeen kasuan, gainera, badago alboratu ezin daitekeen pertsona bat: amona.

      Amaren amak edo aitaren amak erantzukizun handia dauka neskato palestinar baten hezkuntza prozesuan. Amona, emaztea, ama, izeba, ahizpa eta amaginarreba da, aldi berean. Bere eragina argi ikusten da kontakizun eder hauetako askotan. Amandreak tradizioa islatzen du, eta, batez ere, memoria. Ximur bakoitzak gertaera beltz bat dakarkigu gogora eta begi nekatuek isuritako malko guztien pisua daramate.

      Palestinako gatazkaren historian ezinbestekoa da iragana ez ahaztea, eta eginbehar horren erantzukizuna amonena da gehienetan. Nola bizi ziren britainiarren kontrolpean zeudenean? Nolakoa zen Palestinako juduekin zuten harremana? Zer gertatu zen haien herrietatik ihes egiteko? Urteen poderioz belaunaldi oso bat desagertzen ari da, baina 1948ko Nakba-tik, hau da, Israelen sorrerak ekarri zuen hondamenditik, alde egitea lortu zutenek eta oraindik bizirik daudenek beren etxeetako giltzak gordetzen dituzte. Bada, diasporaren sinbolorik nagusiena dira Israelgo baso artifizialen baitan ezkutatuta geratu diren herri suntsituak. Hori hala, ez da kasualitatea Palestinako udalerri asko Beit hitzarekin hastea. Etxeak esangura anitz ditu, eta arabiera zein hebreera klasikoa, biak hizkuntza semitikoak, bat datoz hitz horren esanahian.

      Amonaren kontakizunek ere sukaldearen berotasunera garamatzate. Izan ere, sutondoaren eta jakien inguruan hezurmamitu da lurralde okupatuetako ahozko tradizioa. Palestinan ezagutu nuen lehen amonari, Safyiari, izugarri gustatzen zitzaion emakumearen eta espiritu gaiztoaren gaineko ipuina kontatzea:

      “Bazen behin emakume talde bat, noizean behin arropak garbitzera joaten zena. Herriko errekara hurbildu eta iturburuan elkartzen ziren. Egun batean, bilera bat egiten ari zirela, espiritu gaizto bat zuhaitz baten atzean ezkutatu zitzaien eta elkarrizketa guztia entzun zuen. Emakumeak hurrengo egunean biltzekoak ziren eta espirituak neska horietako baten etxeko atea jo zuen gauez. Ilargi betea zegoen eta argitasunagatik egunsentia zirudien. Um Awwad oso abegitsua zen bere etxera joaten ziren bizilagun guztiekin, baina oraingoan zerbait arraroa sumatu zuen. “Kaixo Um Awwad, goazen! Hartu zure arropa zikinak eta abia gaitezen iturburura”.

      — Nor da? —esan zuen Um Awwadek.

      — Zurekin garbiketa egitera doan emakume bat.

      — Oso ondo.

      Umm Awwadek bere arropa zikinak hartu eta espiritu gaiztoarekin abiatu zen.

      — Ekarri zure semea ere —esan zion espirituak—, garbiketak luze jo dezake eta.

      Hala egin zuen. Semea esnatu eta poliki-poliki iturbururako bideari ekin zioten. Une batean, ordea, Um Awwad konturatu zen beste emakumearen oinetatik txinpartak ateratzen zirela. Espiritu gaizto bat zela ohartu eta biziki beldurtu zen.

      — Etxera itzuli nahi dut —esan zuen.

      — Zergatik? —erantzun zion espirituak.

      — Senarraren tunika zikina ahaztu dudalako. Garbitzen ez badut, haserretu egingo da.

      — Ondo da, baina utzi semea hemen.

