QISSAT. Palestinako Emakumeen ipuinak
Nibal Thawabteh

euskaratzailea: Xabier Monasterio
Erroa, 2016
armiarma.eus, 2017

 

NlRE OINETAKO ZENBAKIA

eta jendeak horretaz dituen beste ikuspegi batzuk

 

      Aske naiz. Azkenean salbaturik sentitzen naiz. Kontinente amaigabez osaturiko mundu batetik ihesi noalarik, nire gorputz unatua toki txiki eta seguru horretara jaurti dut. Bertan arrunt babesturik nago. Toki seguru hori nire oinetako zenbakiaren erresuma da, doi-doi hartzen nauena. Begiak zabaldu ditut, gaurdaino zabaldu ez ditudan moduan, eta burua astindu dut alde batetik bestera halako utzikeria basati batez. Iraganeko ipuin eta irudipenak nire kizkurrekin batera amildu dira.

      Izerdi tantak aurpegian behera irristatzen zaizkit, maitasuna bezain isilik, erditze minetan zaudelarik, lasaitzen zaituzten iratxoak balira bezala.

      Buruari zut eta tente eutsi diot, makila erdian egon ostean, orain goi-goian dagoen eta bere haurrideei harro eta garaile begiratzen dien banderaren antzera.

      Bi eskuak erabiliz, nire bizitzaren mapa leundu dut eta nire belarrietara ozta-ozta heltzen den ahots nekatu batez esan dut:

      —Aske naiz.

      Nire oinei begira gelditu naiz txunditurik, elbarritu zaharra berriz ibiltzeko mirariaren aurrean txunditurik gelditzen den bezala. Jaiegun batez panpina oparitu dioten neskatoa bezala poztu naiz eta esan diot neure buruari:

      —Berriz jaio naiz.

      Menda belarraren freskura hauteman dut, haur jaioberria banintz bezala. Nire oroitzapenak haizeak oraindik ukitu ez duen ur putzua bezain argiak eta garbiak dira. Txunditurik gelditzen naiz munduaren aurrean, izate zeharo berri batekin topo egin izan banu bezala.

      Nire aurreko egunak Ebak Harri Aroan izandako bizitzaren eta ezerezaren garai honetan bizi izandakoaren arteko nahasketa izan ziren.

      Eskua nire gorputzaren inguru guztitik lerratu dut gorengo puntutik hasi eta beherengo punturaino eta oihu egin dut nik doi-doi entzuten dudan baina zuek entzuterik ez duzuen ahots mehe batez:

      —Hegan egin dezaket.

      Nire haurtzaroaren ametsetako zaldia. Orain haren gainean zamalkatzen ikusten dut neure burua. Leiala natzaio ametsari eta lauhazka nabil zaldiaren gainean, gure helmugara iritsi arte. Ez dut besterik entzuten zaldiaren apatx hotsa baizik. Ez dut besterik ikusten ortzemuga amaigabea baizik, ekiloreak horiz eta nire ezpainak gorriz tindatzen dituen ortzemuga amaigabea baizik. Ez dut besterik sentitzen, bizitza besarkatzeko gurari bizia baizik.

 

                       «Nik hegan egin dezaket, badakit,

                        eta ez naute sekula lurrera botako.

                        Aske naiz eta ez naute sekula katez lotuko.

                          Berriz sortu naiz eta ez dut sekula hil nahi.

                          Esnatu naiz eta loak ez nau sekula hartuko.»

 

      Aipagai dudan esnatzea berandu samarrekoa izan daiteke, baina garrantzitsuena noizbait iristea da. Zinez eskertzen ditut esnatze hori eta biok elkarrengana hurbiltzen lagundu duten ingurumariak, gu mundura eta mundua guregana hurbildu den bezalaxe. Arratsalde hartan Jerusalemgo Madbaseh kalean barrena ibili nintzen hantukeriaz eta bertako dendetan sartu nintzen. Mundu hura jendez eta izerdiz beterik zegoen.

      —Zer zenbaki behar duzu? —galdetu zidan saltzaile gazte batek, burua bezero batengan zuelarik, begiak beste batengan eta eskuak hirugarren batengan.

      Poliki-poliki, aulki batean eseri nintzen eta oinetakoen zain gelditu nintzen. Baina berehala jauzi batez altxatu behar izan nuen, oinetakoen larruak oina erre egin zidalako ia-ia. Nire jauzia aurrean neukan ispiluan islatu zen tamaina naturalean. Nahasmen hura gainditu nahian, printzesa itxurak nola edo hala mantentzen saiatu nintzen.