      Umm Awwad korrika batean bueltatu zen etxera eta senarrari garrasika hasi zitzaion. “Berotzen jarri olioa, gure etxea kiskaldu nahi du eta! Espiritu gaiztoa itzuli egingo da eta biak jango gaitu laguntza eskatzeko gai izan baino lehenago”. Hori esan eta segundo gutxira espiritu gaiztoa etxera itzuli zen Um Awwad eta bere senarra jateko asmoz. “Um Awwad, zure buruak txinpartak aterako ditu”, esan zion. Abu Awwadek, senarrak, elkarrizketa entzun zuenean, zera esan zion emazteari: aEgia da, madarikatuak gu!”. Espiritu gaiztoa etxeko zirrikitutik sartu zen eta Um Awwaden burua eta lepoa jan zituen. Senarrak, zer egin jakin ezinik, irakiten zegoen olioa hartu eta espirituaren buruaren gainetik jaurti zuen. “Bota gehiago!”, esan zion emazteak. “Ezin dut, nire amak ez zidan erakutsi olioa nola berotzen den”, erantzun zion. Zorionez, ordea, espiritu gaiztoaren buruak eztanda egin zuen eta hil egin zen.

      Kontakizun ospetsu hau Speak Bird, Speak Again (1989) liburuan jaso dute Ibrahim Muhawi eta Sharif Kanaana historialariek. Bi idazleek maisuki jaso dituzte Palestinako ahozko ipuinik zaharrenak. Familia harremanen inguruko alegiak eta metaforak dira gehienak. Bada, sukaldean kontatu ohi dituzte amonek gaztetako istorioak eta sutondoan kiskaltzen dira iraganeko mamuak. Lehenak, orainak eta geroak bat egiten dute.

      Hala, lurralde okupatuetako sukaldaritza femeninoa dela uste dute askok. Iraganean gogoz errotuta zegoen matriarkatu baten ikurtzat jotzen dute palestinarrek. Amonaren sukaldeak familia eta maitasuna islatzen du, baina baita erresistentzia ere. Yasser Arafatek esan ohi zuen Palestina Askatzeko Erakundearen bilerarik esanguratsuenak sukaldean egiten zirela, mahatsondo orri eta kalabazin beteen inguruan. Palestinako askapen mugimendua diasporan hezurmamitu zen, atzerrian bizi ziren palestinarren etxeetan, eta sukaldaritza oso lagungarria egin zitzaien sustraiak ez ahazteko.

      Ipuin sorta honek ezin hobeki islatzen ditu lurralde okupatuetan zein atzerrian hezitako neskato palestinarren kontraesanak. Diasporan bizi denaren nostalgia, etxera itzuli eta jaioterrian atzerritarra sentitzen denaren nahastea, palestinar bat balitz bezala hezi den eta lurralde okupatuetan inoiz izan ez den pertsona baten sentimendu kontrajarria. Nortasunaren eraikuntzak berebiziko garrantzia dauka kontakizun guztietan. Eta biziki agerikoak dira sustrairik gabe kulunkatzen ari diren diasporako palestinarren beldurrak.

      Horregatik, jarraian irakur daitezkeen ipuinetako batzuk ez dira amonaren etxeaz ahazten. Lurraren eta sustraien garrantzia amatxiren lorategiko olibondoek islatzen dute. Bada, zuhaitz borrek ezinbesteko rola jokatzen du Palestinako narratiba nazionala eraikitzerako orduan. Nekazari palestinarrentzat urrea baino garrantzitsuagoa da olioa. Olibek oparotasuna dakarte eta haiek biltzeko garaian familia guztia batzen da.

      Ez da harritzekoa Palestinako gatazkaren historian olibondoek jokatu duten rol garrantzitsua. Israelen kolonizazioa etengabekoa izan da 1967ko gerraren ostean Zisjordania, Gaza eta Ekialdeko Jerusalem okupatu zituenetik. Suge luze baten forma duten kolonien eraikuntzak, harresiaren taxutzeak, kolonien arteko Apartheid errepideen planiñkazioak eta lurren desjabetzeek errotik aldatu dute Palestinako paisaia. Olibondoz beteriko terrazak desagertzen joan dira eta nekazari palestinar askok beren ogibidea galdu dute.

      Lurralde okupatuetan bederatzi milioi olibondo daude oraindik; beraz, kolono juduen obsesioa bihurtu da zuhaitz hori erretzea edo errotik ateratzea. Israelek ez ditu bere helburuak ezkutatzen: okupazioak ahalik eta lur gehien bereganatu nahi du eta bertan bizi den jendea kanporatu.

      Horregatik, olibondo bat suntsitzen duten bakoitzean, Palestinaren historiaren zati bat desagertzen da. Baina, era berean, zutik mantentzen den zuhaitz bakoitzak esperantza islatzen du. Okupatzailearen aurrean amorerik ematen ez duen herri baten irmotasuna da.

      Eta jarrera hori deskribatzeko sumud hitza asmatu dute palestinarrek. Hizkuntza gehienetan parekorik ez duen terminoak esan nahi digu arbasoen lurra defendatzeko eskubidea daukatela. Izan ere, familia bateko belaunaldi guztiak lotzen dituen haria da lurra.

      Olibondo bati besarkatuta ikusten dudan amandre bakoitzak gogora dakarkit Palestinako emakumeen erresistentzia isila. Bada, zaratarik egin gabe lanean diharduten feminista ezezagunen borrokak hezurmamitu du gizarte palestinarra. Noiz hasi zen guztia, ordea?

      Emakumeen lehen talde antolatuak XX. mende hasierako kolonizazioaren haritik sortu ziren. 1948ko gerraren ostean, emakumeen lana ezinbestekoa bilakatu zen Nakba-tik ihes egindako errefuxiatuei laguntzeko eta kanpalekuak eraikitzeko. Betleemen biziki ezaguna da Aida iheslarien gunea, baina gutxik dakite kanpalekuaren izena emakume baten omenez jarri zutela. Izan ere, Beit Jalako irakasle kristau batek bere lurrak eman zituen errefuxiatuen kanpadendak eraikitzeko. Egun, iheslari horien hirugarren belaunaldia bizi da bertan, baina inork ez du ahazten Aidaren elkartasuna.

      1967ko gatazkak, berriz, okupazioaren benetako krudeltasuna erakutsi zuen. Israelgo kontrol militarraren eta politikoaren ondorioz, emakumeak ozenago antolatzen hasi ziren eta garai hartakoak dira lurralde okupatuetan sorturiko haurtzaindegi inprobisatuak. Bestalde, diasporako emakumeak, batez ere, Jordaniara, Libanora eta Siriara ihes egin zutenak, politikoki antolatzen hasi ziren. Diasporako neska gazteek literatura taldeak sortu zituzten memoria bizirik mantentzeko ahaleginetan.

      Baina 1970eko hamarkadan emakume taldeak erresistentzia mugimenduaren eta borroka militarraren parte aktibo bilakatu ziren. Feminismo hitzak indarra hartu zuen, eta, elite intelektualetik harago, emakume palestinarrek beren ahotsa altxatu zuten. Gamal Abdel Nasser Egiptoko jeneralak aldarrikaturiko panarabismoaren garaia zen, nazionalismo arabiar laikoak eztanda egin zuen unea. Feminismo panarabiarraren ideia gogor iritsi zen Palestinara.

      Edonola ere, lehen intifadak benetako iraultza bultzatu zuen. Izan ere, amek eta amonek herri matxinada gidatzeari ekin zioten gizonak, denak batera, kartzelara sartu zituztenean. Familiaren ardura eta borroka politikoa haien esku geratu ziren. Indar horrek gutxi iraun zuen, ordea. Osloko Akordioek eta PAN Palestinako Aginte Nazionalaren sorrerak erresistentziaren instituzionalizazioa ekarri zuten. Bada, urte luzetako borrokaren ostean, Palestinako estatuaren ametsak gainontzeko aldarrikapenak isildu zituen.

      Milurteko berriarekin atzera egin du denak. Israelgo okupazioaren krudeltasunak gizartearen ibilbide naturala oztopatu du eta herritar asko gatazkaren itzalean ezkutatu dira. Udaberri arabiarraren osteko indarkeriak, gainera, zeharo aldatu du Ekialde Hurbileko mapa politikoa. Panarabismoaren gainbeherak eta Islam politikoaren gorakadak mugimendu sozialak berregituratu ditu. Palestinan, gainera, Gazaren eta Zisjordaniaren arteko banaketak komunitatearen indarra desegin du. A1 Fatah eta Hamas elkar hiltzen saiatu dira eta gerra zibilak joko zikina egin dio Israeli. Orduz geroztik, familia asko errotik banatu dira eta anai-arreben arteko gatazka politikoek beste hamaika borroka hil dituzte. Erlijioa ere banaketa arrazoi bihurtu da, kristauen eta musulmanen arteko zatiketan sakonduz. Palestinako gizarteak kontserbadurismoa besarkatu du, bere nortasuna babesteko aburuz.