      —38a, mesedez.

      Saltzaile gazteak, emakumezkoen oinetako neurrietan aditua baitzen, burua biratu zuen eta nigan jarri zuen arreta guztia.

      —Ziur?

      Haren harrokeriak behera bota zituen ni luzaroan babestu ninduten horma mehe ikusezinak. Horma horiek erortzean ateratako zarata entzun nezakeen. Saltzailea neurriak hartzen hasi zitzaidan eta orduan neure burua ez nuela behar bezain ondo ezagutzen ohartu nintzen. «Zer zenbaki daukat nik benetan?», galdetu nion neure buruari.

      Saltzailea joan egin zen eta ni arrunt nahasirik eta harriturik gelditu nintzen. Dena den, berehala itzuli zen, nik eskatutako oinetako estilo eta zenbakiak ekarriz.

      Oinetakoak hartu eta lokarriak askatu nituen. Oroitzapenek iraganera eraman ninduten. Gogora etorri zitzaidan orduan, 38 zenbakiko oinetakoak erosten nituen bakoitzean, denbora batez oinak minduta erabiltzen nituela eta berehala armairuan gordetzen nituela beste estilo eta kolore bateko baina zenbaki berbereko oinetako mordo batekin.

      «Bistan denez, nire egiazko zenbakia ez da 38a, 39a baizik —esan nion neure buruari—. Orduan, zergatik erosten ditut beti 38ko oinetakoak?»

      Erantzuna neska berezien taldearen baitan gordeta zegoen, nire lagun Amal, Sana, Samiyya eta Aydasekin horretaz maiz izaten nituen elkarrizketetan, alegia. Harro geunden guztiok oin txikiak izateaz, oinetako zenbakiaren eta emakumeen grazia eta feminitatearen artean lotura zuzena bazela aldez aurretik onarturik, noski.

      Ni arrandia ezpainetan ibiltzen nintzen nire zenbakia 38a zela esaten; horren ostean, isildu egiten nintzen denbora batez; eta, lantzean behin eta zuhurtziaz beti, nire egiazko neurria 39a zela onartzen nuen.

      Gure teoriaren arabera, Samiyya zen lagun guztietan dotorezia eta feminitate handiena zuena, dendetako erakusleihoetan beti agertzen ziren 36 zenbakiko oinetakoak erabiltzen zituelako.

      Nolabait esan, gu dendetako erakusleihoen aurrean biluzten ginen, egia jakite aldera. Washingtonen izan nintzen batean, esaterako, denbora tarte luze batez egon nintzen geldirik eta pentsakor Benetton dendaren aurrean. Zenbat “egia” erakusten eta irakasten zen bertan! Beltza izan banintz, atseginez hartuko nindukeen ispiluak? Edo ondo ematen dugun erakusleihoen aurrean soilik gelditzen gara?

      Behinola, haur baten antzera jokatuz, oinetako zenbakiaren kontuaz nekatuta nengoelarik eta nire bizitzaren basamortuan zehar ortozik nindoalarik, amarengana joan nintzen eta nire oinen tamainaz kexatu nintzen. Amak pozik utzi ez ninduen erantzun egokia eman zidan:

      —Proportzionala da dena. Adibidez, Samiyya 1,55 metro luze da, hau da, txikia da; beraz, oinak ere txikiak ditu. Zu, ordea, 1,77 metro luze zara, hau da, handiagoa zara eta, beraz, oinak ere handiagoak dituzu.

      Amaren arrazoiak errefusatu nituen eta ez nuen kontuan hartu beraren azterketa. Neure mailaketari eutsi nion. «38a da nire oinetako zenbakia.» , errepikatzen nuen behin eta berriz, neure burua konbentzitu guran.

      Ulergaitza da, benetan, zer-nolako gaitasuna dugun gizakiok sinetsi nahi dugun hori sinesteko eta nola aukeratzen dugun zer ulertu, zer gogoratu eta zer adierazi. Zein neurritan onartzen ditugu gauza batzuk eta zein neurritan baztertzen ditugu beste zenbait, baiezko nahiz ezezkorako arrazoiak gure ikuspegitik emanez? Zein neurritan ahazten ditugu beti gogoratu beharko genituzkeen gauzak?