      Borroken hierarkia ezartzen denean aukeratu egin behar da garrantzitsua eta premiazkoa denaren artean. Askapen politikotik kanpo dauden gainontzeko aldarrikapen guztiek ez dute lekurik betetzen. Hori hala, emakumeen borroka bigarren edo hirugarren mailara pasa da. Laguntza humanitarioaren izenean mendebaldetik iritsi den dirutzak biziki sakondu du hirien eta nekazaritza eremuen arteko zatiketa, baita mutikoen eta neskatoen artekoa ere. Ramallah da, agian, eraldaketa horren sinboloa. Zisjordaniako hiririk nagusienak Palestinako hiriburua balitz bezala jokatzen du. Jerusalem gero eta urrunago dago eta banaketa fisikoak ez du atzera bueltarik.

      Nazioarteko erakundeek beren gustuko ohiturak inposatu dituzte Ramallahn. Diskotekek, jatetxe garestiek eta tabernek, falafel eta humus saltokien tokia hartu dute. Hiriak irekiera islatzen du askorentzat; izan ere, irla artifizial bat bihurtu da gero eta itxiagoa den gizarte palestinarraren baitan. Ramallah da bizioak bekatu ez diren hiria. Gazte batek baino gehiagok esan dit McDonaldsen jan, pop izar baten kontzertu bat ikusi eta atzerrian ikastearekin amesten duela. Beste edonongo neska-mutikoek bezalaxe. Borrokaren ideia disolbatu egin da.

      Testuinguru horretan, oso garrantzitsua da askatasunak garai eta toki bakoitzean daukan esanahia ulertzea. Ondokp ipuinak idatzi dituzten emakumeek primeran islatzen dute sentimendu hori. Nabluseko neska umezurtzarentzat zer da askatasunaren alde borrokatzea? Eta Beiruteko artista ezagunarentzat? Agerikoa da lurralde okupatuetan eta diasporan bizi direnen arteko talka.

      Emakumeen kasuan, gainera, askatasunaren ideiak sexuari buruz hitz egitera garamatza. Liburu honetako protagonistek errotik salatzen dute komunitatearen hipokrisia, gizonezko askoren bizitza bikoitza eta debekuaren politika. Sexuari buruz mintzatzea, eta, batez ere, sexua praktikatzea etxeko gelaren pribatutasunera mugatzen da. Tabuak ez du parekorik, bada, biziki argigarriak dira liburu honetako emakumeen artean dauden elkarrizketa intimoak.

      Palestinako neskek txiki-txikitatik ikasten dute haram edo debekuaren esanahia. Emakumeak birjintasuna eta purutasuna islatu behar ditu, behintzat, ezkontzara iritsi artean. Itxurak mantentzeko etengabeko ahaleginean bizi dira neska palestinarrak. Sexua praktikatzen da, baina mugak apurtu gabe. Harreman sexualak ez dira gozatzeko eta hezkuntza sexualak ez du tokirik gizartean.

      Baina, hortik harago, emakume palestinarrak indarkeria sexual bikoitzaren biktimak ere badira. Izan ere, Israelgo soldaduen irain publikoa eta etxeko sutondoko indarkeria matxista pairatzen dute. Haurrekin batera, okupazioaren biktimarik ahulenak ditugu. Emakumeak umiliazioa pairatzen du checkpoint bakoitza zeharkatzean edo polizia kontrol guztietan. Hamaika dira Israelgo kartzeletan eta polizia etxeetan sexu erasoak salatu dituzten neska palestinarrak. Tamalez, haizeak eramaten dituen salaketak dira gehienetan.

      Nolanahi ere, badago gizartearen baitan oso errotuta dagoen indarkeria matxista bat. Gizonen handitasun sentimendutik jaio dena eta emakume palestinarren eguneroko bizitzan eragin handia daukana. Esan beharrik ez dago indarkeria matxista ez dela soilik Palestinaren arazo bat. Alemaniako eta Britainia Handiko emakumezkoen erdiek, adibidez, onartu dute sexu jazarpena pairatu dutela gutxienik behin bizitzan. Lotsaren zirrikitu ezkutuetan gordetzen den indarkeria da.