      Nolabait esan, nik teoria horrekin nituen harremanak eta amarekin nituenak oso antzekoak ziren.

      Egun den egunean, nire aurkikuntza xumeari esker, lehengo esperientzietatik askaturik eta nire oroitzapenen filmari begira ikusle gisa jarririk, bizitza guztian gauza berbera egiten jardun dudala konturatu naiz, jende gehienak emakumearen idealaz duen pentsamendutik ahalik eta hurbilen egon nahi nuelako. Oinetakoak erostera joaten nintzen guztietan, 38koak eskatzen nituen eta gero hilabetez-edo minez jantzi ohi nituen, harik eta, erabiliaren erabiliz, bigundu eta ematen zuten arte. Edo, bestela, nire oinak estutzen zuten baina emetasunaren maila bikainetik hurbilago zeuden 38 zenbakiko oinetako multzora jaurtitzen nituen.

      Dendako saltzailearen zuzenketak goitik behera inarrosi zuen nire gorputza eta airean bidali zituzten aspalditik nire oinen tamainaz metatu nituen aurreiritziak.

      Egoerak zur eta lur utzi ninduen. Bizitza osoa sufrimendu eta debeku artean emana nuen, nire oinak zirela eta...

      Zergatik? Nola gertatu ote zitzaidan hori? Ba ote da beste neurririk, nik erabili behar dudanik edo ez dudanik?

      Beste eragin bati itxaron behar ote nion nik, inkontzientearen zatiren batek nora ezean ninderamala jakin arte?

      Eta zuk, zenbaki egokia erabiltzen al duzu?

      Eta gizon gazte hori, nire bizitzan gidatzean ikusten duzun publizitate hesiko argazkia bezala sartu zena, zergatik agertu zen hain bat-batean?

      Zergatik ez zidan lehenago galdetu ea ziur nengoen 38a zela nire oinetako zenbakia?

      Zergatik ez zuen inork ezer esan, halako oinetako txikiak jantzita, herrenka ikusi nindutenean? Zergatik ez zidan inork honelakorik esan?:

      —Bota oinetako txiki horiek eta hobeto sentituko zara. Bai, bota itzazu eta ibil zaitez ortozik!

      Eta nik, nolatan erosi nituen ehunka oinetako pare, horrela emetasunaren idealera hurbilduko nintzelako ustean? Utikan nire oinetako inozoak! Eta utikan dotorezia eta emetasunaren estandar guztiak!

      Bizitza osoa emana nuen behatzak neurri desegoki bateko oinetako batzuen barruan itoarazten. Uste al duzue orain beste aukera bat eman ahal izango diedala neure oinei, aurrerantzean ortozik ibiliz eta modak ezarritako estilo, neurri eta koloreei jaramonik egin gabe?

      Etenaldi labur bat egin nuen adeitasunez eta apaltasunez eta barkamen eskerik sentituena egin nien neure oin eta behatzei, jasan behar izan zuten presioagatik. Dendatik 39 zenbakiko pare berri bat jantzita neukala irten nintzen, oinetako txiki eta zaharrak besapean neramatzalarik. Oinetako zahar haiek etxeko toki nabarmenen batean ipintzea erabaki nuen orduan. Agian, oinetako txikiok erakusteko moduren bat bilatuko dut, baina haien dotorezia agerian utzi gabe eta haiekiko batere begirunerik gabe.

      Erraz ikusteko moduko toki batean ipiniko ditut, nolako mina egin zidaten, oinazpiak zenbat aldiz hanpatu zizkidaten eta behatzak nola estutu zizkidaten sekula ere ez ahazteko, zenbaki bat gutxiago erabilita, jendeak “feminitate handiagoa” nuela pentsatuko zuela uste nuenean.

 

Nibal Thawabteh

 

Kazetaritzari buruzko hitzaldiak ematen ditu Birzeiteko Unibertsitatean eta astean behin zutabe bat idazten du al-Ayyam egunkarian. Era berean, irrati eta telebistarako saio ugari idatzi, zuzendu eta ekoitzi ditu. Bestalde, Beit Faiar udal kontseiluko kidea ere bada.

 

QISSAT. Palestinako Emakumeen ipuinak
Nibal Thawabteh

euskaratzailea: Xabier Monasterio
Erroa, 2016
armiarma.eus, 2017