      Baina Palestinako emakume idazleek sentikortasun handiz azaltzen dute jazarpen horien biktimak direnen babesgabetasuna. Oso adierazgarria da emagaldutzat jotzen diren neskatoen etsipena eta ezinegona, baita zurrumurruen aurka borrokatzen diren emakumeen indarra ere.

      Halere, Palestinako feminismoak gero eta gutxiago begiratzen dio Mendebaldeari. Joseph Andoni Massad ikerlari palestinarraren Desiring Arabs (2007) liburuak, adibidez, argiki azaltzen ditu nazioarteko erakundeek sexualitate arabiarraren inguruan dituzten estereotipoak.

      Herrialde arabiarretan berezko sexualitatea egon badagoela aldarrikatu du Massadek, eta mundu mailako emakumeen askapen sexuala gidatzen duen “emakume zuria” kritikatu du. Idazlearen aburuz, mendebaldeko feminista askoren “ahalegin misiolariak” kalte handia egin die tokian-tokiko komunitateei.

      Baina gai horiek ez dituzte hedabideetako lerroburuak betetzen. Ez dira erreportaje sakonen protagonistak palestinarren eguneroko borroka, emakumeen erresistentzia isila eta gizartearen atzerakada. Palestinako gatazkak aspaldi utzi dio Ekialde Hurbileko auzirik nagusiena izateari. Lurralde okupatuetako herritarrak komunitate ahaztu bat bilakatzeko arriskuan daude, Mendebaldeko Saharako biztanleei gertatu zaien bezala. Gerrak, sarraskiak eta indarkeria zikloek eztanda egiten duten bakoitzean, bonbilla pizten zaigu, baina zeharo ahaztu dugu okupazioaren eguneroko bortizkeria.

      Gaza da, agian, adibiderik esanguratsuena. Behinik behin, Israelen erasoek foko mediatikoa itzultzen dute Palestinako kostaldera. Gerra amaitzen denean, ordea, baztertuta uzten ditugu bizirik atera direnak. Maiz, guda bera baino gogorragoa da gerraostea, eta, batez ere, ahanztura. Gazako blokeoak 10 urte bete ditu eta kartzela ireki horretan bizi diren 1,8 milioi biztanleek hiru erasoaldi pairatu dituzte azken urteetan. Gazatarrek gutxieneko eskubideen alde borrokatu behar dute. Argi mozketek 18-20 ordu iraun dezakete eta lur azpiko uren %95 kutsatuta dago. Nazio Batuen Erakundearen arabera, 2020rako bizitzeko moduan ez dagoen toki bat izango da Gaza. Konponbide politiko bat lortzeko borondate ezak gazteriaren ametsak txikitu ditu, gainera. Gazatarren %50 inguruk 17 urte baino gutxiago du. Etorkizunak ez du esanahirik Palestinako kartzela irekian.

      Testuinguru horretan ia ezinezkoa da aurrera begiratzeko gaitasuna izatea. Palestina da arrainontzi batean dagoen arrain bat bezalakoa. Israelek gosez hiltzen uzten du, baina, hiltzeko zorian dagoenean, jaten ematen dio. Opari bat egingo balio bezala. Arrainak ezin du ezer egin, arrainontzian preso dago eta janari horren mendeko da.

      Edonola ere, palestinarren armarik indartsuenak bizirik dirau. Israelek ezin du esperantza akabatu. Horregatik, agian, biziki garrantzitsua da iragana ez ahaztea eta ahozko tradizioari esker hil ez den kulturari erreparatzea. “Olibondo bakar bat zutik dagoen bitartean, esperantza egongo da”, irakur daiteke Betleemgo harresiko beste grafiti batean. Sustraiak zuhaitza baino sakonagoak dira. Palestinarrek anitz dute oraindik esateko. Emakumeek asko dute oihukatzeko.

 

QISSAT. Palestinako Emakumeen ipuinak
Ane Irazabal

Erroa, 2016
armiarma.eus, 2017